2026ko osasun aurrekontuek pribatizazioa sendotzen dute

  • Eta ez dute osasun publikoaren beharrezko eraldaketa sakona ahalbidetzen.

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Uda hasieran Euskal Osasun Ituna onartu zen, nahiz eta sindikatu guztiek, EH Bilduk, Sumarrek eta erakunde sozial eta profesional esanguratsuek uko egin zioten. Azken dokumentua orokortasunez beteta dago, konpromiso neurgarririk gabe, epe eta aurrekonturik gabe. Gainera, ez ditu kontuan hartzen %90ean pribatizatua dauden zaintza eta sektore soziosanitarioa, gizarte oso zaharkitu batean giltzarri izan arren.

Ituna sortu zenetik urtebetera, osasun publikoaren arazo nagusiak konpondu gabe daude oraindik. Pribatizazioak aurrera egiten du bere forma ezberdinetan, ez dago jada pribatizatutako zerbitzuak lehengoratzeko borondaterik eta Lehen Mailako Arreta ahultzen duen eredu ospitalozentristan sakontzen da. Lantalde murriztuek eta lan baldintza prekarioek, langileen ihesa errazten jarraitzen dute.

Eszenatoki honetan, historiko gisa aurkeztuak izan diren 2026ko Osasun Aurrekontuak, kontinuistak dira eta ez diete aurre egiten egiturazko erronkei. Ez dute benetako eraldaketarik bultzatzen eta Osakidetza ahuldu duen eredu pribatizatzaile bera finkatzen dute.

Iragarri den hazkundea %4,1ekoa bada ere, engainagarria da. Osasun-aurrekontua 5.327 milioikoa izango da, 2025 ixteko aurreikusitako gastua baino milioi bat gutxiago, eta BPGan duen pisua %5,17tik %4,97ra jaitsi da. Era berean, hazkunde hori iazkoa (%4,4) baino txikiagoa da. Aurrera egin beharrean, Euskadik atzera egiten du inbertsio handiena behar duenean.

Hala eta guztiz ere, sailburuak harro agertzen du EAEk biztanleko bigarren gasturik onena duela. Baina benetan axola duenari begiratzen badiogu, hots, erkidegoko aberastasunaren arabera egindako inbertsio proportzionalari, baliabide ekonomiko gutxien dituzten erkidegoen azpitik geratzen da Euskadi, hala nola Extremadura, Murtzia edo Kantabriaren azpitik.

Europarekiko distantzia are handiagoa da: Europako batez besteko gastua BPGren %7,2 den bitartean, Euskadik 2.385 milioi gutxiago inbertitzen ditu. Honez gain, inflazio sanitarioa inflazio orokorra baino gehiago hazten da, benetako erosmen-ahalmena murriztuz.

Osasun-aurrekontu osotik, Osakidetzak 4.276 milioi jasotzen ditu (%80), baina 46 milioi galdu ditu 2025erako aurreikusitako gastuarekin alderatuta. Osasun Itunak egonkortasuna eta baliabideen hazkundea saltzen dituen arren, horri lotutako partidak 6 milioi baino ez dira gehitzen, kopuru erabat testimoniala.

1- Pribatizazioa egiturazko elementu gisa finkatzen da. Enpresa pribatuekin sinatutako kontzertuak, 294 milioira iristen dira, horietako asko iraupen luzeko konpromisoen bidez, 2030 urtera arte. Hona hemen hauetariko zenbait: arnasketa-terapiak, dialisia, etxeko ospitalizazioa, Tolosako Asuncion klinika, edota Gipuzkoako Osasun Mentala kasu, 36 milioirekin hitzartua. Sailburuak ez du inolako borondaterik externalizazio hauei Osakidetzako baliabide propio eta publikoekin erantzuteko.

Horri guztiari beste 250 milioi euro gehitu behar zaizkio, externalizatutako zerbitzu "ez-sanitarioetara" bideratuak (sukaldeak, garbiketa, informatika, garbitegia, garraio sanitarioa, aholkularitzak...).

Guztira, 500 milioi baino gehiago, aurrekontu guztiaren %13 inguru, sektore pribatuan amaitzen du. Sailburuak ziurtatzen duen %6tik oso urrun, bestelako externalizazio gastuak ezagutzea oztopatzen duten opakutasunean babesten delarik. Hemen koka ditzakegu kanpo aholkularitzei eskatzen diren plan eta programa ezberdinen lantze eta ebaluazio prozesuak.

2- Osasun-sistemaren zutabe nagusi diren Lehen Mailako Arreta eta Osasun Publikoa ez dira indartuko. Osasun Publikoa, esaterako, ez da aurrekontuaren %1,54ra baino iristen, osasun-, gizarte-, genero- edo ingurumen-baldintzatzaileetan eragin ahal izateko gomendaturiko %5etik urrun.

Lehen Mailako Arretara bideratuko den gastu espezifikoa ez da zehaztu ere egiten, jasaten ari den etenik gabeko azpifinantzaketa ezkutatuz, baina agerian utziz Lehen Arreta ez dela lehentasun bat.

Langileriaren egoera bereziki larria da, ia %50eko tenporalitatearekin, Europak ezartzen duen %8ko muga baino sei aldiz handiagoa; horrek arriskuan jartzen ditu asistentziaren kalitatea eta segurtasuna.

Iragarritako LEPek (4.500 plaza baino gehiago), ez dute behin-behinekotasun handi hori jaitsiko, aplikatutako birjarpen-tasa eta prozesuen moteltasuna direla eta.

Langileentzako partidak pisua galtzen jarraitzen du aurrekontuan. 2024an %65,1 zen, eta 2026an berriz, %64,6. Honek agerian uzten du ez dagoela borondaterik lan-baldintzak hobetu eta profesionalen ihesa geldiarazteko.

3- Aurrekontuko hazkunderik handiena Azpiegitura eta Ekipamenduen ataletan egon da, 202 milioirekin (+%23), adreilua, industria elektro-medikoa eta ospitale-zentrismo eredua are gehiago sendotuz; gero ordea, ez dago zentro hauek artatzeko langile nahikorik.

Gastu farmazeutikoak gora egiten jarraitzen du, sendagai oso garestien mendekotasuna indartuz, eta aldi berean prebentzioan eta osasunaren sustapenean egiten den inbertsioa alboratuz.

Prebentzio atalean adibidez, txertoen inbertsioa handitzen den arren, zoster herpesaren inbertsioa murrizten dute, eta uko egiten dio era berean bularreko minbiziaren behaketa 74 urtera arte zabaltzeari, edota 2027ra arte atzeratzen du 45 urterainoko zabaltzea.

Laburbilduz, aurrekontu hauek ez dira eraldatzaileak. Ez diete erantzuten biztanleria oso zaharkitu baten benetako premiei, zeinak kronikotasun gero eta handiagoa duen, patologia anitzekin, osasun mentaleko arazoen gorakadarekin, hazten doazen gizarte desberdintasunekin. Interes pribatuak lehenesten dituen eredu neoliberalaren jarraipena dira, herritarrek itxaron-zerrenda luzeak, behar adina langile gabeko zentroak, larrialdi aseak eta kalitatearen gainbehera orokorra sufritzen duten bitartean.

Osakidetzak erabateko ziaboga behar du, prebentzioan oinarritutako eredu baterantz, Lehen Mailako Arreta indartsu baterantz, Osasun Publiko gehiago eta kudeaketa publiko zuzen, garden eta parte-hartzaile baterantz. Inbertsio egonkor eta behar adinakoa eskatzen du. Herritarrek erabaki ausartak merezi dituzte, eta ez propaganda. Herritarren mobilizazio aktiboak bakarrik egingo du hau posible.

Nekane Fernández López de Lapuente (Araba), Jose Ignacio Martínez Ortega (Bizkaia) eta Kontxi Rebollo Ortega (Gipuzkoa), Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.