Laurdenak beren espazio pertsonalaren intrusioa jasan du, eta %22.6k eskatu gabeko kontaktu fisikoa. Sindikatuak kezkaz azaldu ditu datuok, gehitu du egoera horiek “jarrera bortitzak” sortzen dituela, emakumeak eta lan jardun batez ere femeninoak kaltetzen dituztenak, eta kontzientziazioan jarraitzeko premia azpimarratu du.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erizainen eta fisioterapeuten erdiak inguruk jasan ditu iruzkin edo txiste sexistak, Satse sindikatuak kaleratutako datuen arabera. Iruzkinak soilik ez, bestelako jarrera bortitzak ere pairatu izan dituzte profesionalek: hala nola, laurdenak beren espazio pertsonalaren intrusioa jasan du, %22,6k eskatu gabeko kontaktu fisikoa, ia herenak gutxiespena eta %9,6k zita edo sexu harreman proposamenak jaso ditu, gogoz kontra. Sindikatuak salatu du aipatutako jarrerak “normalizatuta” daudela, eta horrek adierazten duela “egiturazko desberdintasunak” daudela, baita lan eremuan ere. Ohartarazi du jarrera horiek “egoera bortitzak” sortzen dituztela, eta kontzientzia lana egiteko premia azpimarratu du; profesionaletan, administrazioan, enpresa pribatuetan eta, oro har, gizartean.
Azaroaren 25aren harira kaleratu ditu sindikatuak datuok. Bai, gertatzen da... jazarpena da kanpainaren barruan kaleratu dute txostena, urrian eta azaroan egindako inkesta baten ondorioz. Inkestan 777 profesionalek hartu dute parte. Satsek adierazi du emakumeen aurkako indarkeriaren bi adierazpide direla sexu jazarpena eta generoagatiko indarkeria, eta galdekatutakoen %41,6k dio tratu ezberdina jaso duela, hain zuzen ere, generoagatik.
Isilpean eta salatu barik
Egoera horien aurreak, sindikatuak ohartarazpena bidali nahi izan du. Egiturazkoak diren desberdinkeriak lan eremuan are ohikoagoak direla azaldu du, eta ezkutuan geratzen direla. Izan ere, aipatu erasoen gehiengoa, %85 pasatxo, salatu gabe geratzen dira, eta horretarako arrazoi nagusia da protokoloekiko ezagutzarik eza, baina baita horiekiko konfiantza falta ere. Horren aurrean, sindikatuak prebentzioaren premia eta berdintasun planak betetzearen garrantzia azpimarratu ditu.
Bestelako prebentzio neurriak ere eskatu ditu Satsek. Hala nola, dagoeneko existitzen diren prozeduren inguruko informazioa zabaltzea, langile guztien derrigorrezko formazioa eta sentsibilizazio kanpainak. Bestalde, erasoak lan arrisku psikosozialeko adibide moduan kontuan hartzea eskatu du; baita, jakina, biktimen babesa eta laguntza juridikoa eta osasun psikologiko eta fisikorako baliabideak ere.