Basamortu berde jendetsua

Ponta das Lajesen (Brasil) lehorteak hainbat grabatu utzi ditu agerian. Argazkia: Edmar Barros
Ponta das Lajesen (Brasil) lehorteak hainbat grabatu utzi ditu agerian. Argazkia: Edmar Barros
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ponta das Lajes (Brasil), duela 2.000 urte. Amazoniaren bihotzean bizi ziren gizakiek grabatuak zizelkatu zituzten arroketan, giza aurpegiak irudikatuz.

Brasilgo Amazonia azken 121 urteetako lehorterik larriena jasaten ari da. Ingurumenean eta bertako biztanleengan kalte handiak eragiten ari da lehortea; mugitzeko eta elikagaiak lortzeko ibaiko garraioaren mende dauden milaka pertsona inkomunikatuta geratu dira. Baina ur eskasiak eta ibaiaren maila jaisteak ustegabeko berriak ekarri dizkie arkeologoei: orain arte ezagutzen ez ziren lau aztarnategi geratu dira agerian. Ponta das Lajesen, Urucaran eta São Sebastião de Uatumãn arrokan grabatutako irudi antropomorfoak azaleratu dira, eta Anamãn hileta-urnak topatu dituzte. Lau aztarnategiak Manaosetik 300 kilometroko perimetroan daude.

Luzaroan pentsatu izan da Amazonian oso gizaki gutxi bizi izan direla, “historiarik gabeko lekua” izan dela

Aurkikuntzak aztertzeaz arduratzen ari den Jaime Oliveira arkeologoaren ustez, hain eremu txikian hainbeste aztarna topatu izanak adierazten du oihanaren bihotzean populazioa dentsitate handikoa izan zela. “Ingurunearen ezaugarriengatik, hemen ez da ohikoa kobazuloak edo aztarnategi monumentalak aurkitzea. Ez daukagu horrelako kokalekurik, baina horrek ez du esan nahi ingurua ondo ezagutzen zuten antolamendu sozial konplexurik ez zegoenik”.

Luzaroan pentsatu izan da Amazonian oso gizaki gutxi bizi izan direla, “historiarik gabeko lekua” izan dela, Oliveiraren hitzetan. Baina egun basamortu berdearen ideia baztertuta dago, eta adituek diote oihan tropikal horretan 9-10 milioi pertsona bizi zirela kolonizatzaileak iritsi baino lehen. Kontinenteko beste hainbat tokitan bezala, biztanleen %90 inguru hil ziren XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendean, europarrekin izandako enfrentamentuetan eta, batez ere, haiek ekarritako gaixotasunen ondorioz.

Amazonian ez zegoen metropoli handirik, inken edo azteken lurraldeetan bezala, herrixken kontzentrazio handiak baizik. Oihanean eraikuntzarako harri gutxi dago eta eraikinak material organikoz egiten zituzten. Horrek arkeologoen lana zailtzen du, eta interpretazio okerrak egiteko arriskua handitu. Orain, zoritxarrez, egungo biztanleen bizimodua zailtzen duen hori bera izan da arkeologoen lana erraztu duena.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.