Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko baliabide gisa.
Aranzadik Bidebietako institutu zaharrean daukan Etnografia Laborategian egin dugu hitzordua, Donostian. Hainbat gela daude bertan etnografia-lanerako egokituta: kaxaz betetako biltegiak; tailerrak, mahai gainean hainbat motatako objektuak dituztela; kudeaketa-lanetarako bulegoa, eta abar. Proiektu ugaritan murgilduta dabil saila, gizartean ondarearen inguruko ardura bat badagoen adierazle.
Zertarako behar dugu etnografia egungo mundu postindustrialean?
Gizartearen memoria jasotzeko. Bizimoduak asko aldatu dira Industria Iraultzaz geroztik, eta aldaketa horien abiadura hazi baino ez da egin azken mende erdian. Hori aztertzea eta beren testuinguruan kokatzea da etnografiaren lana, gizartearen kultur jokabideak ezagutu eta ulertzeko.
Eta nola egiten da hori?
Informazio-iturri desberdinak erabiltzen dira: ahozko lekukotasunak, toki-izenak, kultura materiala, eta abar. Gure kasuan, kultura materialaren biltzea, ikertzea eta dibulgatzea izan da beti Aranzadiko Etnografia Sailaren identitate-marka, horretan espezializatu gara.
Egunero erabiltzen ditugun objektuetan jartzen duzue arreta.
Batzuetan ez gara ohartzen, baina objektuek gauza asko esaten dituzte guri buruz: zer eta nola kontsumitzen dugun, zeri ematen diogun balioa eta zeri ez, nola kudeatzen ditugun hondakinak… Gainera, objektuek historia liburuetan agertzen ez den jendeari buruz hitz egiten digute, jende xumeari buruz.
Adibide bat jarriko dizut: laborategi honetan, mota desberdinetako sagardo-botilen kortxoak katalogatu ditugu, tipologien arabera sailkatuta. Euskal Herriko sagardogintzaren historiaren zati bat dago hor gordeta, sektore ekonomiko bat, jarduera sozial bat, eta kultur balio batzuk.
"Objektuek historia liburuetan agertzen ez den jendeari buruz hitz egiten digute, jende xumeari buruz"
Zer erakusten dute sagardo-botilen kortxoek ba?
Ikus dezakegu botila zaharrenetan kortxo naturalak erabiltzen zirela, artisauak. Gero prentsatutako konglomeratuak sartu ziren; eta azken urteetan plastikozko tapoiak nagusitu dira. Dagoeneko ez dugu labanarekin ibili behar kortxoari atzean zuloa egiten, botilak arnasa har dezan. Egungo bizimoduaren isla da hori: dena pentsatuta dago ahalik eta denbora gutxien galtzeko. Dena ergonomikoa, praktikoa, erraza izatea nahi dugu.
Noiz iritsi zinen zu Aranzadira?
2014an izan zen, 19 urte nituela. Historia ikasketak egiten ari nintzen EHUn, Gasteizen. Ikaskide batek, Manex Arrastoak, proposatu zigun Aranzadik udan antolatzen dituen auzolandegietan izena ematea, eta Saseta defentsa-sistemako lubakiak industen aritu nintzen uztailean, beste hainbat ikaskiderekin batera. Indusketa horretan Haizea Bravo genuen koordinatzaile, eta abuztuan Amaiurreko aztarnategian industera joatera animatu gintuen.
Uda horretan murgiltze-esperientzia izan zenuen, beraz…
Bai, erabat! Azken finean, auzolandegi horietan zure adin inguruko jendea ezagutzen duzu, zure antzeko interesak dituena, gustuko lanean aritzen zara… eta engantxatu egiten zaitu. Hurrengo urtean berriro itzuli nintzen, eta handik aurrera urtero. Lagun handiak egin nituen Aranzadiko auzolandegietan.
Eta arkeologiatik etnografiarako saltoa, nola egin zenuen?
2018an izan zen. Ordurako indusketa desberdinetatik ezagutzen nuen Aranzadiko Etnografia Sailean ari zen Suberri Matelo, gaur egun nire lankidea dena. Urte batzuk lehenago beka bat emana zioten Gordailuaren (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Bildumen Zentroa) etnografia alorrean prestakuntza egiteko, eta berak kontatutako esperientziatik konturatu nintzen arlo hori gustuko izan nezakeela. Ni ere bekarako deialdira aurkeztu eta zortzi hilabetez Gordailuko etnografia teknikari den Xabier Kerexetaren alboan ikasten aritzeko aukera izan nuen. Gordailuko etnografia-bildumen fitxa katalografikoak osatzen eta berrikusten aritu ondoren, euskal kutxak ikertzen zentratu nintzen. Praktikaldia bukatzean, Aranzadiko Etnografia Sailera gerturatzen hasi nintzen ia konturatzerako.
Aranzadik bazuen, ordurako, ibilbide luze bat Etnografiaren arloan.
Etnografia Saila 1947an sortu zen, elkartea sortzearekin batera. Joxemiel Barandiaranek eman zion bultzada, garai bateko bizimoduak aztertu eta ondareari buruzko eztabaidak zabaltzeko. Hainbat egitasmo burutu ziren gerora: urteroko Etnografia Jardunaldiak, Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa edota Zaharkinak erakusketa-zikloa, adibidez.
"Gure kasuan, agian, etengabe aldatzen ari den bizimodu aktualago eta azkarrago bati lotutako elementuek sortzen digute nostalgia edo kezka"
Bide horretan, Fermin Leizaola izan da erreferente nagusietako bat, ezta?
Dudarik gabe. 45 urte baino gehiago eman ditu saileko zuzendari lanetan; nik uste berak ere kontua galduta izango duela. 1950eko hamarkadan hasi zen, eta kuriosoa bada ere espeleologia arloan egin zituen lehen urratsak. Baina, mendian ibilita, han aurkitu zituen artzainen eta baserritarren bizimodu tradizionalak desagertzear zeudela ohartu zen, eta horrekin batera jakintza izugarria galtzeko arriskuan zegoela. Hor erabaki zuen ikerketa etnografikoan bete-betean sartzea.
Berak osatutako bilduma katalogatzea izan zen zure lehen lana.
Hala da. Hamarkada hauetan guztietan, ia 5.000 objektuz osatutako bilduma etnografikoa osatzen joan da, mota guztietako lekukotzak bilduta: goldeak eta uztarriak bezalako baserriko lan-tresnak, baina baita bestelako ofizio tradizionalekin edo egunerokotasunarekin loturiko objektuak ere; lehen aipatu ditugun kortxoak bere bildumaren parte dira. 2019an, bilduma horren dohaintza egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, Gordailura eramateko; baina bidean, objektu horiek guztiak Euskal Herriko ikasle gazteak eta ondarearekiko interesa duen jendea formatzeko baliabide gisa erabili nahi izan ditu. Ordutik, bilduma horrekin aritu gara lanean.
Horrela sortu zen Etnografia Laborategia?
Suberri Matelok eta biok hartu genuen Ferminen bilduma kudeatzeko ardura, Ferminekin berarekin batera. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin, Donostiako Udalarekin eta Bidebieta BHIko zuzendaritzarekin beharrezko kudeaketak eta hitzarmenak egin ondoren, eraikin honetako zenbait espazio utzi zizkiguten, eta guk gure beharretara egokitu eta hornitu dugu. Lanerako aukera berriak zabaldu zaizkigu, Aranzadiren Zorroagako egoitzan ez baitugu tokirik material hau guztia kudeatzeko.
Zer lan egiten duzue hemen?
Ondare material guzti horretatik eratorritako lanak. Alde batetik, biltegi moduan erabiltzen dugu: Ferminen bilduma hemen gorde izan dugu, katalogatu eta Gordailura eraman bitartean. Gainera, dohaintzak ere jasotzen ditugu eta elkartean dugun ondare etnografikoa ere hemen kudeatzen dugu. Bestetik, tailer bezala ere erabiltzen dugu: objektuen garbitzea, tratamendua, katalogatzea eta ikerketa hemen egiten ditugu, eta beste toki batzuetan erakusketak egin behar izan ditugunean, hemen prestatzen dugu materiala.
Belaunaldi berria zarete. Horrek badu eraginik etnografia ulertzeko moduan?
Metodologia aldetik, gure formazioak asko zor dio aurreko belaunaldiari. Guk Ferminekin ikasi dugu materialak sailkatzen, inbentarioak egiten… Baina, aztergaiari dagokionez, egia da gure interesak apur bat diferenteak izan daitezkeela. Pentsatu behar da objektu etnografikoen bilketa nostalgiari lotuta dagoela neurri handi batean; Ferminek izaera eta garai guztietako objektuak gorde ditu, baina uste dut adibidez baserriko lanabesak biltzeko bereziki lan handia egin duela, objektu horiei zentzua ematen zion bizimodu tradizionala desagertzen ari zela ikusi zuelako eta horrek arduratzen zuelako. Gure kasuan, agian, etengabe aldatzen ari den bizimodu aktualago eta azkarrago bati lotutako beste elementu batzuek sortzen digute nostalgia edo kezka hori: haurrak ginela hainbat gauza ikusten genituen, eta dagoeneko ez.
Adibidez?
Tira, hemen laborategian baditugu zenbait adibide: kaseteak, bonbillak, pilak... Horien adibideak jaso ezean, erabiltzen genituen objektu horien memoria desagertu egingo da. Etorkizuneko etnografoek sakeleko telefonoen bilakaera aztertuko dute akaso.
"Pentsatu nahi nuke espazio honek lagunduko duela ondarearen inguruko bokazioak sortzen, hausnarketak sustatzen eta memoria partekatuak eraikitzen"
Bi langile aritzen zarete modu egonkorrean baina, horrez gain, nor gehiago pasatzen da hemendik?
EHUko Antropologia Graduko ikasleak jasotzen ditugu urtero, praktikak egiteko. Ferminek, Suberrik eta hiruok instruktore lanak egiten ditugu, eta ikasleek Ferminen bildumaren gainean lan egin izan dute. Bildumaren sortzailearekin lanean aritzea eta bere azalpenak entzun ahal izatea materiala bertatik bertara daukazula... pentsa ze luxua!
Gainera, ostiralero biltzen den boluntario-talde bat sortu dugu. Gehienak Aranzadiko bazkideak dira eta, askotariko profilak dauden arren, guztiek dute ondarearekiko kezka bat. Aranzadiren bilduma etnografiko propioa katalogatzen laguntzen digute, eta atsedenerako tartea ere izaten dugu, kafe batekin hainbat gairen inguruan eztabaidatzeko. Zoragarriak dira.
Eta eskola-taldeen bisitak jaso edota gu geu ere joan izan gara eskoletara, ondarearen eta etnografiaren inguruko tailerrak eskaintzeko. Eskaera desberdinetara egokitu izan gara, adinaren eta talde-motaren arabera.
Hasiera batean pentsa litekeena baino jende gehiago beraz…
Nik uste topagune polit bat sortu dugula ondare etnografikoaren inguruan. Pentsatu nahiko nuke espazio honek lagun dezakeela ondarearen inguruko bokazioei bidea ematen, hausnarketa sustatzen eta memoria partekatuak eraikitzen. Polita da horrelako komunitate baten parte izatea.
Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]
Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.
Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]
Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]
Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]
Espainiako Estatu mailan, behera egin dute bai ezarritako babes-neurriek bai aurkeztutako eskaerek.
Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.
Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.
EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]
Almidoiarekin egindako plastiko biodegradagarrietatik sortutako mikroplastikoek saguen osasuna kaltetzen dutela ikusi dute esperimentu batean. Ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela bioplastikoen segurtasuna hobeto ikertzea, haien erabilera handitzen jarraitu aurretik,... [+]
Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika jarri du martxan aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea dute helburu. Iaz abiatutako bidetik jarraitu nahi dute aurten ere,... [+]
88 urterekin hil da Frantzisko aita santua astelehen goizean, iktus baten ondorioz. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Miñan liburua gomendatu zuen publikoki, migratzaileen egoera kontatzen delako.
Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]