Elikagaien krisia gainditzeko, baserritarrak sustatzeaz gain kaletarrei eman aukera ortu bana edukitzeko

  • Familia asko betidanik saiatu dira nor bere ortu txikian osatzen etxeko janari beharrak mundu osoko hiri handi eta txikietan. Hala egiten dute Kuban bezala boikot ekonomikoagatik emergentzian bizi diren herrialdeetan, gerraren ondorio latzak nozitzen dituztenetan eta oro har herrialde eta inguru txiroetan. Mendebaldeari estualdi gogorra iragartzen zaionean, hemen ere heldu ote da baratze txiki pribatu, kolektibo zein publikoen garaia?

Udal Baratzean. Emakumea etxean frijitzeko kuiatxo-loreak biltzen, Altsaziako Illzach herrian udalak bizilagunei lagatako 62 kaleko ortuetako batean. Argazkia: Dominique Thuet.
Udal Baratzean. Emakumea etxean frijitzeko kuiatxo-loreak biltzen, Altsaziako Illzach herrian udalak bizilagunei lagatako 62 kaleko ortuetako batean. Argazkia: Dominique Thuet.

Uztailaren 9an Gara egunkaritik Jon Jausoro Saez de Camarak galdera zehatza egin die Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari euskaldunok jaten ditugun elikagaien jatorriaz: “EAE eta Araba mailan behar diren elikagai horietatik zenbateraino ase ditzakegu lekuko baliabide eta laboreekin?”. Beste asko bezala, Jausoro kezkatuta dago agintariek ahoa betetzen duten arren iraunkortasunez eta hurbileko produkzioz, egunerokoan elikagaien zirkuitua gero eta globalagoa delako. Eta globalizazioak bere arriskuak erakutsi dituelako, hasi Suezeko kanalean harrapatutako baporeak eragindako krisiarekin, larriagotu Covidarekin eta errematea emanda Ukrainako gerrarekin. Jendeak bermatuta ote dauzka biharko eta datorren asteko otorduak?

MI5 inteligentzia
zerbitzuak dio Britainia
Handian daudela
“four meals from anarchy”,
anarkian erortzetik
lau otordura

EAE edo Euskal Herrian ez bezala, antza, Britainia Handian agintariek aztertua dute gaia, Michael Raw laborantza gaietan aditu ingelesak Renegade bideo kanalari azaldu dionez: “MI5 Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuak herrialdearen ahulgune nagusien artean aipatzen du britainiarrok gaudela four meals from anarchy (anarkian erortzetik lau otordura)”. Alegia, jendeak lau otordu egin ahal edo ezin izatea dagoela normaltasunaren eta kaleko anabasa orokorraren artean. Supermerkatuetako apalak hustuz gero, kasu kaleetako matxinada liskartsuari.

Rawk kontatutakoa Energy Balance blogean laburbildu du Chris Rhodes unibertsitateko irakasle eta Transition Towns mugimenduko kideak: Four Meals From Anarchy – We Must Grow More Food Locally (Anarkian erortzetik lau otordura: janari gehiago ekoiztu behar dugu lekuan bertan): “Britainia Handiko elikagai politikak funtsean segurutzat jotzen du urrutiko herrialdeek jarraituko dutela gu janariz hornitzen, gaur egun hemen kontsumitzen denaren erdia atzerritik baitator. Hau oso arriskutsua da,  batik bat hainbat nazio hasi direnetik politika protekzionistak antolatzen, elikagaiak esportatzeko debekuak ezarriz. Hornidurak urritzen badira, dagoeneko garestiak diren elikagaiak are gehiago garestituko dira”.

Komeni da ondo ulertzea hornikuntzaren eta prezioen arteko logika berezia. Rawren kalkuluetan, jakiak urritzen badira  %3 ohiko hornitze mailatik, haien prezioak igoko dira %12; hornidura %5 jaitsiz gero, prezioak %20 handituko dira eta hornidurak %10 jaitsita, prezioak %100 garestitzera inguratuko.

Rawk badaki zertaz ari den, teoria jakiteaz gain praktikan ere ikusi berri baitu horniduren krisia Britainia Handian gertatzen, Brexit-aren hasierako ordurik gogorrenetan. Horregatik dio ez litzatekeela harritzekoa agintariek  laster jakien errazionamenduak ezartzea. Hala egin zuten II. Mundu Gerran eta haren ondoren ere luzaz: Europa osoan agintariek diruz lagundu zituzten baserritarrak soro eta ukuiluetan gehiago ekoiztu zezaten.

Elikagai burujabetzaren behar larriaz azken urteotan nekazariak aritu dira ohartarazten eten barik, baina ez zaie kasurik egin. Aldiz, hazkunde ekonomikoaren egitura osoa ekaitz perfektuak astinduta krisian amildu duelarik, Rawren aurreikuspenetan laster gerta liteke arrisku teorikoa zena eguneroko irudi bihurtzea supermerkatuetan: atari aurreetan jende ilara luzeak zain eta biltegi barruetan apalak hutsi jenerorik gabe.

Ikerlan batek erakutsi
du britainiarrek jaten
dituzten fruitu eta
barazkien %40 ekoiztu
daitezkeela kaleko
baratzeetan

Prezioei dagokienez, elikagaiak jada garestituta daude mundu osoan. Baina nekazariek beren laboreak hazi arazteko behar dituzten ongarrien garestitzeak iragartzen du zer gertatuko den janarien prezioekin datorren udazkenean eta, zer esanik ez, heldu diren urteetan. Urrutiko jakiak prezio igoera handiekin baldin badatoz, horri gehitu hemen bertako laborantzaren zati handi bat epe laburrean desagertu ere egin daitekeela.

Europako laborariak daude, esan ohi den bezala, ingudearen eta mailuaren artean harrapatuta: batetik beren ekoizpenak ezin saldu prezio duinetan eta bestetik behar dituzten ongarri eta hornidurak ezin pagatu. Etxalde asko dago jarduera bera ere etetera bortxatuta. Euskal Herrira edo zehazki EAEko itsas aldera etorrita, baserritarren kinka larria gardentasunez azaldu zuen apirilean Gaur 8 astekarian Eneritz Otamendi Igeldoko nekazariak: “Egoera hain da larria, une honetan daukagun testuinguru honek bi edo hiru hilabetetan irauten badu, baserri asko itxi egingo direla”.

Baratze obreroa. Jardin Ouvrier (baratze obrero) batean lanean, Marseillako Coder enpresaren lurretan. 1941ean laga zizkien ugazabak fabrika ondoko lur muturrok. Argazkia: Mars Actu.

Krisi handi honek eskatzen du elikadura politikarekin batera aldatzea nekazaritzaren planifikazio eta laguntzen egitura osoa, jendeentzako elikagai duinak prezio duinetan ekoiztea izan dadin lanbide erakargarria. Baina agintariek landu beharra daukate beste bide bat ere: bermatu familia eta pertsona bakoitzari etxerako janarien parte bat nork bere baratzean ekoiztu ahal izatea. Hots, hirietako baratzeak sustatzea baina bere potentzialitate osoan. Familia bakoitzaren autonomia hobetzeaz gain, ortu txiki horietan egon daitekeelako herrialde osoaren elikadura segurtasunaren gakoetako bat, eta ez gehienek uste bezain txikia.

2022 hasieran plazaratu da Britainia Handiko zenbait unibertsitateren artean, Leicesterrekoa buru, egindako ikerlan bat erakutsi duena herrialde hark kontsumitzen dituen fruitu eta barazkietatik %40 ekoiztu daitezkeela kaleko baratzetarako erabiliz hirietan eta inguruetan erabili gabe dauden lurrak: parkeak, ur bazterrak, auzo eta aldirietan abandonatutako eremuak... Potential of urban green spaces for supporting horticultural production: a national scale analysis (Hirietako berdeguneek barazkiak ekoizteko daukaten potentzialitatea: nazio mailako analisia) azterlana interneten dago eskuragarri.

Legez ezarri behar
da udalek edozein
herritarri baratzetarako
lur bat eman behar
izatea, eskatu eta hiru
hilabeteko epean

Horretarako, ordea, administrazioak  herritar guztiei bermatu behar die familiarako elikagaiak ekoizteko eskubidea. Aditu Chris Rhodesi: “Lur mutur bat lantzea eskubide bat izan behar du. Parlamentuak legez ezarri behar du udalak eta eskualdeko administrazioak derrigortuta egotea edozein herritarri baratzetarako lur mutur bat matera, eskaria aurkeztuta gehienez hiru hilabeteko epean, itxaron zerrendak amaituz. Horretarako, lur jabeek derrigortuta egon behar dute erabili gabeko eremuak  administrazioari prezio tasatuan alokatzera”.

Chico Mendes lurrik gabeko nekazari brasildarren liderrak esana omen da: “Ekologia klase borrokarik gabe, lorezaintza da”. Gisa berean, hirietako baratzeen fenomenoak gainditu lezake sarritan daraman klase ertain progresista baten gentrifikazio marka, baldin eta krisi garaiotan bereganatzen badu ortua aldarrikatzea herritar ororen eskubidetzat.

Etorkin familia bat Manchesterreko (Erresuma Batua) udalak Gorse Hill auzoan lagatako ortu komunitarioetako batean. Argazkia: Capital Growth.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


Eguneraketa berriak daude