ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Literatura-literatura

Diktaduraren aurkako borrokaren eredua, kaiku bat janztea. Biktimen Oroimenezko Zentroan, Meliton Manzanas. Bakearen alde Ukrainari erasorako armak bidali (ez nekien eman, saldu, utzi, zer aditz jarri, bidali, tira, bidali). Eta haurrak: ama, egingo ditugu txisteak? Etxe bat teilatu baten gainean. Artzain pilo bat, eta ardia artzainak zaintzen.

Nola erabaki garaia dela umeari liburu bat irakurtzeko? Baduela ulertzeko gaitasuna? Ulertzeko, zer? Mezua? Zer mezu? Ez daki irakurtzen. Badakizki hizki batzuk, bokal guztiak eta kontsonante batzuk. Badaki galdera ikurra zer den, harridura ikurra eta punto. Ahozabalik jarraitzen die belarri eta begiz oraindik izpi txikiak baino bidaltzen ez dizkioten lerroei. Eta badaki lerroak non hasten diren, eta noiz hasten diren jolasean.

Gordeta nituen bi poema liburu atera ditut. Bost urte ditu. Barrez lehertu da oso barregarria iruditu zaiolako itsasoa botila baten barruan egotea, poema bat tiroz beteta ikustea, hizkiak ispiluan, “ama, irakurri berriro”, “berriro”, ez daki zerk egiten dion grazia. Zonbiek beti dute arrakasta gurean, eta ilusioa egin diote kantatzen zekizkien poemek. Beste liburuko lerro bihurri guztiak berrirakurri ditu, “hemen jartzen du glu-glu-glu”, eta “hau da zzzzzzzzzzz”, “ate bat!”, “zergatik esan du hori?”, “zer da esnatuta amets egitea?”. Berak ez jakitea.

“Ezin dut lo egin, utzi pasiloko argiarekin lehengo liburuak ikusten”. Ez daki irakurtzen. Nik poz gaizto bat sentitu dut, lotura askatzaile bat ia ilunpean bi liburuei begira zein aukeratu ez zekiela ikusi dudanean. Ohartuko da, nonbait erregistratuta geratuko da, gogoratuko da…? Ziur nago momentu honetan, koltxoian apatx eginda eta marrazki eta lerroekin hizketan, ez dagoela ikusten dudan lekuan, han dagoela. Eta ahazten ez bazaio (bizitza osoa du horretarako), ez da inoiz bakarrik egongo, ez da inoiz aspertuko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude