“Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz”

  • Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil. Horien bidez, sexualitatearen, autismoaren eta zuzenean eragiten dioten beste gai batzuen inguruan gogoetatzen du.

Olaia L. Garaialde
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Autista naiz” edo “autismoa daukat”. Biak erabiltzen ditu Triviñok, baina bigarrena nahiago du: “Nire izaeraren parte da, baina ez osoa. Hau da nire ezaugarri bat, nire osotasuna izan beharrean”. Nabarmendu du autismoak zientziarekiko eta artearekiko dituen interesak piztu eta “areagotu” dituela, eta gauza “mordoa” egitera eraman duela: “Kontziente naiz nire garunak jende gehienak ez dituen gaitasun batzuk dituela; hala nola kontzentratzeko gaitasuna, algoritmo jakin batzuk eraikitzeko ahalmena…”. Autismorik izan ezean, “normaltsua” izango litzatekeela dio: “Ez nuke sentituko sentitzen dudan guztia, eta ezingo nuke jendea lagundu. Autismoak hori eman dit, eta polita da”.

Arteak eta zientziak bi mundu kontrajarri diruditen arren, Triviñorentzat lotura “handia” dago euren artean. Zientzia arloan, epilepsia antzemateari eta adimen artifizialari loturiko proiektu batean dabil: “Nire garuna pila bat aktibatzen da”. Alde artistikoa aldiz, desinhibitzeko, beharrak plazaratzeko eta hausnartzeko erabiltzen du; hala nola musikan, poesian eta antzerkian aritzen da. Komediak “pila bat” lagundu dio depresioa “hobeto” eramaten: “Pandemian uste dut jende mordo batek izan zuela depresioa. Birus batek baino gehiago suntsitu gaitzake depresioak. Bizirik zaude, baina hil zaitezkeen sentsazioa daukazu”.

Hala ere, ez da egun batetik bestera egindako bidea, “poliki-poliki” egindako prozesu “luzea” izan da: “Lehen oso lotsatia nintzen, autoestimu oso baxua neukan, egun ere bai, eta ez nintzen gai jendaurrean berba egiteko. Neure burua gainditu behar izan dut, eta beldur eszenikoa kendu”. Taularatzen dituen gaiekin identifikatuta sentitzen direnak mikrofonoa hartzera animatzen ditu: “Euskal Herrian, normalean, oholtzan gehienak gizonak izaten dira. Errepresentazioa falta da. Beharrezkoa ikusten dut hori aldatzea”.

“Zati autista gordetzea zama handia da, gure izaeraren parte bat gordetzen ari garelako”

Bakarrizketak jendea dibertitzeko eta zuzenean eragiten dioten eta jende gutxik aipatzen dituen gaien inguruan hausnartzeko tresnatzat ditu: “Txisteak egiten ditut, baina aldi berean zeozer aldarrikatzen ari naiz”. Horien artean autismoaren inguruan sorturiko mitoez barre egiten du. “Askotan entzun da txertoek autismoa eragiten dutela. Nik sarritan esaten dudan gauza bat da nahi ditudan txerto denak jartzen ahal ditudala ez daukadalako galtzeko ezer”, kontatu du barrezka. Horrez gain, sexualitateaz, LGTBIAQ+ kolektiboaz, feminismoaz eta euskal identitateaz ere mintzo ohi da.

Bazterkeria eta indarkeria

Literaturan ere murgilduta dago Triviño, eta aurrerago publikatu nahi dituen fantasiazko zenbait liburu ditu esku artean. Momentuz, Ezina, ekinez egina liburua kaleratzear dago: “Uste dut autismoa dutenek behar dutela, eta autismoa gorrotatzen dutenek ere bai. Zoritxarrez, azken horiek ez dute irakurriko”. Autismoaren inguruko liburu bat da, eta bere esperientzia pertsonala eta orain arte ikertutako gauzen informazioa jasotzen du liburuak: “Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz. Autismoak gauza onak eman dizkidalako, baina txarrak ere bai”.

Gaineratu du “zama handia” izan dela, beste pertsona batzuek baztertu eta gaizki tratatu dutelako: “Jendeak orokorrean aldatzeko eta autismoari loturiko gauzak ez egiteko eskatzen digu. Zergatik aldatu behar dut nire izaera? Naizen moduan egon nahi dut jendearekin”. Zeharka zein zuzenean esaten diote plan batzuetan ez parte hartzeko: “Batzuetan esaten didate ez etortzeko ez dakit nork ez duelako nahi. Horrek boterea ematen dio gorroto nauenari, aukera duelako erabakitzeko noiz egon naitekeen eta noiz ez eta zer egin dezakedan”.

Horrek eragiten du zenbait momentutan jokabidea edo izaera aldatu eta autismoarekin lotzen diren zenbait gauza ez egitea edo ezkutatzea. Emakumeen edota emakumetzat dituzten pertsonen kasuan exijentzia “handiagoa” denez, areagotu egiten da hori: “Zati autista gordetzea zama handia da, gure izaeraren parte bat gordetzen ari garelako”.

Horrez gain, indarkeria sexuala pairatzeko probabilitatea handitzen dela dio: “Esango nuke denok jaso ditugula sexu erasoak. Normalean irudikatzen dugu pertsona ezezagun batek harrapatu eta indarkeria fisikoz erasotzen gaituela. Autismoa daukagunon kasuan, konfiantzazko pertsona edo ezagun bat izaten da, eta trikimailuak erabiltzen ditu burua nahasteko eta konbentzitzeko. Manipulazio psikologikoa sartzen da tartean. Legearen arabera, hori ez da bortxaketa, baina bai, bada, argi eta garbi”.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Garuna. Neurodibergentzia garunarekin lotuta dago zuzenean; neuronekin eta neurotransmisoreekin. Ni naiz naizen modukoa neure garunarengatik, eta bakoitza da den modukoa garunarengatik. Gainerako organoek bizi funtzioa egiten dute, baina gure pertsonalitatea garunean dago”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Gorputz hotsak
"Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iritsi ahal izateak"

Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]


Gorputz hotsak
"Gauzak egin eta kalera atera nahi nuen, baina ezin nuen"

Gazte batek etxetik atera eta psikologoarenera joateko bizi dituen beldurrak eta barne gatazkak lantzen ditu ‘Barruko dardara’ film laburrak. Maider Arrutik (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) sortu du, eta agorafobia nola bizi duen ikusaraztea du helburu. Bere bizipenetan... [+]


Gorputz hotsak
"Musika da mina kudeatzeko eta kanalizatzeko modu bat"

Ilusioz mintzo da Shrabani Aranzabe-Pita (Orissa, India, 1999) musikari, ikerlari eta pedagogoa. Alkizan (Gipuzkoa) hazi eta hezi da. Pandemian minbizia izan zuen, eta prozesu onkologiko horretatik Naturaren Doinuak jaialdia eta proiektua sortu du. Aurtengo jaialdia ekainaren... [+]


Gorputz hotsak
"Oso literala naizenez, marrazten dudana ulertzea gustatzen zait"

Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]


Gorputz hotsak
"Desgaitasunaren eta eskiaren mundua deskubrimendu bat izan da"

Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]


Gorputz hotsak
"Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea"

Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean,  Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]


Gorputz hotsak
"Bidea moztu da eta hutsune batean gaude"

Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]


Gorputz hotsak
"Batzuetan beldurra ematen du zer datorren galdetzeak"

Xumea, alaia eta energia handikoa da Olga Garate (Iruñea, 1964). Bizikletan ibiltzea dauka pasio eta familia da bere lehentasuna. Erizain laguntzailea da, eta lana “izugarri” gustuko duen arren, behin betiko lanerako ezintasuna eman diote, minbizi kronikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude