GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko


2025eko abuztuaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 14:04
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso urruñarrak: etxegabetzeentzat, Palestinako genozidioarentzat, musika industriarentzat, politika arrazistentzat, Justiziarentzat, Poliziarentzat. Dohain berezia du Barrosok errimentzat, igaro dituen proiektu orotan bistaratu den gisan. Pertsona sinplea dela egiten du aldarri bigarren disko honetan, bere lurra maite duen animalia dela, eta, ororen gainetik, ez dela isilik egoteko sortu; goizegi dela hiltzeko.   
Gorka Peñagarikano Goikoetxea

hhh
Eneritz Furyak
Autoekoizpena, 2024
33 min.

Zelatari abestiko hego haizearen ahoan ideia inizial bihurtu eta izen hori jarri dio bere hirugarren diskoari. Diskoaren atmosfera ongi laburbiltzeko balio dit hhh-ak: ez da baitezpada lehen entzuketatik eskuragarria, erraza, ezaguna, baina hartzen zaitu eta hego haizearen gisara berotzen, mugiarazten, kontroletik at bultzatzen zaitu. Musika elektronikoa? Bai, duda gabe. Piano teklak ere dantzan jarri ditu. Eta ttak afrobeat-era salto, eta ttak giro popagora salto. Hitzak bereak ditu, eta hor ere ezin orokortua dugu: bizipen bat, solasaldi bat, dantzarazteko soinu segida bat... Hhh, hego haizea bezain harrapaezina.
Jenofa Berhokoirigoin

Lukiek #3
Lukiek
Ático Stereo, 2025
36 min.

Mungiako hirukoteak trilogia itxi du. Euskaraz abestutako rock alternatiboan dabiltzala diote, baina askoz gehiago topatuko du entzuleak hamar kantuko lan honetan. Fantasiaz jositako bidaia da, alegien eta ametsen mundura gonbidatzen gaituena, soinu, letra eta irudi bidez. Lukieken esentzia argia da hasi eta buka, baina aldaketa eta sorpresa ugari jasoko ditugu tartean. Olgetan-benetan dabiltza disko osoan, gure errealitatea mungiarrez oihukatzen, gorputzak eta adimenak ixartuten.
Leire Artola Arin

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Eguneraketa berriak daude