1917tik 1980ra erraketalariak profesionalki aritu ziren munduko frontoi ezagunenetan. “Chiquita de Anoeta”, “Arane”, “Emili”, Albisu, “Amparito”, “Chiquita de Aizarna”, “Asteasu”... Hamaika pilotari entzutetsu eman dituen modalitatea loriatua izatetik ahaztua izatera eramana izan zen, egun, bazenik bai baina zenbateraino nor ziren ez jakiteraino.
1915eko aipamen eta argazkiak egon badaude ere, ofizialki, 1917ko urtarrilaren 4an jokatu zen erraketaz lehen partida profesional ofiziala. Ez da ziurra aurrez profesionalak zirenik. Izan 15 urte edo 57, “Señorita” edo “Chica” bezala aurkeztutako andre horiek, beren garaiko emakume gehienen bizitza oso desberdina izan zuten, nolabait laburtzekotan, adorez, luxuz, dedikazioz eta misoginiaz zipriztindutakoa.
Azken partida profesionala duela 45 urte jokatu zen eta, denborak bere pisua izan baduenez, raketista profesional izandako gero eta gutxiago ditugu geure artean. Zorionez, egon da euren ibilbidea eta bizipenak dokumentatu dituen pilotazale eta feministarik, eta erreportaje honek euren lanak ditu abiapuntu.
Erraketa profesionalaren bilakaera garaiko egoera soziopolitikoari erabat lotua dago –edozein kiroletan gertatzen da hala, kirola eta politika nahastearen mantra gora-behera– eta XX. mendeko hamarkada mugituetan gertatuak zuzenean eragin zion modalitateari. Interesgarria da, beraz, 63 urtetik gorako ibilbidea hamarkadaka aztertzea, eta hala egiten du Olatz González Abrisketa antropologoak Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales (Raketistak. Pilotari profesionalen loria, errepresioa eta ahanztura) liburuan. Bost kapitulutan banatu du historia, atal bana eskainita erraketazko euskal pilotaren sorrerari, 1920 eta 1930ko hamarkadetako zabalpenari, 1940ko gerraosteko erraketari, 1950eko feminitatearen erresistentziari eta 1960 eta 70eko hamarkadetako itzaltzeari. Lan ezin osoagoa da González Abrisketarena, eta argi adierazten du eragindako galera dela erraketalari profesionalena, erabaki misoginoen emaitza dela gaur egun emakume pilotari profesionalik ez egotea. Emakume kirolari haien arrakasta ukatzeko adibide ugari aurki daitezke liburuan, esaterako, aipamen egiten dio 1989an argitaratu zen Juegos y deportes del País Vasco (Euskal Herriko joko eta kirolak) liburuari, pilota jokoei eskainitako 150 orriko kapituluan aipamen bakarra egiten baitio erraketari. Aipamen bakarra, 1943an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1.432 pilotari profesionaletatik 734 erraketistak zirenean? Zesta puntan zebiltzan gizonak halako hiru zebiltzanean erraketaz?
González Abrisketak dio eragindako galera dela erraketalari profesionalena, erabaki misoginoen emaitza dela gaur egun emakume pilotari profesionalik ez egotea
Luis Bombínek, Espainiako Pilota Federazioko idazkari teknikoa zela, 1946an Historia, ciencia y código del juego de la pelota (Pilotaren historia, zientzia eta joko-kodea) liburuan idatzitakoak –gerora El gran libro de la pelota (Pilotaren liburu handia) obra erreferentean argitaratuko zenak– erraketaren gaineko diskurtso aditu eta ofiziala markatuko du: "Kantxetan, frontoiko tenis hori feminoide samarra da, edo, gutxienez, femeninoa, eta pilotazale politek aurkeztu eta antzeztu digute, 'Pilarín' edo 'Marité' bezalako izengoiti gozoekin eta beste glosolalia barregarri batzuekin, zinematografiari gehiago dagozkionak gizontasunari eta piloteatzeak duen maskulinotasunari baino, esana bedi zintzotasun eutsiezinean eta inor zehar-zauritzeko asmorik gabe". Kontuan izan 1946an profesional gehien zituen modalitatea zela erraketa eta arrakasta handiko hamarkadak bizi zituela. Ez zen Bombín bakarrik izan, jakina, Moscardo Kirol ministroak fitxa gehiago egitea oztopatu zuen, pilota jokoak emakumeak antzutu egiten zituela argudiatuta, modalitatea ahultzea xede. Pilota-munduko zenbait sektoretan ere ez zuen batere graziarik egiten emakumeen arrakastak, eta ez zetorren bat euskal nazionalismoaren proiektu politikoak sustatu nahi zuen iruditeriarekin, publikoak erraketa partidak eskatu arren.
XIX. mende amaieran emakumeak kirolean aritzea, are, desafio mixtoak antolatzea ohikoagoa zen XX. mende amaieran baino, beraz, harrigaria ez da emakumeek jokatutako kirol modalitate bat profesionala eta arrakastatsua izatea, baizik eta hala izateari utz zekion hainbat kargu eta esparrutatik egindako indarra.
Hasiera batean gomazko pilotekin jokatzen zen, baina profesionalen mailan berehala aldatu zuten gomazkoa larruzko pilotagatik –1919rako Azkoitiko larruzko pilotak aipatzen dira–. Biziagoa izateaz gain, zuen hots lehor eta solidoa goratzen da kroniketan. 40 mm-ko erradioko 60 gramoko pilotak ziren, abiada izugarria hartzen zutenak. Hain zuen kolpe gogorra non erraketa erresistenteagoak ekoizten hasi ziren 1921 inguruan, lizar oinarridunak, luzexeagoak, uztai txikixeagoarekin eta kordada bikoitzekoak. Heldulekua, berriz, intxaurrondoaren egurrarekin egina zen. 1960ko hamarkadan soken ordez nylona erabiltzen hasi ziren, erresistenteagoa zelako.
Janzkerari dagokionez, gona zuri leuna edo tolesduna eraman behar izaten zuten, belaunen azpitik heltzen zitzaiena eta, moda-irizpideen arabera, laburtzen joan zena. Janzkera mahuka motz edo luzeko blusa zuriarekin eta gerriko gorri edo urdinarekin osatzen zen, ikusleek bikoteak bereizteko. Besoan, sorbalda inguruan, zenbaki bat eramaten zuten baldin eta kiniela jokatzen ari baziren. Hasieran, sandalia batzuk erabiltzen zituzten oinetako gisa, orkatilan bi buelta emanda, eta, gerora, kirol-zapatila zuriak. Jokoa bizia eta pilota bortitza zen eta, hala ere, inon ez da kaskoaren aipamenik, zapi edo bonetaren bat asko jota. Datu esanguratsua da azken hori, larruzko pilotarekin eta sekulako abiadan jokatzen zutenez, jardun arriskutsua baitzen erraketistena. Bat baino gehiago larri zauritu ziren pilotakada baten ondorioz; Areso, adibidez, buruan pilotakada bat jaso ondoren hil zen.
Deigarria da ez dagoela kirolariak jokoan ageri diren argazki askorik. Gehienak fitxako edo “koadroko” argazkiak (plantillako pilotarien argazkiak) dira, mugimendu gutxikoak.
Kiniela edo partida formatuan jokatzen zuten. Frontoira apustuak sartzeak eragin zuen partidak eta horien iraupena ahalik eta gehien orekatu nahia, alegia, partiden iraupena antzekoa izatea beti eta irabazteko aukera ahalik eta zabalena. Horrela lortu nahi zen apustugileak erakartzea. Gehien jokatzen zen kiniela modua sei pilotariren artekoa zen. Bi pilotari kantxaratzen ziren tantoa jokatzera, eta irabazten zuenak puntu bat jaso eta kantxan geratzen zen hurrengo pilotariaren errestora. Bost tantora heltzen lehenak irabazten zuen. Partidak, berriz, 30era izan ohi ziren.
Gloria Agirrek –"Chiquita de Aizarna" ezizenez ezaguna– zera zioen Isabel Vidartek Pelota a mano-rako egindako elkarrizketa batean: "Gure jokoa ikusgarria zen, bai. Ikuskizuna egoteko figurak egon behar dira, ondo jokatzen duen jendea, eta bazegoen. Erraketa haiek, oso soka gogorrekoak, oso gogorrak, eta pilota, txikia, larruzkoa, ondo jotzen bazenuen, abiadura harrigarria hartzen zuen. Jolasa oso alaia eta ikusgarria zen". Ezizen batzuk ere ematen dute jokamoldearen berri. Esaterako, baziren hiru ahizpa "Bolche" izengoitia zutenak, kantxan ematen zuten gerragatik. Horrez gain, garaian garaiko kroniketan Atano edo Abregoren –beste modalitate batzuetako gizon izarrak– pare jartzen dituzte eta, ez hori bakarrik, hain omen ziren onak, ezen erraketaz kanpo ere arrakasta izango luketela ziurtatzen da.
Zenbait familiak lotsaz bizi izan zuten alaba pilotari profesional izatea, eta nahiago izaten zuten Madrilgo aberatsen etxeko zerbitzuan zebilela esatea
Hainbat pilotariren airezko jokoa goratzen da, eta errebesaren aipua gailentzen bada ere, argazki batzuetan agertzen da erraketa ezkerrean duen pilotaririk; beraz, ezker-eskuin jokatzen zuenik ere bazela pentsa daiteke. Pilotari batzuen dohaina errebotea omen zen eta, frontoien luzerak eta pilotaren ezaugarriak kontuan hartuta, ohiko samarra izango zen pilota erreboteko zulotik atera beharra, are, handik jokaldia egiteko gaitasuna izatea. Joko motari dagokionez, berriz, denetik zegoen, piloteoan gailentzen zirenak eta tantoaren bila itsu-itsuan aritzen zirenak.
Garaiko kroniketan jokaldi zehatzak baino gehiago azpimarratzen dira pilotarien joko-ezaugarria. Nork zein gaitasun izan, horien araberako jokoa gailendu nahiko zuen eta Mari Arrillagak horrela erantzun zion ARGIAri, jokalari onak zer behar zuen galdetutakoan: "Bista ona, menderatzen jakin. Indarra eta pilota edozein lekutara bota, ez! Taktika behar da hor. Indarra ere bai, arintasuna… Denak behar dira".
2016-2017 urte inguruetan, erraketan profesionalki jokatzen hasi eta 100 urtera, zenbait omenaldi jaialdi antolatu ziren. Orduan punta-puntan zebiltzan pilotariak kantxaratu ziren, gehienak, palaz ezker paretan zein trinketean ari zirenak. Erraketa originalekin –erraketistek utzitakoak edo propio ekimenerako egindakoak– eta larruzko pilotekin jokatu zituzten, bost bat jaialdi, denera, ez asko. Amaia Irazustabarrena izan zen kiniela zein partida formatuan kantxaratu zen jokalarietako bat eta jokoaren nolakotasunaz galdetuta dio: "Oso-oso azkarra, orain palan larruz jokatzen duguna baino askoz ere azkarragoa. Nik ez dut behin ere horren azkar jokatu". Abiadura hori hain da txundigarria, ezen, Irazustabarrenarentzat jokamolde gustagarrienetakoa den. Txapatik oso gertuko jokoa azpimarratuko luke, min egiteko, pilota oso baxu erabili beharra. "Bi paretak-eta gutxiago, zaila zelako ondo kontrolatzea baina mozketak asko, hor egiten duzu min, zeren, gero, altxa egin behar da abiadura horretan".
Larruzko pilotarekin palaz jarduten da Irazustabarrena eta jokoan antzematen du antzekotasunik, batez ere, pilota antzekoak direlako eta pisua dutelako, alegia, "azkar datorrenari gogor eusten diozu edo akabo".
Lehenengo emakumezko federatuak izan ziren erraketistak Espainian, baita lehen profesionalak ere. Bide profesionala Madrilgo Cedaderos frontoian –aurrez antzoki izandakoan– hasi zuten 1917ko urtarrilaren 4an. Eskura ditugun dokumentuetan, behintzat, hala ageri da. Ez zen hura izan Espainiako hiriburuan erraketisten eszenatoki izan zen frontoi bakarra. Uxue Fernandez ikerlariak Emakume pilotariak: izaera, bizipen eta sentipenak lanean bildu zuenez, hiruzpalau pilotaleku izan zituzken Madrilen, beste hainbeste Bartzelonan, bana Logroñon, Sabadellen, Castellon, Valentzian, Tenerifen, Salamancan, Valladoliden, Vigon, Santanderren, Sevillan, Habanan, Miamin eta Mexikon. Euskal Herrian erraketisten frontoi profesionalak Bilbon eta Donostian izan ziren, herri gehiagotan ere eskatu izan zen, ordea, modalitateko partiduak joka zitezen. Frontoien neurriak ez zeuden estandarizatuak, eta bakoitzak bere berezitasunak izan arren –"alde handia baitzegoen pilotaleku batetik bestera", "Emili", hamaika frontoitan jokatu zuen erraketistaren arabera–, oro har, 30 metro luze, 9 zabal eta 9 altu ziren, 500 lagunetik gora jaso zitzaketen espazioak. 1920 eta 1930eko hamarkadetan hainbestekoa izan zen erraketaren gorakada, ezen 40ko hamarkadarako erraketarako egokiak ziren frontoiak beste modalitate batzuetakoak ordezkatzen ari ziren. Kantxan emakumeak ziren nagusi, aldiz, harmailetan apenas ikusten zen halakorik. "Asteasu"-k kontatua da: "Gizonak joaten ziren pilotalekura, eta, gainera, dirua zeukatenak, han diru asko jokatzen zen-eta".
Normalean ez zuten entrenamendurik egiten, egunean behin eta askotan bitan jokatzen baitzuten eta, hori, Agustina Otaolaren esanetan, "nahiko entrenamendu bazen": "Hori bai, pilotalekua aldatzen bagenuen entrenatzen genuen, baita sasoi txar batean sartuta geundenean ere. Baina normalean ez genuen entrenatzen, nahiko entrenamendu bazen-eta egunero-egunero jokatzea".
Erraketa ere enpresei loturiko kirola izan zen eta, norabait profesional joatekotan, talentu bilatzaileren batek begia bota beharra zegoen, edo prestaketa eskoletan parte hartu. Ildefonso Anabitarte izan zen enpresari horietako bat. Anabitartek, ikuskizunarekin zerikusia zuen familia batetik zetorrenak, Ermuan, Eibarren eta Tolosan neskak bildu zituen pilotari izateko. Ikuskatzaileek trebatu ondoren eta talde "kuriosoa" izan zuenean, Madrilera bidali zituen. Herri gehiagotan ere ba omen zeuden erraketa-eskolak. Lehen Mundu Gerra amaitu baino lehen, emakume batzuk, haietako askok 15 urte edo gutxiago izanik, etxea utzi zuten, zortea lagun, bizimodua ateratzen saiatzeko. Klase apaleneko gizon batek baino hiruzpalau aldiz soldata handiagoa lor zezaketen eta, hori, garai hartan ere bazen zerbait.
Egia da ez zaizkigula erraketisten ingurukoak garai batean zeukaten sonaren magnitude berean transmititu, baina jakin izan dugun zerbait da izena eta dirua egin zutela askok. "Asteasu"-k hala kontatu zuen Gaur8 aldizkarian, 2015ean: "Gure etxean dena kendu ziguten eta zerbait egin beharra zegoen. Ez zegoen beste erremediorik. Lehen urtetan ez, baina gerora beti saiatzen nintzen etxera diru pixka bat bidaltzen. Baina guk gastuak ere bagenituen, pentsioak eta... Toki batzuetan pisua hartzen genuen eta lauzpabost erraketista bizi ginen elkarrekin. Baina, normalean, pentsioetan bizi ginen". Hala ere, zenbait familiak lotsaz bizi izan zuten etxeko alaba pilotari profesional izatea eta nahiago izaten zuten Madrilgo aberatsen etxeko zerbitzuan zebilela esatea. Agustinak horrela zioen: "Nik hemen ez nuen inoiz hitz egiten nire lanbideaz, ez zitzaidan iruditzen inori interesatzen zitzaionik".
“Gaur egun jendea bagaude eta, larruz jokatzen ikusten gaituztenean txundituta geratzen dira, baina, interes gutxi dago telebistaren partetik, ekonomikoki...”.
- Amaia Irazustabarrena, palista -
Ia egunero zituzten pilota partidak, batzuetan egunean bi ere bai. Hala kontatzen du "Chiquita de Aizarna"-k: "Hasieran asteko egun guztietan jokatzen nuen. Egun berean bi partida jokatzera iritsi nintzen, kideren bat lesionatu zitzaidalako. Baina nire jokoa hobetu eta mailaz igo nintzenean, gehiago neure burua baloratzeagatik nekeagatik baino, astean hiruzpalau partida bakarrik jartzeko eskatu nien enpresariei. Eta horrela izan zen". Denen hitzak ez zuen, ordea, pisu bera izaten eta elkarrizketetan salatu izan zuten federazioa ez zela euretaz kezkatzen eta zegokiena baino baliabide gutxiago jasotzen zutela.
Euskal Herrian ez zuten mundu bat ezagutzeko aukera eman zien frontoiak. Erraketistak kirolari profesionalak ziren eta Madrilgo eta Bartzelonako gizartean ezagunak eta prestigiodunak, garaiko torero eta aktoreen pare ibiltzen zirenak. Kuban eta Mexikon, berriz, are ezagunagoak ziren, izarren parekoak. Sari banaketa garrantzitsuetan ohikoa zen erraketistak sariak banatzen ikustea.
1980ko uztailaren 18an jokatu zen azken partida, Frontón Madriden. Bila aritutako dokumentuetan hamahiru pilotariko koadroa ageri da, ez dago argi, ordea, azken partida nork jokatu zuen. Pilotarien gogoz kontra hartutako erabakia izan zen eta orduko elkarrizketetan jokalariek federazioari egozten zioten erraketa sustatzeko gogorik eza. Ziurrenik, "Chiquita de Aizarna" da azken partida jokatu zuenetako bat, berak ez du oroitzen, ordea. Horrela kontatu zion Gonzalezi: "Batzuetan, egoera gustukoa ez denean, ahazten saiatzen zara edo ahaztuarazi egiten duzu".
Geroztik, emakumeek jokatutako frontoiko pilota modalitaterik ez da profesionala izan. Erraketisten itzalarekin kontrastea eginez, Irazustabarrenari bere modalitatea profesionala izateko aukeraz galdetu diot. Oso zaila ikusten du emakumezkoen pala profesionala izatea, zuzenean, interesik ez dagoelako. "Jendea bagaude eta, larruz jokatzen ikusten gaituztenean txundituta geratzen dira, baina, interes gutxi dago telebistaren partetik, ekonomikoki…". Beste modalitate batzuetan ere bistakoa da interes falta eta, ondorioz, horretarako baliabiderik ez dela jartzen. 1917-1980 artean erraketaz profesional izan ziren emakume haiek galanta egin zuten eta ongi dago gogoan izatea, aldiz, egungo emakumeen pilota modalitateek orduko ideologia misoginoaren arrastoak dauzkatela, ez baliabide eta ez errekonozimendu.
Nolakoa irudikatu, orduko joko alai eta ikusgarria? Han eta hemen erraketistek egindako adierazpenetatik ondorengo jokaldiak atera daitezke:
Abian da zesta-puntako Nazioen Liga. Ekainaren 6ra bitartean, hainbat selekzio arituko da lehian Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, euskal selekzioa tartean. “Historikoa” da hori, txapelketaren antolatzaileek adierazi duten moduan, euskal selekzioak aurrenekoz... [+]
Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]
Irungo Landetxa auzoko pala txapelketa mistoan, hogei bikotetik bakarra da emakumeek osatua, 40 lagunetik bi baino ez dira emakumeak: Idoia Karrera eta Loiola Zuazu. Lehiaz, txapelketa misto eta ez mistoen arteko aldeez eta joko-mailaz mintzatu gara haiekin. "Emakumeok... [+]
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota... [+]
Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzera bidean urratsa eman du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak, Euskadiko Federazioa eskubide osoko kide izatea onartuta. “Lorpen historikoa da”, zioen Euskadikoak pasa den abenduaren 28an, baina zuhurtziaz mintzo zen,... [+]
Lapurdiko Makean egin du Euskal Selekzioa Orain elkarteak lehenengo biltzar nagusia. Iazko udan Frantziako selekzioarekin jokatzeari uko egin ziotela iragarri zuten Ipar Euskal Herriko hamabost pilotarik osatzen dute gaur gaurkoz ekimena, zeinak helburu duen, besteak beste,... [+]
Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]
Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]
Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]
Espainiako Federazioak salatu du ez zaiola parte hartzen utzi iragan asteburuko Nazioarteko Pilota Federazioaren biltzar nagusian, eta hori “bidegabekeria” dela. Biltzar hartan onartu zuten, bozketan, Euskadiko federazioa nazioartekoaren eskubide osoko kide gisa... [+]
Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea onartu du Nazioarteko Pilota Federazioak, larunbatean Iruñean egindako batzarrean. Ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia da, "lorpen historikoa", Euskadiko Federazioak adierazi duenez, baina... [+]
Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]
Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.