"Aurten ikusi duguna etortzear dauden suteen aurrerapen txiki bat besterik ez da izan"

  • Klima aldaketaz-eta asko hitz egin arren, aurtengo bero bolada latzek, sute kontrolaezinek eta lehorte amaigabeek argi erakutsi digute etxean bertan dugula larrialdi klimatikoa. Peio Oria AEMET Espainiako Meteorologia Agentziako Nafarroako ordezkaria da eta argi utzi digu urte latzak datozkigula.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Zein da zure lana AEMETeko ordezkari gisa?
Komunikabideei erantzuteaz gain, bitartekaritza lana ere egiten dugu Nafarroako administrazioarekin, babes zibilarekin edota Ingurumen Sailarekin, besteak beste. Datuak biltzeko estazio sare bat dugu, erkidego guztietan zabaldua. Hemen Nafarroan 100 estazio baino gehiago kudeatzen ditugu. Herri askotan kolaboratzaileak ditugu eta haiek laguntzen digute datuak biltzen.
Bi motatako estazioak dira: eskuzkoak eta automatikoak. Automatikoak hogei dira. Presioa, hezetasuna, haizearen indarra zein norabidea eta erradiazioak neurtu ondoren, datuak automatikoki bidaltzen dituzte hamar minutuero. Eskuzko estazioak kolaboratzaileek kudeatzen dituzte eta egunero, ordu berean, neguan 8:00etan eta udan 9:00etan, helarazten dizkigute datuak. Orain 82 inguru ditugu, gero eta gutxiago, konpromiso handia delako egunero kasu ematea. Joera da dena automatizatzea.

Datu guztiak klima aldaketa larriaz mintzo dira?
Bai. Klima aldaketa geldiezina eta atzeraezina da. Joerak oso argiak dira, batez ere tenperaturaren igoera. Oso markatua da, baina planeta osoan ez da abiadura berean gertatzen ari. Artikoan, esate baterako, hiru aldiz azkarrago doa, arazo larriak sortuz. Iberiar Penintsulan mantsoago joan arren, ikusten ari gara nola berotze prozesua azkartzen ari den, azken urteetan bereziki. Aurtengo uda horren adibide argia da: hiru bero bolada bortitz eta intentsu izan ditugu. Ekainekoa bereziki gogorra izan zen eta horrekin batera baso sute handiak etorri ziren. Orokorrean bero boladen kopurua eta haien iraupena gero eta handiagoak dira eta hori argi eta garbi ikusten dugu datuetan.

Urteko lau sasoiak ezabatzen ari dira?
Bai. Udak gero eta luzeagoak dira. Aurtengo uda oso adibide ona da: maiatzaren 10etik oso tenperatura altuak izan ditugu eta urriaren amaierara arte luzatu da beroa. Udaberrien eta udazkenen iraupena laburtzen ari da.

Beraz, etorkizunean bi sasoi baino ez dugu izanen?
Hori da ereduek esaten digutena. Tenperatura ez-ezik, euriaren patroiak ere aldatzen ari dira. Duela 50 urtekoarekin alderatuta, ikusten ari gara udazkenean euri gehiago egiten duela neguan baino. Duela 50 urte ohikoa zen prezipitazio ugari izatea neguan eta ongi banatuak. Orain, aldiz, udazkenean metatzen dira eta, maiz, egun gutxi batzuetan. Zaparrada mardulak gero eta ohikoagoak dira, baina euririk gabeko tarteak ere ugariagoak dira orain.

Udako zaparradetan lurrunketa handia dago eta ura atmosferara itzultzen da berehala. Neguan, aldiz, zaparrada intentsu horiek uholdeak eragiten dituzte. Batean zein bestean, prezipitazio horiek ez dute asko laguntzen urtegien maila igotzen.

Argazkia: Dani Blanco
"Desazkundea da bide bakarra, baina sistema osoa hazkunde ekonomikoan zentratuta dagoenean kontzeptu hauek talka egiten dute”

Urakanak, ekaitz bortitzak… gero eta maizago gertatzen dira. Euskal Herrian horietatik libratzen gara?
Oraingoz bai. Urakanen maiztasuna handiagoa dela frogatuta dago. Haien sorrerarako ozeanoaren uraren tenperatura funtsezkoa da, horregatik uraren tenperaturak igotzen jarraitzen badu, Europatik gero eta gertuago izango ditugu urakanak. Aurten Kanaria Uharteetara ur piloa utzi zuen depresio tropikal bat hurbildu zen eta halakoak oso arriskutsuak dira.
 Mediterraneoko uraren tenperaturak ere marka guztiak hautsi ditu aurten. Gaueko airearen tenperatura oso lotuta dago uraren tenperaturarekin eta horregatik ikusi dugu gau askotan ez dela 25 gradutik jaitsi. Euskal Herriko kostaldean ere bero handiko gauak izan ditugu hego haizeak eraginda, baina ez hainbeste egun jarraian.

Gure osasunerako zer arazo etor daitezke etorkizunean?
Klima aldaketak osasunerako bi ondorio larri ditu: heriotza tasa modu argian handitzen du. Ez du heriotza zuzenean eragiten, baina okertzen ditu lehendik dauden patologiak. Beste ondorioa da guretzako berriak diren gaixotasunen zabalkundea. Afrikatik etorritako xomorroek ekarritako eritasunak, esate baterako.

Aurtengoa hemendik aurrerako udarik hotzena izan dela diote. Ados zaude?
Aurtengoa bezalako udak oso ohikoak izango dira hurrengo urteetan, baina are latzagoak eta leunagoak ere izango dira. Klima, definizioagatik, oso aldakorra da eta ez daude bi urte berdinak. Uda hotzagoak ere etorriko dira hainbat tokitan, baina batez besteko balioak hartuta, uda bakoitza aurrekoa baino pittin bat beroagoa izateko joera ikusiko dugu ipar hemisferioan.

Bero bolada latzak ohikoak izanen dira?
Hori da. Bero olatu luzeak, agian hiru edo bost astetakoak. Hori ikusten ari gara toki askotan. Aurten Txinan izan dute historiako bero olaturik okerrena eta AEBetan eta Europan izugarrizko tenperaturak izan ditugu.

Itsasoaren maila ere igotzen ari da. Ur azpian geldi litezke gure kostaldeko zati batzuk?
Orain satelite bidezko oso neurketa zehatzak egiten dira. Azken 150 urteotan itsasoaren maila 20 eta 30 zentimetro artean igo dela eta hori azkartzen ari dela ikusten da. Aurreikuspenek diote metro batekoa izan daitekeela igoera mende honen amaierarako. Horrela balitz Donostia sarritan urez beteko litzateke eta hori arazo handia izan daiteke. Askotan errepikatuko balitz, jendeak bizitoki berriak bilatu beharko lituzke, baina arazo handiena ez dago hemen, itsas mailan dauden hiritzar gainpopulatuetan baizik: New York, Bombay, Delhi...

Halako agertokiak bost edo sei hamarkada barru gerta litezke, edo agian beranduago. Ez da egun batetik besterako kontua izango, baina gertatuko da prozesu geldiezina delako. Espaziora isuri ditugun negutegi efektuko emisio guztien ondorioetako bat izango da hori epe luzera.

Muturreko fenomenoekin lotutako beste efektu batzuk, aldiz, lehenago pairatzen hasiko gara, eta haien artean nagusia, zalantzarik gabe, baso suteena. Eredu klimatikoek esaten digute muturreko baldintzek ekarriko dutela suteak geldiezin bihurtzea. Gure baso azalera zati handi bat erre daiteke. Aurten ikusi duguna etortzear dauden suteen aurrerapen txiki bat besterik ez da izan. Oso gordina eta oso ezkorra da, baina baso-sute handi eta geldiezinak izango dira etorkizuneko arazorik handiena, nahiz eta sua itzaltzeko plangintzetan diru asko inbertitu.

Iratiko oihana, esate baterako, arriskuan dago?
Oraingoz sute handirik ez da izan Pirinioetan, non bertako zuhaitzek ongi eutsi izan dioten euri eskasiari, baina horrek badu muga bat eta aurten argi ikusi da hori. Uda honetan han ere sute ikaragarriak izateko baldintzak eman dira, baina zorionez ez da gertatu Nafarroako erdialdean ikusi duguna. Eta hemen bezala, arrisku bizian daude Australia, Kanada, Amazonia, Hego Afrika edota Turkiako basoak ere. Hau arazo globala da, horregatik egokitzapen estrategiak oso garrantzitsuak dira, tokian-tokikoak eta mundu mailakoak ere bai. Egokitu behar dugu bai ala bai. Murrizketak inposatu behar dira zalantzarik gabe, baina egokitzapena gero eta garrantzitsuagoa da.

Zergatik tenperaturen igoerak eragiten dio gehiago Artikoari?
Badu zerikusirik izotzaren presentziarekin. Izotza tenperatura erregulatzaile ona da. Eguzkitik datorren energiaren zati handi bat islatu eta lurretik kanpora bidaltzen du. Beroketa globalarekin gero eta izotz gehiago urtzen da eta honen ondorioz tenperatura gehiago igotzen da eta izotz gehiago desegiten da. Sorgin-gurpil moduko bat gertatzen da. Horregatik aldaketak askoz azkarragoak izaten ari dira han. Artikoa bi eta hiru aldiren artean azkarrago berotzen da planetaren gainerakoa baino. Honen beste ondorio bat da Europan bero olatuak luzeagoak gertatzea edota, hotz eta elur fenomeno gehiago egotea beste toki batzuetan baino. Asia, Japonia edo Kanadan, esate baterako, azken neguetan hotz bolada ikaragarriak izan dituzte Artikoko aire hotzek eraginda. Dena dago interkonektatua.

Aldaketak, beraz, eragina du bero zein hotz boladetan?
Bai, baina beroarenak askoz gertagarriagoak dira. Hotz olatu bakoitzeko hamar bero olatu gertatzen dira. Erabat desorekatuta dago.

Euri gero eta gutxiago eginen du?
Planetako zati honetan bai. Lehorte luzeak izanen ditugu eta poliki-poliki,  Afrikako iparraldean dauden baldintzak iparralderantz joango dira penintsularen gehiena inbaditzen. Aurtengoa da adibide garbiena. Iruñerrian 300 litro metro koadroko prezipitazioak izan dira urtarriletik azarora arte, normalena 600 bat litro denean. Alde handiz urterik lehorrena izan dugu neurketak egiten direnetik. Euri gutxi eta gaizki banatua: urriko egun bakar batez 26 eta 50 litro arteko kopuruak erregistratu genituen Iruñerrian. Ordu erdi batez lau hilabetean baino euri gehiago egin zuen. Mediterraneoko uda bukaerako ekaitzak desplazatzen ari dira gure klima atlantikoa.

Marka asko ari gara hausten…
Bai, hala da. Uda hau Nafarroan bigarren beroena izan da eta urte honek marka guztiak hautsiko ditu. 50 urtetako lehorte handiena izan dugu azken hilabeteotan eta abenduan, aldiz, uholde handienak. Urriko tenperatura altuek ere langa guztiak gainditu dituzte Frantzian, Italian, Mediterraneo osoan eta bereziki Iberiar Penintsulako hegoaldean.

Argazkia: Dani Blanco

Martxoan Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuen Klima Aldaketaren Legea. Nola baloratzen duzu lege hori?
Badira gauza interesgarriak. Energia berriztagarrien agerpena oso positiboa da. Erregai fosiletan oinarritutako energia iturriak ordezkatu beharra dago eta lege hau ildo horretatik doa. Hala ere, seguruenik hau dena ez da inondik ere nahikoa izango. Lege hau oso enfokatua dago gure gaurko modus operandi horrekin jarraitzera, baina gauza batzuk ez dira elektrifikagarriak eta hori arazo handi bat da. Eredu aldaketa bera gauzatzeko ere, isurketa ikaragarriak egin behar dira. Parke eoliko bat muntatzeko, adibidez, makinaria astuna eta materialak ekarri behar dira urrutitik eta horrek berarekin dakartzan isurketak ekidinezinak dira.

"Zaila da hau dena prozesatzea eta horregatik zoritxar-igarle eta apokaliptiko batzuk garela esaten dute batzuetan, baina hau da txostenek eta datuek esaten dutena"

Hau ez da eredu bat kentzea beste bat jartzeko. Ez da horren sinplea, zoritxarrez.
Gainera honekin lotuta energia krisia dago. Larrialdi klimatikoan gaude eta gero eta arazo gehiago gehituko dira. Urte kritikoak datoz. Osasun sistema, basoen kudeaketa, nekazari produkzioa, uraren kudeaketa... dena tentsionatzen joango da, klimak dena baldintzatzen duelako. Baso-suteen kasuan, adibidez, ezin da baso guztien inguruko aurreikuspenik egin. Plangintza zehatzak egin behar dira herriak eta oinarrizko azpiegiturak babesteko. Herrialde batzuetan asko inbertitu dute suak itzaltzeko medioetan, baina ikusten da badela puntu bat non berdin den mila suhiltzaile izan edo hamar mila. Ekainaren 18an Nafarroan izan genuen sute horren antzekoak dira gainera datozkigunak, bortitz eta lehergarriak. Burdeos aldean, Gaztela Leonen, Zamoran, Alakanten, Aragoin, Andaluzian...ikaragarrizko suteak izan dira. Beste modu batez jokatu beharra dagoela argi dago. Zenbait baldintzak bat egitean, koktel lehergarri bat gertatzen da: landa-guneen despopulazioa, basoen ustiapenik eza... Hau errealitate berria da, eta landa eremuari eragingo dio bereziki.

Zaila da hau dena prozesatzea eta horregatik zoritxar-igarle eta apokaliptiko batzuk garela esaten dute batzuetan, baina hau da txostenek eta datuek esaten dutena.

Desazkundea da irtenbide bakarra?
Bai, baina sistema osoa hazkunde ekonomikoan zentratuta dagoenean kontzeptu hauek talka egiten dute. Datorkigun sufrimendu handi hori arintzeko nola egin aldaketa, sufrimendu handia sorrarazi gabe. Hori da gakoa.

Urte hau, hala ere, inflexio puntu bat izan da gauza larriak ikusi ditugulako. Nik hemengo politikarien aurpegietan lehen aldiz kezka oso handia ikusi dut. Nekazariekin egotea egokitu zait foro askotan eta izugarrizko galerak izaten ari direla ikusten da. Urtegiak ere oso baxu daude eta ikusiko dugu orain betetzen diren.

Teknologiak salbatuko gaituela uste du jende askok…
Hori da itxaropena eta arazoa aldi berean. Teknologia aurrera doa, baina oso zaila da erregai fosilak ez diren energia iturriekin sistema horiek elikatzea.

Nolako negua datorkigu?
Badirudi azaroan tenperatura ohi baino altuxeagoak izango ditugula. Negua ere ez da oso hotza izango, dirudienez. Oraingoz ez da aurreikusten ez lehorte handirik ez euri zaparrada ikaragarririk. Horrek alde ona ere badu: berogailuak gutxiago ari gara erabiltzen udazken honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude