“Nahiago nuke Gaza itsasoan hondoratuko balitz”, esan zuen Yitzhak Rabin lehen ministro israeldarrak 1992an. Eskuin muturreko kolono judutar batek hil zuen eta ez du ikusiko, baina nola hala asmatze bidean doa, gazatarrei itsasoan itotzea baino beste irtenbiderik ez baitie uzten Israelgo armadak. Palestinarren garbiketa etniko handienaren aurrean egon gaitezke, Gazako Erriberaren mozorropean; Donald Trumpek bultzatuta, eta Europar Batasunak zurituta.
2023ko urriko Hamasen erasoa urrats erabakigarriak emateko baliatzen ari da Israel. Horietako bat da Gaza hustea eta kolono israeldarrez betetzea. Inork ez daki hori nola egingo duen, baina denek sumatzen dute hainbat pauso horretara bideratzen ari dela. Esate batera, apirilean hartu eta hustu zuen Egiptorekin muga egiten duen Rafah-ko hiria, eta bertan eraiki nahi du 600.000 gazatar batuko lituzkeen kontzentrazio esparrua, edo Israelek dioen moduan, “hiri humanitarioa”.
Milioi bat herritar ere pilatu zen Rafahn apirilean, gero iparralderantz mugitu zituen berriz Israelgo armadak, eta orain Gaza hiritik hegoalderantz jotzeko agindu die. Lurra oinen azpian eta zerua buru gainean besterik ez dutela egin dute ihes ehunka mila herritarrek, seguruenik, gainera, epe luzean euren etxe eta lurretara itzultzeko aukerarik gabe izango direla jakitun; batetik, etxebizitza gehienak suntsituta dituztelako, eta bestetik, agian, Israelek Gazatik kanporatuko dituelako. Gazak bi milioi biztanle inguru ditu, eta Israelek eremuaren hegoaldean kokatu nahi ditu gehienak, lehenik, Rafahkoa moduko kontzentrazio eremuetan; ondoren, han bizitza ia ezinezkoa denean, beste herrialde batzuetara kanporatzeko.
Hamaseko gerrilariak edo militanteak saihesteko, Israelgo armadak zorrotz kontrolatuko du Rafahko kontzentrazio esparruan nor sartzen den, eta sartzen dena ezingo da atera, beste herrialde batera joateko ez bada. Hori guztia azaldu zuen uztailean Israel Katz Defentsa ministroak, “eremu humanitarioaren” berri eman zuenean. Eta gero “modu boluntarioan emigratu ahal izango dute”, zehaztu zuen Katzek.
Palestinarrek “euren borondatez” ihes egiten dutenean
Palestina palestinarrez husteko ametsa ez da berria, sionismoaren geneetan itsatsitako ideia da. Hastapenetik saldu zuten behin eta berriro euren helburua: “Jenderik gabeko lurra lurrik gabeko jendearentzat”. Baina gezur galanta zen: XX. mende hasieran Palestinara juduak eramaten hasi zirenean Palestinako biztanleriaren %95 palestinarra zen. Sionistek bazuten lanik haien herriak husten, lurrak lapurtzen eta palestinarrak hiltzen edo kanporatzen. Horixe izan da Israelgo azken 77 urteetako historiaren oinarria.
Gazak bi milioi biztanle inguru ditu, eta Israelek hegoaldean kokatu nahi ditu gehienak, Rafahkoa moduko kontzentrazio eremuetan
Kanporatze horren lehen pausua Nakba (“hondamendia”) ospetsua izan zen, Israel sortzeko 1948-1949 artean izandako palestinarren kanporatze erraldoia: armada sionistak ehunka herri palestinar suntsitu eta 800.000 bat herritar kanporatu zituen beren lurretatik. Historiara argi iragan da Nakba zer izan zen, baina Israelek egin du ahaleginik “garbiketa etnikoa” izan zena “palestinarren aldegite boluntario” gisa erakusteko.
Orduko Israelgo lehen ministro David Ben-Gurionek saio ugari egin zituen hainbat historiagilek ideia hori finkatzeko –palestinarrek euren borondatez egin zuten alde–, eta gaur da eguna Israelgo eta munduko leku ugaritan herritar askok sinisten duela hori.
Israel sortu eta laster hasi zen Ben-Gurion Gaza okupatzeko plan eske. 1956an lortu zuen bere gobernuaren baietza eta Israelgo Defentsa Indarrek 1.200 bat palestinar hil zituzten; beste asko zauritu, espetxeratu eta torturatu zituzten, aurtengo martxoko Le Monde Diplomatique-n Alain Gresh-ek gogoratzen digun moduan: “Inbasioaren biolentziak gogor kolpatu zuen ehun herritarretik bat”. AEBek, baina, gaur harrigarri ikusten dena egin zuten: Israel Gaza uztera behartu zuten, Dwight D. Eisenhower errepublikarra presidente zela.
Azkenean, Israelek 1967ko gerraren ondoren okupatu zuen Gaza –Zisjordaniarekin batera– baina ez zuen lurraldea kontrolatu 1972ra arte. Lehen hilabeteetan 75.000 palestinarrek ihes egin behar izan zuten Gazatik, eta 1971-1972ko urteetan Israelgo armadak sarraski handiak egin zituen bertan. Testuinguru hartan Israelgo agintariak berriz ere hasi ziren errepikatzen palestinarren “lekualdatzearen” ideia. 1948an “beren borondatez egin zuten alde”, Ben-Gurionek finkatu zuen moduan; eta 2025ean ere beren borondatez “emigratuko dute”, Katz ministroak gogorarazi duenez.
Ekialde Hurbileko Erribera
Donald Trumpek urte hasieran bigarren agintaldiari ekin zionetik argi utzi zuen Israel sostengatzen jarraituko zuela, baita palestinarren garbiketa etnikoan zuzenean parte hartuta ere. “Gaza itsas bazterrean dago, sekulako tokia da, klima ezin hobea du. Dena bikaina da han. Gauza ederrak egin daitezke han”, esan zuen Gazari buruzko lehen adierazpenetan, ondorengo egunetan etorriko zenaren aurrekari gisa.
Otsailean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa izan zen Trumpi bisita egin zion atzerriko lehen mandataria, eta azken horrek orduan iragarri zuen AEBek hartuko zutela Gazaren kontrola eta bertan Gazako Erribera eraikiko zutela. Ondorengo asteetan, sare sozialetan adimen artifizialaz egindako bideoan azaldu zituen bere ametsak: Gaza suntsituaren ondorengo irudietan ikus zitezkeen etxe-orratz erraldoiak, hondartza idilikoak, luxuzko yateak, dirua zerutik jausten, Trumpen estatua erraldoia... eta urrutira ondoko abestia entzun zitekeen: “Donald Trumpek askatuko zaitu. Tunel eta beldur gehiagorik ez. Trumpen Gaza, azkenean, hemen da”.
Abuztuaren amaieran Financial Times-ek eman zuen Trumpen planen berri, eta abuztuaren 31n Washington Post-ek Etxe Zuriak prestatutako 38 orrialdeko txostena kaleratu zuen, Gaza Ekialde Hurbileko Erribera nola bihurtu deskribatzen zuena. Ugari idatzi da asmo faraoniko bezain suntsitzaileari buruz. Txostenaren arabera, Gazako biztanleen laurdenak “borondatez” egingo luke alde bere lurretik, eta hortik %75 inoiz ez litzateke itzuliko. Alde egindako palestinar bakoitzari 5.000 euro emango litzaioke, eta lau urteko alokairua eta urtebeterako janaria ordaindu. Gainerakoak Gaza barruko “eremu seguruetara” eramango lituzkete, lurraldea berreraiki arte.
Lur jabe palestinarrei “fitxa digitalak” emango litzaizkieke, hiri adimentsu berrietan apartamentu batengatik trukatzeko. Adimen artifizialez kudeatutako sei-zortzi hiri adimentsu lirateke, hotel eremuak, data zentroak, ibilgailu elektrikoen lantegiak, baita irla artifizialak ere; dena Dubai eredu. GREAT Trust izeneko elkarteak kudeatuko luke lurraldea hamar urtez, eta gero AEBen kontrolpeko erakunde palestinar baten esku utziko luke. Israelek segurtasun eskumena mantenduko luke.
Alde egindako palestinar bakoitzari 5.000 euro emango litzaioke, eta lau urteko alokairua eta urtebeterako janaria ordaindu
Azpiegituren ikuspegitik MBS autopista eraikiko litzateke, hala izendatua Saudi Arabiako erregetzaren oinordeko den Mohamed bin Salmanen ohoretan. Gazaren hegoaldean, halaber, portu bat eta aireportu bat ere altxatuko lituzkete, Egipto, Israel eta Saudi Arabiarekin ondo konektatzeko. Eta guztia finantzatzeko dirua? Planaren arabera, AEBek ez lukete inongo dirurik jarri beharko, hainbat inbertitzailek jarriko bailituzkete behar diren 120.000 milioi euroak.
Proiektuaren sustatzaileen arabera, arkitektura abrahamzalearen bilgune litzateke Gazako Erribera. Arkitektura diplomatiko hori hobeto ulertzeko, gogoratu behar da Abrahameko akordioak 2020an sinatu zirela eta horiekin Arabiar Emirrerri Batuek eta Israelek harreman diplomatikoak normaldu zituztela. Ondorengo hilabeteetan haren itzalean sinatu ziren Barhein, Sudan, Maroko eta Israelen arteko harreman diplomatikoen normaltze akordioak. Dena Trumpek sustatuta, eta hark Zisjordaniako kolonia israeldarrak legitimatu eta Jerusalem Israelgo hiriburutza onartu ondoren.
Eta palestinarrak zer? Maiatzaren 14an egindako prentsaurrekoan zehatza izan zen eskuin muturreko Bezalel Smotrich Finantza ministroa: “Zibilak Gazako hegoaldera eramango dira, eremu humanitario batera, eta handik, kopuru handitan, hirugarren herrialdeetara abiatzen hasiko dira”. Trumpek urte hasieran hedabideei esan zienez, Egiptok eta Jordaniak hartu beharko lituzkete palestinarrak, baina herrialde horiek guztiz ukatu dute halakorik gerta daitekeenik. Txostenean ez dago argi zein herrialderi buruz ari den, baina Etxe Zuriko bileretan mahai gainera atera ei dira Etiopia, Hegoaldeko Sudan, Indonesia eta Somalilandiaren izenak. Herrialde horiek, alabaina, ez dute halakorik baietsi.
Israel-AEB, ikuspegi bera: finkatze kolonialismoa
AEBetako aginteko “jacksonzaleen” ikuspegia da Gazako Erriberaren planarena, Libanon bizi den Thierry Meyssan intelektual frantsesak Voltairenet atarian dioenez. Gogoratzen du 1830ean Andrew Jackson AEBetako lehendakariak nola promulgatu zuen Indioen Deportazioari buruzko legea. Jatorrizko herriak sarraskitzen jarraitu beharrean, lur eremu batzuetan edo erreserbetan pilatzea zehazten zuen legeak. Ez dago argi orain Israelek nola egin gura duen, baina ez dago zalantzarik gazatarrak sarraskitu ondoren, Gazatik kanporatu nahi dituela.
Azken finean, historiagile askok gogoratzen duten moduan, Israelgoa eta AEBetakoa finkatze kolonialismoak dira. Hau da, ez dute beste kolonialismo batzuek bezala jokatu, jatorrizko herritarrak esplotatu aberastasuna metatu eta metropolietara eramateko; bertako herritarrak euren lurretatik kanporatu nahi dituzte, haien ordez beren kolonoak bertan kokatzeko. Hori izan da AEBen sorreraren historia eta horretan ari da Israel. Orduan, eginahalak egingo dituzte, palestinarrak Gazako hegoaldera eramateko, eta handik “euren borondatez” atera daitezen, edota palestinarren erreserbetan mantenduko dituzte, gaur Gazako hegoaldean, eta bihar Zisjordaniako eremuren batean, bizigarriak ez diren baldintzetan, beti kanpora bultzaka.
Bertako herritarrak euren lurretatik kanporatu nahi dituzte, haien ordez beren kolonoak bertan kokatzeko. Hori izan da AEBen sorreraren historia eta horretan ari da Israel
Israelek beti izan du AEBen sostengua, baina, orain arte, AEBetako presidente bakarra ere ez da ausartu Trump beste kolonialismo molde horren alde hain argi mintzatzen eta jokatzen. Trumpek Israelen enbaxadore izendatu duen Mike Huckabee-k argi azaldu zuen Ekialde Hurbilean diplomazia nola ulertzen zuen: “Zisjordaniaren gaineko jabego titulua du Israelek”. NBEn enbaxadore izendatu –eta kendu– zuen Elise Stefanik ere harira joan zen: “Israelek eskubide biblikoa du Zisjordaniarekiko”. Eta palestinarrek badituzte hamaika arrazoi ikusmolde horien beldur izateko: besteak beste, 1948an euren etxeetatik kanporatutako 800.000 palestinarretatik bakarra ere ez da itzuli bere herrira, NBEko aginduek eta arauek horretarako eskubidea aitortzen dieten arren. Gehienek zorotzat jotzen dute Trumpen plana, baina denek dakite haren esan zoroen atzean helburu zehatzak direla.
Historias de Gaza. La vida entre gerras (Gazako kontakizunak. Gerra arteko bizitza) da Mikel Ayestaran kazetariaren azken liburuaren titulua, eta bertan mintzo da azken 3.000 urteetan Gazari eraso egin dioten herriez: filistiarrak, pertsiarrak, babiloniarrak, greziarrak, erromatarrak, bizantziarrak, arabiarrak, fatimiarrak, mamelukoak, gurutzadetako kristauak, otomandarrak, ingelesak... eta israeldarrak. Izen batekin edo bestearekin, egungo palestinarren ahaide zaharrak beti bizi izan dira Palestinan, Jordan ibaitik Mediterraneora doan lur eremuan; eta luzaroan, gainera, gutxiengo judutarra bizilagun zutela. Munduak, Hegoafrikako apartheidaren aurrean egin zuen moduan, erreakzionatzen ez badu, bereziki Europak, palestinarrak beste garbiketa etniko baten atarian daude.