Azkeneko hilean Adimen Artifizialarekin (AA) lotura duten zortzi teknologia konpainia handiren galerek bilioi bat dolarreko muga gainditu dute, Financial Times-en arabera. Horien artean Ndivia, Oracle edo Meta bezalako enpresa erraldoiak daude. Nazioarteko finantza sistema desegonkortzeko ahalmena lukeen burbuila baten leherketaren aukera gero eta gauzagarriagoa da.
Adimen Artifizialaren bilakaera lehen urratsetan egon arren, garapenaren inguruan sortu diren igurikapen edo espektatibak sektorearen inguruko jokabide espekulatzaileak piztu ditu. Arlo horretako enpresek errentagarritasun handia eta bizkorra espero dute. Baina eskuragarri dauden AA ereduak indartzeko beharrezkoa den energia, datuak eta hardwarea ordaintzeko diru kopurua etengabe biderkatzen ari da. Gaur egun, Google, Meta, Microsoft eta Amazon enpresak bakarrik, 350 mila milioi dolarretako programak garatzen ari dira adimen artifizialaren arloan, inoiz ekonomia sektore batean izan den kopururik handiena. ChatGPT programaren hirugarren bertsioaren inbertsioa bost milioi dolarrekoa izan zen, eta bosgarrenak bost mila milioi dolar behar izan ditu.
AAren hedapenerako beharrezkoa den inbertsioaren hazkunde etengabeak arazo batekin egiten du topo: inbertsioen errendimendu beherakorrekin. Hau da, zenbat eta gehiago handitu inbertsioa, orduan eta garestiagoak dira eta, hein berean, eraginkortasun txikiagoa dute. Horregatik, enpresa teknologikoak diru kantitate erraldoiak bideratzen ari dira eta horiek ez datoz bat inbertsioen errendimendu produktibo eta finantzario apalekin.
Txinarekiko lehian azeleragailua sakatu dute AEBek, baina arrakasta ekonomikoa ziurtatu gabe, lasterketa ero honek burbuilaren leherketa ekar dezake
Espektatiba handiak sortuz, konpainia horiek akzioen balioak puztu egiten dituzte modu artifizialean, baina horrekin ere ez dute nahikoa eskuratzen gastu osoa estaltzeko. Inbertsioek hain itzulera ekonomiko ahula dute, ezen teknologia enpresak maileguak eskatzera behartuta dauden, eta zorpetu egiten dira. Atzeraldi Handian ospe txarra irabazitako Goldman Sachs eta Morgan Stanley aholkularitzek ere ohartarazi dute AAren gastua gero eta gehiago zorraren bidez finantzatzeko arriskuaz.
Bestalde, AAren ekosistema gero eta zirkularragoa da, hots, hornitzaileek eta enpresek finantzaketa gurutzatua dute; diru sarrerak partekatzen dituztenez eta kapitala elkartrukatzen dutenez, kapitalen kontzentrazioa gero eta handiagoa da sektorean. Baina dirua ez da biderkatzen, eskuz aldatzen da soilik. Diruaren mugimendu indartsuak AAren eskari erreala handiagoa dela sinestarazten du eta arriskua biderkatzen du. Finean, AAren burbuilaren hazkundea finantzatzeko salerosten ari direna kearen moduko tituluak dira: gainbaloratutako akzioak, itzulera zaileko zorra, enpresen arteko truke gurutzatuak, hots, balio erreal eskaseko finantza produktuak. Eskema finantzario horrek aurretik izandako burbuilen antz handia du, mende hasierako puntucom-en krisia kasu eta 2007ko subprime hipoteka tituluak, baina oraingoan eskala handiagoan.
Bestelako bidea erakusten ari da Txina. Bertan, AAren berrikuntza eta garapen prozesuak beste eredu bat jarraitzen du. Planifikazioa da gakoa eta, beraz, ez dago gain inbertsiorik ezta horri lotutako finantza burbuilarik ere. AA bizkor garatzen ari da, kostu apalagoan eta eraginkortasun handiagoarekin. Hona hemen AEBetako enpresa teknologikoen presa azaltzen duen arrazoia. Txinarekiko lehian azeleragailua sakatu dute, baina arrakasta ekonomikoa ziurtatu gabe, lasterketa ero honek burbuilaren leherketa ekar dezake.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.