“Irakurleok elebidunak gara, eta kanpoko literaturaren zati bat soilik irakurtzen dugu euskaraz”

  • 2014an sortu zuen Susa argitaletxeak MPK Munduko Poesia Kaierak bilduma, beste hizkuntza eta lurralde batzuetako poetak antologia-formatu zainduan euskarara ekartzeko asmoz. Ordutik, 53 kaier eman dituzte. 2021etik bildumaren zuzendaritzan ari dira Maialen Berasategi eta Isabel Etxeberria, eta eurekin batu gara, haien lan-dinamikaren, orain arteko jardunaren balorazioaren eta euskal itzulpengintzaren egoeraren gaineko irakurketen berri eman diezaguten.

Maialen Berasategi eta Isabel Etxeberria. (Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)
Maialen Berasategi eta Isabel Etxeberria. (Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

2014an sortu zen MPK, eta 2021ean hartu zenuten zuek bildumaren zuzendaritza-lekukoa. Zelan suertatu zen egoera?
Isabel Etxeberria: 2020an esan zuen Beñat Sarasolak erreleboa nahi zuela, ordurako ja 30 kaieretik gora argitaratuta zirela. Beraz, Susa barruan nork ordezka zezakeen pentsatzen hasi ziren eta, nondik nora oso ondo ez dakigula, gugan pentsatu zuten. Eta guk, tira, ba baietz. Beldur pixka batekin eta ardura pixka batekin; ziurrenik inpostorearen sindromeak jota ere bai...

Maialen Berasategi: Eta ilusioz!

Etxeberria: Bai, noski. Hala eman genuen baiezkoa, 2020ko udazkenean. 2021ean aritu ginen guk editatutako lehenengo kaierak lotzen, eta 2022an argitaratu ziren.

Zelan banatzen duzue lana?
Berasategi: Erabaki nagusiak beti elkarrekin kontrastatzen ditugu, baita txikiak ere askotan. Baina, normalean, labealdi bakoitzeko bi liburu izaten ditugunez, bakoitzak nagusiki horietako baten ardura hartzen du. Orduan, lan berberak egiten ditugu biok, baina banatuta, bakoitzak liburu batekin. Betiere koordinatuta eta bat eginda. Eta gero handik eta hemendik sortzen diren lantxoak banatuz joaten gara: gaur zu, bihar ni, besteetan biok batera...

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Martxoan, Gasteizko Ignacio Aldecoa ipuin literarioaren jaialdiaren baitan, ipuinen itzulpengintzaren inguruko mahai-ingurua izan zenuten, Isabel. Bertan galdetu zizueten itzulitakoaren eragina nabaritzen ote duzuen harrezkero euskaraz sortzen denean, eta zintzoki esan zenuen ezetz, hain txikia dela euskarazko irakurlegoa, eta hain mugatua itzuli eta argitaratzeko gure ahalmena ere... Hori gutxi balitz, beti esaten da poesia ez duela inork irakurtzen. Beraz, zer helburu edo beharri erantzuten dio halako bilduma batek?
Etxeberria: Mahai-inguru hartan askotan gertatzen den egoera eman zen: hiru ipuingileren itzultzaileok gonbidatu gintuzten ipuingileon literaturaren inguruan aritzeko, eta momentu zehatz batean galdetu ziguten ipuingile horiek euskal idazleengan izan duten eraginaz. Horrelakoetan, iruditzen zait halako hitzarmen inplizitu bat egiten dugula denok —hizlariok, galdetzaileak, entzuleek—, hitz egiten dugula benetan eragin hori gure itzulpenen bitartez iritsi izan balitzaie bezala. Eta badakigu ezetz, eta arrazoia oso sinplea da: guk itzultzen duguna oso murritza da, kopuruan. Euskal idazle batzuei iritsiko zitzaien Carverren eragina euskarara itzulita dauden bi liburuen bitartez, baina Carverren obra osoa gaztelaniaz eta frantsesez itzulita dago. Hau da, errealitatea da euskal irakurle guztiok, euskal hiztun guztiok, elebidunak garela, eta kanpoko literaturaren zatitxo bat bakarrik irakurtzen dugu euskaraz.

"Euskararako itzulpengintzak pixka bat linternarena egiten du, fokatu eta erakusten du non jarri behar dugun arreta"

Berasategi: Eta ez da kopuru kontua bakarrik, baizik eta noiz hasi ziren euskal itzulpenak eta noiztik datozen erdarazkoak. Batez ere, adin batetik gorako jendearengan pentsatuta: garai batean ez zeukaten euskaraz, ezta orain daukagun gutxia ere.

Etxeberria: Alde horretatik, badirudi panorama ezkorra dugula parean: zer eragin gutxi duen euskal itzulpengintzak euskal literaturan; ez gara askora iristen, ez itzultzaileak, ez editoreak... Irakurle aldetik ere ez dugu masa handirik... Baina, bestetik, alde ona ikustearren, igual xalotasunez ari naizen arren, iruditzen zait euskarara itzultzen den horrek, sinbolikoki bada ere, baduela garrantzia euskal irakurleen artean. Hau da, nolabait, euskararako itzulpengintzak pixka bat linternarena egiten duela, fokatu eta erakusten duela non jarri behar dugun arreta. Badira zenbait izen euskarara itzuli direnak azkenaldian eta, beharbada, euskal irakurleen artean, irakurle taldeetan irakurri direlako, sare sozialetan aipatu direlako... Tira, ez dut esango ahoz aho dabiltzanik, baina halako modatxoak-edo sortzen dira. Eta, alde horretatik, uste dut euskarazko itzulpengintzak egiten duela bere ekarpentxoa, baita bilduma honek ere.

Beñat Sarasola editore ohiak 2016ko elkarrizketa batean esan zuen MPKek harrera polita izan duela, bai irakurleen, bai komunikabideen aldetik. Gaur egun, berrets daiteke Sarasolak esandakoa?
Berasategi: Nik uste dut oso jende leiala dagoela hartzaileen artean, eta harrera, oraindik ere, ez naiz ausartzen esatera handia denik, Isabelek oraintxe esan duenagatik, baina bada beroa. Bildumak honezkero hamar urte eramanda, izan zitekeen higadura bat, baina irakurleen aldetik esker ona jaso dugu, eta itzultzaileen kasuan ere bai.

Harrera berdintsua da kaier batetik bestera?
Etxeberria: Harpidetzatik kanpoko salmentak aztertuta ikusten da bestela ere ezagunak ziren izenak saltzen direla gehien. Proportzioan, poeta emakumezko gutxiago daude bilduman, eta salduenen artean emakume askoren izenak daude. Bestalde, beharbada poesia narratiboagoa egiten dutenak ere nahiko goian agertzen dira, edo, agian, poesia konprometituagoa egiten dutenak.

Berasategi: Beste genero edo arlo batzuetan aritu diren autoreek hain poesiazaleak ez diren irakurleak ere erakarri ohi dituzte. Eta, gero, irakurle taldeek eta abarrek ere eragiten dute.

Han-hemen irakurri dut harpidedunen laguntzaz-eta lortzen duzuela bildumaren argitalpen-gastuak berdintzea. Hala ere, sektorean oro har gertatzen den moduan, itzultzailearen lana militantzia moduan egiten da batez ere, nekez atera baitaiteke ordain ekonomiko duinik egiteko beste liburu itzuliak argitaratzetik. Berdin editoreon lana.
Berasategi: Esan dezakedan bakarra topikoa da: afera hau ezin da inoiz bereizi, ez bakarrik euskal literaturaren egoera orokorretik, baizik eta euskararen joera orokorretik. Estrategia global eta koordinatuak hartu behar direla argi dago. Eta badago jendea, teorian, behintzat, zeinaren lana hori den, beraz, horiek pentsatu beharko dute. Baina ez da haiena bakarrik, noski; besteok ere pentsatu beharko dugu zer egin. Funtzionatzen ari ote da egiten ari garena? Hein baten, bai, baina hutsuneak hor daude.

Etxeberria: Nik esango nuke, oso modu utopikoan, euskarazko eta edozein kulturatako literaturari presentzia handiagoa eman behar zaiola gizartean. Kultur programa gehiago egon beharko lirateke komunikabideetan, futbolak ez luke programa bakarrenetako bat kendu behar aste batean bai eta hurrengoan ere bai... Hau da, planteamendua izan ordez, “jendeari ez zaio interesatzen; zertarako emango diegu?”, izan dadila “emango diegu, eta horrela hasiko zaie interesatzen”. Euskarazko ikus-entzunezkoetan, berdin. “Zertarako? Umeek gero Clan eta Disney Plus ikusten dute!”. Tira, igual hori ikusten dute euskarazko ikus-entzunezkoak ez direlako nahikoa. Eta literaturarekin oro har gauza bera esango nuke. Ez dut uste inoiz lortuko dugunik gizarte bat non biztanleriaren %80 poesia-irakurleak izango diren, baina %5etik %10era, %15era pasa gaitezke poesiak benetan presentzia handiagoa badu egunerokoan. Eta hor politika kontzientziatuagoak egon beharko lirateke.

"Ez dut uste inoiz lortuko dugunik gizarte bat non biztanleriaren %80 poesia-irakurleak izango diren, baina %5etik %10era, %15era pasa gaitezke poesiak benetan presentzia handiagoa badu egunerokoan"

Garazi Goldarazena itzultzaileak MPKren ekoizpena aztertu zuen 2024an bere Gradu Amaierako Lanerako. Bertan ageri da hainbat hizkuntza eta herrialdetatik itzuli dela, itzultzaileen genero-banaketa aurretik baino orekatuagoa dela... Baina joerek eta botere-harremanek hor jarraitzen dute: ingelesa eta Europa nabarmentzen dira sorburu-hizkuntza eta -lurraldeetan, itzultzaileen erdia baino gehiago dira gipuzkoarrak... Modu orokorrean, zelan baloratuko zenukete orain arteko lana?
Berasategi: Alde batetik, bildumak kontzientzia bat izan du hasieratik, eta hori guk ere jaso dugu oinordetzan. Baina, jakina, horrek bere mugak ere baditu, bilduma planteatua dagoen modutik hasita: antologia-bilduma da, eta ez dira, gainera, edozein autoreren antologiak izaten, kanoniko samarrak izaten dira gehienak. Orduan, adibidez, beti bueltaka darabilgun kontua da zenbait hizkuntza eta naziotan, esaterako, literatura gehiena ahozkoa dela edo izan dela oraintsura arte. Horregatik, edo beste motibo batzuengatik, Mendebaldean ez bezalako autoretza kontzeptua daukate, eta beharbada ez dago itzultzeko izen handi bakarrik. Horrelako hizkuntzetatik ekarri nahi badugu zerbait, eta ez baldin badago halako autore nagusi bat, zer egin? Ekarri beharko genuke poeta-bilduma bat, eta salbuespena egin?

Etxeberria: Bestalde, datuek erakusten duten bezala, inertzia batzuk badaude hor, gugan eta bilduman parte hartzen duten itzultzaileengan. Ari gara inertzia horien kontra saiatzen, baina gu geu ere eramaten gaituzte batzuetan. Orain arte, iristen zitzaizkigun proposamenak bildumarako modukoak baziren, baiezkoa eman dugu beti, inor ez dugu behartu. Bestalde, sumatu dugu, itzultzaileak gizonezkoak direnean, oro har, erraz ematen digutela baiezkoa eta nahiko arin entregatzen digutela lana. Guk, agian, kopuru berdintsuan jo dugu emakume zein gizonezkoengana, baina emakume gehiagok esan digute ezetz inpostorearen sindromeak jota, edo hasi eta utzi, beldurrez, edo bestela ere lan-zama handia dutelako... Faktore asko daude, aukeraketari dagozkionak, baina baita horrelakoak ere, bigarren mailakoak direnak baina oso garrantzitsuak.

Berasategi: Gainera, aipatu bezala, gu ez gara tematzen: emakumeak sartu nahi arren, ez diogu inori esaten emakume bat aukera dezala. Lortu nahi dugulako oreka moduko bat: sekulako lana da halako kaiertxo bat egitea, eta ordaina ere apala denez, itzultzaileak mimatu eta zaintzeko modu bat ere bada haiei ematea aukeratzeko askatasuntxoa. Eta gero konturatzen gara horrek dakarren desorekaz. Ez dugu bertan goxo egiteko asmorik, baina inplikazio horiek guztiak daude tartean.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Zer erronkari heldu gurako zeniekete aurrerantzean, zentzu horretan?
Berasategi: Badaude hizkuntza, nazio edo herrialde batzuk, are, kontinenteak ere, ez daudenak islatuak. Hori da erronka nagusietako bat: ahots eta aniztasun handiagoa islatzea. Ez politikoki zuzenak izateagatik edo ez-dakit-zer agenda politiko bete nahi dugulako, baizik eta, besterik gabe, munduko poesia kaierak direlako, hori delako izena eta helburua, eta horrek osotasuna eta kalitate handiagoa emango liokeelako bildumari.

Jatorrizko liburuekin ohituago gaude irakurleengana heltzeko emanaldiak-eta antolatzen direla ikustera. MPKetan oinarritutako hainbat zuzeneko egin dira, ordea; itzultzaileek sortutakoak, eta baita zeuek bideratutako Munduko Poeta Emakumezkoen Errezitaldiak eta Formol Laborategiaren Heriotzak Eduardo du izena obra ere. Zer ematen dio zuzenekoak testuari?
Etxeberria: Batetik, beharbada poesiara hain errez hurbilduko ez litzatekeen jende batengana irits gaitezke. Eta, bestetik, nik uste edozein esperientzia estetikori ematen diola plus bat kolektiboki bizitzeak. Zuk poema bat irakur dezakezu eta emozioak sentitu, baina, jendez inguratuta entzuten duzunean, eta ondokoari begiratu eta ikusten duzunean bera ere zure zirrara bera sentitzen ari dela... Hori beti da balio erantsi bat. Askotan ez da izaten horretarako aukerarik, baina uste dut oso gauza ederra dela.

Berasategi: Ahaztu gabe, gainera, poesiaz ari garela: poesia ahozkoa da jatorriz, errezitatua. Eta askotan ahaztu egiten zaigu. Paperean, zure bakardadean, lasai-lasai irakurtzea zoragarria da, baina nik uste dut poesiaren bizipen hori osatzeko eta areagotzeko modu guztiz ederra dela zuzenekoa. Eta, horrez gain, zaleak direnekin topo egiteko modu polita dela ere uste dut.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Formol Laborategiarekin elkarlana da aipatutakoen artean berriena, eta antzokietan ikus dezakegu oraindik. Zelan sortu zen proiektua?
Berasategi: Pixka bat emozionatu ginen hamargarren urteurrenarekin. Ideia-ekaitz modukoa egin genuen, eta horrela atera zen aipatu duzun Emakumezkoen Errezitaldiena ere. Baina, horrez gain, nahi genuen zerbait betiko errezitaletik aldentzeko —horri ere ezer kendu gabe—, zerbait pixka bat festiboagoa.

Etxeberria: Lehenengo kaier berezia prestatu genuen, Biziei ere omen izenekoa. Printzipioz, hildako poetak bakarrik argitaratzen ditugu, haien obra osoaren ikuspegia ematea delako helburua. Oraingoan, baina, bilduman aurretik ibilitako itzultzaileei aukera eman nahi izan genien bizirik dagoen gustuko poeta baten ale bat ekartzeko. Besteengandik guztiz desberdina den kaiera izan zen emaitza: 39 itzultzaile, bakoitza munduko txoko bateko poeta bat aukeratuta, haien arteko loturarik gabe... Eta, poemak jasotzen ari ginela, enkargua egin genien Formol Laborategikoei, testuak hartu eta haiekin zerbait egin zezaten. Eta oso pozik gaude emaitzarekin.

"Poesia ahozkoa da jatorriz, errezitatua. Eta askotan ahaztu egiten zaigu"

Berasategi: Azpimarratu nahiko nuke, badaezpada, tituluak titulu, emanaldi umoretsua egin dutela: mamitsua eta sakona izateaz gain, bizia eta dibertigarria.

Amaitzeko, esango diguzue zer poetari diozuen apeta, zein gustatuko litzaizuekeen kaier batean jasotzea noizbait?
Berasategi: Ni ez naiz bustiko izenekin, baina esango dut bildumak niri ere balio izan didala poetak deskubritzeko, eta gogoa daukadala hori egiten jarraitzeko; baita, lehen esan dugun bezala, beste genero batzuetatik ezagutzen ditugun idazleen alde poetikoa ikustekoa ere.

Etxeberria: Nik oso gustuko dut Wisława Szymborska. Badago poema-sortatxo bat argitaratuta han eta hemen, baina antologia oso bat euskaraz disfrutatu ahal izatea oso gustura hartuko nuke. Gainera, badugu erdi-lotuta ere!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itzulpengintza
“Neutrotzat aurkezten dena, egiaz, ideologia nagusiaren konplizea da”

Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]


Zertaz ari garen ezer gertatzen ez denean, edo hiru idazle errealista

Anton Txekhov, Raymond Carver eta Alice Munroren ipuingintzari buruzko mahai-ingurua egin dute Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria idazle eta itzultzaileek, Ignacio Aldecoa zenaren ipuin literarioaren jaialdian, Gasteizen. Beñat Sarasolak gidatuta, autore... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
“Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut”

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Amaia Gabantxo
“Kultur biolentzia da euskal literatura gaztelaniazko bertsiotik itzultzea ingelesera”

Idazle, itzultzaile eta kantari da, euskarazko literatura ingelesera itzultzen espezializatua, eta aitzindari ere bai lantegi horretan. Hainbat sari eta merezimendu jasotakoa, Miren Agur Meabe idazlearen Hezurren erretura ingelesera itzuli, eta Etxepare saria jaso du oraindik... [+]


Elhuyarren itzultzaile neuronalak ahotsa du orain

Aukera ematen du itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz entzuteko. Bestalde, itzultzaile neuronala Telegramen integratu du Elhuyarrek, mezuak itzultzeko aukera ematen duena.


2023-10-13 | ARGIA
Urriaren 21ean egingo da Heptameronaren irakurketa Orbaizetan

Pandemiako 2020 itxialdian hasi ziren itzultzen Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptamerona liburua. 2021etik urtero irakurraldi bate ere egiten dute Booktegik eta Nafarroako Ateneoak antolatuta.


2023-05-28 | Zero Zabor
Agur, Iñaki Usabiaga

Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.


Beti baitago norbait euskaraz ez dakiena

Bi esperientzia linguistiko oso desberdin bizi izan ditut azken asteotan Hegoaldeko bi herritan. Bata, herri euskaldun bateko erakunde publiko batek antolatutako hitzaldi batean, eta, bestea, eskola bateko batzar batean. Hitzaldian baginen 80 lagunetik gora, nik esango nuke %90... [+]


Euskal literatura itzulia
Zer irakurtzen diguten katalanek eta zergatik hain gutxi

Katalanera itzulitako euskal literaturak 1982tik 2020ra bitartean izan duen bilakaera aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik aurtengo martxoan defendatu duen doktore-tesian. Ikerketak bi kulturen arteko harremanari buruz dauden zenbait uste datuekin kontrastatzeko balio du, baita... [+]


2022-08-10
Miren Iriarte Oyaga itzultzailea zendu da

 Hainbat literatura-lan itzuli izan ditu euskarara nahiz gaztelaniara. 44 urte zituela hil da itzultzaile nafarra.


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


2022-06-28 | ARGIA
Hizkuntza gutxituetan idazten duten emakumeak ingelesera itzuliko dituen argitaletxea jaio da

3TimesRebelPress (3TR) argitaletxe independente eskoziarra jaio da, euskaraz, katalanez, galizieraz, gaelikoz, galesez… eta oro har hizkuntza gutxituetan idazten duten autore emakumeen literatura ingelesera itzultzea helburu duena, “mundu osoan sustatzeko”.


Idoia Santamaria, itzultzailea
‘Austerlitz’, memoriaren korronte ezkutuak

Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia... [+]


Eguneraketa berriak daude