Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du zigorra Espainiako Gobernuak.
Frankismoak 1974an garrotez hildako Salvadorren arreba. Espainiako estatuan garrotez hildako azkena. 50 urte eta gero, aurtengo otsailean baliogabetu zuen Madrileko gobernuak Salvador Puig Antich militante anarkistaren heriotza-zigorra. 50 urte honetan, batzuen eta besteen artean isiltasunetik argira ekarri dute Salvador hura, film, liburu, lekukotasun eta diren eta ez diren bideen bitartez. Merezimendu merezitua dute, oroz gain, hildako borrokalariaren arreba Inma, Montse, Carme eta Merçona Puig Antichek.
Zuen neba Salvadorrek 25 urte zituen hil zutenean.
26 beteko zituzkeen maiatz hartan. Nik, berriz, 18 urte nituen. Salvador zen oso alaia, oso libertigarria, eta, horrekin batera, oso sentibera, ez zitzaizkion injustiziak gustatzen. Eta ez dakit nondik zetorkion zera hori, oso berea baitzuen injustizia ez jasatea. Alegia, gure ama zena oso ona zen, oso katolikoa ere bai, baina Salvadorren kasuan, ez dakit zerk jarri zuen borroka hartara. Eta, egun batean, atxilo hartu zutela jakin genuen.
Nola jakin zenuten?
Inork ez zigun hots egin. Hori, hasteko. Ez Poliziak ez inork. Oroitzen naiz ahizpa zaharrena [Inma] eta biok nora edo nora gindoazela oinez, Bartzelonan barrena, eta garaiko El Caso egunkarian irakurri genuela albistea, Francisco Anguas hil zela, eta Salvador atxilotu zutela. Ez dakit Heinz Chez [garrotez hilko zuten hau ere] aipatzen zuten. Albistearen arabera, ospitale klinikoan ingresatuta zegoen. Gaitz erdi!
Gaitz erdi? Zer esan nahi duzu?
Ez zeukatela gatibu Poliziaren Bulego Nagusian, han egurra latz ematen baitzuten. Hortaz, klinikora joan ginen, eta sartu areto batera, eta 30 gris ere [Espainiako Polizia Nazionala] ikusi genituen. Inmak eta biok, berriz, esan genien Salvador neba genuela eta ikusi nahi genuela. Goitik behera eta behetik gora miatu gintuzten. Ni, artean, erizaintza ikasten ari nintzen, amaitzeko zorian nengoen, eta liburuak neramatzan. Eta poliziek nire liburuak ere hartu, eta arakatu zizkidaten.
Salvador ikusi ahal izan zenuten?
Ezta pentsatu ere! Esan ziguten gure nebaren gelara sartzerik ez genuela. Hala ere, Salvadorren gelako atea irekita zegoen, kontrolatuta edukitzeko, eta, hortaz, zer edo zer ikusi ahal izan genuen. Esate baterako, esku eta hanka esku-bilurrez lotuta zeukatela. Ikaragarria! Hitz egiteko modurik ere ez zeukan, tiroa bota baitzioten, eta matraila zartatu zioten. Likidoa besterik ez zuen edaten, lastotxo baten bitartez. Eta, orduan, garrasika hasi ginen: "¡Salvador! ¡Salvador! ¡Que estem aquí! ¡Estem aquí!”.
Hemen gaude!
Garrasika, gero! Baina Salvadorrek ez zuen guri erantzuteko modurik. Ez ziguten ikusten utzi Modelora [Bartzelonako kartzela, garaian] eraman zuten arte. Han, ikusi genuen, behintzat. Barrote artean. Ez ziguten utzi katalanez hitz egiten, baina, jakina, hori konstante bat zen Bartzelonan eta Katalunian. Eskerrak ama hila zela ordurako, ez zuen sufrikario hura bizi izan. Urtea lehenago hil zen, minbizi batetik. Eta, badiotsut, eskerrak, zeren ez baitzuen Salvadorrena jasango. Oso latza izan baitzen. Gure aitari ere heriotza-zigorra eman zioten [1936ko] gerran. Bilbon eduki zuten, eta, gero, zigor hura kommutatu zioten.
Eta ez duzu uste aitaren iraganak ere Salvadorri eragitea?
Ez, etxean ez baitzen horretaz batere hitz egiten. Gure aita beldurrez bizi zen, ez zen politikaz bihirik ere hitz egiten. Ez zuen gerra konturik aipatzen. Aitak gabe, amak kontatzen zigun zer edo zer noizean behin, gu hazi ahala. “Ni halako gizon batekin ezkondu nintzen, baina kartzelatik irten eta etxera itzuli zenean, beste bat zen”. Aita zeharo jota zegoen, gizajoa!
Salvador, Modelo kartzelan.
Harrezkero, astean bi aldiz ikusten utzi ziguten. 20 minutuko bisitak ziren, eta lau ahizpak denak batera sartzen ginen. Bost izan bagina, ez ziguketen utziko. Gure kasuan, neba zaharrena, Quim, psikiatra zen, eta AEBetan bizi zen. Hemen psikiatria oso atzeratuta zegoen garaian joan zen hara, eta hantxe egin zuen bizimodua. Salvador hil baino hilabete lehenago etorri zen, ustez momentu batetik bestera hilko zutela, eta batere uste ez genuela etorri zen Bartzelonara. Gurasoen etxera sartu eta: “Hil dute ja?”. Eta guk: “Ostia, Quim, oraindik ez!”. Artean ez zioten egin gerra-kontseilua. Modeloko zuzendariari joan gintzaizkion, Salvador bost anai-arrebok ikusi ahal izateko, eta baimena eman zigun, Salvadorren jokaera ona argudio. Hala ere, aitak ez zuen Salvador ikusi.
"Denok bildu eta Modelora zuzenean! Anaiarekin eman genituen kaperako hamabi orduak. Ostiralean heriotza-zigorra onartu, eta larunbatean hil zuten“
Zertan ziren bisitak?
Txorakeriak esaten ematen genuen denbora. Berak adoretsu plantak egiten zituen, eta guk ere bai. Ahizpak ni baino liburuzale handiagoak ziren, eta nobelak-eta eramaten zizkioten Salvadorri, baina hark ezetz, ez zuela gisa hartako nobelarik irakurtzen. Pentsamendu liburuak irakurtzen zituen. Eguna irakurtzen ematen zuen. Gainera, bakartuta zeukaten. Patiora eramaten zutenean ere, bera bakarrik, funtzionarioa beste konpainiarik gabe.
Gerra-kontseiluaren eguna heldu zen, halako batean.
Dena arin batean gertatu zen. Eta orduan eta arinago, Carrero Blancorena eta gero. “Salvador akabatu eta kito!”, pentsatu bide zuten. Espainiak, edo Francok, emandako zigorra. Gainera, katalana! Eta badakizu zer tirria diguten Espainian katalanoi. Gerra-kontseiluan izan ginen. Fartsa hutsa. Ez lekukoen testimoniorik, ez medikuen hitzik, ez zieten deklaratzen utzi. Poliziek beste inork ez zuen deklaratu. Eta abokatuak [Oriol Arau] Salvador atxilotu zuten polizietako bati: “Eta zenbat kulata-kolpe eman zenizkioten atxilotuari?”. Eta: “Bat”. Eta abokatuak behin eta berriz galdetzen zien, gero eta zorrotzago, eta, azkenean, zazpi kolpe ere aitortu zituzten.
Zazpi kulata-kolpe…
Kalean atxilotu zuten, eta kolpeka, odoletan utzi zuten Salvador, eta saltsa kalean, eta jendea begira, eta sartu zuten bebarru batean [Girona kalea, 70]. Gure abokatua Oriol gaztea zen, gogotik saiatu zen, egunero joaten zitzaion Salvadorri bisitan. Baina epaiketa hura fartsa hutsa izan zen, han ez zegoen justizia bermerik batere. Ostiralero, Ministroen Kontseilua izaten zen Madrilen, eta haiek erabaki behar zuten Salvadorren heriotza-zigorra gauzatzea. Eta, horrela, ostiralean, martxoaren lehenengoan, iluntzeko zortziak edo bederatziak aldera, Salvador hurrengo egunean hilko zutela jakinarazi zigun Oriolek. Denok bildu ginen, eta Modelora zuzenean! Gure nebarekin eman genituen kaperako hamabi orduak. Ostiralean heriotza-zigorra onartu, eta larunbatean hil zuten.
Gau latza.
Oso latza ere. Abokatuen Elkargoa bikain portatu zen. Batera eta bestera deitu zuten, aita santuari eta behar zen guztiari, erruki eske. Baina goizeko lauretan, Oriol sartu zenean, haren aurpegiera ikusi genuen, etsi genuen. Gure ahizpa Monsek ezin sinetsi zuen: “Gure amak zer edo zer egiten asmatuko du zerutik!”. Ahizpa ttikienak, Merçonak, 11 urte zituen, eta ez zioten sartzen utzi. Grabatuta dauka. Ezin izan zuen Salvador despeditu. Gu gaueko hamaikak aldera sartu ginen kartzelara.
Garrotez hil zuten Salvador. Espainiako Estatuan garrotez hildako azkena da…
Auzitegi militarra zen! Lege militarraren arabera, fusilamendua behar zuen, ez garrotea! Carrero Blancoren heriotzagatik, ahalik eta heriotzarik krudelena opa zioten Salvadorri. Uste horretan nago. Montjuicen hobiratu genuen eta, gero, isiltasuna. Tabua. Ez genuen hartaz hitz egiterik. Franco hil eta gero ere, eta urteak joan eta gero ere, isilik egon behar izan genuen! Jendeak ere ez zuen ezer esaten eta, bestalde, sumarioak eta gainerakoak, itxita zeuzkaten, gordeta. Oso hurrekoekin besterik ez genuen Salvadorrez hitz egiten. Inora joan, banketxera, edo dena delako tokira, eta ez genuen bigarren deiturarik esaten: Carme Puig, edo Inma Puig, edo Montse Puig… eta kito. Berdin jokatu genuen etxeko guztiok.
"Montjuicen hobiratu genuen eta, gero, isiltasuna. Tabua. Ez genuen hartaz hitz egiterik. Franco hil eta gero ere, eta urteak joan eta gero ere, isilik egon behar izan genuen!"
Bigarren deitura ere eskatuko zizueten noizbait, ordea.
Bai. Eta, orduan, era guztietako erreakzioak izaten ziren. Batzuek, hunkituta, besarkatu ere egin izan gintuzten. Oilo-ipurdia egiten zait oraindik. Hamabost urte ere iraun zuen isiltasunak eta, gero, egun batean, TV3ko kazetari batek, Francesc Escribanok, ahizpok afaltzera eraman gintuen, eta, ondoren, gauez, zeharo ilunduta zegoela, telebistaren egoitzara. Barruan ere dena ilun zegoen. Aulkietan jarri gintuen, eta elkarrizketa egin zigun. Eta emititu egin zuen. Eta jendeak ikusi! Harrituta denok! Eta handik abiatu, eta liburua egin zuen. Eta, hurrena, Jaume Arrourasek filma egin zuen 2006an. Merezi du ikustea.
Esan nahi duzu, Escribanoren elkarrizketaz gero, gauzak bestela izan zirela?
Halakoren bat. Hamabost urte ere joanak ziren Salvador asasinatu zutenetik, eta orduantxe hasi ziren gauzak aldatzen; hein batean, bederen. Zorionez, lau ahizpok oso bat eginda gaude. Hala ere, nor bere modura eraman du Salvadorren memoriaren lekukoa. Eta, beharrik, lau ahizpa garen, zeren filmaz gero hamaika tokitara joateko hots egin digute. Filma erakusten zuten eta, ondoren, solasa izaten zen, eta hantxe parte hartzen genuen zuzendariak eta etxeko batek. Batean, institutu batean ginen; bestean, bestelako toki batean. Eta Salvadorren heriotzaren 50. urteurrenaren karietara, are eta toki gehiagotara joan behar izan genuen gure z hitz egitera.
Eta zer esaten zenuten Salvadorrez, zer galdetzen zizueten?
...18 urte nituen, gogoan iltzatuta daukadana kontatzen dut beti. Banketxeetan lapurreta egiten zutela, dirua langileei emateko, haiei laguntzeko. Oroitzen naizenez, ez zela etxean bizi, hilabeteak zeramatzala etxetik kanpora, behin baino gehiagotan ibili zela Tolosan [Okzitania], non gune anarkista indartsua baitzuten. Kontatzen dut klandestinitatean ibilita ere, etxera etorri zela ama hil zenean, baina mozorrotuta, trajea eta betaurrekoak jantzita: “Baina, Salva, orain betaurrekoak daramatzak?”. Eta berak: “Ukitu, ukitu! Leiarrik badute?”. Eta, egia! Leiarrik ez zuten! Eta etxeko ttikiena, Merçona, ikusteko egiten zituenak!
Zer esan nahi duzu?
Inkognito zebilen batera eta bestera, eta, Bartzelonan bertan, apartamentu batetik bestera. Hala ere, Merçona ikusteko ahaleginak egiten zituen. Igoal joaten zitzaion eskolara, jasotzera, eta eramaten zuen txokolatea hartzera, eta ematen zion diru pixka bat. Eta Merçona pozik baino pozikago! Eta, gero, ezkutatu egiten zen berriz. Salvador, alegia. Hainbeste kontu.
"Ez zen izan inori ama edo aita hiltzen zaionean bezala. Hura sei hilabeteko jipoia izan zen, sekulako egurra jaso genuen. Eta garrotea erremate! Ezin kendu dut burutik"
Eta zer diozu haren borrokaz?
Salvadorrek ez zuen dudarik, bazekien zertan ari zen, frankismoaren kontra. Ongi gogoetatuta hartu zuen erabakia. Soldadutzatik etorri, eta hiru hilabete egin zituen gure ahizpa zaharrenaren etxean, Inmarenean, ezkonduta bizi baitzen ordurako. Gauez, loaren erdian, amets egiten zuen, garrasi egiten zuen. Garai hartan hartu zuen erabakia, bere belauneko askok bezala. Egiten zuenaz guztiz kontziente zen Salvador.
50 urte ere joan dira…
Bai, baina orain dela gutxi izan balitz bezala bizi dut, presente daukat Salvador, eta egin ziotena. Ez zen izan inori ama edo aita hiltzen zaionean bezala. Hura sei hilabeteko jipoia izan zen, sekulako egurra jaso genuen. Eta garrotea erremate! Ezin kendu dut burutik. Ezin dut. Bizi-bizirik daukat dena. Ezin izan dut inoiz burutik kendu. Eta uste dut inoiz ez dudala min hau kenduko. Saiatzen zara hau eta hura egiten, aurrera jotzen, baina hortxe da beti zauria, Salvadorren heriotzarena.
Aurten, Espainiako Gobernuak zuen nebari egindako epaiketa eta emandako zigorra baliogabetu ditu…
Bai, 50 urte eta gero. Eta Madrilera joan ginen eta agiri bat eman ziguten. “Diploma” bat eman zigutela esan nuen etxean, eta, hasieran, barre egin zidaten ahizpek, baina orain halaxe esaten diogu denok agiri hari: diploma. Jazarpen eta biolentzia politikoaren biktimatzat aitortu dute Salvador, baina bestelako erreklamaziorik egiteko eskubiderik ukatu digute. Alegia, ilegal eta ilegitimo deklaratzen dute Salvador epaitu zuen auzitegi militar hura, eta ilegitimo eta baliogabe, zigorra. Guk epaiketa bera baliogabetzea eskatzen dugu, horretan ari da abokatua [Francesc Caminal, Oriol Araurekin batera lan egina] lanean, baina ez dugu aitortza hori jasotzeko esperantzarik.
* * *
Txiki
“Cerdanyolan nintzen Txiki fusilatu zutenean. Ez, hala ere, lehen lerroan, Magda [Oranich] edo Txikiren anaia [Mikel] bezala, baina hantxe. Jende asko joan zen hara, baina, jakina, Poliziak ez zigun utzi fusilatu zuten tokiraino heltzen. Eta jendea oihuka inguruko mendian: ‘Txiki! Txiki!’”.
Hurrekoak
“Hurrekoekin besterik ez dugu hitz egin gure egoeraz. Salvadorren heriotzaz, gure minaz… Hau eta hura galdetzen digute, gurekin hitz egitera etorriko direla, eta ongi da. Ez dakit bestelako laguntzarik –kanpokorik, esan nahi dut, psikologikoa–, beharko genukeen. Batek jakin”.
AZKEN HITZA
Martiri ez
“Salvador militantea izan zen, eta biktima, baina ez martiri. Berak esan zigun behin, kaperako gau hartan, oker ez banago: ‘Nik ez dut martiri izan nahi!’. Martiritzat hartua izaterik ez zuela nahi, alegia. Baina ez dakit zer pentsatuko lukeen ahizpok egiten duguna ikusiko balu, edo Madrileko gobernuak, Generalitatek, Bartzelonako Udalak… eginarazten digutena ikusiko balu. Hala ere, Salvador martiri ez, behintzat”.
Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere... [+]
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.
50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
Fusilamenduak, elektrodoak eta poltsa, hobi komunak, kolpismoa, jazarpena, drogak, Galindo, umiliazioak, gerra zikina, Intxaurrondo, narkotrafikoa, estoldak, hizkuntza inposaketa, Altsasu, inpunitatea… Guardia Zibilaren lorratza iluna da Euskal Herrian, baita Espainiako... [+]
Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose... [+]
Familiak eskatu bezala, aurten Angel oroitzeko ekitaldia lore-eskaintza txiki bat izan da, Martin Azpilikueta kalean oroitarazten duen plakaren ondoan. 21 urte geroago, Angel jada biktima-estatus ofizialarekin gogoratzen dute.
Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.
33/2013 Foru Legeari Xedapen gehigarri bat gehitu zaio datozen aldaketak gauzatu ahal izateko, eta horren bidez ahalbidetzen da “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak... [+]
1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.
ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea bermatzeko... [+]
Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]
Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.