Denbora-aberats edo denbora-txiro izanez gero, ez gara berdin zahartuko

  • Populazioaren zahartzeak osasun publikoan eragin garrantzitsuak ditu. Ugarituko diren osasun arazoetarik bat dementzia da. Bilakaera hori saihesteko gomendioak zabaltzen dabiltza osasun sistema publikoak, baina, horiek bideratu ahal izateko denbora ere behar da. Hor dago erronketariko bat: gizartean denboraren baliabidea oso ezberdinki banatua da, eta hori aitortu ezean, osasun publikorako politikek nekez lagunduko dituzte denbora libre aski ez dutenak.

Wikipedia
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Munduko herrialde gehienetan, Afrikako Sahel eskualdean izan ezik, populazioa zahartzen ari da edo zahartzen hasiko da datozen hamarkadetan. Hori horrela, zahartzaroan maizago gertatzen diren osasun arazoen kudeaketa gehituko zaio maila globalean aurre egin beharreko erronken zerrenda luzeari. Horietarik garrantzitsu bat dementzia da, hau da, oroimenaren, arretaren edota mintzatzeko gaitasunaren galera, eta pairatzen duenari autonomia kaltetzen diona. Egoera horri aurre egiteko neurriak maiz osasun sistema publikoaren aholkuetan zerrendatzen dira. Baina, gehiegitan neurri horiek ahalbidetu edo bederen erraztuko dituen faktore oso garrantzitsu bat ahazten da: denbora.

The Lancet aldizkarian berriki argitaraturiko Making time for brain health: recognising temporal inequity in dementia risk reduction (Denbora hartu burmuin osasunerako: denbora ekitate ezaren aitortza dementzia arriskuaren murrizketarako) iritzi artikuluan hori azpimarratu nahi dute buirmuin osasunean aditu diren Australiako bortz ikerlek. Iritzi artikulua izanik ere, iturri sendo eta anitzetan oinarritua da –epidemiologia, neurozientzia eta denbora erabileraren ikerketa–, eta askok pairatzen dituzten baina gutiegitan aitortuak diren eguneroko egoerak ongi aztertzen ditu.

Burbuinak zer behar duen ongi zahartzeko

Loari dagokionez, autoreek oroitarazten dute sarri gauez zazpi ordu baino gutiago lo egiteak hainbat arrisku emendatzen dituela: diabetesa, depresioa, bihotz eritasunak, hipertentsioa, eta buruko isuriak. Horiek denak dementziarako arrisku faktore dira. Garrantzitsuak dira ere harreman sozialak: ikerketa guziek diote egunero kontaktu sozialak izateak biziraupena eta zahartzaroko kognizioa hobetzen dituela. Funtsean, dementziaren arriskua murrizteko neurriak ezagunak dira: ongi lo egitea –gutienez zazpi orduko eta kalitatezko loa–, jarduera fisiko nahikoa, elikadura egokia, eta bertzeekiko harreman nahiko izatea. Oso gauza arruntak dira, bertze hainbat osasun arazo ere saihesteko balio dutenak.

Halere, gutiagotan entzuten da nork bere bizian neurri guzi horiek behar bezala aplikatzeko denbora behar duela. Bortz aditu horiek diote denbora burmuin-osasunaren baldintzatzaile sozial gutxietsia dela, eta dementzia-arriskuari begira, hezkuntza edo errenta bezain garrantzitsua izan daitekeela.

Denbora-txirotasuna 

Denbora ekitatea genuke denok denbora baliabide berdina bagenu. Hori horrela, osasun aholkuak praktikan ezartzeak ez luke ezberdintasunik topatuko bidean. Aldiz, denbora pertsonalak gizartean duen banaketa desorekatuari erraten zaio denbora ekitate-eza, egiturazko baldintzek egunerokoan dituzten eragin ezberdinen ondorio izanda.

Denbora-txirotasunak honako ezaugarriak biltzen ditu: atsedenerako eta nork bere osasuna zaintzeko denbora eskasa; erritmo biologiko deslerrokatuak; aisialdi zatikatua eta lana edo eskaera digitalak denbora pertsonalean enkistatzea; eta betebeharrak betez gero, balioetsiriko jardueretan parte hartzeko denbora eskasa. Denbora-txirotasuna adierazpen neurgarria da, burmuinaren osasunerako denbora nahikoa ez dela adierazten baitu, eta egiturazko egoera ahulean dauden populazioei neurriz kanpo eragiten dielako. Artikuluaren egileek diotenez, denbora-txirotasuna errendimenduak bultzatutako kulturek areagotzen dute. Denbora txirotasuna hainbat osasun arazori lotu dute artikuluan aipaturiko ikerketek: estres maila handia, ariketa fisiko eskasa, lo gabezia, harreman sozial murritzak, eta kudeaketa kognitibo eta emozional eskasa.

Erantzukizuna ezin da bakarrik pertsonala izan 

Lan txanda luze eta irregularren, enplegu bat baino gehiago izan beharraren, eta zaintza arduren ondoriozko denbora-txirotasunak ariketa fisikorako denbora asko murrizten du, baita elikadura egokia izateko ahalmena ere. Denbora-txirotasunean direnentzat, erosketak egiteko, janaria prestatzeko eta garbiketa egiteko denbora-kostuak elikadura osasuntsua izateko aukera eragozten duela diote. Kontua da osasun aholkuen komunikazioak gehienetan jarduera indibidualean eta aukera pertsonaletan zentratzeak ez dituela baldintza horiek aintzat hartzen, eta beraz, inplizituki populazioaren zati handi bat –hain zuzen burmuin-osasun arrisku handiagoak dituena– aholku horietatik baztertzen duela.

Autoreek zerrendatzen dituzten denbora-txirotasunaren arrazoiak bat baino gehiago dira, baina denak dira neurri batean prekaritatearen sinonimo: errenta apala, zaintza arduren zama, etxebizitza edo enplegu egongaitza, eta osasun informazio eskasa. Osasunaren baldintza ez-medikalak dira, hau da, egiturazko baldintza sozialak. 

Bereziki, errenta apaleko pertsona askok ez du behar adina lo egiten, eta neurri batean txandakako lanean txanda luze eta irregularretan lan egitearen ondorioa da. Ezin dute ere inor ordaindu etxeko zereginetan laguntzeko, eta finean "jet-lag soziala" pairatzen dute, hau da, erloju biologikoa eta erloju sozialaren arteko desfasea. Zaintza lana gehiagotan emakumeek egiten dutelako, desfase hori emakume gehiagok pairatzen dute. Eta prekaritateari loturiko denbora-txirotasuna herrialde txiroetan handiagoa izanik, herrialde haietan igurikatzen dira dementzia tasa igoera nabarmenenak datozen hamarkadetarako.

Denbora fisikoa gizakien hautematetik apartekoa da eta denontzat bera da, baina denboraren esperientzia –nola den egituratua, bizkortua, zatikatua, edo lehenetsia– sozialki ekoitzia da, eta testuinguru kulturalen araberakoa dela oroitarazten dute autoreek. Banaketa ezberdinena duten baliabideetakoa da denbora, gaur egungo gizarte askotan.

Zentzu horretan, produktibitatea ardatz duten eta tresna digitalen inguruan antolatuak diren kulturetan, denbora beti optimizatzen, zatikatzen eta merkaturatzen ari garela oroitarazten dute bortz adituek. Beti aktibo izateko eta zereginak burutzeko etengabeko presioak areagotzen ditu gainkarga mentala, lo nahasmena, akidura emozionala eta estres kronikoa; eta murriztu egiten du indarberritzeko gaitasuna. 1993 urtean Negu Gorriak taldearen bost gehiago abestiak zioen "kaletik doa, ezin da gelditu. Hainbeste gauza egiteko, hainbeste arazo. Ez dago astirik etenaldirako, ez dago astirik ezertarako. Lehiaren munduan bizi gara, segizu aurrera, berandu da". 2025ean, bada garaia osasun publikorako politiken arduradunak has daitezen arazoa aitortzen. 
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2025eko azaroaren 19
51.396

Eguneraketa berriak daude