Awarei izarrak lapurtu zizkieten

Tijarafeko campus arkeologikoan uda honetan ikertutako kobazuloetako bat.  Argazkia: Guillermo puzuelo / Tujarafeko Campus Arkeologikoa
Tijarafeko campus arkeologikoan uda honetan ikertutako kobazuloetako bat. Argazkia: Guillermo puzuelo / Tujarafeko Campus Arkeologikoa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Tijarafe (Kanariar Uharteak), XIV. mendearen erdialdea. Lehen monje katolikoak La Palma uharteko inguru horretara iritsi zirenean, ikusi zuten awarek, bertako aborigenek, Eguzkia, Ilargia eta izarrak gurtzen zituztela.

Eta azken urteetan Tijarafen egindako kanpaina arkeologikoek hori berretsi dute. Bertako udalak eta Cultania enpresak antolatutako Occidente proiektuaren baitan, uda honetan Tijarafeko III. Campus Arkeologikoa egin dute, eta 30 aztarnategi inguru identifikatu dituzte. “Dentsitate handiko okupazio aborigena adierazten du horrek”, Javier Soler arkeologoaren hitzetan. Guztira, ehundik gora aztarnategi erregistratu dituzte. Paraje hartako sakan eta kobazulo ugarietako batzuk hildakoak ehorzteko eta izarren gurtzarako erabiltzen zituztela baieztatu dute, eta beste batzuk, horretarako egokiagoak zirenak, bizitoki modura. “Unitate domestiko zabalak osatzen zituzten, ingurua ekonomikoki ustiatzen zutenak, eta paisaiaz sinbolikoki jabetzen zirenak”.

Awaren sinesmenak ez zituzten besterik gabe suntsitu, teologia katolikoaren arabera interpretatu zituzten. “Bertakoen diskurtsoa ezagutu eta estrategikoki manipulatu zuten, besteak beste, irudien gurtza eredu dogmatiko modura inposatuta”

Baina gaztelarrak iritsi zirenean, sinbolikoki nahiz ekonomikoki jabetu ziren inguru haietaz. Monje katolikoen ondoren, XV. mendean, konkista militarra iritsi zen, eta horrekin batera ebanjelizazio behartua. “Indigenen praktikak debekatu zituzten, uharteetako kosmogonia baztertu zuten eta ezagutza modu propioak desegin zituzten, berriak barneratu zitzaten”, dio Miguel A. Martín González historialari eta La Palma uharteko Historiaurreari buruzko Iruene aldizkariko sortzaile eta zuzendariak. “Kristautze prozesua nahiko azkarra izan zen, akulturazio basatiari eta sinkretismoari esker”. Izan ere, awaren sinesmenak ez zituzten besterik gabe suntsitu, teologia katolikoaren arabera interpretatu zituzten. “Bertakoen diskurtsoa ezagutu eta estrategikoki manipulatu zuten, besteak beste, irudien gurtza eredu dogmatiko modura inposatuta”. Esaterako, XVI. mendea hasi berritan, Kandelarioko Ama Birjinaren irudi bat eraman zuten Tijarafera, Pino Araujo sakanako kobazulo batean sartu zuten, ordurarte awarek erabilitakoa, eta “Ama Birjinaren kobazuloa” esango zioten handik aurrera.

Gaur egun, Kandelario egun inguruan, otsailaren 2an, Tijarafeko Kandelario elizatik Canopus izarra La Pileta eta Guanche haitzen artetik agertzen dela ikus daiteke. Bi haitz horietan labarretako grabatuak, kanalak eta bestelako arrastoak aurkitu dituzte, awarentzat toki sakratuak ziren seinale. Katolikoak bereganatu baino lehen, haientzat Canopus izarrak euri garaia iragartzen zuen.

Eta, gaur egun, urriaren 12an, Kanariar Uharteetan nahiz Amerikan egindako suntsipen kulturala ospatzen dute oraindik batzuek.


ASTEKARIA
2024ko urriaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#4
Mikel Garcia Idiakez  |  Eneritz Arzallus Alustiza  |  Manex Moreno Uharte  |  ARGIA
Azoka
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin