Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, lau eguneko greba deitzearen alde azaldu dira medikuen elkargo eta elkarteak. Nafarroan, aldiz, batik bat ostiralean ipiniko dute fokua. Gutxieneko zerbitzuetan dira. Osasun langileen estatutu berria ari da prestatzen Espainiako Osasun Ministerioa, eta medikuek diote euren estatutu propioa behar dutela, haien lanpostuen bereizgarritasunak zehatzago hartuko dituena kontutan.
Grebara deituta daude Hego Euskal Herriko medikuak, Espainiako Estatuko dinamikaren barruan, konkretuki haien lan baldintzak hobetzea ekarriko lukeen estatu berria eskatzeko. Izan ere, Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioa ari da osasun langile guztientzako estatutua prestatzen, baina medikuek diote haien lanpostuek bestelako ezaugarri batzuk dituztela, formazio eta ardura "bereziak", eta aldarrikatzen dute estatutu propioa behar dutela. Besteak beste, astean 35 orduko lanaldia luzatzea hautazkoa izatea eskatzen dute, hau da, guardiak egitea borondatezkoa izatea, eta guardiak 24 ordukoak beharrean, 17koak izatea. Guardiez aparte, horiek hartu badute ere protagonismoa, badituzte eskaera gehiago: atseden orduak errespetatzea eta egokitzea, soldatak igotzea, aurretiaz hartzeko erretirorako baldintzak hobetzea eta kontratuak egonkor bihurtzea, esaterako.
Sumar alderdi ezkertiarrekoa da Osasun Ministerioko burua, Mónica García ministroa, anestesista zen politikari izan aurretik, eta bere aurkako presioan, Garcíak defendatu du bi hamarkadaz berritu ez den estatutua eguneratzeko garaia dela. Eskusatu da esanez "eskumen asko" erkidegoen ardurapekoak direla, "ahal duen guztia" egiten ari dela, eta langile guztien baldintzak hobetzea dela haien asmoa. Orain arteko proposamenean, astean gehienezko lanaldia 45 ordutan ezartzea aurreikusten da, hau da, oinarrizko 35etatik abiatuta, gehienez guardia bakar bat pilatu ahal izatea astean. Horrez gain, eskatzen dituzten soldata eta ordainsari igoerak tokian toki negoziatu behar direla defendatu du Espainiako Gobernuak.
Erizainak eta gainontzeko langile sanitarioak ez dira kontent medikuen jarrerarekin, ezta Ministerioarekin ere, "negoziazio paraleloak" izaten ari direlako, eta horrek profesional kolektiboen arteko "salbuespenak eta diskriminazioak" ezartzen dituelako, hau da, langileen arteko "klaseak ezartzea" dakarrelako. Horrexegatik, ez dute aste honetako greba hau babestu. Aldiz, datorren urtarrilaren 27tik aurrera, greba mugagabea deitu dute langile guztientzat Satse erizainen sindikatuak, CCOOk eta UGTk.