Aiaraldea eskualdeko (Araba) hezkuntza komunitateak kezkatuta daude. Ikastetxeak ez dira jada arnasgune, ez behintzat lehen bezainbeste. Negarra jotzen etsitzeko asmorik ez dute, ordea. Autokritika egin eta eskualdeko ikastetxeek, herriko elkarteek eta euskalgintzak lanean hastea erabaki dute.
Amurrion: Zabaleko Ikastetxea, Zaraobe Institutua,
Mendiko Eskola, Amaurre Ikastetxea eta Aresketa Ikastola.
Artziniegan: Arteko Gure Ama Ikastetxea.
Urduñan: Urduña Herri Eskola.
Arrankudiaga-Zollon: Arrankudiagako Eskola.
Okondon: Okondo Eskola.
Laudion: Laudio Ikastola, Latiorro Ikastetxea eta Areta Herri Eskola.
Eskoletako euskalduntzea arriskuan ikusita, Aiaraldeko hamabi ikastetxek, Euskalgintza Kontseiluak eta eskualdeko beste hamaika taldek –aisialdi, kirol eta kultur elkarteak– bat egin zuten joan den ekainean Euskararik gabe ez gara manifestua aurkezteko. Konpromiso dekalogo bat adostu dute, komunitatea eta erakundeak ere inplikatzen dituena. Hausnarketa eta autokritika prozesu baten emaitza da proposamena eta, batez ere, modu aktiboan konpromisoak hartzeko gakoak jarri nahi dituzte mahai gainean: “Negar egiteko garaia bukatu da, ez diogu etsipenari tokirik utziko”. Ikasturtea hasi berri den honetan, solasean aritu gara hausnarketa prozesuan parte hartu duten eskola komunitateko eta euskalgintzako kideekin, proposamenaren nondik norakoez.
Arrankudiagan (Bizkaia) elkartu gara bertako eskolako Itziar Elortegi zuzendaria (Mungia, 1969) eta Mikel Jaio irakaslea (Gernika, 1991), Amurrioko Aresketa Ikastolako zuzendari Itxaso Ugarte (Laudio, 1982), Christian Alemany (Laudio, 1978) Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kidea, eta bostok. Maparen arabera Bizkaia da Arrankudiaga, baina Aiaraldeko eskualdearekin du lotura sozial eta geografiko handien. Bi ikastetxe horiez gain, eskualdeko beste hamar dira manifestua eta dekalogoa bere egin dituztenak, bederatzi herritakoak. Herri bakoitzak, jakina, errealitate soziolinguistiko ezberdina du, baina uste dute, oro har, Euskal Herri mailakoa dela euskalduntzean ematen ari diren atzerapausoen zergatia, eta aurre egiteko gakoak ere amankomunak izan daitezkeela.
Hezkuntza komunitateetako kideek uste dute determinantea dela familien inplikazioa ere eta, argi dute ikasleek mezu horiek barneratu eta eurek transmititzea izango dela biderik eraginkorrena
Argi gorriak piztuta daude: euskalduntzea arriskuan dago eta euskararekiko atxikimenduak nabarmen egin du behera. Itxaso Ugarte Arasketa ikastolako zuzendariak azaldu duenez, ikastetxeek arnasgune izateari utzi diote “lehengo mailan behintzat”; baina, kontuan izan behar da “gizarte osoa dela aldatu dena”. Atxikimenduak behera egin izanak zerikusia izan dezake identitateak bizitzeko gaur egungo ereduarekin, Alemanyren ustez; zerbaiten parte sentitzearen indarra ahuldu izanarekin.
Arrankudiagako eskolan, Mikel Jaioren hitzetan, agerikoa da familiak euskaldunak izateak ez duela hizkuntzaren erabilera bermatzen: “Familia euskaldunetan ikusten dugu, egoera informaletan erosoago aritzen dira gaztelaniaz. Jendeak espero du euskara soilik entzungo dela herrian, baina jada ez da horrela”, azaldu du.
Aiaraldean, Hezkuntza Foroan eman dute azken hiruzpalau urteetan auzi honi buruzko hausnarketa. Eskualdeko ikastetxe guztiek hartzen dute parte foroan eta Euskalgintza Kontseilua dute bidelagun. Hausnarketa prozesuan murgilduta zeudela, Hernaniko (Gipuzkoa) ikastetxe zenbaitek egindako proposamen baten berri izan zuten eta harremanetan jarri ziren haiekin.
Ekintzara jotzeko garaia dela jarri zuten mahai gainean Hernanikoek, eta berehala egin zuten bat jarrera horrekin Aiaraldean. “Kezkatik proaktiboak izateko nahia dator: lehenik, zintzotasunez autokritika egitea; eta, ondoren, etxerako lanak jartzea ikastetxeari eta bere komunitateari”. Horregatik egin dute manifestua eta dekalogoa: neurri praktiko eta zehatzak jartzeko mahai gainean, erreminta bat da. “Negar egitetik zerbait egitera pasatzea izan da Foroan eman dugun pausoa, eta zerbait hori praktikoa izatea”, azaldu du Elortegik.
Zer eta nola egin daiteke ikastetxean?
Ikasturtea hasi berri da, esan bezala, eta orain hasiko dira proposamen konkretuak pentsatzen eta martxan jartzen, dekalogoan proposatutako lerroak aplikatzeko. Oraindik egiteko dagoen lana da, baina horrek ez du esan nahi geldirik daudenik. Arrankudiagako eskolan, hasteko, manifestua lantzen ari dira bosgarren eta seigarren mailetako gaztetxoekin, eskolako nagusienekin. Irakurketak egin dituzte klasean, irizpide batekin: ikasle bakoitzak berera ekarri dezala manifestua eta, hura oinarri, helburu propio eta lorgarriak jarri bere komunitateari. Manifestuaren ideiak nork bere egiteko modua bilatu dute horrela. Haur gazteagoekin, manifestuari buruzko albisteak landu dituzte klaseetan.
Azken batean, lehen pausoa kontzientzia piztea da, ezinbestean. Diglosia testuinguruan, beharrezkoa da atxikimendua hizkuntza gutxitua erabiltzeko. Dimentsio asko izan ditzake lotura horrek: emozionala, soziala zein kulturala. Eta zerikusi handia du hizkuntza gutxituari ematen zaion balioarekin, soziologia eta historia ezagutzearekin, eta kultur adierazpenez gozatzeko sarbidearekin (musika, literatura…).
Horregatik, uste dute determinantea dela familien inplikazioa ere eta, argi dute ikasleek mezu horiek barneratu eta eurek transmititzea izango dela biderik eraginkorrena. “Mezua ez da berdin jasotzen ikastetxeak helarazten badu edo haur eta gaztetxoek beraiek”, azpimarratu du Elortegik.
Izan ere, zenbat ahal du, bada, eskolak bakarrik? Aiaraldeko komunitatearen ustez, pentsatu ohi dena baino gutxiago edo, behintzat, ez bera bakarrik egoerari buelta emateko beste. Horregatik, bi puntu gehitu dizkiote Hernanikoaren manifestuari: bata, familiak eta komunitatea inplikatzeko beharra eta, bigarrena, instituzioen erantzukizuna.
Eskolak bakarrik ezin du
Argia izan da Alemany: “Denok batera eragin behar dugu. Praktikotasun hutsagatik bada ere: eskola ibilbidea arrakastaz egingo bada, euskararekiko atxikimendua landu egin behar da, eta horretarako familiek eta gizarte osoak eragin behar dute. Hori ulertzea funtsezkoa da. Oraindik badago jendea pentsatzen duena haurrak euskarazko eredura eramanda dena egina dagoela, eta ez da hala. Ematen du euskalduntzea lortzen ez bada hezkuntza komunitatearen arazoa dela, eta ez, gizarte osoaren arazoa da”.
Familia guztiek egin dezakete zerbait. Bakoitzak, dagoen tokian dagoela ere, bidea egin dezake. Areago, esan bezala, haur eta gazteak kontzientziaren eta ilusioaren bitartekari izatea lortuz gero. Elortegik uste du, adibidez, eskolak lortu dezakeela familiei bultzada ematea, “haurrak etxera joaten badira esanez abesti hau entzun nahi dutela edo telesail hori ikusi, euskaraz”. Zalantza hor dago, hala ere, zergatik ez diren iristen haur eta nerabeengana beste bide batzuetatik euskarazko kultur ekoizpen erakargarriak.
Esan bezala, izan ere, arazoaren erroa ez dago hezkuntzan bertan, gizartearen maila zabalagoan baizik. “Ikusten dugu historiak hona ekarri gaituela. Ikastetxeekin apustu eta ahalegin handiak egin ziren debeku urteetatik etorri eta gero, eta honaino ekarri gaitu; baina, orain gizartea asko aldatu da eta bide berriak behar dira”, Kontseiluko kidearen hitzetan.
Aisialdia, kultura eta kirol eskaintza
Ezinbestekoa da haur eta gaztetxoek momentu eta sentsazio positiboekin lotzea euskara. Aisialdi, kirol eta kultur eskaintza funtsezkoa da zentzu horretan. Hala ere, Aiaraldean –eskualde gehienetan edo ia guztietan bezala– ez dago bermatua aisialdi eskaintza euskaraz jasotzeko eskubidea, eskaria egon badagoen arren.
Itxaso Ugartek ulerkaitzat jo du egoera: eskualdeko eskola guztiak D eredukoak izanda, zein da aisialdi eskaintza osoa euskaraz ez izateko arrazoia? “Marra gorria behar luke”. Alemanyk gehitu du, gainera, hainbat jatorri sozioekonomikotako familiak daudela, eta guztiei bermatu behar zaiela sarbidea: “Bestela, traba bat jartzea da haien euskalduntzean”.
Erakundeek ardura hartu behar dute
Udalen eta beste erakunde publikoen erantzukizunari buruz ere idatzi dute Aiaraldeko manifestuan. Euskara politikak egiteko, hezkuntza komunitatearen iritzia kontuan hartzeko eskatu diete instituzioei, eta hamar konpromisoko dekalogo bat aurkeztu diete horiei ere. Gehienak udalek bakarrik bete ahalko lituzketela uste du Alemanyk. Salbuespen bakarra helduen euskalduntzearen doakotasuna dela uste du, izatekotan, eta hala ere lorgarria dela, borondatea egonez gero.
Itziar Elortegi, Arrankudiagako ikastetxeko zuzendaria: “Negar egitetik zerbait egitera pasatzea izan da Foroan eman dugun pausoa, eta zerbait hori praktikoa izatea”
Aipatu dute, bestalde, erakundeek ez dutela bere egin Euskalgintza Kontseiluak proposatutako familia etorri berrientzako harrera protokoloa. Ugarteren arabera, gainera, “ez dago familia etorri berrientzako harrera protokolo egoki eta integralik, kontuan hartuko dituena egoera ekonomiko eta soziala ere”. Gazteei dagokienez ere, Alemanyren hitzetan, erakundeek badituzte erronkak oraindik: Euskara ikasteko eskubidea haur edo nerabe guztiek bermatuta beharko luketela uste du, eta bestela, ukatua izaten ari zaiela. “Beste toki batzuetan, Katalunian adibidez, pauso gehiago eman dituzte doakotasunaren alde”. Hemen ere, bide horretan, politika sendoagoak egin daitezkeela uste du Alemanyk.
Ilusioz aurrera begira
Hemendik aurrera, neurriak indarrean jar daitezen eskatzeaz gain, sozializazioa egitea dagokie familiekin, elkarteekin… azkenean erakundeengana ere iristeko. Jakitun dira herrigintzaren bultzadak ekarri dituela orain arteko lorpenak. “Guk egin daitekeela uste dugu, horregatik egiten dugu lan. Alarmak pizten ditugu baina ilusioa ere badugu”, azpimarratu du Alemanyk.
Laburrean, ekiteko garaia da. Hori da ideia nagusia Ugarteren ustez: “Eskolari dagokionez, gakoa haur eta nerabeak etxean kontzientziaren transmisore egitea da. Gero, manifestua eskuan, apurka-apurka pausoak ematen eta eragiten joan behar dugu. Euskara dakitenen artean, auzia erdigunean jarri eta ilusioa zabaldu berriro. Ez dakitenak baina jakin nahiko luketenak, eta ezagutzen ez dutenak, denak gurera ekarri eta baliabideak lortu”.
1) Hizkuntza gaitasunak eta joerak lantzeko ikasgai guztiak eta ikastetxeko jarduera guztiak kontuan hartzea.
2) Euskal hiztun aktiboak sortzea (ez dute nahikotzat hartuko euskara irakastea).
3) Euskararen soziologia irakastea, testuinguruan jartzeko.
4) Kulturartekotasuna lantzea, hizkuntza eta kultura gutxituen ardatzetik.
5) Euskararen erabilera sustatu eta babestuko duten espazioak sortzea.
6) Euskaldun izatearen harrotasuna lantzea.
7) Curriculumean euskal dimentsioa jorratzea.
8) Euskararen herria, Euskal Herria, kontuan hartzen duten baliabideak eta euskal curriculuma erabiltzea.
9) Euskarazko kulturgintzaren zaletasuna bultzatzea.
10) Euskara hezkidetzarekin batera lantzea, zeharkakotasunez.
Aiaraldekoak gogoetan ari zirela, Hernanikoek eman zuten haien lanaren berri. 2024ko urrian, urtebeteko gogoeta prozesua egin eta gero, Gu geok plataforma aurkeztu zuten. Herriko ikastetxe guztietan jauzi bat emateko asmoz dekalogo bat aurkeztu zuten. Aiaraldeko eragileek ikusi zuten bat egiten zutela Hernanikoen gogoetarekin eta dekalogoarekin.
Hernaniko ikastetxeak ere kezkatuta daude, haien eskoletan euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisioa moteltzen ari direlako.
Hernaniko ondorengo ikastetxeetako klaustroetan onartu zuten dekalogoa: Aratz Ikastola, Hernani BHI Institutua, Hernaniko Haurreskola, Langile Ikastola, Txirrita Ikastetxea eta Urumea Ikastola.
Urtebeteko bidean irakasleek, eskolek eta herriko hainbat eragilek hartu zuten parte. Ikastetxe guztietako hezitzaileek galdetegi bat bete zuten herriko argazkia egiteko asmoz, eta ikastetxetik ikastetxera aldeak baldin badaude ere, joera orokor batzuk identifikatu zituzten: euskararen erabilera moteldu dela nabaritu dute, eta hizkuntzarekiko kontzientzia lausotu. Euskal kulturaren transmisioa ere apaldu dela ondorioztatu dute. Hizkuntza guztiak berdin tratatzeko joera antzeman dute, hau da, euskara egoera diglosikoan dagoela agertzen ez duen joera ari da indartzen. Euskararen azpiratzeaz jabetzeko baliabide nahikorik ez dute ikasleek, eta ondorioz, gero eta zailagoa da euskalduntze prozesuan pausoak ematea. Beste ondorioetako bat da hizkuntza, kultura eta lurraldea bereizita transmititzeko joera dagoela. Horri lotuta, ikusi dute euskararen lurraldeari eta Euskal Herriaren errealitateari muzin egiten dioten testuliburu eta materialak nagusi direla ikastetxeetan.
Dekalogoan bildu dituzte plataformako parte-hartzaileek herriak eta bertako eskolek eman beharreko jauzien gakoak. Helburu nagusia euskararen erabileran eragitea da.