Israelek genozidioa justifikatzeko darabilen argudio nagusia da Gaza eta Hamas parekatzea. Denak dira terroristak edo terroristen lagunak. Logika hori ondo ezagutu eta sufritu dugu Euskal Herrian. Bada, Erresuma Batuan ere indarrean sartu dute, Palestinarekiko elkartasun mugimendu bat debekatu eta protesta soziala kriminalizatzeko.
"Ni terrorista al naiz? Adar jotzea dirudi. Baina, jakina, protestetara joaten jarraituko dut. Zer beste aukerarik daukat?" Londresko Mike Higginsen hitzak dira France24 hedabidearentzat. 62 urte ditu, itsua da eta gurpildun aurki batean dago. Terrorismoaren Legearen izenean abuztuan atxilotu zuen Poliziak, eta irailaren hasieran beste behin.
Abuztuaren 9an plaza batean eserita zeuden 522 pertsona atxilotu zituzten. Haien “delitua“ izan zen “I oppose genocide, I support Palestine Action” (Genozidioaren aurka nago, eta Palestine Actionen alde) kartela eramatea. Irailaren 6an, 890 lagun atxilotu zituzten leku eta egoera berean. Egun horrek mugarria ezarri zuen: Londresko Polizia Metropolitarrak historian egin duen atxiloketa masiborik handiena izan zen.
Orotara, Erresuma Batuan 1.600 pertsona inguru atxilotu dituzte uztailaren 6an "erakunde terrorista" izendatu zuten Palestine Action (PA) taldeari publikoki babesa emateagatik. Lege antiterrorista horrek 14 urte arteko kartzela zigorrak ezartzeko aukera ematen die epaileei.
Palestine Action 2020ko uztailaren 30ean jakitera eman zen, haren ekintzaile batzuk Elbit Systems arma ekoizle israeldar ezagunak Londresen duen egoitzan sartu eta eraikinaren barrualdea espraiz margotu zutenean. Hori izan zen sionismoarekin lotutako enpresen aurka egin dituzten ekintzetan lehena. Taldearen helburu nagusia Israelen apartheidari amaiera ematea da, nazioarteko presioaren bidez. Pertsonen aurkako indarkeriarik gabeko ekintza zuzenak izan dira PAk erabili dituen bitartekoak. Eta jo-muga nagusia armagintza.
Bi izan dira eragin handiena izan duten ekintzak, baita nazioartean ere. Bat, Elbit enpresak Glasgowen duen armamentu fabrika batean sartu eta barruko materiala suntsitu zuten 2024an. Eta bi, aurtengo ekainaren 24an, ekintzaile batzuek Oxfordeko Brize Norton base militarrera patinete elektrikoz sartzea lortu, eta bi hegazkinen motorrak eta pista pintura gorriz margotu zituzten, baita zenbait kalte eragin ere. Armada "Gazako genozidiorako armak garraiatzeko" erabiltzen ari zelako egin zuten ekintza. Gerora jakin da hegazkin horiek ez dutela zerikusirik Israelen jarduerekin. Bost pertsona atxilotu zituzten, eta epaiketa, ustez, 2027an izango dute. Baina hori ez da ondoriorik esanguratsuena, haren izenean PAren ilegalizazio prozesua azkartu zuen gobernuak.
Ekintza egin eta egun gutxira, Erresuma Batuko Parlamentuak, laboristen gobernu sozialdemokratak bultzatuta, Palestine Action taldea debekatzeko eskatu zuen. 385 diputatu alde agertu ziren eta 26 kontra. Uztailaren 6a zen, justizia britainiarraren historian iltzatuta geratuko den eguna. Izan ere, lehen aldia izan da indarkeriarik gabeko ekintza zuzena praktikatzen duen talde bat terrorista izendatu dutena, 2000. urtean onartutako Terrorismoaren Legearen izenean. Uztailetik, beraz, ehun bat taldez osaturiko terroristen zerrendan sartuta dago Palestine Action. Zerrendakide ditu Al Qaeda, Estatu Islamikoa eta hainbat talde neonazi, supremazista eta xenofobo, besteak beste.
Owen Jones idazle eta ekintzaileak ondo laburbildu du legediaren “zentzugabekeria” The Guardianeko bere zutabe batean: “Uztailaren hasieran gure Barne ministroak, beste diputatu laborista batzuekin batera, emakume sufragisten omenezko argazki-saio batean parte hartu zuen. Emakume horiek bonbak jarri, etxe partikularrak erre eta arte-galeriak suntsitu zituzten botoa emateko eskubidea lortzeko. Ekitaldi horren ondoren, ministroak eta gainerako diputatu laboristek bozkatu zuten pertsonen aurkako indarkeriaren aurka dagoen mugimendu bat erakunde terrorista gisa izendatzearen alde”.
Nazio Batuen Giza Eskubideen Goi Komisario Volker Turk PAren aurkako zigorra "neurriz kanpokoa eta beharrik gabekoa" dela esan zuen, eta terrorista izendapena bertan behera uzteko eskatu zuen.
Borroka judiziala hasi besterik ez da egin. PA epaia baliogabetzen saiatzen ari da eta lortu du Londresko Auzitegi Nagusian apelatzea. Ondo bidean, azaroan izango da epaiketa. Halere, gobernua ez da geldirik geratu, ez baitu nahi kasua epaitegietara heltzea. PAren apelazioaren aurka egin du eta irailaren 25ean ebatziko dute auzitegietan. PAren defentsak darabilen argudio nagusietako batek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean du oinarri. Hitzarmen horrek adierazpen askatasuna babesten du, eta Erresuma Batuan 1998ko giza eskubideen lege batean isla izan zuen. Lege horrek dio talde bat terrorista gisa sailkatzeko erabakiak proportzionala izan behar duela, kideen eskubide zibiletan izango duen eragina kontuan hartuta.
Palestine Action desegin bada ere, beste talde bat, Defend Our Juries, debekuaren aurkako kanpaina egiten ari da, eta protestak antolatzen: "Ezinbestekoa da gure kanpainak arrakasta izatea, ez bakarrik Palestine Actionengatik, baita demokraziagatik ere. ‘Terrorismoaren’ esanahia biztanleria zibilaren aurkako ekintza bortitzetatik bereizi eta zabaldu dute, kalte ekonomikoak eragiten dituzten edo aberatsak, boteretsuak eta kriminalak lotsarazten dituzten ekintzaileak barne hartzeko. Hori gertatzen uzten badugu, adierazpen askatasunerako eskubideak ez du zentzurik izango eta sindikatuak, justizia klimatikoaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako mugimenduak izango dira hurrengoak". Defend Our Juries ere ez da lege antiterroristatik salbu. Haren zazpi kideri ere terrorismoa leporatu diete irailaren hasieran, "Palestine Actionen aldeko ekitaldi eta bilera birtualak antolatzeagatik".
IRAtik desobedientzia zibilera
Terrorismoaren aurkako legea Tony Blairren gobernu laboristak sustatu zuen 1998an. Garai hartan, eraikinei eta azpiegiturei kalteak eragiten zizkieten IRAren atentatuak ere terrorismotzat hartzeko pentsatuta zegoen.
Eztabaida handia izan zen legebiltzarrean, eta zenbait ahotsek ohartarazi zuten legea jabetzari kalteak eragiten zizkioten erakundeei aplikatu ahal izango zitzaiela, adibidez Greenpeace-ri uzta transgenikoen aurkako ekintzengatik.
Owen Jonesek gogorarazi duenez, orduan ere Israel tartean zen. Haren presio taldeek eta armagintza industriarekin lotutakoek horren moduko legedia bat onartzeko presioa egin zuten, eta “Alderdi Laboristako goi agintariek txintik atera gabe onartu zuten”.
Harrezkero, oso modu desberdinetan aplikatu da, eta batzuetan ezta aplikatu ere. Adibidez, 2003ko martxoan, legea indarrean sartu eta gutxira, pertsona batzuk etxean egindako bonba bat jartzen saiatu ziren base militar batean hegazkin batzuen gurpilak kaltetzeko, Irakeko Gerraren aurkako protesta gisa. Bost akusatuei zigor txikiak ezarri zizkieten, eta horietako batzuei murriztu edo baliogabetu. Akusatu nagusietako bat defendatu zuen abokatua Keir Starmer bera zen. "Giza eskubideetan aditua" izanik, urte haietan hainbat terrorismo susmagarri defendatu zituen. Bi hamarkada geroago, ordea, bere jarrera oso bestelakoa da. Palestine Actionek Brize Nortoneko base militarrari egindako erasoa hasiera batean Staimerrek "bandalismo" gisa definitu bazuen ere, azkenean bere gobernua beste inor baino askoz urrunago joan da eta terrorismoaren kontzeptua hedatu du.
“Palestinako gaiak Alderdi Laborista hondoratu egingo du”
Urte askoan Ingalaterran bizi da Marc Nicholson Solano euskalduna, sortzez lekeitiarra da eta 66 urte ditu. Palestine Actionen epaiaren aurkako lehen eserialdian parte hartu eta atxilotu zutenetakoa izan zen.
Zer eragin du Palestine Actionen aurkako epaiak?
Borroka eremu berri bat ezarri du, zeinean irabazi dezakegun. Urtetan Palestinarekiko elkartasuna indartsua izan da hemen, baina ez du lortu erdigunean jartzea. Manifestazio oso jendetsuak egin badira ere, gehienetan ez dute ezta hedabideetan horietaz hitz egin ere. Baina PAren kasua argitara atera eta, batez ere, talde terrorista izendatu ostean, modu zabalago batez eta zarata handia eraginez, borroka egiteko aukera eman digu.
Jendeak, oro har, askoz gehiago hitz egiten du Palestinaz, PA zigortu eta Polizia epaiaren aurkako mobilizazioen kontra oldartzen hasi denetik. Askoz jende gehiago batu da protestetara.
Palestinarekiko elkartasunetik harago doan zerbait da. Harrigarria da zer ari diren egiten gure herrialdearekin. Palestine Action terrorista bada, datorren urtean zein izango da? Greenpeace? Amnesty International? Deseroso egiten zaien edozein talde terrorista bilaka dezakete lege horren arabera.
Nork eta alderdi laboristak, sozialdemokraziak, izendatu du PA terrorista. Halere, diputatu laboristen zati batek zalantzan jarri du orain terrorista izendapena eta laboristen boto-emaile gehienak ere aurka daude, iraila hasieran argitaratutako inkesta baten arabera.
Gobernuak lotura handiak ditu Israelekin, baina oso oso inozenteak izan dira. Talde terrorista izendatu dute jendea isilarazteko, baina guztiz kontrakoa gertatu da. Ni neu, hau guztia gertatu baino lehen Palestine Actionez gutxi nekien, taldea bera eta egin zituen ekimenak ez ziren oso ezagunak herritarren artean, baina orain denok dakizkigu.
Eta, egia esateko, oso hunkigarria da hau momentu hau. 80 urteko jendea Poliziaren aurrean protesta egiten ari da, batzuk gurpildun aulkietan, beste batzuk gaixorik egonda ere… ez dute ikararik. Eta protestatik protestara gero eta beldur txikiagoa, gainera.
Ehunka eta ehunka lagun atxilotu dituzte, baina bereziki deigarria da, jende heldua, jubilatuen kopurua.
Epaiaren aurka kalera atera den jende gehiena edadetua da. Asko eta asko jubilatuta dago. 70 eta 80 urtekoak tartean, errepresaliekiko beldur txikiagoa duena. PAren aldeko mezuren bat zabaltzeak dakar lana galtzea, adibidez. Gaztea bazara, eta bapatean “terroristen alde” egiteagatik atxilotuz gero, zailago izango duzu lana aurkitzea.
Gainera, askotariko jende mota elkartu gara hor. Jende erlijiosoa, kristau bakezaleak eta abadeak –apaizez jantzita etorri izan dira, gainera–, orain dela 40 urte AEBen base militar baten aurkako erresistentzia-kanpamentu batean parte hartu zutenak, Extinction Rebellion mugimendutik datorren jende asko… denetariko jendea dago. Gazteak ere badira. Eta horiek zaharrak baino gehiago ari dira arriskatzen, noski.
Egiten ari garena oso erraza da gainera. Pankarta edo kartel batzuekin eseri egiten gara Parlament Square plaza ezagunean, manifestazio eta protesta askoren bilgunea dena Londresen. Eta hantxe geratzen gara Poliziak gu atxilotu arte. Horrelako bi protesta izan dira, eta urriaren 4an hurrengoa izango da. Protestatik protestara, gero eta jende gehiago batu da. Oso mobilizazio indartsuak dira, eta Poliziak ez du jakin zer egin. Lehen protestan Polizia oso trankil egon zen, adeitsu xamar. Baina azkenengo aldian, gogorrago jokatu zuen.
Abuztuaren 10ean 466 lagun atxilotu zintuzten “Palestine Action taldeari babesa adierazteagatik”. Zu tartean.
Ordu batak aldera eseri ginen, parlamentuari bizkarra emanda. Denok generaman mezu eta kartel bera: “Genozidioaren aurka nago, eta Palestine Actionen alde”. Hor geldirik egon ginen, ezer esan barik, harik eta jendea atxilotzen hasi ziren arte. Ni lauak aldera eraman ninduten atxilotuta polizia-etxe batera eta gaueko ordu batean askatu. Libre uzteko gehienoi baldintza bera jarri ziguten: berriz ere ez parte hartzeko PAren aldeko beste protesta batean. Besterik ez. Bitxia da kontua. Beste eserialdi batzuetan atxilotzen zaituzte bidea oztopatzeagatik, adibidez, baina honetan “delitua” kamiseta edo kartel bat eramatea da.
Genozidioak aurrera darrai gupidarik gabe.
Panorama latza da. Alde batetik, inoiz baino informazio gehien eta kontzientziarik handiena dago herritarren artean, baina bestaldetik, gobernuaren eta jendearen artean arrakala handia dago. Era berean, agerian geratu da nolako boterea duten Israelek eta haren enpresek administrazioek ahotsa altxa ez dezaten. Berbarako, Israelgo armagintza enpresarik handienak, Elbit Systemesek kontratu asko dauka Erresuma Batuan, armamentua eta ekipamendua saltzeko eta soldaduak entrenatzeko. Alegia, Defentsa Ministerioan oso sartuta daude.
Palestinako gaiak Alderdi Laborista hondoratu egingo du, erabat. Jendeak ez die laboristei barkatuko daukaten jarrera kolaborazionista. Baina noski, zein etorriko da atzetik? Neil Farageren eskuin muturra hortxe dago, laboristek Palestinaz duten jarreraren oso antzekoa duena. Ezkerretik, berdeak ere badira, azken aldian ezkerrerantz jo dutenak. Laboristen ezkerrera sortu berri diren beste alderdi batzuk ere badira, tartean Jeremy Corbyn eta Zarah Sultana laborista ohiek sustatutakoa. Ezkerreko hautagai gisa aurkeztu zen Starmer, baina errealitateak argi erakutsi du gezur hutsa zela.