Aldarri zaharrak berri: Kultura prekarioa da

  • Hitz testualak dira: “Euskarak iraun badu, kultura bat garatu duelako izan da; eta kultura horrek iraun badu, euskaldunek euskara bizirik gorde dutelako da”. Hala diote Lanartea elkarteko lagunek Laineza. Kultura haragi bizitan liburuko hitzartzean; 50 artistak baino gehiagok hartu du parte piezaz pieza ondutako bilduman. Pieza laburrak dira, ahots askoko aldarriz beteak. Finean, gaur egungo Kultur Industria sortzaileen ahotsik gabe eraikitako industria dela ohartarazi dute.

Amagoia Gurrutxaga eta Koldo Izagirre, Lanarteako kideak. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Amagoia Gurrutxaga eta Koldo Izagirre, Lanarteako kideak. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

"Langostino asko jan beharra dago ogia irabazteko”, hala dio Andoni Egañaren artikuluak. Euskararen langile autonomoari ez diote duin ordainduko, ez da ohikoena, baina Egañak argudiatzen duena da bazkari edo afari batera gustu handiz gonbidatuko dutela kulturgilea. Karitatea aplikatzen zaio sortzaileari, eta ez, aldiz, duinki balora daitekeen soldata. Finean, langostino dezente jan arren, lanak izango ditu etxera ogia eramateko.

Kafesnea bukatzeko astirik ere ez du, berriz, Nerea Loiola Pikazak ipuinera eramandako pertsonaiak. Ez du denborarik gaur; baina agian izango du bihar. Eta haurren kargu egiteko ere antzera dabil. Posta elektronikoko sarrera-ontzian dituen bi mezuk hankaz gora jarri diote eguna: batak, Ogasunak bidalikoak, urgentziaz eskatzen dio ziurtagiri jakin bat prestatu eta bidaltzeko; besteak, ordea, emakumeen ekintzailetza tailer baterako gidoiari ekiteko garaia dela iradokitzen dio. Baina telefono-dei bat da gurasoei laguntza eskatu eta aurreikusiak zituen plan guztiak hankaz gora jartzen dizkion goizeko hirugarren eskaera: argitaletxekoak dira telefonoan, berrikusteko testu bat bidaliko diotela, eta presazkoa dela.

Liburuan argitaratutako ilustrazioetako bat. (Egilea: Unai Gaztelumendi)

Horra hor egungo euskarazko sortzaile autonomoaren egoera gorabeheratsua, Lanarteako kideek deskribatzen duten gisan: hilabete honetan dirurik ez eta hurrengoan bai; egun batean pobre, beste batez nagusi; baina, funtsean, motz, eskas eta ziurgabe. Amagoia Gurrutxagarekin eta Koldo Izagirrerekin egin dugu hitzordua liburua aitzakia hartuta solastatzeko; Gurrutxaga da Lanartea Elkartearen koordinatzailea eta liberatu bakarra.

Euskararekin lan egiten duten sortzaile autonomoek sortu zuten elkartea, baina euskarazko kultur sistemak dituen ezaugarriak tarteko, jakin badakite autonomoak ez direla gehiengoa, asko direlako beste lanbide bat izan eta tartean behin kultura sortu eta fakturatzen dutenak.

Autonomo bihurtzea sustatzen da sistematikoki, ordea. Eta horixe bera korazatu nahi da Espainian zehazten ari diren Artistaren Estatutuan. Azken aldian asko zaildu zaie burokrazia lana; oso lausoa den esparrua da, eta are lauso, zail eta konplikatuagoa egiten da Hegoaldean lau Foru Ogasun izanda. Eta euskal sortzaileak ez du bere lurraldean soilik produzitzen, zazpi lurraldeak zeharkatzen ditu. Hargatik, gestorearenera jotzea izan daiteke buruhausteak arintzeko modua, betiere poltsikoagatik ez bada. Gaur egun maldan gora jartzen ari dira gauzak. “Gaur da eguna jendea geroz eta itoago dagoena; gaur da eguna mila euro kobratzera iristen ez denak gestoreari ordaintzen xahutu behar duela dirua”. Prekaritatearena-eta, zaharrak diren aldarri berriak egun.

Atzoko eta gaurko kezkak
Liburuan badira 1960 aurretik euskaraz, kulturaz eta lanaz, nekez eta penez idatzitako 40 sortzaileren kezkak; 1960az geroko beste 45 sortzaile berriren gogoetak ere bai; eta azken horien artean aurki daitezke sortzaile gazteenen premiak eta aldarriak ere. Diziplina ugaritako lanak jaso dituzte: ilustrazioa, itzulpena, literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, dantza... Orotara, 80 irudi eta 85 testu. Unean uneko aldarriak, garaiko kezkak eta premiak; baina esanda bezala, erakusten da euskarazko sortzaileen kezka ez dela oraingoa.

Lourdes Iriondo kantariak argi zioen 1967an, Zeruko Argian, "Euskalerriko eskaleak" izeneko artikuluan: “Nik diotena da euskaldunak gure kulturaren alde guda bizia egin behar degula. Ez dela aski ‘gure euskera gaxua’ eta horrelako lelokeriak esatea”. Urte gutxi beranduago, Amaia Lasa idazleak ere kritika egin eta gogoeta kolektiborako eskua luzatu zuen Anaitasunan, 1971n: “Kulturak ere behar ditu bere liberatuak” esanez ekiten dio artikuluari; eta amaitzeko, berriz, honela: “Hemen ematen diot amaiera nire sermoiari, besteak entzuteko gogoz”.

Lourdes Iriondo, "Euskalerriko eskaleak". Zeruko Argia. 1967ko urtarrilaren 29a.

Badirudi, ordea, ez dela gogoeta kolektiborik egin. Izagirre: “Gure elkarteko bazkideen artean, zaharrenen artean batez ere, sekulako etsipena dago. Duela 60 bat urte bazeuden espektatibak, ilusioa, irauli zitekeela guztia, euskara batua sortu eta traba politikoak gainditu; baina ez zaio buelta eman, hori da kontua. Erakundeek ez dute maila eman. Ez daude kulturaren mailan eta ez dirudi asko inporta zaienik”.

“Ahal duguna salba dezagun”
Horixe zioen Gabriel Arestik 1963an: “Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Honela salbatuko gara”. Euskarazko kulturgintzak eraberritu beharra zuela uste zuen, bazirudielako euskara egon zitekeela ate gehiago zabaltzeko gai zen agertoki horretan, euskara bateratzearen atariko. Eraberritze batek unibertsaltasuna eman ahal zion euskarari, eta hizkuntza-eredua finkatzeak lagun zezakeen traba politiko eta sasi-linguistikoak gainditzen.

Liburuan argitaratutako ilustrazioetako bat. (Egilea: Ainara Azpiazu 'Axpi')

Arestiren aldarri harroak biziberritze baten premia islatzen du; proposatzen duena, funtsean, munduaren historian sartzea da: hartu eta euskarara ekarri, euskaraz eman ahal izateko munduari. Alegia, mundukoa euskaraz kontatu. Eta zergatik ez ere, buelta emanda, mundurako euskaraz kontatu eta kantatu.

Esaterako, bada Mikel Laboaren disko bat, 1969koa, Bertolt Brechten letrekin osatutakoa; hauxe da Gaberako aterbea kantua: “Kontatu didate Nueva York-en / Broadway eta 26. karrikaren kantoian / negu gorrian, gizon batek gabero / jendeari otoi eskatzen / aterbea bilatzen duela / bilutsirik daudenentzat”. Kantuetan ez ezik, literaturan ere ikusi zen ahalegina, Suitzara eta Belgikara eramanez euskaraz sortutako istorioak, Ramon Saizarbitoriaren eta Txillardegiren Egunero hasten delako eta Elsa Eschelen liburuetan.

Etsipena dago: Franco hiltzear zeneko eraberritze ilusioari ez zaio behar bezalako erantzunik eman

Itzulpenei era prestuago eta administratiboago batean ekin zitzaion ondoren Eusko Jaurlaritzarekin, diru dezente jarrita. Garrantzitsua ikusi zen erakundeetatik munduko literatura euskaratzea eta euskaraz obra handiak leitzeko aukera eskaintzea, bestelako hizkuntzetan ere aukera egon badagoelako. Enkargua jarri zion Jaurlaritzak Ibaizabal argitaletxeari eta horri heldu zioten hainbat idazlek eta itzultzailek. Erronka handia izan zela gogoratu dute.

Baina emaitza, eskasa. “Zein izan zen promozioa? Hutsa. Eta promozionatzen ez bada ez da saltzen. Orduan, ez dezagun esan ez dela saldu ez delako nahi, ez baituzu promozionatu”.

Mundukoa eta mundurako euskaraz eta euskaratik kontatzeko apustu handiek huts egin dute, bistan da. Garai hartako borrokak literatur obra handiekin izan baziren ere, antzekotasunik bada gaur egun plataforma digitalei hizkuntz eskubideak errespetatzeko egiten zaizkien eskakizunekin.

Liburuan argitaratutako ilustrazioetako bat. (Egilea: Begoña Durruty)

Bigarren mailakoa
Euskarak zertarako balio duen, hor dago gakoa. Izan ere, zalantzaren aurrean, balio duena beti da gaztelerazkoa; hala kontatu dute Gurrutxagak eta Izagirrek. Hainbat lan-deialdietako oinarri eta antzerako dokumentu ofizialak aipatu dituzte: zalantza, hanka sartze edo datu kontrajarriren baten aurrean, balioa duena gaztelerazko bertsioa izan ohi da. Eta hori ez da soilik erreklamazio baten aurrean administrazioko langileak ematen duen erantzuna, hitzez hitz hala baitiote dokumentuek berberek ere. Alegia, “berdin zaigu euskarazkoa gaizki eginda ere; egite hutsak badirudi nahikoa suposatzen diela batzuei”.

Pentsatu eta sortu ere gazteleraz egin ohi da, eta hura itzultzen da euskarara. Hori, noski, itzultzeko hautua egiten bada. Eta itzultzekotan ere, baliorik ez bazaio ematen, edo akatsak egiteak hainbeste axola ez badu, zertarako bidali enkargua itzultzaileari, aski bada sareko erreminten bidez egitea? Non geratzen da, beraz, euskal itzultzaileen lana? Eta lelo horiek euskaraz sortzeko ez al dago inor? Imajinatuko genuke euskaraz sortu den testua gaztelerara itzultzaile automatikoarekin pasatzea eta emaitza ez birpasatzea?

Halako galderei erantzuna bilatzean, honela laburbildu du Izagirrek: "Euskara ez dago zirkuito ekonomikoan. Ez gaituzte nahi, bistan da". Lanarteak, makina bat ahots barnebildu dituen liburua eskuan, eztabaida kolektiborako bidea urratu nahi du berandu izan aurretik.

Liburuan argitaratutako ilustrazioetako bat. (Egilea: Iñaki Martiarena 'Mattin')

 


ASTEKARIA
2023ko martxoaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Aitona hil egin da?

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Eguneraketa berriak daude