Klinikako arduradunak deklaratu du antiabortistek mehatxatu egin zituztela

  • Astelehen honetan abiatu da Gasteizen 2022an Askabide klinikaren aurrean egindako abortuaren aurkako protestengatik 21 lagunen aurkako epaiketa. Europan eskala honetako lehen prozesu penala izango da. Bestalde, EAEn, Osakidetzak iragarri du bi urteko epean beregain hartuko dituela haurdunaldiaren borondatezko eten guztiak.

Askabide klinika Gasteiz

2025eko azaroaren 17an - 10:28
Azken eguneraketa: 17:03
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Berria egunkariak asteleheneko saioan deklaratu duen Askabide klinikako zuzendari Naroa Iturrirekin hitz egin du, deklaratu ostean. Egunkariari adierazi dionez, epaiketa honetan “mugarri historikoa ezar daiteke: Europan lehen aldiz eseriko direlako 21 antiabortista akusatuen aulkian”. Iturrik garaipentzat jo du epaiketa, “kliniketako langileek eta abortatzera doazen emakumeek ikusiko dutelako zer gertatzen ari den”.

Iturrik gogorarazi zu klinikako langileek eta abortatzera joandako emakumeek irainak eta mehatxuak jaso dituztela urtetan. Zuzendariak ukatu du antiabortistek, haiek hala adierazita, otoitz baino egiten ez zutenik: ‘Hiltzaileak’, ‘Genozidak’, ‘Zuek hiltzen duzue’ eta ‘Zuen zigor eguna iritsiko da’ moduko mezuak jaso zituztela salatu du.

Iturrik onartu du antiabortistek adierazpen askatasunerako eta elkartzeko eskubidea daukatela, “baina gure kliniken aurrean ez, gutxienez 100 metrora egon daitezela. Haiek beren eskubideak izan ditzatela, baina guk ere gureak”.

Askabideren arduradunaren ustez, auzia ez da kliniken aurrean elkartzea zilegi den ala ez, baizik eta emakumeak bere gorputzaren gainean erabakitzeko duen eskubidea: “Infantilizaziorik gabe, inork esan gabe zer egin behar dugun. Guk erabakitzen dugu, eta gure askatasuna eta gure gorputzak errespetatu behar dituzte”.

2022an, Askabideren klinikaren aurrean jazarriak

Astelehen honetan hasi da 2022an Gasteizko Askabide klinikaren aurrean abortuaren aurkako protesta egin zuten 21 lagunen aurkako epaiketa. Epailearen aurretik pasa dira gaur, 2022ko irailaren 28tik azaroaren 4ra bitartean, Askabide klinikaren aurrean, Gasteizen, abortatzera zihoazen emakumeei jazartzeagatik. Espaloiaren beste aldean jartzen ziren, eta "laguntza" eskaintzen zieten. Zentroko zuzendaritzak Ertzaintzaren aurrean salatu zituen protestok, eta 21 pertsona identifikatu zituzten.

Astelehen honetan hasi da 2022an Gasteizko Askabide klinikaren aurrean abortuaren aurkako protesta egin zuten 21 lagunen aurkako epaiketa. Abortuaren aurkako hainbeste pertsona epailearen aurrean esertzen diren lehen aldia da Europan

Akusazio partikularraren esanetan, "40 egun bizitzaren alde" erakundeko kide dira epaituko dituzten 21 pertsonak. “Abortuaren amaieraren hasiera” gisa definitzen den mugimendu ultrakatolikoa da, eta AEBetan du jatorria, non “25.800 bizitza salbatu” dituztela dioten. Gasteizera protestan joandako hainbat, autobusetan heldu ziren Espainiako Estatutik.

Epaitegiak ahozko hiru saio ditu aurreikusita aste honetarako: astelehenean, asteartean eta ostegunean. Lehenengo egunean lekukoek hartu dute hitza, eta bigarrenean, akusatuek hitz egingo dute. Alde batetik, fiskaltzak, bost hilabeteko espetxe zigorra eskatu du 21 akusatuentzat, bi arrazoigatik: “Haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea eta klinikako langileen jarduera oztopatzea”. Hala ere, zigor alternatibo gisa, “100 egunez gizartearentzako lanak egitea eta hiru urtez klinikara hurbiltzeko debekua” ezartzea proposatu du fiskaltzak berak. Defentsak, bestalde, absoluzioa eskatu du, “otoitz egitera eta pankartak erakustera” mugatu zirela argudiatuta, adierazpen askatasunaz baliatuta. Abortuaren aurkako hainbeste pertsona epailearen aurrean esertzen diren lehen aldia da Europan.

Osakidetza datorren urtean hasiko da borondatezko etenak egiten

Ez da egunotan abortuaren eskubidearen inguruan izan den albiste bakarra EAEn. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez, progresiboki hasiko dira haurdunaldiaren borondatezko etenak egiten, "bi urteren buruan" beren gain hartzeko aurreikuspenarekin. Bi urteko epean, gaur egun "pribatura bideratzen dituen abortu guztiak" beregain hartuko ditu Osakidetzak. Ildo horretan, adieraz du klinika pribatuei urtean 1,2 milioi euro ordaintzen dizkietela zerbitzu hori emateagatik, baina 2026an 500.000 euro "aurreztuko" dituztela abortuak sistema publikoak hartuta.

Martinezek adierazi du "haurdunaldia eteteko eskubidea bermatuta” zegoela EAEn, eta funts publikoekin egiten zela “baimendutako kliniketan". Gaineratu du, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak “emakumearen eskubide horrekin duten konpromisoa are indartsuagoa izatea bermatu nahi” dutela orain, “keinu sinboliko horrekin sisteman integratuz". 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abortu eskubidea
Eguneraketa berriak daude