Iruzurra aitzakia

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lanbidek Diru-sarrera Bermatzeko Errentetako iruzurraren aurkako kanpaina jarri du martxan, eta salaketetarako buzoi anonimoa sortu du. Jaso dituen kritikei erantzunez, adierazi du buzoi hau salaketak eta jakinarazpenak ordenatzeko tresna huts bat dela. Ez du ez klase irakurketarik, ez  zaurgarriekiko kriminalizaziorik bultzatzen, eta ez du, nola ba, herrikideon artean polizia lanak egitea sustatzeko helbururik.

Egia esan, azken kanpaina horrek ez nau bereziki harritu. Ez nau harritu, sistemak kolektibo zaurgarriak kriminalizatzeko saiakera behin eta berriro egiten duelako; erraza, merkea eta segurua delako hori. Diru-sarrera Bermatzeko Errentetako iruzurrarena kontu zaharra da, oso hedatua, eta faltsua: %0,7ko iruzur tasarekin, ke-laino hutsa da.

Akaso, Lanbideren kanpainak zerbait ona badu, kexa eta salaketetarako tresnei buruz hitz egiteko aukera eman izana da. Izan ere, 2023. urte amaieratik legez araututa daude “salaketetarako kanal etikoak”. Kanal horiek enpresen eta erakundeen gardentasuna eta jarrera etikoak bultzatzea dute helburu, eta horretarako, salatzailearen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen dute. Oso tresna baliagarria izan daiteke antolaketa sindikal baxuko erakundeetan edota zaintza eta jazarpen protokoloetan hutsuneak dituzten kasuetan. Izan ere, jazarpena salatzeko muga handietako bat izaten da salatzeko beldurra.

Dena den, ez du ematen Lanbideren ekimenaren atzean halako helburu onik dagoenik. Gehiago du, neure ustez, eskuin muturraren diskurtsoa bultzatzetik eta klase borrokatik, gizarte kohesio eta zaintza komunitariotik baino.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude