Duela egun batzuk, lagun batek esan zidan giroa krispatuta sumatzen zuela azkenaldian; esaterako, unibertsitatean, langileak eta ikasleak, estresaturik, heldu ezinik eta kirioak dantzan. Egia esan, bere kezka azaldu zidanean, eztanda egin zuen gatazka baten erdian geunden fakultatean, eta hitzaren bidez konpondu beharrean –gurean suposatzen den bezala–, oihuak, mehatxuak eta oldarkortasuna izan ziren nagusi, eta ezinegona nabaria zen korridoreetako solasaldietan.
Kalean ere antzeko giroa sumatzen da; beharbada, euri faltan urak ez duelako txarra garbitzen, eta elektrizitate estatikoa metatzen ari delako. Madrilgo politikan ikusten ohituta geunden karga negatibo horiek, gainera, sumatzen ditut azken asteotan EAEn, horretarako batzuek iraganeko mamuak eta beldurrezko diskurtsoak iratzarri behar badituzte ere. Hangoek gobernuan dagoena botatzea nahi dute; hemengoek, berriz, gobernatzeko aukera erreala dutenak gelditzea. Zalaparta, bietan, gero eta ozenagoa.
Ezerk gertaerak azkartzen ez baditu behintzat, urtebete baino gehiago dugu datozen hauteskundeetarako, eta denbora luzea iruditzen zait halako liskar-giroan bizitzeko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.