Zer da hauts zuri hori? Badator amiantoaren laugarren olatua…

  • Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek eramandako borroka. Baina Bruselak egindako kalkuluen arabera, Europan zaharkituriko milioika etxetan dugu zain hauts zuria. Neurriok nahikoak izango ote dira datorkigun olatu berriari aurre egiteko?

2005eko otsailaren 27an eraitsi zuten Tripode, 18 solairuko eraikina, aurretik 350 tona amianto kendu ondoren. Nantesen kokaturiko frantziar administrazioko bulego horietan, hauts zuria egunero sumatu zuten langileek urte askotan. Argazkia: Nantesko Ondar
2005eko otsailaren 27an eraitsi zuten Tripode, 18 solairuko eraikina, aurretik 350 tona amianto kendu ondoren. Nantesen kokaturiko frantziar administrazioko bulego horietan, hauts zuria egunero sumatu zuten langileek urte askotan. Argazkia: Nantesko Ondarea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bost, lau, hiru, bi, bat... eztanda lehor baten ondoren, behera dator hemezortzi solairuko eraikina, domino fitxekin egindako jostailuzko dorreen antzera. 2005eko otsailaren 27an gaude, Nanteseko irlan, Loira ibai ederretik gertu, eta ingurumarian milaka lagun bildu dira: amiantoaren kontrako borrokaren sinbolo handi bat jausi berri da euren begi aurrean.

Hiru ertzeko izar forma edukitzeagatik Tripode deitua, 1972an eraiki zuten etxetzarra Frantziako Gobernuko Atzerri Ministerioko, Estatistika Institutuko eta Ogasuneko bulegoak jasotzeko. Ordurako amiantoaren arriskuaren berri bazegoen, baina hala ere, suteen kontrako isolatzaile gisa erabili zuen arkitektoak asbestoa –amiantoari deitzeko beste modu bat– eraikinaren sabai guztietan. Denera 350 tona.

Hurrengo urteetan biriketako minbiziak ugaldu  ziren langileen artean, eta gaixotasun profesional bezala aitortuak izateko bidegurutze aldapatsua hasi zuten. Esperientzia hori erabakigarria izan da duela gutxi, ekainaren amaieran, Europar Parlamentuak eta Europako Kontseiluak amiantoaren kontra neurri zorrotzagoak adosteko.  

Azken azterketa epidemiologikoen arabera 31 lagun hil dira Tripoden amiantoa arnastuta, baina sindikatuek diote askoz gehiago direla

“Alde hortik!”

Hogei urtez ia 1.800 lagunek egin zuten lan Tripoden –horietako asko administrari bezala aritutako emakumeak–, egunero euren mahaiak zikintzen zituen hauts zuriarekin susmo txarrak hartuta. 1980ko hamarkadan sindikatuak eraikinean instalaturik zegoen amiantoaren inguruko informazioa eskatzen hasi ziren: “Entzun genuen asbesto mostrak hartu zirela eta emaitzak jakin nahi genituen”, esan dio Francis Judasek HesaMag aldizkariari. Europako Sindikatuen Institutuak (Etui) argitaratua, amiantoaren inguruko txosten garrantzitsua kaleratu du udaberri honetako zenbakian, eta Tripoderen kasua dakar xehe.

Nantesko amiantoaren inguruko elkarte intersindikaleko delegatua da Judas, eta prozesu hura barrutik bizi izan zuen: “Esan ziguten ez zegoela arriskurik, amianto kopurua estandar seguruen barruan zegoela”, dio. Baina erantzun xalo horrekin konforme ez eta beste toki batzuetan galdezka hasi ziren. Amiantoarekin arazo bera zuten Parisko Jusseiu unibertsitatetik ohartarazi zieten arriskuan zeudela. Halarik ere, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziatik iritsi zitzaien mezurik garbiena: “Alde hortik!”.

1989 urtetik aurrera mobilizazioak azkartu egin zituzten: “Gure estrategia izan zen alarmak piztea, amiantoaren arazoarekin eta batez ere portuko ontzioletako langileen egoerarekin arduratuta zeuden hedabideek kasu egin ziezaguten”. Bai lortu ere! Bruselan Berlaymont eraikin ezagunetik 3.000 funtzionario ebakuatzeak asbestoa zuelako –gero eraberritu egin zuten eta gaur egun Europako Batzordearen egoitza da–, Tripodeko langileen ahalegina hauspotu zuen, eta azkenean gobernuko administrazioek instalazioak abandonatu zituzten 1993an.

Tripode eraikina behera bota bazuten ere, han lan egindako 1.800 langileen borrokak ez du etenik izan, haien artean sortutako minbizi ugariak gaixotasun profesional bezala aitortuak izateko. Argazkia: CGT sindikatua

Lehen heriotza 1995ean gertatu zen: hamar urtez Tripoden mantentze lanetan aritutako 40 urteko elektrizista bat. Biriketako minbizia. 1999an bigarren heriotza etorri zen, 43 urteko beste gizaseme bat. Honek ere biriketako minbizia. Azken azterketa epidemiologikoaren arabera gutxienez 31 lagun hil dira jadanik Tripoden amiantoa arnastuta, baina sindikatuek diote askoz gehiago direla.

Hemezortzi urte igaro dira 2005ean Tripode eraitsi eta Europar Batasunean amiantoaren erabilera erabat debekatu zela. Tamalez, oraindik aktualitate beteko gaia dugu, amiantoak hor jarraitzen duelako ikusezin, eraikin eta birika askotan.

Zer dira 10.000 zuntz amianto?

Joan den urteko irailaren 28an Europako Batzordeak proposamena plazaratu zuen, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta baimendutako amianto-esposizioaren gehienezko kopurua zentimetro kuboko 0,01era mugatzeko. Hau da, gehienez ere metro kubo batean 10.000 zuntz amianto egotea lantegietan.

Baina Tripodeko azterketa epidemiologikoak erakusten du minbiziarekin hildakoak metro kuboko 3.000 zuntz artean aritu zirela lanean. Francis Judasek ahobizarrik gabe hitz egiten du HesaMag aldizkarian: “Europako Batzordeak proposaturiko mugarekin, arriskua dago Tripodeko esperientzia katastrofikoa errepikatzeko Europa mailan. (…) Metro kuboko hamar mila zuntzeko muga jarrita, milaka langile heriotzara kondenatzen ari gara amiantoagatik”.

Etui institutuko ikerlari Tony Musuk datu zehatzak eman ditu aldizkari berean. 10.000 zuntzeko proposamena egiteko, Substantzia Kimikoen Europako Agentziaren estimazioetan oinarritu da Europako Batzordea. Honen arabera, muga horren barruan amiantoarekin esposizioan egondako 100.000 langiletik 12 soilik hilko lirateke gaixotuta. Baina Musuken ustez agentzia horren estimazioak ez dira fidagarriak eta, Nantesko kasua ikusita, benetan 1.727 lagun hilko liratekeela dio, ehun aldiz gehiago. Sektoreko lobbyak ari omen dira presionatzen langa hain goian uzteko, Les amiantés du Tripode elkartearen esanetan.

Laugarren olatua nabaritzen hasiko gara laster, amiantoarekin inolako lan harremanik izan ez duten herritarrei eragingo diena: “Hurrengo bi hamarkadetan heriotza kopuruak gorantz egingo du”

Sindikatuen eta amiantoaren biktimen salaketen ondotik, pasa den apirilean Véronique Trillet-Lenoir europarlamentariak egindako txosten bat onartu zuten Estrasburgoko ganberan, botoen %84ko babesarekin. Txostenak kontuan hartu du Tripoden egindako azterketa epidemiologikoa, eta beste neurri batzuen artean, muga askoz zorrotzagoa ezarri beharko litzatekeela dio, hamar aldiz txikiagoa ezarri ere: metro kuboko 1.000 zuntz baino ez. Orain Europako Kontseiluarekin adostasunera iritsi dira eta aldaketa onartzeko tramitean dira.

Etxebizitza batean 1,6 kilo amianto

Baina europar erakundeek aitormen askoz kezkagarriagoa egin dute horrekin batera: ez dago amiantoarekiko esposizio maila segururik. Eta kontuan edukita Europar Batasunean (EB) eraikinak birgaitzeko dauden egitasmoak, are urduriago jarri direla dirudi.

Renovation Wave (“Berritze olatua”) planak Europako milioika eraikin efizienteago egin nahi ditu energetikoki 2050. urtera arte, “klima neutraltasun” ditxosozkoa lortzeko. Kalkulatu dutenez 220 milioi eraikin daude Europan 2005ean amiantoaren erabilera debekatu aurrekoak, eta beraz aukera handia dago horietako asko mugitzen hastean mineral kantzerigenoarekin topo egiteko.
Europako Batzordearen enkarguz 2023an argitaraturiko ikerketa batek eskualdeka egin du kalkulu hori: Araban etxebizitza bakoitzeko 1,16 kilogramo amianto omen daude batez beste, Iparraldean 1,6 kilogramo… Baina badira askoz okerrago daudenak, Letoniako toki batzuetan 5,61 kilogramo neurtu dituzte etxebizitzako.

Europar Batasunean eraikin ugari 2005ean amiantoa debekatu aurretik eraikitakoak dira eta horietako askotan amiantoa dago. Egindako kalkuluek diote Letoniako eskualdeetako etxebizitzetan dagoela amianto gehien, baina beste eskualde gehienetan ere kopuru oso altuak daude. Argazkiak: Asbestos Testing CC-BY-SA 2.0 / Europako Batzordea

Horrek, noski, nabarmen eragingo die eraikuntzako langileei. Europako Batzordearen arabera 7 milioi lagun egon litezke amianto-esposizio arriskuan, eta iturri berak dioenez, 2031 arte kopuru hori %4 haziko da urtero. Beste datu pare bat, hauek Eurostatek emandakoak: laneko minbizien %78 amiantoak sortzen du, eta 2019an 90.000 lagun hil ziren horren erruz Europan. Halako estatistikak egiteko aukerarik ez duten beste kontinente batzuetan askoz gehiago izango dira, jakina.

Lau olatu eta heriotza tsunami bat

Gauzak horrela, inork ez du zalantzarik amiantoak eragindako asbestosi eta mesotelioma kasuen olatu berri bat datorkigula, aurrekoei gainjartzen ari dena. Tony Musukek HesaMag-en azaltzen duenez, amiantoak lau olatu sortu ditu munduan.
Lehen olatua minerala erauzi zuten meatzarien artean izan zen; bigarrena, amiantoa industriarako erabili edo instalatu zuten langileen artean  (elektrizistak, mekanikariak, zurginak…); hirugarren olatua eraikuntzen konponketak eta amiantoa kentzeko lanak egin dituztenak sufritzen hasiak dira; eta azkena, amiantoa duten eraikinen hondatzeak eragingo du, eta biztanle guztiak gaude horren arriskuan gainera.

Amiantoaren hasierako bi olatuak –erauzketa eta instalazioa– pixkanaka igarotzen ari garen bitartean, hirugarren olatuan gaude eta batez ere laugarren olatua espero dugu orain. Iturria: HesaMag

“Gaur egun ikusten ari garen asbestoaren ondoriozko minbiziak aztertuta, esan dezakegu seguruenik hirugarren olatukoak direla, lehen olatuaren amaierarekin eta bigarrenaren gainbeherarekin konbinaturik”, dio Musuk. Eta iragarpen bat egin du: laugarren olatua nabaritzen hasiko gara laster, amiantoarekin inolako lan harremanik izan ez duten herritarrei mesoteliomak atzemango baitzaizkie. Hala, “hurrengo bi hamarkadetan heriotza kopuruak gorantz jarraituko du”.

Horren osasun kostuak eta drama imajinatzen ditugu, baina kostu ekonomikoak ere eragingo dituzte laneko minbiziek Europan: 230.000 eta 610.000 milioi euro artean –EBko Barne Produktu Gordinaren %1,8 eta %4,5 lirateke, hurrenez hurren–. Agian diruaz hitz egiten hasita hobeto ulertzen da europar erakundeek harturiko erabakia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Ez dago ebidentziarik autismoa parazetamolarekin erlazionatzeko

Trumpen gobernuak haurdunei parazetamola ez hartzea gomendatu nahi die, autismoa eragiten duelakoan. Gobernuaren adierazpenak larritasuna eragin du populazioaren artean, eta kezka handia piztu du zientzilarien artean, aholkua ofiziala bihurtzen bada, ebidentzia zientifikoaren... [+]


2025-09-23 | ARGIA
Haur eta nerabeen psikiatria zerbitzua berreskuratu du Bidasoa eskualdeak

Hilabeteetako aldarrikapena izan da, haur eta gazteentzako psikiatria zerbitzua bertan behera geratu zenetik Donostiara joan behar izan baitute Bidasoaldeko familiek, eta Donostiako zerbitzua gainezka zegoela salatu dute behin baino gehiagotan.


Patologia duala duten pertsonentzako eguneko zentro bat exijitu du Katearen Loturak elkarteak

Urteak daramatzate salatzen administrazio publikoak “albo batera begiratu beharrean” tratamendu “integrala” eman beharko lukeela.


Eako Udalak Arartekora jo du mediku falta salatzeko

Uda sasoian hamalau egunetan baino ez dute medikurik izan herrian, “inoiz baino jende gehiago” biltzen den egunetan, hain zuzen. Osakidetza “gainbeheran” dagoela salatu du udalak, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.


Gorputz hotsak
"Pertsona asko, diagnostikorik gabe daudenez, bizitza kalitatea galtzen ari dira"

Jatorra, alaia eta positiboa da Sara Mirones (Bilbo, 1997). Pandemian mastozitosia izeneko gaixotasun arraro bat diagnostikatu zioten. Ordutik, Maratón de Lunares kanpaina abiatu du gaixotasuna ikusarazteko, gizartea kontzientziatzeko eta ikerketarako dirua biltzeko... [+]


Ikasleek alzheimerraren inguruko oinarrizko jakintzak lantzeko saioak eginen ditu Afan elkarteak

Aintzane Mariezcurrena Afan elkarteko psikologoak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela txikitatik alzheimerrari loturako zalantzak argitzea eta gaiaz hitz egitea, haurrek beldurrik izan ez dezaten.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Gorputz hotsak
"Bizitzaren aldeko jarrerak bigarren planoan uzten du zarata"

Bertigo baten ostean, etengabeko txistu bat entzuten hasi zen Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, Gipuzkoa, 1972) bertsolaria, bertso-eskolako irakaslea eta gai-jartzailea. Tinnitus edo akufeno deitzen zaie Irazuk entzuten dituen zaratei. Horrek egunerokoan daukan inpaktuaz... [+]


"Bero jasangaitza" eta "arreta urria" salatu dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan

Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du ospitaleko solairu gehienak klimatizatuko dituztela 2026 amaierarako. ARGIAk elkarrizketaturiko bi erizain laguntzaileek nabarmendu dute premiazkoa dela banako gelak, komun irisgarriak eta aire girotua izatea.


2025-08-29 | Euskal Irratiak
Maitena Chohobigarat
"Beharbada menopausia gehiago aipatu beharko genuke, aterabideak badirelako"

Baionako ospitalean unitate berritzaile bat ideki da: kardio-ginekologia unitatea, menopausian diren emazteei zuzendua. Gai hau, askotan tabu edo bazterrean utzia, osasun arazoak eragin ditzake bizitzako etapa horretan.


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Inoiz izan ez zen osasun ituna: aukera galdua Osakidetzarentzat

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.