GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako


2025eko abuztuaren 08an - 00:00
Azken eguneraketa: 13:43
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen gaitu, baina garai hartan hasita zeuden aldaketen lehen printzak ere sumatuko ditugu liburuan zehar. Dokumentazio lan eskerga orrialde gutxitan zimurtzeko. Montoiak pertsona arrunt baten atzean dagoen psikopata erakutsiko digu, eta bere biktima izan ziren emakumeen profilak ere hausnarketa askotarako bide emango digu. Amaieraz hobe ezer ez esatea.
Urko Apaolaza Avila

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Itzulpena: Amaia Apalauza Ollo
Elkar (eskafandra), 2023
260 orrialde

Zaplazteko ederrak eman dizkigu Rafia Zakariak liburu honetan feminista zuri gehienoi. Egiari zor, pentsalari pakistandarraren asmoa ez da feminista zurien kontra egitea, baizik eta feminismo zuria kontzeptua gogoetan ipintzea. Feminismo horren arrazakeria sistematikoa salatu du, eta feminista batzuek haien kezkak, agendak eta iritziak unibertsaltzat hartu izana kritikatu du. Zakariak feminista orok tokia izango duen feminismoa aldarrikatu du eta liburuak eztabaidarako balio izatea espero du.
Onintza Irureta Azkune

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia eta Esteban Montorio
Pamiela, 2023
248 orrialde

Markos Gimenoren bizitzan sartzea atzera aurrera diharduen munduan barneratzea da, palindromoen munduan. Palindromoak egiten zituen Gimenok, eta horietan eta haren palindromoetan oinarrituta artista andanak –Sarrionandiaren iruzkinekin– egindako 101 kartelen mundu liluragarrian murgilduko da irakurlea. Euskal gatazkaren garaiko Ermuko girora eramango gaitu liburuak, letra-kartel artera galtzera, eta Gimenok pairatu zuen eskizofreniaren gora-beheretara.
Xabier Letona Biteri

Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien
Irene Solà
Itzulpena: Joxan Elosegi
Alberdania, 2024
204 orrialde

Deabruarekin egindako tratu bat oinarri, emakumez osatutako familia baten joan-etorriak dira protagonista, ezbeharrak eta fantasiak inguratuta. Lurrak, animaliek, deabruek; denek dute hitza eta denek nahia. Kataluniako barrunbeetan darama irakurlea, oraina, lehena eta geroa ondo bereizi ez eta hilen eta bizien bizitzak nahastera. Errealismo magiko gozagarria eta prosa azkarrez ondutako liburua, gogoz hartuz gero, amaiera arte esku artetik kendu ezinda geratuko da irakurlea.
Maria Ortega Zubiate

Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian
Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal
Alberdania, 2023
244 orrialde

Zergatik ari dira ugaltzen osasun mentaleko arazoak gazteen artean? Hari horri tiraka, datuz, ikerketez, gogoetaz eta proposamenez jositako liburua da hau, hezkuntza nahiz psikologia arloetan formatu diren Lazkano eta Ormazabalek egina. Identitateaz eta emozioez mintzo zaizkigu, teknologiaren eta sare sozialen inpaktuan sakontzen dute, familien eta sareen eraginean, eta elikadura nahasmenduez, antsietateaz, depresioaz, suizidioaz argi hitz egiten dute. Hainbat jokabide ulertzeko pistak ematen ditu lanak, horien aurrean zer egin dezakegun laguntzeko asmoz. 
Mikel Garcia Idiakez

Itsaso gaziaren balada bat
Hugo Pratt
Itzulpena: Irene Hurtado eta Saratxo Mendieta
Astiberri, 2024
176 orrialde
Zuri-beltzean

Baziren 36 urte Corto Maltese marinel abenturazaleak euskaraz egiten ez zuela, Ethiopikoak-etik.Lehenago, 1986an, ARGIAk Itsaso gazituaren balada argitaratu zuen, atalka; eta, hain justu, Malteseren lehenbiziko albuma osorik plazaratu da 2024an. Edizio ederra da. 1913ko azaroaren 1ean abiatzen da istorioa, Lehen Mundu Gerra lehertzear dela. Rasputin pirataren ontziak naufrago bat jaso du Ozeano Bareko olatuetan...
Jon Torner Zabala

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Eguneraketa berriak daude