"Ez dakit nondik ateratzen genuen aurrera egiteko indarra"

  • Ez du bizimodu erraza izan. Abertzale ziren etxean, eta 1936ko Espainiako Gerra Zibilak harrapatu zituen. Ihesi ibili ziren handik hona eta hemendik hara. Behin halako, on beharrez, Belgikara bidali zuten Begoña Olabeaga. Han zela, Bigarren Mundu Gerra. Handik ere ihesi, Francoren diktadura garaia bizi izan zuen, bizia berregin zuen, kolpez kolpe.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Begoña Olabeaga Basurko. Zumaia, 1927

Mende bateko historia betea du. Lehenik, 1936ko Espainiako Gerra Zibila bizi izan zuen, eta ondoko errepresioa. Donibane Lohizuneko erbestea, eta Belgikako atzerrialdia, hainbat gerrako umeren modura. Han, Bigarren Mundu Gerrak jo zuen. Itzulera Donostiara, Francoren diktadura gorrira. Elbira Zipitria eta Faustina Carrilen ikastoletan hazi zituen umeak. Santo Tomas Lizeoren hastea ezagutu zuen. Sasoi onean zela alargundu zen... "Ez da erraza izan, ez”, dio oraindik.

95 urte bete dizkiguzu agorrilaren 23an…
Ez nuen uste hainbeste iraungo nuenik. Pasatu ditugunak eta gero! Bi gerra-eta, erbestea-eta… hainbeste gauza! Zumaian jaio nintzen ni, aita Guipuzcoano bankuko zuzendaria baitzen han. Gero, Zarauzko bulegoko buru izendatu zuten eta haraxe joan ginen bizitzera. Gerra denborak Zarautzen harrapatu gintuen. Gure ama mutrikuarra zen, eta gure ahizpa zaharrena, Itziar, hantxe jaio zen. Bigarren umea, Joseba, Donostian, eta ondoko Iñaki eta Arantxa, Deban… Ni, txikiena, Zumaian… Gure aita bulegotik bulegora ibili zuten, herririk herri, hura Donostian jaioa zen baina, Kanpanario kalean.

1927an jaio zinen Zumaian, Zarautzen zinen gero…
Baina nahiago nuen Zumaian, eta gure aitak ere bai. Ezagun gehiago genituen Zumaian, bikario jauna, sendagilea, lagunak… Gerra hasi aurretik joan ginen Zarautzera eta, han, nazionalistak ginela esaten ziguten, ez gintuzten ondo ikusten. Gero, gerra garaian, nazionalak Zarautzen sartu baino lehen, gure aitari agindu zioten Bilbora joateko, dirua eramatera, 1936an. Eta, niri, Zarauzko kalean, akordatzen naiz mutilek esaten zidatela: “Zure aita, lapurra!”. Holaxe! Etxean entzundakoak-edo izango ziren. Oso ezaguna baitzen gure aita herrian, Patxi Olabeaga.

Bankuko zuzendaria, esan duzunez.
Bai, eta udan madrildarrak Zarautzera etortzen ziren, eta dirua zela-eta, harremana zeukaten gure aitarekin. Orain Argiñano [jatetxea] dagoen tokian, Burgetoko markesak bizi ziren, eta akordatzen naiz nire anaia Joseba eta bere andregaia haien etxera joan zirela haien bitxiak eta dirua itzultzera. Eta, gero, guri herrian lapurrak ginela esaka! Eta ni lotsatuta! Bederatzi urte nituen orduan. Gerra etorri zen, eta aita Bilbora eraman zuten. Gure anaia Iñaki, Mutrikura joan zen, eta handik Donibane Lohizunera, itsasontziz, ze gure amaren familiak itsasontziak zeuzkan Mutrikun. “Txanbelenekoak”, esaten zieten. Hainbeste jende eraman zuten haiek Donibanera [Lohizune]. Ordurako, osaba bat genuen Donibanen, gerra aurretik joana, eta Mutrikuko hainbat jende hartu zuen etxean. Usotegia izena zuen etxeak, bi etxebizitza eta ganbara zituen, eta hemendik joandakoak hantxe egiten zuten lo, lurrean, beste tokirik ere ez zegoen-eta. Eta jateko ere gaizki. Kristorenak pasatu genituen.

Zarauztik Donibane Lohizunera joan zineten ihesi, beraz.
Bai, baina bide luzea egin eta gero. Beste anaia, Joseba, politikan sartuta zegoen, eta Itziarko baserri batean ezkutatu zen lehenengo, baina gero hura ere beste aldera pasatu zen, mendiz. Gu ere mendiz pasatu ginen, Elizondora joan eta Urdazubitik. Gerra sortu zenean ama eta hiru ahizpa Zarautzen gelditu ginen, baina ama atxilotu egin zuten, klaratarren komentuan eduki zuten preso bederatzi hilabetez. Hogeitaka andre atxilotu zituzten. Nazionalistak zirelako! Ama kartzelatik atera zenean, Zarauztik alde egin genuen.

Argazkia: Zaldi Ero

Nola zinen zu, nola zineten hiru ahizpak, ama preso eduki zuten bitartean?
Ahizpa zaharrenak, Itziarrek, zaintzen gintuen. Ni baino hamaika urte zaharragoa zen. Ilea larru-arrasean moztu zioten Itziarri. Berari beste inori ez zioten moztu era hartara ilea Zarautzen!

Ni eskolara joaten nintzen, mojetara, baina itxi egin zuten, eta eskola publikora joan behar izan nuen. Eguerdietan, amari bazkaria eramatera joaten ginen. Beste ahizpa, Arantxa –gaztea zen, hamazazpi urte-edo izango zituen–, falangisten etxeetara joaten zen oheak-eta, garbiketa-eta egitera. Gu plazan bizi ginen, hantxe Guipuzcoano bankua, hantxe kioskoa, eta falangistak eta erreketeak herriren batera sartzen ziren bakoitzean jaialdia egiten zuten. Gure ahizpa Itziar jai haietako batera eraman nahi izan zuten, erakusteko, baina herriko sendagilearen bitartez, Arozena zela uste dut, halakorik ez egitea lortu genuen.

Zer esan nahi duzu zuen ahizpa Itziar plazan erakutsi nahi zutela?
Ilea moztu baitzioten! Eta huraxe erakutsi nahi falangistek eta erreketeek! Ilea larru-arras moztu zioten, eta buruan buruzapi bat jantzita ibiltzen zen. Ileorde bat erosten ere saiatu ginen, baina ez genuen inon inguratu, ez Donostian ez inon, eta ilea hazi arte buruzapia jantzita ibili zen gure Itziar. Plazan hainbesteko zarata ibiltzen zuten falangistek eta erreketeek, azkenean Aizarnazabalgo baserri batera joan ginen, ezagun batzuen etxera. Eta han ginela, abisua jaso genuen, Zarauzko etxera itzultzen ez baginen, batere gabe geldituko ginela, falangistak eta erreketeak gure etxera sartu zirela eta altzariak-eta leihotik botatzeari ekin ziotela. Etxea bankuak gure aitari utzitakoa zen –lehen solairua–, eta jabea bigarrenean bizi zen, erreketea-edo hura ere, eta denak gure aurka.

Noiz arte horrela?
Ama askatu zuten arte. Komentuko kartzelatik atera eta komandantzia nagusira deitu zioten, Narros jauregira, eta ea nora joan nahi zuen galdetu zioten. Gure amak, etxera nahi zuela, alabekin batera, baina komandantzian ezetz, herritik aparte behar zuela, urruti, edo Zaragozara edo Iruñera. Eta amak Iruñera joatea aukeratu zuen, ze Zarauzko gure etxean, hirugarrenean Ugarte margolaria bizi baitzen, eta hark esan zigun lehengusuak zituela Iruñean, eta gutuna emango zigula, haien etxera joateko, lagunduko zigutela.

Eta Zarauztik Iruñera zuek...

Bai.Ama kartzelatik 16:30ean irten, eta, laster, trena hartu eta Lasartera joan ginen hiru ahizpok, amarekin. Lasarten Plazaolako trena hartu eta Iruñera. Iluntzeko bederatzietan-edo ailegatu ginen, ez genuen hiria ezagutzen, baina galdetu batari, galdetu besteari, ailegatu ginen Ugartek esandako etxera. Alde Zaharrean zen, San Anton kalea, gogoratzen naiz. “Nondik zatozte?”, galdetu ziguten, eta nik, gaztelaniaz: “Zarauztik bota egin gaituzte!”… Gaua Ugarteren lehengusuen etxean egin genuen. Senar-emazteak ziren, seme-alabarik ez zuten; andrea zen Eratsungoa, euskaraz bazekiena. Hurrengo goizean ostatu bila hasi ginen. Lehenengo ostatuan, egunean 14 pezeta kobratu nahi ziguten bakoitzari, baina guk ez genuen hainbeste dirurik. Gure ama tratularia izan, ordea, haren familiak Mutrikun taberna eta janari-denda zeukan, eta bazekien tratuan. Eta etxebizitza bat inguratu genuen Merkatarien kalean: gela bat, sukaldea erabiltzeko baimenarekin. Hantxe sartu ginen.

Nola egin ahal izan zenuten aurrera Iruñean?
Ahizpa zaharrenak josten zekien, eta horretan hasi zen lanean. Bigarrena, etxe batean oheak-eta, garbitasuna-eta egitera joaten zen. Ni, eskolara. Erdaraz, jakina, baina nik ordurako banekien erdaraz hitz egiten. Eta maistra ondora etorri zitzaidan eta nondik gentozen galdetu zidan, eta nik dena kontatu nion, hasi eta buka –uste dut maistrak izena zuela Menaia–, eta, berak, berriz, gure berri eman zion Emakume Abertzale Batzari, eta haiek jatekoa-eta ekarri ziguten, eta ni igandetan mendi aldera eramaten ninduten… Emakume haiek oso ondo portatu ziren gurekin. Beste bat ere bazen, Anjel Irigarai [Aingeru], hark ere asko lagundu zigun. Bosgarren solairu batean ginen, eta hegazkinak etortzen zirenean sotora jaitsi behar izaten genuen, eta behin, ahizpa erori egin zen, eta hanka hautsi zuen. Eta Irigarai etorri zitzaigun, ahizpa sendatzera. 1937an zen hori.

Hara, Aingeru Irigarai sendagile eta euskaltzale handia.
Bai, eta Iruñean ondo ginen, saltsan ez sartuz gero, behintzat. Hala ere, bizi ginen etxeko andreak esan zigun mesedez ez euskaraz hitz egiteko, beste gela batean guardia zibilak zituela-eta, ostatu hartuta. Horretan ginela, egun batean gizon bat etorri zen, Elizondokoa, erreketez jantzita. Gure aitaren partetik omen zetorren. Gure aita, ordurako Bilbotik Bartzelonara joana zen, eta handik, Frantzian barrena, Donibane Lohizunera. Han, Elizondoko harekin hitz egin zuen, kontrabandista, eta etorri zitzaigun. Ekaina zen. “Ez inori ezer esan. Hartu poltsatxoa, eta jantzi ahal duzuen arropa gehiena. Bihar zuen bila etorriko naiz, taxia hartuta”. Eta halaxe. San Antonio ekainean izaten da, hilaren 13an, eta halakoren bat izango zen eguna. Etorri zen gizon hura eta joan ginen Elizondora. Han lo egin, etxe eder batean –oso euskaldunak ziren etxe hartakoak–, eta hurrengo egunean, goizean goiz, Urdazubira abiatu ginen.

Beste aldera pasatu zineten...

Eta Urdazubin guardia zibilek nora gindoazen galdetu zigutenean, mendira gindoazela esan genien. Eta Frantzia aldera zuzenean hartu beharrean, ezkerrera hartu genuen, bidezidor bat, eta han, neska bat azaldu zitzaigun. “Isil-isilik jarraitu neska honi. Berak zuzenduko zaituzte Frantziara”, esan zigun gure gidariak. Nahiko bide ibili genuen. Giro ederra egiten zuen, baina beroa, arropa denak jantzita! Eta ahizpa Itziar, berriz, artean oineko minez, ez baitzegoen guztiz sendatuta. Eta errekatxo batean, erori egin zen. “Ama, utzi ni hemen”, esan zion. Eta amak: “Ez, Itziar, arrastaka bada ere, eramango zaitut”. Eta denon artean eraman genuen. Hura ez zen basoa ere, hura mendia zen, eta isil-isilik ibili behar izan genuen, hala ere.

Gora iritsi ginenean, eguerdian, baserri bat zegoen. Han jakin genuen gure aita gure zain egona zela han, baina atzeratu egin ginenez, alde egin zuela berriz. Ama “Gora Euskadi!”-ka hasi zen gajoa, eta beherako bide guztian, berriz, arrosarioa errezatzen joan zen, Jesusen Bihotzari eskatzen guri laguntzeko. Halako batean, iritsi ginen beste etxe batera, deitu genion aitari Donibanera, eta bila etorri zitzaigun. Eta hura ongi etorria egin zigutena Donibanen!… Behin ere ez naiz toki haietara itzuli. Oroimen txarrak dira, badakizu. Senarrak ere esan zidan behin, joango ote ginen paraje haietara, baina nik ezetz, ez nuela gogoratu ere egin nahi. Eta holaxe.

"Gerra sortu zenean ama eta hiru ahizpa Zarautzen gelditu ginen, baina ama atxilotu egin zuten, klaratarren komentuan eduki zuten preso bederatzi hilabetez. Hogeitaka andre atxilotu zituzten. Nazionalistak zirelako!"
 

Eta Donibane Lohizunera iritsi zinetenean zer?
Osabaren etxean bizi izan ginen. Komuna bat zen hura! Denak euskaldunak! Egia esan, Donibane dena euskaldunez beteta zegoen, errefuxiatuz beteta. Euskaraz asko egiten zen garai hartan Donibanen, eta euskaraz konpontzen ginen. Eskolara hasi nintzen, moja eskola batera, baina zen ordaindu beharrekoa batzuentzat, eta debalde besteentzat. Ordaintzen zutenak uniformea jantzita joaten ziren; besteok, kalekoz. Pareta bat zegoen batzuen eta besteen artean. Garizuma garaian, mojek usain egiten ziguten, ea haragirik jan ote genuen! Gero, amak Donibanen gela bat hartu zuen, sukaldea erabiltzeko baimenarekin, Rue Tourasse zen, gogoratzen naiz. Ni eskolan, ahizpa zaharrena josten, eta bestea Getarian, hotel bateko lanean.

Aita ere zeuekin zenuten?
Ez, aita harrapatu egin zuten eta Tarbesen eduki zuten, kontzentrazio esparruan. Tren-errailak garbitzen-eta jarri zuten, beste askorekin batera. Pirinioetan egon zen, hotzik beltzenean. Horretan ginela, apaiz bat etorri zen Mutrikutik Donibanera, Jose Antonio Usobiaga, eta esan zion gure amari: “Hiru arreba dauzkat, eta haiek hartu eta Belgikara noa. Zertan ez da zuen txikia gurekin etortzen?”. Ni, alegia. Gure amak ezetz: “Konponduko gara”. Eta Usobiagak: “Baina han ondo jango du, eta jasoko du hezkuntza, frantsesa ikasiko du...”. Eta burua berotu zion, eta Belgikara ni!

Usobiagarekin eta haren hiru arrebekin, esan nahi duzu?
Bai. Parisen trenez aldatu eta Bruselara. Han, eskola batera eraman ninduten: ferian nola saltzen diren abereak, halaxe jarri ninduten ni –ez nintzen ni bakarrik, jakina, baziren neska eta mutil gehiago ere–, eszenario batean. Deitu zuten jendea, ea nork zeukan gu etxean jasotzeko borondatea. Ni Hermann Frater izeneko abade kanonigo batek hartu, eta Malinasera eraman ninduen. Hura Flandriako artzapezpikuaren barrutia zen, eta frantsesez gabe, flandrieraz hitz egiten zuten han. Antwerpen [Anberes] zen hiriburua. Hango gotzain Van Roey eta apaizek Euskal Herriko haurren elkartea osatu zuten. Gorriak eta errepublikarrak beste toki batzuetara joan ziren.

Zu, Malinasera, esan duzunez.
Eta hantxe egon nintzen. Oso argal eta ihar nengoen, batere elikatu gabe. Malinasen, Herentals herritxoan bizi izan nintzen. Haren ondoan, beste herri txiki-txiki bat, Poelkapelle, Flandrian betiere, han eskolara joan nintzen, eta segituan ikasi nuen flandriera, eta euskara eta gaztelania ahaztu.

Ahaztu?
Inorekin hitz egiteko aukerarik ez duzunean, ahaztu bezala egiten da. Gaztelaniaz idazten ez nekien, euskaraz ere ez, gutunen bat-edo idatzi nuen etxera, baina besterik ez. Donostian, Ponsol txapel-denda zegoen aspaldi. Donostiako dendarik zaharrena da, Narrika kalean dago, Sarriegi plazako izkinan. Hango alaba zen Karmele Leclercq, eta bisita egitera joaten zen, edo bidaltzen zuen baten bat, Antwerpenera, begirale, hemengo haurrak nola zainduta zeuden ikustera, baina ondo geunden.

Noiz arte izan zineten han?
Bigarren Mundu Gerra etorri arte, 1939an hasi zen gerra, eta, halako batean, amak erreklamatu egin ninduen, ekartzeko ni etxera, ez zuela nahi ni han gehiago egotea. Eta itzuli nintzen: Hermann Fraterrek berak ekarri ninduen Donibaneraino. Gerratik ihesi irten ginen etxetik, baina, gero, handik ere gerratik ihesi itzuli ginen Donibanera. Eta etxera ailegatu nintzenean, amak: “Zer? Ez dakizula euskaraz ez gaztelaniaz? Flandrieraz besterik ez?” Baina, jakina, segituan jarri nintzen berriz: etxean ez zen euskaraz besterik egiten, eta eskolan, berriz, frantsesez. Hermann Fraterrek frantses eskolan sartu ninduen, baina ordaintzen zutenen artean, uniformea janzten zutenekin batera.

"Aita harrapatu egin zuten eta Tarbesen eduki zuten, kontzentrazio esparruan. Tren-errailak garbitzen-eta jarri zuten, beste askorekin batera. Pirinioetan egon zen, hotzik beltzenean"

Espainiako gerrak jo zintuzten, Bigarren Mundu Gerrak ere bai…
Ez dakit nondik ateratzen genuen aurrera egiteko indarra. Eta gaur egun ere hortxe dabiltza, gerran [Ukraina]. Nola liteke pertsona gaur egun, hainbeste aurrerapen eta asmakizun, hainbeste zientzia eta txerto, hainbeste Marte eta planeta, eta nola liteke!... Besterik zer jakin nahi duzu? Nahikoa esan dizut, ezta?!

Nola ezagutu zenuen zure senarra, Jose Antonio Zaldua?

Hor nire anaia Iñakiren historia dago. Bordelen ari zen lanean, eta Marseillatik Aljerrera eraman zuten, ardoa eramateko kamioi handi haietan, eta Aljerren lan egiten zuen. Hogeita bost urte ere ez zituen izango. Egun batean Melillara pasatu zuten, eta harrapatu eta atxilotu egin zuten, eta Algecirasen eduki zuten, kontzentrazio esparruan, gizajoa. Gaixotu zen, eraman zuten Sevillako ospitalera, eta ezgauza zela eta etxera bidali zuten: bihotzeko eritasuna zuela esan zuten. Erreuma txarren bat harrapatu zuela-edo. Baina garai hartan horixe esaten zuten beti, erreuma zela! Eta, horrela, Iñaki, gaixorik, etxera bidali zuten, Donostiara. Hemen, berriz, Cementos Rezolan hasi zen lanean, lagun edo ezagunen baten bitartez. Eta, horretan, tronbosia eman zion, eta gorputz erdia gelditu zitzaion. Bederatzi hilabete egin zituen etxean gizajoak, ohean etzanda, eta 27 urterekin hil zen. Eta zen ziklista, igerilaria, margolaria... denetik egiten zekien, oso azkarra zen.

Eta gure gizona nola ezagutu nuen… Garai hartan, inor hiltzeko zorian zegoenean, apaiza etxera etortzen zen, gaixoari untzioa ematera, eta apaiza gure etxera etorri zenean Iñakiri untzioa ematera, nire senarra izango zenak jarraitu egin zion Getaria kaleko 13.eraino, gu bizi ginen etxeraino. José Antoniok anaia hil zitzaidala jakin zuen, eta harrezkero ia egunero mezatan elkar ikusten genuen, Artzai Onaren katedralean. Hortik sortu zen gure ezaguera.

Gipuzkoako Ikastolen Federazioko buru izan zen José Antonio Zaldua, eta Eusko Legebiltzarreko kide eta mahaiko idazkari, Santo Tomas lizeoaren sorreran parte hartutakoa. Zuen seme-alabak ere, Elbira Zipitriaren ikasle izan ziren…

Horixe nahi genuen, baina Elbirak ez zeukala tokirik, eta Faustina Carrilekin ikasi zuten gure umeek. Elbirak ez zituen zazpi ume baino gehiago izaten, lurrean eserita etxean. Hark ezin zuen haur gehiago hartu, eta Faustina, berriz, oso jatorra zen. Izaskunek eta Xabierrek, adibidez, Faustinarekin ikasi zuten… Baina, lehenago, Elbira Zipitria nire irakasle izan zen, Fermin Calbeton kalean.

Nola liteke hori?

Bai. Gerra aurrean, Zarautzen bizi ginenean, nire bi anaiek merkataritza ikasi behar zuten, eta hori Donostian egin behar zen. Gure amak, etxe bat hartu zuen, negualdirako, Donostian. Hala ere, astebukaeretan Zarautzera joaten ginen. Orduan joan nintzen ni Elbiragana. Gero, handik urte askora; ezkondu eta gero, esan nahi dut, ama Antxonik Mutrikun herentzian jasotako etxea 20.000 pezetatan salduta, Donostiako Parte Zaharrean bizi izan ginen, Fermin Calbeton kalean, eta inguruan bizi izan zen Elbira. Hurrena, gure hirugarren umea jaio berritan, Amara Berriko Once kalera joan ginen bizitzera, oraingo Eustasio Amilibia kalera. “Zer, hara zoazte? Espainolen artean bizitzera? Han ez dago espainola baino!”. Eta Ez Dok Amairu Victoria Eugeniara etorri zenean: “Zer polit, zer eder, Lourdes Iriondo-eta”. Eta berak: “Polita? Zer egin behar dute horiek gitarra espainolarekin! Alde hortik!”. Halakoxe ateraldiak zituen Elbirak. Gajoa!

Trafiko istripuan hil zitzaizun senarra 1983an...

Gasteizen hasi zenean lanean, legebiltzarrean, beti han zen, ez zuen etxera sartzeko ordurik. Azkenean, Gasteiza bizitzera joan ginen. Egun batean, handik Donostiara etorri zen, dentistarenera, ohiko azterketa egitera, nonbait. Zerbait egin behar izan zioten, eta anestesia eman zioten. Itzuleran, autoan, atzean lokartuta zihoala, ez gerriko eta ez beste, Itziarren, Debako tuneletik irteeran txoferrari autoa joan zitzaion, jo zuen bazterra, irauli zen, eta José Antoniori burua txikitu zitzaion.

Eta zer bizimodu egin zenuen harrezkero?

40 urte daramatzat alargunduta. Osasuna izan nuen, zorionez, eta aurrera, baina ez dakit nondik ateratzen ditugun indarrak… Seme-alaba gehienak kanpoan ari ziren ordurako, Mikel eta Andonirekin nengoen etxean. Senarra hilez gero, emakumeen elkartean sartu nintzen; lehen Profen zen, orain Eragin. Hitzaldiak-eta izaten genituen astearte eta ostiraletan, eta gero kafesnea edo zer edo zer hartzen genuen, eta ibilaldiak ere egiten genituen. Zinera ere asko joaten nintzen, oso zalea nintzen.

Ez zen erraza izango…

Ez, ez da erraza izan, baina pazientzia, erresignazioa, jaungoikoak… laguntzen dute. Fedeak laguntzen dizu, zeharo! Sinestuna naiz! Baina kezkak ere hor dira beti. “Jaungoikoa zer dago, oporretan, ala?”, pentsatzen dut batzuetan, gauza onik ez baitago: irratia piztu, telebista piztu, eta gauza on bat ez da aditzen. Hala ere, ez dut telebista ondo ikusten, makula daukat begian, eta ikusmena hondatuta: aurpegirik ez dut ikusten, baina ahotsak ezagutzen ditut. Irakurri, berriz, ezin dut. Eta holaxe.

                                                                               *         *        *   

Emakumeak lanean
“Frantses kolegioan administrazio ikasketak egin nituen eta, gero, ostalaritza kooperatiban hasi nintzen lanean. Garai hartan emakume asko ari ziren lanean. Orduko Tabakaleran-eta. Gure etxe aurretik hainbeste andre pasatzen ziren, denak lanera, egunero! Lehengoan irakurri zidan Xabier semeak, Arantxa Urretabizkaiaren amak Nerecan dendan nola lan egiten zuen. Hori kategoria! Oso emakume ederra zen”.

Primo de Rivera
“Ezkondu nintzenean, kito, ezin izan nuen lanean jarraitu. Kontsuelo Lasarte, beste lankide bat eta hirurok, urte berean ezkondu ginen. Eta ezkondu eta akabo, diru-ordaina hartu eta kalera! Pilar Primo de Rivera, Jose Antonioren arreba neskazaharrak agindu zuen: ‘Andreak etxera, haurrak izan eta haurrak zaintzera!’. Ez ziguten utzi lanera joaten. 1955ean soldata batekin bizi izan ginen senarra eta bost seme-alabak. Bizi behar zen, soldata batekin!”.

Azken hitza

Belaunaldia
"Belaunaldi bat da, badoana. Haren lekukotzak behar beste ez behar bezala ondorengotu ez dena. Diren eta ez diren bitarteko eta aberastasun guztiak geure esku ditugunean ere, aintzat hartu gabe betiko joaten uzten ari garena".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude