Ilusioan bizi

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pasa den astean, itzalaldian, gure burua zaurgarri ikusita, pertsona asko hasi ginen ikertzen, gertatutakoa ulertzeko asmoz: zelan funtzionatzen du elektrizitatea garraiatzen duen azpiegiturak? Zergatik geratu da zaharkitua? Elektrizitatearen fenomeno fisikoak liluratzen nau, eta gizakiok naturaren indar hori menderatzeko asmatu ditugun moduak. Jende ugarik faszinazio bera duela ohartu naiz, modu ezberdinetan adierazita: hausnarketak idatziz, mendekotasuna ekiditeko baliabideak sortuz, ikertuz, sorkuntza-gai bilakatuz...

Asteburuan Asturiasera joan naiz L.E.V (Laboratorio de Electrónica Visual) jaialdira. Nahiz eta musika elektronikoa izan jaialdi horren muina, ez da izan musika horra erakarri nauena. Teknologia sorkuntza-gai edota sorkuntza-bide darabilten sortzaileen instalazioak ikustera joan naiz. Gijon hirian halako zenbait daude, baita Laboral arte zentroan ere. Laboral arte zentroan, sortzaileen lanen gaia zen teknologiak botere harremanetan, adikzioetan, naturaren ezagutzan, memorian duten eragina. Hirian zehar banaturikoak esperimentuak ziren. Horietako bat, Otto-ren Planeta, Gwenael François-ek sortua, errealitate mistoko ikus-entzunezkoa zen (irudiak errealitatearen gainean ikus ditzakezu errealitate birtualeko betaurrekoekin). Otto-ren Planeta ikus-entzunezkoan, zerbaitek ezinegona sortu zidan… Alabak azaldu zidan: “Planetaren beste aldean zerbait gertatzen ari denaren espektatiba sortzen digu, eta alde guztietan ezin gara batera egon”. Azalpenarekin ohartu nintzen leku ezberdinetan dena batera baliatzen duen teknologia honen dinamika ez dela film batena, antzerkiarena edo bideojokoena, beste gauza bat dela. Baina ulertu nuen gure burmuina ez dela gai horrelako bizipen bat izateko; horregatik, sortzaileak, istorio bat sortzeko, planetaren alde batean gertatzen zenaren erritmoa motelduz eta ilunduz, gure arreta planetaren beste aldera eramaten zuen, antzerkian fokuekin egiten den gisan. Itzalaldiak ilusioa zer den erakutsi digu, antzerkian bezala, fokua non jarri behar dugun gogoratu digu zenbaiti.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude