Zenbakien garaian gaude. Aurrekontuak lanean, etxean eta titularretan. Gobernuetatik errepikatu zaizkigu urteroko leloak eta esaldi potoloak: “Inoizko aurrekontu sozialenak”, “zerbitzu publikoen aldeko apustua”, “hezkuntzan inbertitzen duen gobernua”... Hitz hutsak, kea; pixka bat arakatuz gero, nabarmena baita aurrekontuon helburua, funtsean, sistema (kapitalista) bere horretan mantentzea dela.
Baina bada beste modu bat kontuak egiteko. Bada beste modu bat kapitala helburu ez izateko. Eta, administrazio publikoak halakorik bermatzen ez duen bitartean, norbanakoon, komunitatearen eta sareen ardura kolektiboa da oinarrizko beharrak estaliko dituen funtsak eta tresnak sortzea. Eta, hau diot, Koop57ren 10. urteurrena ospatu berritan. Hau diot, Gasteizko topaketan bizitako familia giroa gorputzean. Hau diot, proiektu sozioekonomikoen bihotza ikusten duen Koop57ko bazkide izateaz harro.
Bada beste modu bat kontuak egiteko. Bada beste modu bat kapitala helburu ez izateko. Eta, administrazio publikoak halakorik bermatzen ez duen bitartean, norbanakoon, komunitatearen eta sareen ardura kolektiboa da oinarrizko beharrak estaliko dituen funtsak eta tresnak sortzea
Koop57 kooperatiba finantzarioak lagundu zion Goienerri, kooperatibak bizi izan duen estualdi finantzario handienetakoan. Koop57k lagundu zion Biziolari, Goierri eraldatzeko ametsari hanka finantzarioa eskainita. Koop57k lagundu zien Zituene, Abaila, Eskutik, Hiruki Larroxa, Katakrak, Kaxilda, Tapuntu, Aiaraldea... eta beste hamaika elkarte eta kooperatibari.
Ez dago esker hitz nahikorik Koop57k urteotan egindako lana eskertzeko, izen-abizenekin. Liher, Jone, Pau, Maider, Unai, Nora, Gorka, Amaia, Beñat, Marta, Txutxo, Andoni, Iker, Urtzi... eta Coop57ko lurralde sailetan dauden milaka bazkideei: mila milioi esker.
Eta hamar urte barru, zer? Hamar urte barru bazkideak eta funtsak biderkatuta izango ditugu. Gero eta gehiagok sinetsiko dugu diruak bihotza ere izan dezakeela, eta kontu korronte ilunetan baino, hobe dagoela Koop57ko funtsetan. Koop57n inbertitzea, bizitzan inbertitzea delako.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.