Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz, zentzuzkoa da Lekeition elkartu izana harekin, txikitako jolastoki izandako Dendari kale inguruan hasi, eta tarteka lantoki bilakatzen duen Uribarren hoteleko kafetegiraino ibilbidea egiteko. Bertan eseri gara, eta liburuaren abiapuntutik poemen atzeko jolas eta gai sozialetara eraman gaitu elkarrizketak, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugan sartu-irtenka.
Nondik atera zen hitz neurtuz idatzitako nobela sortzeko ideia? Zergatik?
Orain dela bi-hiru urte iritsi zen nire eskuetara Dorothy Porterren The Monkey’s Mask liburua, Skolastikako arduraduna den Josune Muñozen bitartez. Harrigarria egin zitzaidan, modu izugarri erakargarrian lotzen zituelako haren bi espezialitateak: nobela beltza eta poesia. Eta iruditu zitzaidan, nahiz eta lan hartakoa oso trama konplexua izan, neu ere izan nintekeela kapaz antzeko zerbait idazteko, nire neurrian.
Beti interesatu izan zaizkit formatu desberdineko liburuak, eta ordurako baneuzkan irakurrita, esaterako, Gonçalo M. Tavaresen Uma Viagem à Índia eta David Foenkinosen Charlotte. Bi liburu horiek oso desberdinak dira euren artean, baina biak daude olerki-lerro libreen bidez idatzita. Beraz, baneraman tarte bat halako esplorazioak proposatzen dituzten lanetatik edaten. Agian, biografia bat muntatzea baino errazagoa iruditu zitzaidalako egin nuen detektibe-nobelaren alde, The Monkey’s Mask-en moduan. Badaude antzekotasun batzuk istorioen artean, bietan da emakume protagonista bat ikerketa aurrera eramaten duena, baina, eszenatokiak lantzen hasitakoan, nire kontakizunak bere arnasa hartu zuen.
Aurkezpenean esan zenuen euskaraz ia landu gabeko moldeari heldu nahi zeniola. Zer dakarkizu gurean gutxi landutako idazkera izateak? Eginbeharra, erronka, aukera eta gogoa…?
Beti izaten da erronka. Edozein liburu, ez hau bereziki. Beti saiatu behar dugu pauso bat aurrera egiten, eta ez lehenagotik egiten dakigun hori errepikatzen.
Bestetik, egia da hutsune bat betetzeko ideiak estimulatzen nauela, zerbait ezohikoa proposatzeak kinatu egiten nau. Uste dut horregatik jo dudala lehenago ere formatu hibridoetara. Adibidez, nobela bezala irakur daitekeen ipuin-bilduma da Hezurren erretura (Susa, 2019), Nola gorde errautsa kolkoan-en (Susa, 2020) prosazko poema asko daude… Ahalegintzen naiz, nire tamainan, generoen artean sortzen diren frikzioak eta osagarritasuna ikertzen.
Kontakizunak baditu krimena, misterioa… Ez dira, oro har, poesian espero ohi ditugun edukiak.
Iruditzen zaigulako poesia sentimenduen unibertso naturala dela, baina poesiak edozein gai onartzen du. Inertzia oso pisutsuak ditugu zentzu horretan. Nik, nire kasu partikularrean, nahi nuena zen nire praktikan orain arte esanguratsuak izan diren bi osagairi –sentsorialtasunari eta gogoetari– osagai berri bat gehitu, misterioa.
Liburuaz lehenengoz berba egin genuenean, aipatu zenuen zuretzat samurragoa zela, zentzu batean, halako fikzioak sortzea, idatzi izan dituzun lan autobiografikoagoen ondoan.
Gazte literatura-eta alde batera utzita, autofikzioaren eremuan ibili naiz gehien. Bizitzak eraman ninduen horretara, nahiz eta niretzat idaztea beti izan den bizitzan gertatutakoak kudeatzeko modua, betidanik. Joan den hamarkadan, aterpea topatu nuen autofikzioan, neure burua pertsonaia bihurtuz egoera zail batzuk drainatzeko. Annie Ernaux-en ereduak lagundu zidan.
Orain bizialdi gozoago batean nago, bareago, eta horregatik azaleratzen dira gehiago umorea eta jolasteko gogoa.
"Bizialdi gozoagoan nago, eta horregatik azaleratzen dira gehiago umorea eta jolasteko gogoa"
Idazteko prozesua ere desberdina izango zen batetik bestera, ez?
Bai. Orain ikuspegi erlatibistagoa daukat, idazteko lehengaia ez delako nire bizitza, ez nabilelako testigantzarik osatzen, aitortzarik egiten, gertatutakoak menderatzeko ahaleginak egiten… Zera esaten nuen, txantxetan, liburuak idazteak liburukominak ematen zizkidala.
Beste hau ez dut dolutik edo sufrimendutik idatzi, ez da izan ariketa introspektiboa; desinhibizioaren talaiatik idatzi dut, askoz tentsio gutxiagorekin. Dena dela, nahiz eta itxuraz arina izan, eta nahiko erraz irakurtzekoa eta abar, lan neketsua izan da. Eta beti bezala, egindakoa esplikatzeko argudioak lantzeak badu garrantzirik niretzat.
Hala ere, liburuaren protagonista ez duzu urrutiegi, adibidez, adin aldetik. Lotura geografikoak egin daitezke. Bilatutakoa da anbiguetate hori?
Bai, apropos. Argi dago Agurtzane asmatutako pertsonaia bat dela, ni ez naizelako atezaina eta ez daukadalako txakurrik; baina, beste alde batetik, 60 urteak beteta nago eta Bilbo aldean ibiltzen naiz. Izena ere... Kasu honetan, nire ezaugarri batzuk transferitu dizkiot pertsonaiari, iruditzen zitzaidalako anbiguetatea sintonian zegoela aurreko aldiko autofikzioarekin, aldentzen hasteko modu bat zela. Baina, aldi berean, guztiz urrundu barik, giltzarri batzuk mantenduta. Badira beste oihartzun batzuk ere: natura, inizialen erabilera, lagunen balioa, bakardadearen balioa, dolua… Aurreko liburuak irakurri dituztenek identifikatuko dituzte puntu komun horiek.
Zer bilatzen duzu literatur-generoekin jolas egiterakoan?
Iturri biko urak, nahastu arren, ura beti izaten da ur. Aldiz, nahastuz gero ardoa eta fruta-zukua, edo ardoa eta Coca Cola, konbinazio horrek badauka beste txinparta bat, bestelako bizitasun bat. Generoak nahastea da, nolabait, konbinatuak asmatzearen antzeko zeozer: beste testura bat, beste zapore bat lortzen da. Eta azken batean, horixe da idazle orok bilatzen duena, nik uste: bere formula, bere estiloa. Estiloa da gure langintzaren ondorioz islatzen dugun nortasuna, besteengandik bereizten gaituena. Eta igual nire espezialitatea horixe da, bada: kalimotxoa.
Liburuko poema asko funtzionalak direnez, adierazpidea “sinple” edo zuzen samarra da; baina, bestalde, testuaren dimentsio fisiko edo bisuala ere baliatu duzu adierazkortasuna bilatzeko.
Une jakin batean, poemen potentzialitate fisikoarekin probak egiten hasi nintzen. Eta imajinatuko banu poema mota bakoitzaren gorputza, entitate grafikoak bezala?
Halaxe, tipografia pila bat sartu nuen. Gaur egun ez dugu hori askorik egiten, garai bateko abangoardiekin lotzen dugulako, eta ematen duelako modaz kanpo-edo geratu dela. Baina, azkenean, [Leire Lopez de Ziluaga] editorearen aholku zuhurrari kasu eginda, garbitu egin nuen testua, mordoilotuegi zegoelako, eta lau alderditan zentratu nintzen.
Bata, iraganeko pasarteak. Eskuinean lerrokatuta agertzen dira. Izan ere, pentsatzen ari garenean edo zerbait gogoratzen dugunean, keinuren bat egiten dugu, eskuarekin bekokia ukitu, eta behera begiratu, ezta? Izaten da mugimendu fisiko bat, pentsamenduarekin beste norabait joan garelako… Horrelako pasarteak eskuinaldean kokatu nituen.
Beste kasu bat da pertsonaia batzuen mintzaldiena. Hildako neskaren amak, adibidez, apurtuta dagoelako, hitzen artean hutsuneak utzita egiten du berba. Amaiak ere, Agurtzaneren ahizpak, hitzak okerreko tokitik mozten ditu, bere gaixotasun mentalagatik.
Hirugarren ezaugarri bat enumerazioak dira: enumerazioak eskailera gisa eman ditut, eta silabaketa kontuan hartuta. Horren helburua, erritmoa eta musikaltasuna lortzea.
Beste efektu bat, bi puntuena. Aurkikuntza kasuala izan zen, gainera. Poema bat garbira pasatzen ari nintzela, bi puntuak solte geratu zitzaizkidan lerro batean eta, hara, bazuten eragina: goiko lerrora itzuli nintzelako, eta horrek indartu egiten zuen esandakoa, eta aldi berean, espektatiba zabaltzen zuen ostean esaten zenarekiko.
Trikimailu horiek ez dira arbitrarioak, edo itxura deigarria emateko egindako hautuak beste barik, irizpide tekniko jakin batzuei erantzuten diete.
"Generoak nahastea bada nolabait [edari] konbinatuak sortzearen antzeko zeozer
Esan izan dizute azkar irakurtzeko moduko lana dela; zure aurreko poesia-liburuak baino errazagoa, adibidez.
Aurkeztu nuenean esan nuen aurrejuzgurik gabe irakurtzeko liburu bat dela. Irakurleak ez du topatuko ohiko nobela bat, eta are gutxiago poema-liburu bat, poemaz osatuta egon arren hau ez delako poema-liburu bat. Beste era batera funtzionatzen du: testuak ordenan irakurri behar dira narrazioaren katebegiak direlako, nahiz eta poema batzuk autonomoak izan, nire beste edozein bildumatan sartzeko modukoak, lirikoagoak eta intimistagoak. Poema gehienak narratibo-deskriptiboak dira, funtzionalak, narrazioaren zerbitzura daude.
Gurako nuke poesia irakurtzeko ohiturarik ez duten irakurleei gonbit egiteko modu bat izatea.
Bestalde, hainbat jolas literariok zeharkatzen dute liburua.
Bai, badira jolas batzuk. Bat, garrantzitsuena, epilogoan agertzen dena, baina hori ezin da esplikatu irakurketa hondatu barik.
Eta beste hauek ere badaude: Diane Wakoski eta haren itzala. Diane Wakoskiren poesiaren bitartez joango da Agurtzane pistei segitzen kasua argitzeko. Haren poema bat aurkitzen duelako jakingo du hildako neska bakarrik sentitzen zela. Agurtzanek Wakoskiren liburu bat eskatuko du liburutegian, eta hara non pasarte bat azpimarratuta ikusiko duen, eta pasarte horretan M. letra. Kontua da Agurtzaneren iraganeko mamu bat ere badela M., marka sakona utzi zion gizonezko bat. Eta horretan, bat egiten du Agurtzanek Iratirekin, baina baita Miren Agurrekin ere, Miren Agurren Kristalezko begi bat liburuan ere badelako M. bat. Ispilu-joko bat sortzen da fikziozko bi pertsonaien eta egilearen artean.
Beste jolas bat da Margarita ahuntzaren izendegia. Ahuntzari Margarita izena jartzen dio Agurtzanek, ijitoek ekartzen zuten ahuntzarena, Lekeitiora behintzat. Baina aldi berean, izenak ematen zidan literatur erreferente batzuk aipatzeko modua. Agurtzanek, bere gogo-egoeraren arabera, izen bat edo beste erabiltzen du ahuntzari deitzeko: Margaret Atwood, Marguerite Duras, Margaret Mahy, Marga Frantziako, Yourcenar… Idazle horiek, denen artean, margarita edo bitxilore sinboliko bat osatzen dute: miresmena edo interesa piztu didaten emakume idazle handiak dira. A priori, oso poema pedantea izan zitekeen, baina pisua kentzen zaio nolabait, hasieran eta amaieran agertzen den biko errimatua herri-literaturatik eta haur-literaturatik hurbil dagoelako, kontrastea eginez.
Beste jolas bat musika-piezena da. Aipatzen diren musika-piezak esanguratsuak dira. Hasierako poema batean Casta Diva aipatzen da –jainkosa garbia–, Norma operakoa, Bellinirena. Aria horretan, sazerdotisa batek otoitz egiten dio ilargiari. Horixe entzuten doa Agurtzane autoan, etxerantz gidatzen, gauean, bere institutuko ikasle bat hilda agertu dela jakin eta gero. Ente femenino bi dauzkagu parez pare: ilargia, zerutiarra, espirituala; eta Agurtzane, lurtarra, praktikoa, bere erregua bere erara egiten.
Geroago, Agurtzane eta amorantea Bordelen daudenean Bizeten Perla-arrantzaleak opera ikustera doaz eta horrek akordarazten dio zelan Iratik, desesperatuta zegoenean, “perla galduak” deitu ziela bere poemei. Horregatik, amaieran, perla-arrantzalearen konparazioa egiten du Agurtzanek.
Azkenik, lehen esan dizudan bezala, intertestualitate-zantzuak daude nire beste obra batzuekin: protagonista emakume bakarti eta indartsua izatea, etapa inportante batean dagoena; baratzearen topikoa, kasu honetan baso bihurtuta… Hari horiek lotzen dute mundu hau nire aurreko mundu ezagunekin.
"Zahartzen goazen heinean, gure irakurleei enpatia sentiarazteko moduko pertsonaia sinesgarriak sortu behar dira"
Aurrekoetakoa gehiago izan zen bidaia emozionala, eta oraingoan logikak gidatutako esperimentazioari lotuagoa, ezta?
Bai, baina ez guztiz. Esperimentu bat egiteko irrika bai, badago, baina mamiari ere garrantzia emanda. Formak eta edukiak maila berean egon behar dute, formatua honako edo halakoa izanda ere.
Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera. Zalantzarik edukiko ez bagenu, ez genuke ikertuko, ez? Hori da benetako artistaren ezaugarria, nire ustez: zalantzak argitu behar horretan ausartzea eta ekitea.
Indarkeria matxistarekin lot daiteke liburuaren katalizatzailea den misterioa. Intriga sortzearekin batera, kritika sozialerako atea ere ireki dezake.
Duda barik. Irati Berazaren fikziozko heriotzatik aparte, indarkeria matxistaren, sexu-indarkeriaren eta krimen parapolizialen biktima batzuei egindako erreferentziak ere badira. Izen gutxi batzuk agertzen dira, baina guztiei egindako omenaldi bat izan nahi luke.
Beste gai sozialen artean, turistifikazioaren kritika. Beste bat, desarrollismo faltsua, paisaia naturalak suntsitzea dakarten operazio basatiak. Esate baterako, Agurtzaneren ahizparen zuhaitz sakratua botatzea, errepide bat zabaltzeko. Bada beste kezka bat ere, Urdaibain Guggenheim eraikitzeari dagokiona.
Eta beste ildo batetik, hau ere aipatuko nuke: gure mentalitatean nahiko errotuta dagoen carpe diem kamuts samarra. Agurtzanek proposatzen du carpe diem bat, berriro loratzeari, berriro maitatzeari eta maitatua izateari lotua. Baina gure jendartean, lema horren aitzakiapean sortzen dira dinamika oker batzuk, balio merke batzuk, pertsonak pertsonen harrapari bilakatzen gaituztenak.
"Zalantzak aurkitu behar horretan ausartzea eta ekitea da artistaren benetako ezaugarria"
Oinarrian, emakume heldu baten bizimoduaren erretratatzen du lanak. Ez da, agian, ikustera ohituak gauden bezalakoa. Zerk definitzen du?
Agurtzane nahiko pertsonaia errealista da, laguntzeko prest dago, aktiboa da... Ariketa mental handia egiten du, ariketa fisikoaz gain, mendizalea delako, eta trebea da brikolaje kontuetan. Literaturan ez gaude ohituta agian horrelako emakumeak ikustera, baina eguneroko bizimoduan bai. Alde batetik, baditu zahartzaroaren hasierako aje batzuk: hipertentsioa, adibidez, edo nekadura. Baina, bestetik, ikasi du erlatibizatzen eta ironia jartzen bere buruaren eta gertaeren artean, distantzia lortzeko.
Begira, liburuak zazpi atal ditu, eta zazpietan agertzen dira tituluan “nire” izenordaina duten poema jakin batzuk: “Nire fitxa”, “Nire etxea”, “Nire basoa”, “Nire ahizpa”, “Nire fantasma”… Horien helburua ez da jabetasuna nabarmentzea, baizik eta Agurtzane deskribatzea, bera zer den eta bera definitzen duten gauzak aldarrikatzea. Ainguraketak dira nobelaren aldamio zabalean, istorioaren sintaxian pausagunea markatzen duten gogoetak, pertsonaiari arreta egiteko.
Horrez gain, gaur egun, bizitzeko beste formula batzuk probatzen ari gara. Eta gero eta barneratuago daukagu gure adinean ere ez ditugula onartu behar kontsumo-gizarteak markatutako estereotipoak, eta ederrak eta baliotsuak izaten jarraitzen dugula. Ez gara ikusezinak eta bizimodu interesgarriak ditugu. Lehenago, emakumeak, menopausiaren ondoren, debaluatu egiten ziren sozialki.
Belaunaldi bakoitzeko idazleoi gure belaunaldiko irakurleek laguntzen digute bidean gehienbat. Beraz, zahartzen goazen heinean, enpatia sentiarazteko moduko pertsonaia sinesgarriak sortu beharko ditugu, diot nik.
Bakardadea ere bada laneko gai nagusietako bat. Negatibotzat jo ohi da, baina esango nuke bakardadearen bestelako irudi bat ematen duela liburuak: desiratua da, eta badago haren gaineko kontrol bat.
Bakardadeak konnotazio negatiboak izaten ditu bakardade sozialarekin edo emozionalarekin lotzen dugulako, alegia, ondoeza eragiten duen isolamenduarekin. Baina Agurtzaneren bakardadea aukeratua da, bakarrik egoteko erabakia hartua da. Eta bakardade horrek onurak ekartzen ditu, hala nola autoezagutza, independentzia, norberaren gustuak egiteko aukera, elkarteetan sartzeko aitzakia, ikasten jarraitzeko, proiektu pertsonalak garatzeko denbora…
Uste dut gero eta emakume gehiago dagoela profil horretakoa. Horren beste aldean zer arrisku egon daitekeen? Bizikidetzarako trabatxoak, eta besteak apur bat sobran dauden sentsazioa. Bakardadeak badauka arrisku pittin bat, baina uste dut, aipatu duzun moduan, kontrola eramanez gero, oreka lortuz gero norberaren bakardadearen eta besteekiko harremanen artean, egoera ideala dela denborari esanahia emateko. Dekadentzia fisikoa hasten denera arte, noski. Dekadentzia fisikoa esatean ez nabil zimurrei edo haragi jausiei buruz, hauskortasunari buruz baino, gaixotasunari buruz, inoren eskuetan jartzera behartuko gaituen mendekotasunari buruz…
"Emakume helduok ez gara ikusezinak eta bizimodu interesgarriak ditugu"
Amaitzeko, guztiaz aritu gara liburuari izenburua ematen dion Amorante frantsesaz izan ezik…
Bai, kuriosoa da, ze beti gertatzen da, elkarrizketetan, irakurle taldeetan ere bai… Gutxi ateratzen da pertsonaia hori. Bueno, izatez, pertsonaia sekundarioa da, berandu samar agertzen den parentesi bat da Agurtzaneren bizitzan, baina eragin handia izango duena, aldaketa garrantzitsua ekarriko diolako, gozamena eta betetasuna, biraketa bat zentzu sentimentalean. Agurtzanek berak deitzen dio “nire parentesia”. Gero, hori baino gehiago izango bada ere. Horregatik, atal horretako poemek eta amoranteak parte hartzen duen beste guztiek beste forma bat dute, prosazkoak dira beste kadentzia bat adierazteko.
Bien arteko harremanean badago elementu esanguratsu bat: ardoa, eta ardoaren izena, Domaine de la solitude. Victorrek ardo hori oparitzen dionean, Agurtzanek igartzen du konplize bat topatu duela, bere bakardade propiotik datorren norbait, frekuentzia berean dagoena.
Esan liteke literatura eta maitasuna eskutik doazela zure obran.
Liburuaren amaieran agertzen da esaldi bat, solemnea bezain barregarria, baina zintzoa: “Liburu hau idaztea izan da, niretzat, maitasuna”. Koletilla bat gehituko diot orain: “Liburu hau eta beste guztiak idaztea, horixe da nire maitasun beharrezkoa”.
Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]
Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]
Kostako zaizu Adurtza baino auzo zaharragorik aurkitzea Euskal Herrian: aurten 1.000 urte bete ditu, Donemiliagako Goldea dokumentuan ageri denez (ikusi Gakoak honetan Josu Narbartek idatzitako erreportajea horri buruz), eta merezi bezala ospatu dute bertan bizi direnek. Baina... [+]
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene... 70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]
1985. NATOn mantentzearen kontrako manifestazioak egin ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan azaroaren 10ean, tartean Donostian. Milaka lagun irten ziren kalera Koordinadora Antimilitaristaren deiari erantzunez, orduko agintariak karikaturizatzen zituzten mozorroekin. Kanpaina... [+]
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]
Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu... [+]
Ekainak bost ditu gaur; udara atarian gaude eta giroak badaki. 15:00ak dira, sorbeltz saldoa aztoratuta dabil, udara beteko zeruan, kirrinka batean, eltxoak ehizatzen. Azpitik Ibaik erreparatu die sorbeltzei, eta tartean dauden enara azpizuriei; gorde ditu basozain arropak,... [+]
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]
Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]