Musika-eszena antikomertzialean alea jartzeko asmoz sortu dute Aurka kolektiboa. Martin eta Katalin kideekin hitz egin dugu arlo horretako kolektiboen loraldiaz, musika politizatuaz eta musikaren potentzialitateez, industria musikalaz, makrojaialdiez eta beste.
Zer da Aurka? Nondik nora sortu da?
Martin: Musika esparruan eragiteko jaio berri den kolektibo bat da Aurka. Mugimendu Sozialistaren bueltan elkar ezagutu dugun hainbat musikari eta musikazalek osatzen dugu, urteak daramatzagunak musikaren eta politikaren arteko harremanaz hausnartzen eta musikaren arloan izaten ari diren aldaketei erreparatzen. Azkenean ondorioztatu dugu badela momentua eta badela eragiteko arlo bat, eta, zalantzarik gabe, kolektiboki egin behar dela hori.
Kattalin: Oinarrizko ideia batetik abiatzen gara: ez dugu soilik musikaren negozioaren dinamikatik eta joera despolitizatzaileetatik kanpo egon nahi, horren aurka baizik. Bestelako zerbait eraiki nahi dugu. Norabide horretan asko dago egiteko, eta uste dugu elkarlanean soilik egin ahalko dugula aurrera. Horregatik, antzeko kezkak eta borondatea ditugunon arteko eztabaida eta batasuna bultzatu nahi ditugu.
Orain arte bi ekitaldi egin dituzue, Donostian eta Bilbon. Zer moduzko harrera izaten ari da egitasmoa?
K: Gure burua aurkezteko modu bat izan dira biak, eta polita izan da musikari, antolatzaile eta parte hartu duen jende guztiaren arteko elkarlana. Lan militante handia dago horrelako ekitaldi guztien atzean, eta uste dugu pozik egoteko moduko emaitzak izan dituela.
Donostian, Zentro Sozialistan egin genuen saioa, eta Bilbon, 7Katu Gaztetxean. Ez da kasualitatea. Gure ustez, Gaztetxeak eta oro har Langile Kontrolpeko Espazioak giltzarriak izan dira eta dira, eszena politizatu eta benetan alternatibo bat garatzeko. Guretzat garrantzitsua zen gure ekimenak hortik sustatzea.
"Argi ikusi dugu belaunaldi gazteetan badela musika termino politikoetan eta ez-komertzialetan egiteko borondatea"
M: Azpimarratuko nuke, gainera, uste dudala apustu interesgarria egin dugula artista gazteei tokia ematen. Argi ikusi dugu belaunaldi gazteetan badela musika termino politikoetan eta ez-komertzialetan egiteko borondatea, eta hori sustatzea lehentasuna da guretzako.
BBK Live makrojaialdia izan da berriki. Hainbat izan dira azken urteetan Bilboko jaialdi hori salatu eta kritikatu duten ahotsak.
M: Azken urteetan kritika mordoa egin zaio BBKri, eta bertan parte hartzeari uko egin dioten taldeak ere ikusi ditugu. Eta normala da. BBK Live ez da jaialdi musikal huts bat, eta Last Tour ez da promotore musikal soil bat: gaur-gaurkoz, EAJren aliatu perfektua da kultur-arloa antolatzeko; botere handia daukan enpresa bat, Euskal Herrian musika-industriaren barruko enpresa boteretsuena ziurrenik.
"BBK Live guretzat adibide garbi bat da ikusteko zerri deritzogun 'kultur-eredu kapitalista' eta zer diren makrojaialdiak orokorrean"
BBK Live guretzat adibide garbi bat da ikusteko zerri deritzogun kultur-eredu kapitalista eta zer diren makrojaialdiak orokorrean: diru publikoarekin enpresa handien intereserako diseinatzen diren jaialdiak, lan prekarioaren esplotazioan eta ikusleen poltsikoa zukutzean oinarrituak. Eta, helburu ekonomikoez gain, argi dago beste funtzio batzuk ere betetzen dituztela: instituzio kapitalistak zuritzeko, turismoari eta hirigintzari loturiko funtzioak betetzeko, eta, orokorrean, kultur-eredu hori legitimatzeko.
Nola ulertu makrojaialdien eredua musika-industriaren azken hamarkadetako joeren barruan?
M: Makrojaialdien loraldi edo plaga horrek guztiak lotura estua du musikaren industriarekin, edo hobe esanda, bere helburu gorenarekin: enpresen irabaziak areagotzea. CDa edo biniloa bezalako formato fisikoekin dirua egitea zaildu egin da Internetaren garapenarekin, eta zuzeneko erraldoiak bilakatu dira industria musikala osatzen duten enpresek aberasteko aurkitu duten formula berria. Irabaziak betikoentzat dira: askotariko enpresa handiak, eta haien zerbitzura dauden politikariak.
K: Eredu kultural jakin bat ere inposatzen digute makrojaialdien bidez: kontsumismoa, artistak politikoki ez posizionatzea, enpresen propaganda, indar polizialen zuriketa... Gaur egun, makrojaialdiek espazio handia hartzen dute jendearen aisialdi-ereduan eta kontsumo-ereduan, eta Euskal Herrian ere ikusten ari gara garatzen ari dela hori guztia, bai BBK Livekin bai txikiagoak diren jaialdiekin. Martinek aipatu dituen baldintzetan eta interesekin egiten dira jaialdi horiek, ordea, guztia jai-giroan eta irudi onbera eta jator batekin.
"Ikusten da oso garbi nola dagoen apustu oso indartsu bat egina instituzioen eta enpresen aldetik, sozializazio-espazioak gero eta gehiago kontrolatzeko"
Ikusten da oso garbi nola dagoen apustu oso indartsu bat egina instituzioen eta enpresen aldetik, sozializazio-espazioak gero eta gehiago kontrolatzeko; finean, kontrolatu egin nahi baitute kultur-kontsumorako eredua, politikoki espazio horietan gerta daitekeena, eta arteak izan ahal duen potentzialitate politikoa. Eta, gainera, estetika apurtzailearekin egiten dute hori guztia, ematen baitu esperientzia askatzaile bat dela adibidez makrojaialdietara joatea. Horrek guztiak balio handia du haientzat politikoki, nahiz eta makrojaialdiena ez den zentzu horretan egina duten apustu bakarra, noski.
Musika-industriaren irudi onbera hori apurtu du, azken pare bat hilabetean, KKR funts sionistak hainbat makrojaialditan duen esku-hartzea argitara atera izanak. Hainbat taldek eta artistak salatu dute, eta uko egin diote ekitaldi horietan parte hartzeari.
K: Hasteko, esan beharra dago ez dela kasualitatea KKR bezalako funts sionista batek ahalmena izatea musikan ere maila horretako esku-hartzea egiteko, edo ez dela enpresari jakin batzuen maltzurkeria kontua ere: auzi ekonomiko bat da, eredu kapitalistaren eta negozioaren logikaren ezinbesteko ondorio bat. Enpresak dira, dirua da helburu eta lege, eta horretarako sionistekin negozioak egin behar badituzte edo haiei saldu behar badira, egin egingo dute. Musika ez da dinamika kapitalista orokor horretatik libratzen.
"Ez da kasualitatea KKR bezalako funts sionista batek ahalmena izatea musikan ere maila horretako esku-hartzea egiteko, edo ez da enpresari jakin batzuen maltzurkeria kontua ere: auzi ekonomiko bat da, eredu kapitalistaren eta negozioaren logikaren ezinbesteko ondorio bat"
Horregatik, oso hipokrita da BBK Livek momentu hau erabiltzea Palestinaren alde dagoelako itxura emateko, errealitatea bestelakoa denean: ez da bakarrik ez duela Palestinaren aldeko inolako apusturik egiten, baizik eta dituen harreman ekonomiko eta politikoek guztiz kontrakoa dakartela. Eta logika horrek guztiak momenturen batean KKRrekin edo bestelako sionistekin negozioak egitera eramaten badu, aurrera egingo du.
M: Esatea KKRren esku-hartzea ez dela erabaki personal bat, baizik eta kapitalaren logika, ez da justifikazio bat. Kontrakoa da. Guretzat, eredugarria izaten ari da hainbeste artistak egitea boikoterako dei publikoak eta posizioa hartzea, ezinbestekoa baita Israel egiten ari den genozidioaren eta inperialismoarentzat betetzen ari den rolaren aurka posizioa hartzea. Epelkeria edo neutraltasuna ezin dira aukera bat izan.
Aldi berean, "dagoena dago" esatera mugatu diren artistek kultur-eredu kapitalistaren adibide garbia eman dute: irabazi kapitalistak guztiaren gainetik egotea justifikatzen dute, eta erakutsi dute "apolitikotasun" edo neutraltasun guztien atzean betikoen menderakuntza dagoela.
Gurean ezagunak eta arrakastatsuak izan dira aurreko hamarkadetan bestelako eredu batzuk ere: bai eszena antikomertzialeko zirkuituak, bai musika politizatuaren eredua ere.
M: Hala da. Adibide horiei begira ondorioztatzen dugu guk interbentzio politikorako esparru interesgarria dela musika, eta posible dela beste eredu politizatu bat, merkatuaren logikatik aparte. Ondorioztatzen dugu, gainera, auzia ez dela "makro edo mikro" artean ebaztea, eta irtenbidea ez dela jaialdi edo proposamen musikal "mikroak" egitea. Kontrara: politizazioa eta gizarte kapitalistari kritika ere "makro" izatea nahiko genuke guk; masiboa izatea, alegia.
Eta horren eredu handiak ditugu Euskal Herrian; politikoki engaiaturiko artistena, ideia politikoei loturiko ekitaldi eta proposamen artistikoena, ideia politiko kolektibo batzuk transmititu nahi zituzten abesti eta taldeena. Ez dugu nostalgikoak izan nahi, baina eredu hori hor dago, eta bertatik ikasteak ere lagunduko digu gaur egun pausoak ematen.
"Auzia ez da hainbeste ea 'zer' edo 'zenbatentzat', baizik eta 'zertarako'. Gure ustez musikak eta ekimen musikalek, bai tamaina handian bai txikian, badute gaitasuna komunitatea sortzeko, aldarriak plazaratzeko, borrokei ekarpena egiteko, ospakizunerako..."
K: Auzia ez da hainbeste ea "zer" edo "zenbatentzat", baizik eta "zertarako". Gure ustez musikak eta ekimen musikalek, bai tamaina handian bai txikian, badute gaitasuna komunitatea sortzeko, aldarriak plazaratzeko, borrokei ekarpena egiteko, ospakizunerako... Eta potentzialitate politiko oso handia dute zentzu horretan. Horri begira egin nahi dugu ekarpena guk.
Gaztetxeek funtzio garrantzitsua bete izan dute hor.
K: Zalantzarik gabe. Gaztetxeek aukera ematen dute aurretik aipatutako eredu antikomertziala praktikan jartzeko. Espazio horietan eredu oso argi bat dugu aisialdia eta musika beste era batera antolatzeko, non Euskal Herriko gazte langileak antolatu egiten diren eta non antolakuntza politikoa musikarekin eta bestelako praktika artistikoekin harremanetan jartzeko aukera dagoen. Garrantzitsua da, ez bakarrik eredu hori defendatzea, baizik eta hortik eraikitzea aipatzen ari garen eredu kulturala.
"Beste eredu kultural bat defendatu nahi badugu, Gaztetxeak defendatu behar ditugu"
M: Beste eredu kultural bat defendatu nahi badugu, Gaztetxeak defendatu behar ditugu; industria kulturaletik kanpo egongo den eredu bat defendatu nahi duenak, halako espazioak defendatu behar ditu. Gutariko gehienontzat, Gaztetxeak izan dira bai politikaren bai musikaren eskolak. Hor ikusi ditugu gure lehenengo kontzertuak, hor izan ditugu gure taldeak, hor eman ditugu orduak musika entzuten, musikaz hitz egiten. Gaztetxeen defentsa ezinbestekoa izan da musika-eszena alternatibo eta kontrakulturala mantentzeko, eta hala izaten jarraitzen du.
Euskal Herriko eszena, txikia izan arren, ez dago musika-industriaren dinamika horietatik salbu.
M: Halaxe da. Fantasia da pentsatzea Euskal Herria industria kulturalaren dinamiketatik salbu dagoela, baina uste dugu bi eratan gauzatzen dela industria horren interbentzioa, zuzenean eta zeharka. Alde batetik, musika-industria osatzen duten enpresen esku-hartze zuzena dugu: estadioetatik edo makrojaialdietatik areto txikietaraino, talde internazionaletatik herri eta auzoetako gaztez osaturiko taldeetaraino, haien kontrolpean eduki nahi dute dena. Muturreko adibide bezala, gero eta gehiago ikusten ari gara nola enpresak Gaztetxeetako ateak jotzen ari diren, haien zerbitzura dauden artistak horietara bideratzeko eta ekitaldiak antolatzeko.
"Musika-industriaren dinamikaren esku-hartze zuzen gisa ulertzen dugu kontzertuen zirkuitu osoa enpresa eta instituzio kapitalisten esku geratu izana, baita proposamen 'aldarrikatzaileak' dituzten taldeena ere"
Musika-industriaren dinamikaren esku-hartze zuzen gisa ulertzen dugu kontzertuen zirkuitu osoa enpresa eta instituzio kapitalisten esku geratu izana, baita proposamen "aldarrikatzaileak" dituzten taldeena ere. Proiektu politiko iraultzaileengandik aldenduta, talde eta artista horiek bideratu dituzte estadio, areto eta jaialdietara.
Bestalde, zeharka edo maila kulturalagoan, musika-industriaren eredua gero eta onartuago eta hedatuago dago, eta artistak ikusten ditugu eredu merkantilaren arabera egiten euren ekitaldiak, diskoak eta musika. Garai batean musika eta politikaren arteko harremana ohikoa bazen ere, gaur egun sustatzen dena kontrakoa da: profesionalizazioaren bitartez aberasteko esperantza eta grina, politikoki "ez posizionatzea", industria kulturalean nagusi diren modak eta joerak hartzea...
Zer da mainstream-a?
K: Gure ustez mainstream-a ez da bakarrik momentuan modan dagoen musika-generoa edo estetika; ez da soilik ea zein musika entzuten den gehien, eta ez da Spotify-en entzunenak diren 20 artisten zerrenda ere. Mainstream-a oinarrian dagoen eredu kultural orokorra da, dinamika bat; negozioaren izenean musika-esparruan eragiten duten elementu guztiak baldintzatzen dituen dinamika, artista-ereduan goitik behera eragiten duena. Horrek sortzen duen artista-eredua guztiz despolitizatua da, kontsentsuaren erakusle, eta ez da muturreraino gatazkatsua izango. Hortik harago, gainera, bultzatzen du artista berriek halakoak izateko borondatea eta aspirazioa izatea, eta modu horretan txertatzen dira industria kulturalaren dinamikan.
"Mainstream-a ez da bakarrik momentuan modan dagoen musika-generoa edo estetika; ez da soilik ea zein musika entzuten den gehien [..]. Mainstream-a oinarrian dagoen eredu kultural orokorra da, dinamika bat"
M: Zentzu politikoan ulertu behar dugu hori guztia. Izan ere, bereziki kezkatzen gaitu dinamika horren izaera despolitizatzaileak, produktu deskafeinatuak sortzera bultzatzen baitu, ez direnak inoiz konfrontatiboak izango. Lehentasunez egin nahi diogu aurre joera horri. Mainstream-aren baitan, gizarte kapitalistak sortzen dituen miseria eta suntsipena estaltzeko edo jasangarri bilakatzeko entretenimendua baita musika, dagoena justifikatzen duen espektakulu bat.
Nola egin aurre musikako joera politiko horiei, ordea?
M: Konplexua da, dudarik gabe. Guk geuk ere ez dugu egitekoen zerrenda itxi eta zehatz bat. Argi daukaguna da bestelako eredu bat aldarrikatu eta gorpuztu beharra dugula, irabazi kapitalistetan oinarritzen ez dena, eta gazte langileen belaunaldi berriak politizatzea helburu duena. Eta argi dugu, bestalde, hau ez dela auzi indibidual bat: ez entzuleak ez artistak ezin du ezer egin bere kabuz. Ez da auzi musikal bat ere, bere zentzu hertsienean, ez baitago industria kulturalak asimilatu ezin duen kanturik. Auzi politikoa da, beraz: zertarako egiten dugu musika? Noren interesen alde? Noren boterea elikatzen dugu? Zer ideia sustatzen ditugu? Nor uzten dugu geure proposamenetik kanpo?
"Auzi politikoa da, beraz: zertarako egiten dugu musika? Noren interesen alde? Noren boterea elikatzen dugu? Zer ideia sustatzen ditugu? Nor uzten dugu geure proposamenetik kanpo?"
K: Aurrean dugun erronka oso handia da, industria kulturalaren aparatuak eta bere egitura, despolitizaziorako gaitasuna eta merkantilizaziorako gaitasuna oso handiak direlako, guk gaur-gaurkoz ditugun erremintekin eta gu garenarekin alderatuta. Baina badakigu baldintzak badirela eta borondatea badela; egoera politizatzeko, bide-orri bat hasteko, eta pixkanaka eraiki ahal izateko horri guztiari aurre egingo dion eredu kultural bat. Uste dugu momentu ona dela eztabaida batzuk mahai gainean jartzeko eta auziari modu kolektiboan erantzuteko.
Eszena antikomertziala sustatzeko kolektiboak ugaritu egin dira Euskal Herrian azkenaldian, eta une horretan sortu duzue Aurka. Nola ikusten duzue loraldi hori?
K: Musika-industriaren eta bere dinamikaren aurkako borondate bat dagoelako seinale dira, eta, zentzu horretan, esperantzagarri izateaz gain, eredugarriak ere badira halako kolektiboak. Gero eta gehiago dira musika-industriaren munstroa ikusteko gai direnak eta bestelako zerbait proposatzen ari direnak. Guk ere ekarpena egin nahiko genuke, eta batez ere praktika bat sustatu, eredu kultural bat eraikitzearen alde.
M: Gutako asko halako kolektiboetan edo antzeko egitasmoetan egon izan gara, eta asko dago elkarrengandik ikasteko eta hausnartzeko. Are gehiago: ez badugu bazterreko eredu izan nahi, eta musika-industriari aurre egin nahi badiogu, bestelako eredu bat hedatuz, garrantzitsuak izango dira elkarlana eta batasuna.
Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana.
Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia.
Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]
Zer: Orquestra de la Comunitat Valenciana
Zuzendaria: Mark Elder
Bakarlaria: Nelson Goerner (pianoa)
Egitaraua: Txaikovsky eta Xostakovitxen lanak
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren 3a.
-------------------------
Orquestra de la Comunitat Valenciana... [+]
Zer: “Requiem (s)”. Ballet Preljocaj.
Koreografia: Angelin Preljocaj.
Eszenografia: Adrien Chalgard.
Argiztapena: Éric Soyer.
Jantziak: Eleonora Peronetti.
Bideoak: Nicolas Clauss.
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren... [+]
Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]
Goizegi Hiltzeko
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.
Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso urruñarrak:... [+]
Zatitxu 7
Zikin
Mendeku diskak, 2025
-------------------------------------------------------------
Aurten ere, udarekin batera dator Zikinen lan berria, esanez bezala: berdin zait oporrek hartzen bazaituzte Elantxoben, Belaguan edo Copacabanan. Eguraldi onak ez du egoera... [+]
Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.
Iritsi da uda. Egunak argi, bero eta luze dira orain, eta kostaldea jendez, sonbrilaz, krema usainez eta doi-doi ulertzen ditugun hizkuntzez bete da. Zuzeneko musikan ere gauzak asko aldatzen dira: mailarik gorenean daudenek makrojaialdietako birari ekiten diote, poltsikoak... [+]
Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote... [+]
Azken urteotan egin dudan bezala, Musika Hamabostaldiak 86. ediziorako prestatu duen egitarau ederra ikusita, nire iradokizun eta gomendio bereziak egiten dizkizuet.
Egia esan, eta ia beti gertatzen den bezala, oso zaila da kontzertu batzuk nabarmentzea, horiek guztiak... [+]
26 urtez euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria oholtza gainera eraman ondoren, Hatortxu Rock jaialdiak bere azken edizioa egingo du ostegunetik igandera bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Jaialdian bildutako dirua preso sein senideentzat dispertsioak zekarren zama... [+]
Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.
Alegoría del mal
Rat-zinger
Kasba Music, 2025
--------------------------------------------------------------
Apokalipsiaren aurreko garai ustel hauetan, non eskuin atzerakoienak lortu duen bere diskurtsoa erdian jartzea, erabat ezabatuta dagoen gizarte batean,... [+]
Aspaldi ez bezala hunkitu nintzen Bloñ lehen aldiz ikustean. Bizi osorako ahots bakarra entzun ahalko banu kantuan, zalantzarik gabe, Maia Iribarnerena litzateke. Obretan ari dira etxe barnean eta inguruko zuhaitzen itzalpean jarri ditugu aulkiak, parez pare. Mintzatu... [+]
Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]