“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

  • Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez etorri da Euskal Herrira, bigarrenez.

23 urteko Noemi ustez bere bikotekideak hil zuen. 2021eko apirilaren 13a. Argazkia: Cristina Chiquín.
23 urteko Noemi ustez bere bikotekideak hil zuen. 2021eko apirilaren 13a. Argazkia: Cristina Chiquín.

Guatemala une politiko zailean dago. Abuztuko hauteskundeetan Semilla mugimenduko Bernardo Arévalok irabazi zituen hauteskundeak, “Gazteek batez ere zerbait ezberdina nahi zuten, aldaketa bat”, dio Cristina Chiquínek. Hala ere, eskuinak emaitzak onartu ez, eta auzitegien bidez hauteskundeok inpugnatzen saiatzen ari da. Árevalok urtarrilaren 14an hartu beharko luke kargua, baina, “edozer gerta daiteke”.

Hildakoak eta hobiak

Guatemalan 19 miloi lagun bizi dira, haietarik erdiak 24 jatorrizko herrietakoak dira. 1960tik 1996ra gerra zibil odoltsua izan zen: 200.000 hildako, 45.000 desagertu eta 100.000 desplazatu, oraindik hobi komun asko dago zabaltzeko. 1998an Argitze Historikorako Txostena (REMHI) argitaratu zen, Juan José Gerardi monsinoreak gidaturik. Gerardi bera buruan joka hil zuten txostena argitaratu eta bi egunera; Presidentearen Estatu Nagusiko hiru militar zigortu zituzten hilketagatik.

Gerra garaian AEBen eta United Fruit Companyren interesak egon baziren gatazkaren atzean, gaur egun, “batetik, AEBei interesatzen zaio Guatemala migratzaileendako inbutu bat izatea; bestetik, Europako hidroelektrikoen interesak, meategiak eta petrolioa daude ere”. Chiquínek Europar Batasunaren aldaketa salatu du: “Garai batean giza eskubideen aldeko erakundeei babesa erakusten bazieten ere, orain Gobernua babesten dute terroristen kontra borroka egin dezan, eta nortzuk dira terroristak? Bere lurraldea defendatzen duen jendea”.

Cristina Chiquín, Bilbon, solasaldiaren egunean. Argazkia:  Entreamigos-Lagun Artean.

Cristina Chiquín

Unibertsitatean ikasten zuten bere ahizpen bidez izan zuen gerraren berri Chiquínek. 1983an jaio zen, gerrako urte txarrenetako batean, baina hirian ez zen ozenki gerraz hitz egiten, “desagerraraz baitzintzaketen”. Hamar bat urte zuela Rigoberta Menchúren Así me nació la conciencia irakurri zuela gogoan du, baita Ricardo Fallaren Masacre de la selva ere.

Mende berriarekin hurbildu zen giza eskubideen aldeko taldeetara, eta gerrillatik alderdi politikorako igarobidea egina zuen Unidad Revolucionaria antolakundera. Unibertsitatera joan ordez, Huehuetenangon hasi zen lanean giza eskubideen aldeko erakundeen bidez: “Enpresa hidroelektrikoak eta meategiak ari ziren lurraz jabetzen, guk informazioa ematen genien komunitatean zer egin nahi zuten erabaki zezaten, beren eskubidea delako beren lurra defenditzea”. Bi irratsaio feministetan eta argazkiak egiten ibili zen. “Batzuetan kameraren atzean ikusten dituzu gauza batzuk hitzen bidez ez direnak hain erraz ateratzen, egun batean hori sentitzen hasi nintzen”.

Aurretik, ordea, deseraikitze edo desikaste prozesua etorri zen: “Joaten gara hiritik komunitateen salbatzaileak garelakoan, gero ohartzen zara han badagoela antolaketa bat, jendea bere lurraldea zein den ezagutzen duela, bere bizitza, gertatu zaiena. Pila bat ikasi nuen bertan, hori izan zen nire eskola”. Hortik dator La búsqueda: “Nirea, emakumeena”.

Identitatearen bilaketan, Guatemalatik alde egin eta urte eta erdiz Bartzelonan bizitzen egon zeneko garaia ere aipatu du: “Han, ordura arte ez bezala, ezagutu nituen bazterkeria eta arrazakeria nire gorputzagatik”.

36 urteko bizi barne gudan desagertuak izan ziren pertsonen argazkiak, hilerri baten horman. Argazkia: Cristina Chiquín

La búsqueda

“Liburuko azalean nitxo bat ageri da, ilun baina bi kandela piztuta. Herrien bilaketa lana nitxo batean hasten da emakumeen bidez: beren identitatea, memoria, egia, norabide bat bilatzea, herrialde hobe bat, berriz ez gertatzea. Eta niretzako ere hori da, ni herri honen parte naiz, eta mina eta sufrimendua ikusten ditut, baina samurtasuna, maitasuna, erresistentzia eta borroka ere bai. Zer inplikatzen du pentsaera ezberdin bat duen emakume pobretu guatemaldarra izateak hainbeste bortizkeria dagoen herrialde batean? Niretzat, argazkiak nire burua aurkitzeko modu bat dira”. Hainbeste biktimekin lanean ibili eta gero, “ia medium bat bezala ibili naiz, batzuetan hildakoekin mintzo naiz, beren senideen bidez. Hamar urte daramat, hilabete luzez egunero, emakumeek jasandako bortizkeria sexuala entzuten, astuna da, zure papera lekukotza ematea ere bada, beraien mina zuregana pasatzen da”.

2013an, Ixíl herriaren kontrako genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak egotzita, José Efraín Ríos Montt eta José Mauricio Rodríguez Sánchez militar kolpisten kontrako epaiketa hasi zen. Prozesu haren emaitza gazi-gozoa izan bazen ere –Ríos Montt errudun jo zuten baina etxean hil zen, eta José Mauricio Rodríguez absolbitu zuten–, garrantzia izan zuen halako prozesuei ekiteko eta Guatemalan bertan eta kanpoan jasandako bortizkeria erakusteko. Ondoren beste prozesu batzuk etorri ziren: Achí eta Kekchí herrietako emakumeenak, kasu.

Maia k'aqchiquel emakumeak Presidentetza Etxearen aurrean, Cementos Progreso enpresaren aurkako protestan (2014). Argazkia: Cristina Chiquín

Emakumeak argazkietan

Lur birrinduaren estrategiaren bidez, komunitateko gizon guztiak hiltzen zituzten, eta “emakumeen kontrako bortizkeria gerrako arma gisa erabili zuten, zazpi urteko neskekin hasi eta emakume zaharretaraino”, azaldu du Chiquínek. Emakumeen gorputzak “gerra botina” zirela dio, eta etxeko lanetarako zein sexu esklabo gisa erabili zituztela. “Batzuetan, soldaduen behar sexual kontrolaezinen modura azaldu dute gertatua, baina sarraski politiko bati buruz ari gara. Emakumeak dira komunitatearen zentroa, eta beren gorputz bortxatuek komunitatearen erabateko arpilatzea eta ohore-galtzea dakarte, era patriarkalean hitz eginda”.

Emakumeek bizitza sinbolizatzen dutela dio argazkilariak, eta horren ondorio direla euren kontrako erasoek hartzen duten forma: bularrak moztu, artoaren gainean herrikideen aurrean bortxatu (artoa  komunitateen elikagai nagusia zein ardatz kulturala da, “euren bizitzaren ideia eta ohorea akabatu nahi dute horrela”). Emakume asko haurdun utzi zituzten militarrek, “eta jaiotako umeak gerraren seme-alabak ziren, emakumearen eta komunitatearen lotsaizuna”. Emakume asko komunitateetan baztertu zituzten eta desplazatuak izan ziren.

Hiriraino ere iristen zen drama, 1959ko Miss Guatemala izan zen Rogelia Cruzen kasua bezala. “Bere joera ezkertiarragatik, bortxatu eta hil zuten eta bere gorpua agertu zen bularrik gabe Guatemala hiriko kale bazter batean”.
Baina nola irudikatu genozidioa argazkietan? “Irak edo Afganistango gerra irudiek hunkitzen gaituzte, tankeak eta bonbak ikusteak ziztatzen gaituelako. Ni argazki bat egitean testuinguruaz baliatzen naiz: baso bat ageri da, bidezidor bat, lekua ederra da, zer gertatu zen? Hor agertu zen bi urteko neska baten gorpua, bortxatua”. Liburuan biziek eusten diete hildakoen argazkiei, edo protesta batean daude, edo besarkaturik, edo...

Gerrako arma izatetik feminizidiora

“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”. Chiquínek Kolonbiako gerratik maileguan hartu duen esaldiak balio du Guatemalan: bakea heldu zen 1996an, baina bortizkeriak jarraitu zuen. “Esaten dute gizon gehiago hiltzen dituztela emakumeak baino, baina emakumeen gorputzak nola uzten dituzten ematen du mezu bat: bizitza publikotik alde egin dezagun, beldurtu gaitezen”.

Liburuan azken urtetako feminizidioaren argazkiak ere badaude. 2013tik 2018ra, 40.000 pertsona desagertu dituzte Guatemalan, gehienak emakume gazteak. “Isabel Claudina alerta dugu (@isabel_claudina), emakume bat desagertzen denean salatu eta bilaketa lana hasteko”. Egun ez dute erabiltzen desagertze behartua terminoa, “hori gerra testuinguruan erabiltzen baita, non estatua den eragilea. Baina nire lana bideratzen dut estatua salatzera, justizia egin dadin ez bermatzeagatik. Estatuak ardura du desagertze horietan”.

Emakumeak memoriaren transmisore

Guatemalan genozidiorik izan ote zen eztabaida publikoan, emakumeek jasandako bortizkeria sexualaren salaketak eragin handia izan zuela dio Chiquínek, asko sentsibilizatu zuelako gizartea, “zure ama, amama izan zitekeelako”. Iraganekoaz gain egungo feminizidioaren salaketarako ere balio izan du, “emakume haiek hainbeste urte pasata ere eutsi diotelako salaketari”.

Jatorrizko herrientzat hitzak, ahozko transmisioak, garrantzi handia du, eta kontaketa horrek irabazi behar du espazioa, argazkilariaren ustetan. “Oraindik herrialdean hori ez da diskurtso nagusia. Bizi izandakoa kontatu behar da, egin ezean, bihar berriz gerta baitaiteke”.

Autodefentsa zibileko bost patruilariren aurkako epaiketa, 1981-1985 artean 36 emakumeren aurkako sexu indarkeriagatik (2022). Argazkia: Cristina Chiquín

Eta Euskal Herrian zer?

Chiquínen aurreneko helburua Guatemalan gertatzen dena erakustea da. “Euskal Herrian lotura handia egon da Guatemalarekin gerra sasoitik, hemengo jende asko han egon zen komunitateak babesten, sarraskien lekuko izan ziren, garrantzitsua da hori ez galtzea”.

Berdinen arteko trukea sustatu nahi du: “Guatemalako jendeak ikusi behar du nazioarteko elkartasunak jarraitzen duela. Eta hemengo emakumeek ikusi behar dute hango emakumeek nola egiten duten borroka, ikasteko Europa ez doala Guatemalara salbatzaile gisa”. Gogoratu du ere bere jaioterritik emakume asko heltzen dela Europara: “Gure borrokak trukatzea da kontua, zeren borroka askotan batuta gaude: emakumeen gorputzak, adibidez, edo justizia aldarrikatzean… Gero, pentsa, Guatemalan hobi komunak irekitzen ari gara, Espainian oraindik falta dira gehienak irekitzeko”.

La búsqueda liburua bera asmo horren gauzatze bat izan da. Euskal Herrian aurkeztu zen 2018an, Lagun Arteanek argitaraturik. Guatemalako hirian 2019an aurkeztu zen, Chiquínek Ixíl emakumeei eskura eman zien, eta egindako lanari zentzua eman zion horrek: liburuan ageri diren emakumeen esker onak.


ASTEKARIA
2023ko urriaren 15a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guatemala
Guatemalako presidente kargua hartu du indigenen babesa duen Bernardo Arevalok

Inbestidura ekitaldia hamabi orduz atzeratu da, Kongresuak ohiko lege-prozedura batzuk atzeratu dituelako eta Bernardo Arevalo agintera ez iristeko azken momentuko saiakera batzuk egon direlako. Arevalok “autoritarismoaren” aurkako mezua helarazi du.


2023-12-31 | Leire Artola Arin
Melvin Picón, Guatemalako jatorrizko herrien lurren defentsan:
“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]


Guatemalako hauteskundeak baliogabetzea eskatu du fiskaltzak

Guatemalako fiskaltzaren helburua da hauteskundeak irabazi zituen Bernardo Arevaloren kargua hartzea eragoztea. Arevalok “ustelkeria amaitzea" hitzeman zuen.


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Guatemalako presidente hautatuaren alderdia inhabilitatu dute

Bernardo Arevaloren alderdiak hauteskundeak irabazi ondoren Hauteskunde Auzitegi Gorenak behin-behinean legez kanpo utzi du, 2017an ustez sinadura faltsuak biltzeagatik.


Eguneraketa berriak daude