Molde eta formatu berriak garaiko musika eszenan

  • Aldaketa gertatzen ari da Euskal Herriko musikaren eszenan. Sortzen ari diren hainbat taldek haize freskoa ekarri dute, molde, forma eta diskurtso berriekin gaur egungo testuingurura egokitutako musikarekin. J Martina eta Merina Gris dira horren adibide. Haiekin egon da ARGIA, elkarrekin egin duten biraren bezperatan. Aldizkari hau inprentatik irten den egunean jakin da  Musika Bulegoa saria irabazi duela Merina Grisek.

Merina Gris taldeko kideak. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Merina Gris taldeko kideak. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2017an hasi ziren Julen eta Paskal buruan zeuzkaten ideiei soinua jartzen. Sarari laguntza eskatu zioten abeslaria aurkitzeko, eta espero ez zuten zerbait jaso zuten bueltan: berak baino hobeto ez zuela inork egingo. Hala sortu zuten Merina Gris taldea. Hiru donostiarrek, erreferente antzerakoak izateaz harago, musika egiteko moduan konektatu zuten, baita plazaratzeko orduan ere. 2020an kaleratu zuten Besteek zer lehenengo abestia. Ezkutatu egiten dute identitatea: oholtzara aurpegia estalita igotzen dira, eta abizenik ez dute esaten.

Garai bertsuan aurkeztu zuen bere burua J Martina taldeak, sareetan. Saltseatzen 2019 erdialdean hasi ondoren, 2020ko apirilean argitaratu zuten Mundu zahar lana Ane eta Kattalin Barcena ahizpa larrabetzuarrek eta Javi Jorajuria barañaindarrak.
Bi taldeak paraleloan egiten ari dira ibilbideak, eta gurutzatu ere egin dira. Birako hiru kontzertu eskaini dituzte elkarrekin. Gasteizen eta Iruñean jo dute apirilean, eta maiatzaren 19an Bilboko Kafe Antzokian. J Martina banda eta guzti igo da oholtzara, J Martina 2.0 izenarekin, eta Silitia taldearekin ere egin du birako kontzertu bat, Donostian.

Zergatik zuek biak elkarrekin?

Kattalin Barcena (J Martina): Espazio eta musikaren aspektu asko elkarbanatzen ditugu. Guretzat aberasgarria da, musika elektronikoa egiten dugun heinean, Euskal Herrian erreferentziazko taldeak izatea. Aberasgarria da jende honekin espazioak partekatzea, asko ikasten dugulako beraiekin, eta gure proiektua osatzen duelako.

Julen (Merina Gris):  Musika sentitzeko eta egiteko duten erarekin asko konektatzen dugu.

Paskal (Merina Gris): Kode musikalak eta gureak antzekoak dira eta publikoa ere antzekoa da askotan.

Belaunaldi berri baten parte zarete?

Javi Jorajuria (J Martina): Formalki, bai. Gertatu diren aldaketen emaitza dira orain sortzen ari diren talde asko; tartean gu, Merina Gris, Silitia eta beste hainbeste.

K. Barcena: Euskal Rock Erradikalaren arrastoak bukatuta daudela ikusita, formalki musika egiteko beste modu bat sortu da. Baina gure asmoa ez da formalki beste musika bat egitea bakarrik. Euskal Rock Erradikalaren barruan musika politikoa egin duten talde erreferente asko egon dira, eta guri interesatzen zaiguna da gaur egun musika politikoa egiteko moduak bilatzea, gaur egungo garaietara eta gure belaunaldiaren testuingurura egokituta egongo dena.

Ane Barcena (J Martina): Horrek ez du esan nahi gaur egungo punk-ek ez dietela horri erantzuten. Formalki gu belaunaldi berri baten parte gara egon diren aldaketen ondorioz, teknologiaren aurrerapenez baliatzen garelako musika elektronikoa egiteko. Baina genero musikal guztietan gertatzen dira aldaketak eta denak egokitu daitezke gaur egungo testuingurura.

Sara (Merina Gris): Gaur egungo eszenan jende asko deseroso dago. Lehen oso markatuta zegoen alde batetik rock eta metal eszena, beste aldetik poparena… Orain gauza asko bateratu egin dira. Pureta horietatik nola eboluzionatu dugun ikustea ederra da, orain dena askoz errealagoa da.

J Martinako kideak. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Paskal: Poparen, elektronikaren, rockaren... paretak puskatu egin dira. Oraingo gazteriari berdin zaio entzun Toc, Lukiek, Mirua edo Süne, eta lehenengo entzunaldi horri aukera ematea pozgarria da.

Julen: Jende gaztea musika modernoa egiten ari da, bereak dituen alderdiak alde batera utzi gabe. Adibidez, Mirua taldea Euskal Herrian egin ez diren gauzak egiten ari da, baina euskal musika tradizionala ere barnean dute eta ez dute alde batera uzten. Guri ere berdina gertatzen zaigu. Gazteak ginenean musika oso modu anarkikoan kontsumitzen zen. Guk entzun ditugu Piperrak, Skalariak, Xabier Lete, Blink 182 eta Evanescence. Eta ez gara saiatzen hori dena fusionatzen; gu hori guztia gara.

Sara: Horregatik, asko aldatuko da egingo duguna, orain ere gauza asko kontsumitzen ditugulako. Nire ustez harrigarria da talde batek denbora guztian estilo bera mantentzea.

Musika egiteko modua aldatu dela diozue. Zer esan nahi duzue?

J. Jorajuria: Momentuan dauden baliabideekin egiten den musikaz ari gara. Lehen gitarra edo anplifikadore batekin egiten zen, hori zelako eskura zegoena. Gaur egun ere erabiltzen ditugu horiek, baina tresna gehiago erabiltzeko aukera dugu, eta beste soinu eta erritmo askotara heldu gaitezke. Forma berri hori ez da reggaetoia hartu eta kopiatze hutsa, baizik eta saiatzea forma horiek testuinguru honetara moldatzen. Forma propio bat ematen.

Sara (Merina Gris): "Dena sentiarazi nahi dugu, indiferentzia izan ezik"

Julen: Badu puntu irrazional bat: guztia muturreraino eramatea. Bai soinu aldetik, baita lan egiteko garaian ere. Gauzak egiten ditugu horretaz biziko bagina bezala, hori posible ez denean momentuz. Ez dauka inongo zentzurik, zeren guztiok baitaukagu soldatapeko lana eta bizitza soziala, baina argi geneukan gure proiektua muturreraino eraman nahi genuela. Asko sinesten dugu egiten dugun horretan.

Paskal: Musika egiteko modua bakarrik ez, plazaratzekoa ere aldatu da. Argazkiei, bideoei… ere garrantzia ematen diegu. Ez dugu esaten “ez dago dirurik, ez dago denborarik, beraz, berdin du”. Eman diezaiogun buelta bat. Merezi du atzeratzea, eta eszena zaintzea?

K. Barcena: Ikusita nola aldatu diren arauak eta jendea kulturalki, guk nahi duguna da musikaren bidez jendearekin konektatzea eta iristea guk esan nahi duguna. Horretarako oso inportantea da aztertzea zeintzuk diren jendearen sentsibilitateak, zer entzuten dugun, zein musika eta doinuk mugitzen gaituzten… Ez hainbeste publikoari gustatzeko, baizik eta testuinguru kulturala kontuan hartuta, ikusteko nola baliatu gaitezkeen eskura dauzkagun tresnez jendeari barruan zerbait mugitzeko.

Estetika asko zaintzen duzue. Abestiak ere banaka zabaldu ohi dituzue, bakoitza bere bideokliparekin.

A. Barcena: Guretzat oso garrantzitsua da estetika gure musikan eta saiatzen gara irudia lantzen dugun heinean estetika lantzen. Zortea dugu inguruan jendea daukagulako arte diziplina ezberdinetan aritzen dena. Irudian, jantzietan, Sahatsak –Jauregi– azken albumean egin digun arte zuzendaritzan…

Kattalin Barcena (J Martina): "Gure helburua ez da Euskal Herrian euskal merkatu bat sortzea gure produktuak errentagarriak izan daitezen".

Julen: Noizbait pentsatu dugu kanta bat bideoklipik gabe ateratzea, baina kanta bakoitzari buelta asko ematen dizkiogu eta iruditzen zaigu merezi duten leku hori eman behar diegula. Horretara dator singleak ateratzearena, protagonismo hori merezi dute kantuek.

J. Jorajuria: Arte forma ezberdinak ez daude bata bestearengandik banatuta, beti aritu izan dira elkarlanean; musikaren kasuan, arkitekturarekin eta guzti. Gure gaitasunen mugak direla eta, bideo formatua erabiltzen dugu guk. Azken diskoan, Sahatsarekin batera, musika eta eskultura jarri genituen elkarlanean, eta bideo formatuan plazaratu behar izan dugu, adibidez.

Zer lortu nahi duzue musikarekin?

Sara: Dena sentiarazi nahi dugu, indiferentzia izan ezik. Barruak mugitzea bilatzen dugu, eta hori lortzeko jartzen ditugu arima, gorputza eta bakoitzak daukan guztia.

J. Jorajuria: Gure militantziarekin lortu nahi dugun gauza bera, esango nuke. Musika tresna bat gehiago da gure egunerokotasunean militantziarekin lortu nahi dugun hori islatzeko eta aldaketa kultural horretan esku hartzen saiatzeko.

Merina Griseko kideak, haien entsegu lokalean, entseatzen. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

K. Barcena: Normalean bi gauzari abestu nahi izaten diegu. Alde batetik, gure letrak egunerokotasunaren isla izatea nahi dugu, gure bizipen intimoenetik testuinguru orokor bati abestuta, erakusteko zer sentitzen dugun garai hauetan eta leku honetan bizitzen. Politikarekin lotuta egoteak ez du esan nahi panfletoak direnik; panfletoak panfletoak dira eta abestiak abestiak. Beste aldetik, antolakuntzari, aldaketari, etorkizunari abesten diogu.

Sara: Gauzak diren bezala azaldu nahi ditugu, eta bizitza gogorra bada, horrela esango dugu.

Nolako harremana dute gaur egungo panoraman musikak eta politikak?

A. Barcena: Nik uste tendentzia argia dagoela musika eta politika arlo independente moduan ikusteko. Ez dago asmorik musika eta testuinguru politikoa uztartzeko, edo indibidualismotik egiten da, bizipen pertsonalen kontaketa hutsera mugatuta. Ez dut esan nahi hori bakarrik existitzen denik, baina tendentzia argia da.

K. Barcena: Oso garai despolitizatuan bizi gara eta hori musikan ere islatzen da, gainontzeko esparru guztietan bezala. Oso interesgarria da oso talde freskoak ari direla sortzen Euskal Herrian, panorama musikala asko aberasten dutenak. Guk bultzatu nahi dugu aldaketa hori aspektu formal bat izatetik edukizko aldaketa bat izatera igarotzea. Horretarako, artistek euren burua agente politiko gisa ikusi behar dute, eragiteko gaitasuna duen subjektu moduan.

Julen: Denak du irakurketa politiko bat. Hutsaren aldarrikapena egiten baduzu etengabe, hori jarrera politiko bat da.

J. Jorajuria: Adibidez, konfinamenduan Zetak taldeak Zeinen ederra izango den abestia kaleratzeak eragin politiko handia dauka. Dagoena onartzeko adierazpenak dira, nahiz eta inozenteki egin. Ez da nahikoa esatea “nik musika eta politika bereizi egiten ditut, musika baino ez dut egiten”. Ez. Musika politikoa egiten duzu, kontua da nori egiten diozun mesede.

Sara: Sare sozialek ere aldatu dute panorama, musikak musika soil izateari utzi dio. Artistak ezagutzeko tresna bat dira, eta egunerokotasunean sare sozialetan erabiltzen den hizkuntzarekin eta partekatzen duzunarekin zure burua publikoki kokatzen duzu. Askotan musikak ez du behar hitz zehatzik zure pentsaera zein den erakusteko.

Javi Jorajuria (J Martina): "Musika egitea unibertsalizatzen ari bada ere, ez du esan nahi merkatutik kanpo egiten denik"

Sentitu duzue beharrik sare sozialetan zuen burua lerratzeko?

Paskal: Ez, eta nire ustez talde bati ezin zaio exijitu. Ondo iruditzen zait talde batean partaideak posizio politiko batean errotuta egotea eta esatea, baina exijitzea ez.

Sara: Talde moduan badaukagu zentzu komun bat. Uste dugu gauza batzuk babestu behar ditugula eta beste batzuk ez dutela zentzurik guretzat. Baina hori da muga.

Toki batzuetan jotzea hartu izan duzue lan politikotzat?

K. Barcena: Bai, beti. Guretzat oso garrantzitsua da musikak espazio batean edo bestean publikoarekin sortu dezakeen momentu partekatua, baita musikariok espazio edo ekimen konkretu batzuen alde egin dezakegun apustua ere (gaztetxeak, ekimen politiko edo sozialak, jaiak...). Hor hartzen du zentzua gure musikak, publikoak sentitzen duenean abestia ez dela gurea, kolektiboa baizik. Baina interesgarria da guretzat arrotzagoak diren espazioetan ere egotea, helburua gure musika jende ezberdinarengana iristea delako.

Orokorrean panorama musikala nola ikusten duzue diruaren merkatuan? Artista batek bizi behar luke musikatik?

Paskal: Ez dut uste artista batek artista izate hutsagatik horretatik bizi behar lukeenik, baina norbaitek nahiko balu aukera izan beharko lukeela, bai.

Julen: Iturgin batekin ez dugu zalantzarik egiten. Iturgin bat ez da joaten besteen etxeetara gauzak doan konpontzera, horri lehia desleiala deitzen diogu kapitalismoan. Egia da hori ezin dugula %100ean aplikatu arte diziplinetan. Beste ogibideetan produktiboa izan behar da, artearekin produktiboa izatea arriskutsua izan daiteke. Galdu daiteke faktore bat beste ogibideetatik desberdintzen duena: egia, zintzotasuna. Nire ustez helburua ez litzateke izan behar etekin ekonomikoa, baizik eta zure lana plazaratzea.

Julen (Merina Gris): "Gaur egungo multidiziplinartasunaren atzean prekarietatea dago; 'Do it yourself'-a oso prekarioa izan daiteke"

Sara: Aukera izan behar luke nahi eta ahal duenarentzat. Ez dugu idealizatu behar, geroz eta gehiago ikusten da artetik bizi diren asko lana uzten ari direla. Badirudi musikatik bizitzea sekulako pagotxa dela, baina atzean sakrifizio handia dago. Askotan alboratu egin behar izaten dira bizitza soziala eta denbora librea, eta antsietate handia sufritu ohi dute artistek.

K. Barcena: Askotan salatzen da artista askok, adibidez, euskaraz abesten dugunok, ez ditugula baldintzak betetzen merkatuan beste produktu batzuk funtzionatzen duten moduan funtzionatzeko. Baina gure helburua ez da Euskal Herrian euskal merkatu bat sortzea gure produktuak errentagarriak izan daitezen. Gure helburua da bai Euskal Herrian, bai beste leku batzuetan, beste gizarte mota bat sortzea merkatuaren logikak aginduko ez duena eta, beraz, arte ekoizpena modu aske batean egin ahal izango dena.

Gauza bat da momentuan musikatik diru bat irabaztea zure arte ekoizpena baldintza hobeetan egiteko, eta beste bat da helburua musikatik bizitzea izatea. Musikatik bizita zure arte ekoizpena merkatuaren denboren, eskariaren, zaletasunen… menpe egongo da. Helburua musikatik bizitzea bada, hein batean baldintza horiek onartu egin behar dituzu. Gure helburua ez da hori.

J Martinako kideak, 2019ko irudi batean. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

Gaur egun diskoek indarra galdu dute, plataformetako musika da nagusi, teorian errazagoa da zabaltzea… Musika egitea unibertsalizatzen ari da?

J. Jorajuria: Musika egiteko aukera handiagoa dago, baina asko zabaltzeko aukera ez dauka edonork. Eta musika egitea unibertsalizatzen ari bada ere, ez du esan nahi merkatutik kanpo egiten denik.

K. Barcena: Lehen diskografiak ziren irabaziak ateratzen zituztenak diskotik. Orain ez dizkiozu diskografia horri 2.000 euro ordaindu behar eta grabatu dezakezu zure etxean. Baina ordaindu behar diozu banatzaile bati zure musika plataformetara igotzeko, jendeak playlistetan sartzeko ere banatzaileak ordaintzen ditu…

Julen: Eta gero igotzen duzu musika erreprodukzio bakoitzagatik 0,008 euro ordaintzen dizuten plataforma batera. Gaur egungo multidiziplinartasunaren atzean prekaritatea dago. Do it yourself-a ("Zuk zeuk egin") oso prekarioa izan daiteke, zeuk egin behar duzu lan guztia, ezin duzu kontratatu diseinatzaile bat edo bideogile bat…

Nola funtzionatzen du Spotify-k?

J. Jorajuria: Spotify ez da Instagram bezala, ez da kontu bat egin eta abestiak igotzea besterik gabe. Kontratu bat egin behar da banatzaile batekin, eta bakoitzak bere eskaintza dauka. Guk ez daukagu horren gaineko kontrolik, eta kalkuluak eginda zenbat ordaintzen duen Spotify-k, zenbat iristen zaigun guri eta zenbat iritsi beharko litzaigukeen, ez da erreala. Ez da gardena, ez dakizu non geratu den dirua, zeinek zer kobratu duen, zenbat ordaindu dizun plataformak…

Merina Gris maskarekin ateratzen da oholtzara. Zergatik?

Julen: Askotan garrantzia handiagoa ematen zaio artistari, produktuari baino. Niri gustatzen zait artista ezagutzea, baina beste talde batzuetan jo izan dugu eta ez genuen aurreiritzirik sortzeko aukerarik eman nahi. Asmo artistikoa zuen jolas bezala hasi ginen aurpegiak ezkutatzen, baina paradoxikoki, identitatea indartu digu gure identitatea ezkutatzeak.

Zein proiektu dituzue hemendik aurrera?

Julen: Bigarren lan batean ari gara pentsatzen eta kontzertu dezente ditugu datozen hilabeteetan. Gauzak kontatzen jarraitzeko gogoa dugu. Abesti batean esaten dugu os lo juro que es la hostia lo que tengo que contar (zin dagizuet sekulakoa dela kontatzeko daukadana), eta hori da sentitzen duguna. Ez dugu esan nahi besteak baino hobea denik, baina uste dugu egiten dugun honek merezi duela eta gurekin konektatuko duen ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu.

Paskal: Konstantzia mantendu nahi dugu. Uste dut puntu honetara iritsi garela eta taldeak aurrera egiten duela oso konstanteak garelako.

J. Jorajuria: J Martinarentzat urte honetako buruhausterik handiena banda izan da. Pixkanaka konposatzen jarraitzeko asmoa dugu, eta udan-edo horiek atera eta eskaini.

A. Barcena: Udan printzipioz hasierako formatuari eutsiko diogu, hirurok emango ditugu kontzertuak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Kilate askoko abesbatza

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Bilboko Udalak muntatu gabeko eszenatokia, mehatxuak eta kronika faltsu bat

Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.


Feng Shui pianoan

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Victoria Eugenia Zikloa. Mitsuko Uchida (pianoa).
Egitaraua: Beethovenen hiru azken sonatak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia Antzokia.
Data: abuztuaren 18a.

Mitsuko Uchidak Musika Hamabostaldia bisitatzen duen hirugarren aldia da. Bere estiloak... [+]


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]


2025-08-12 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]


‘Stabat mater’ borobila

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]


Sendo eta dotore

Zer: Orquestra de la Comunitat Valenciana
Zuzendaria: Mark Elder
Bakarlaria: Nelson Goerner (pianoa)
Egitaraua: Txaikovsky eta Xostakovitxen lanak
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren 3a.

-------------------------

Orquestra de la Comunitat Valenciana... [+]


Requiem batekin abiatzea?

Zer: “Requiem (s)”. Ballet Preljocaj.
Koreografia: Angelin Preljocaj.
Eszenografia: Adrien Chalgard.
Argiztapena: Éric Soyer.
Jantziak: Eleonora Peronetti.
Bideoak: Nicolas Clauss.
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren... [+]


2025-08-01 | Eider Iturriaga
Musika zuzenean Eider Iturriagaren begietan

Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]


2025-07-30 | Xalba Ramirez
Oin bat paretaren kontra

Zatitxu 7
Zikin
Mendeku diskak, 2025

-------------------------------------------------------------

Aurten ere, udarekin batera dator Zikinen lan berria, esanez bezala: berdin zait oporrek hartzen bazaituzte Elantxoben, Belaguan edo Copacabanan. Eguraldi onak ez du egoera... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


2025-07-24 | Gedar
Aurka kolektiboa
“Auzi politikoa da: zertarako egiten dugu musika?”

Musika-eszena antikomertzialean alea jartzeko asmoz sortu dute Aurka kolektiboa. Martin eta Katalin kideekin hitz egin dugu arlo horretako kolektiboen loraldiaz, musika politizatuaz eta musikaren potentzialitateez, industria musikalaz, makrojaialdiez eta beste.


Eguneraketa berriak daude