Arteetatik komunitate arteko nahasketaz gozatzeko gunea

  • Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen "lan egin eta topatzeko lekua". Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin egin dugu zita, konta diezagun zer den Bordeline Fabrika eta zerk bultzatu zituen Hendaian horrelako ekimen bat abiatzera.

Argazkia: Gari Garaialde / LAIA aldizkaria

2022ko ekainaren 26an

Zer da Borderline fabrika? Nondik dator proiektua?

Hasiera batean, hiru lagunen gogoaren ondorioa da Borderline Fabrika. Hendaian elkar-topatzeko gune bat sortzeko beharra ikusi genuen hiru lagunen gogoa. Gerora, hiru lagun horiek arte-eszenikoetako jendea izanik, lanerako espazio bat edukitzeko proiektua bilakatu zen. Lanerako espazioak behar genituen, behar ditugu; hasteko, sortzeko gune baten beharra genuen, artearen inguruan lan egiteko, eta sortutakoa partekatzeko espazio bat. Horretarako taberna bat leku aproposa iruditu zitzaigun. Horrez gain, bulego lanak egiteko espazio bat behar genuen, artista garen arren, bulegoan lan asko egiten baitugu. Hiru horiek biltzen ditu gune honek: batetik taberna, sozializatzeko eta sortutako partekatzeko gune gisa, bestetik praktikarako toki bat, bai guretzako, lanabes bezala, baina baita transmisio gune gisa, tailerrak egiteko eta, azkenik, bulegoak.

Borderline elkarte bat da, duela 5 urte espazio bati begira sortu zen elkartea. Hemen bi ideia edo bidek egin zuten topo: Alde batetik, udalak, Mendizolan, Hendaiako 6-7 konpainia profesionali bulegoak utzi zizkigun, lehenago aipatu dudan bulego lan horiek egin ahal izateko, eta bertan profesioko jendea elkartzen ginen. Paraleloki, SNCFek eginiko deialdi bati erantzunez Hendaiako geltokian dagoen gune hau ezagutu genuen. SNCFek, Akitania zaharreko tren geltoki ugaritako espazio hutsak tiers-lieu edo hirugarren leku formatuko proiektu bilakatzeko deialdia egin zuen, eta espazio baten beharra ikusten genuen hiru lagunek interesgarri ikusi genuen geltokiko espazio hau.

Udalak utzitako bulegoetan lanean ginen jendea elkartu eta espazio honi begira proiektu bat aurkeztea bururatu zitzaigun. Proiektua aurkeztu behar izan genuen, sinesgarri bihurtu, atzean modelo ekonomiko bideragarria genuela frogatu, aurrekontuak, ekipo bat… eta negoziazio luzeen ondoren onartu ziguten proiektua.

Elkartea zabaltzen joan da bidean, deialdi ezberdinak egin genituen, bilera ireki pila bat, gaur egun dagoen lantaldea sortu arte. Hala ere, esan behar dugu elkartea lanean aritu dela lokalik edo espaziorik izan ez dugun urteetan ere, eta proiektua bizirik mantendu dugu; bere bidea egin du. Formakuntzak egin ditugu urte hauetan, ekintzak han eta hemen, irrati saioak kalean, antzerkiak, kontzertu txikiak… modu intinerantean, ahal izan dugun moduan, baina aktibo jarraitu dugu.

Espazioa eraldatzeko lanak oso luze joan zaizkigu, atzerapen handiak izan dira arrazoi ezberdinengatik eta martxa hartua zuenean, pandemia mundiala etorri zen. Mal de ojo antzeko bat izan dugula esan daiteke, baina, azkenik, iaz amaitu ziren lanak eta gaur egun Borderline Fabrika Hirugarren Leku bat da.

Nola antolatzen da Bordeline Fabrika?

Elkartea da. Kooperatiba bilakatzeko ideia dago hasieratik, baina gaur-gaurkoz ez da gauzatu. Antolaketa aldetik, kopresidente talde bat dago, ardura legalak dituena, eta etxekoak izena duen talde eragilea dago. Erabakiak etxekoek hartzen dituzte, estatutuen arabera, baina beti presidentekideekin elkarlanean egiten dugu.

Gero, beste maila batean bazkideak daude, proiektuari babesa ematen diotenak. Bazkideekin ez dugu nahiko genukeen lanketa egin; babes ekonomikoa ematen diote Fabrikari, baina hausnarketa dugu egiteko, pentsatu beharra dugu ze onura eman bazkideei, nola inplikatu bazkideak proiektuan. Badira planteamenduak, bazkideek tabernan modu boluntarioan parte har dezaten, ekitaldi ezberdinen antolakuntzan eta kudeaketan inplikatzeko… Jada egin dira halakoak eta egiten dira, baina gehiago zabaldu nahi da.

Hori da organigrama. Gero lantaldeak daude, elkarte guztietan bezala, arlo bakoitzaz arduratzen den lantalde bat. Hilabetero egiten ditugu bilkurak, lantalde guztiak batera, eta asteko bilkura libreak, ahal duena etor dadin. Elkarteko kide ugari intermitenteak dira eta horrek aukera ematen digu lana liberatzeko.

Argazkia: Gari Garaialde / LAIA aldizkaria

Hasieran aipatu duzu, baina zergatik taberna bat? Zer bilatzen zenuten taberna zabaltzearekin?

Alde batetik, uste dugu Hendaian horrelako gune-taberna bat falta zela. Jendeak asko eskertu du taberna zabaltzea eta, bestetik, hasieran aipatu bezala, leku egokia delako sozializatzeko. Hendaiak badu gabezia bat komunitate arteko nahasketari dagokionez. Komunitate ezberdinak daude herrian, oso elkarte indartsuak, baina bakoitza berera doa, oso atomizatuta dago. Komunitateen arteko elkar-trukea egiteko paper aproposa jokatu dezakeela uste dugu; hutsune hori bete dezakeela. Gainera, nahasketa hori artetik, kulturatik egingo duen tokia da. Hor eragin dezake Borderlinek, komunitate horien nahasketan. Ez da bakarrik zerbezak hartzeko toki bat. Ez du hori izan nahi.

Taberna bat toki egokia da, buila handian, juergan jendea nahasteko, komunikatzeko eta bizipenak elkartrukatzeko, baina baita ere modu lasai batean disfrutatu, gozatu eta gero horren inguruan hitz egiteko. Emanaldiak eta kultur ekimenak egiteko espazioa da. Bertako kideek, hasierako ideiari jarraituz, gure sorkuntzak jendaurrean erakusteko toki aproposa da.

Gainera, ipar-hego trukaketarako toki estrategikoa da. Bi aldeetako jendea honat ekartzeko, haien arteko tratuak egin eta sareak sortzeko.

Egia da komunitate nahasketa horretarako egokia ematen duela tren geltoki batek.

Bai, tren geltoki bat komunitate-arteko nahasketarako oso interesgarria da. Kontzeptu gisa, pasabidearen ideia oso erakargarria egin zitzaigun hasieratik. Jendea atzera eta aurrera ibiltzen da hemen, ez euskaldunak bakarrik, aldi berean urrutiko jendea ere badago, Normandiako jendea pasatzen da bertatik, ingelesak, Andaluzak… Portugesak ere ugari; mundu guztiak ezagutzen du Hendaiako tren geltokia. Topoa ere bertara iristen da.

Gainera, ez da geltokia bakarrik. Guk argi dugu auzoan kokatuta gaudela eta garrantzi handia ematen diogu inguruari. Bertatik eta bertarako egiten dugu lan, auzoari begira. Hasiera-hasieratik, oraindik gune honetan lanean hasi aurretik, ekintza artistikoak egin izan ditugu auzoan, auzoko jendearen etxeetan, auzoaren memoria berreskuratzeko lanak egin dira, zirkuitu artistikoak, ikuskizunak ekarri dira auzora. Asmoa da ingurua habitatu eta espazioa eta auzoa bizitzea, auzoan bizitzea. Bai eta kanpotik jendea hona ekartzea ere.

Tabernaren espazioaz gain, bulegoak eta lan elkartuko gune bat antolatu duze. Nori zuzenduta dago coworkina?

Ez dakigu oso ondo, ez dugu definitu. Guk eskaintza bat argitaratuko dugu, eta eskaintza horretan ondo txertatzen den edonorentzako izan daiteke aproposa. Ez du zertan arte edo kultur munduko jendea izan behar. Suposatzen dugu, naturalki, arte munduko jendea hurbilduko dela, baina guk ez dugu horretara mugatuko. Interesa duen edonorentzako dago irekita.

Aipatu duzu formakuntza saioak egin dituzuela. Zertan da hori?

Orain arte modu puntualean egin izan dira formakuntza tailerrak, baina asmoa da modu jarraian antolatzeko. Nahiko genuke astero izatea formakuntza tailerrak. Hori guztia antolatzen hasi beharko dugu, orain makinaria martxan jartzen ari dira horretaz arduratzen direnak. Gaur gaurkoz maila ezberdinetako Tango ikastaroak daude, zirku tailerra izan da haur eta gurasoentzat, eta profesionalentzako ikastaro trinkoak egin nahi dira, zirku sorkuntzarako formazioak, zirku dramaturgia tailerra Roberto Magrorekin… Baina gazteentzako modu jarraian antolatzen hasi nahiko genuke. Boluntarioak izanik, gauzak ahal direnean egiten ditugu, beste erritmo bat eraman behar dugu. Pazientzia izaten ikasi dugu eta hala ibili behar dugu.

Zein toki du euskarak Borderline Fabrikan?

Borderline Fabrika elkartean erdi eta erdi gara euskaraz dakigunak eta ez dakigunak, baina badago euskararekiko sentsibilitate eta gogoa. Badakigu, sarri, gogotik edo asmotik praktikara salto bat egoten dela, baina ezin dugu deus egin, baizik eta jendeari ulertzeko eta praktikatzeko gogoa piztu. Elkartearen sorrerako manifestu artistikoan adierazi zen euskarari garrantzia emango zitzaiola. Barnera begira, ez dugu bilerak euskaraz egiteko gaitasunik, baina kanpora begira, jarduera guztietan euskara lehenesten da.

Lehentxeago hitz egin duzu ipar-hego harremanari buruz. Ba al du Bordelinek mugaz gaindi eragiteko gogorik?

Bai noski, gogoa bai. Borderlinek mugaz gaindi lan egin nahi du eta eragin nahi du. Mugaren bi aldetara begira lan egin nahi badugu ere, argi dugu ez dela erraza mugaz gaindi jardutea. Bakoitzak bere ingurua du eta hizkuntzak ere badu eragina. Gainera, muga geografikoetan baino, muga kulturaletan edo gizarte-multzoen arteko mugetan ere eragin nahiko genuke; lehen esan bezala, muga guztiak puskatu nahiko genituzke, baina ez gara iristen. Azkenean funtzionatzen duten gauzak egingo ditugu. Borderlineko kideen intereserako gauzak egingo dira eta gauza horiek komunikatzen eta zabaltzen saiatu, pentsatuaz jende gehiagori interesatuko zaiola. Gogoa badugu mugak hautsi eta jendea erakartzekoa, baina ez dakit zein den bidea, ez da erraza asmatzea norengana jo. Hain da zabala gizartea! Beraz, erantzuna litzateke bai, gogoa bai, baina ez dakigu nola.

Hirugarren lekuak

Komunitate-eraikuntzan, hirugarren lekua ohiko bi gizarte-inguruneetatik bereizita dagoen ingurune soziala da. Norberaren etxea litzateke lehen tokia eta lantokia, jendeak denbora gehien pasatzen duen esparrua, litzateke bigarren tokia (mugikortasun triangeluarrei eta pendularrei lotutako kontzeptua da). Ray Oldenburg hiri-soziologo estatubatuarrak asmatu zuen Hirugarren leku terminoa eta Celebrating The Third Place eta Great Good Place liburuetan jardun zuen, sakon, bilgune publiko informalen garrantziaz.

Oldenburgen hitzetan, hirugarren lekuak garrantzitsuak dira gizarte zibilarentzat, demokraziarentzat, konpromiso zibikoarentzat, eta espazioaz jabetzeko eta partekatzeko beste moduak ahalbidetzen dituzte. Gizabanakoak elkartu, bildu eta modu informalean bizipenak truka daitezkeen eremuak dira. Osagai osagarritzat hartzen da, komunitatearen bizitza sozialera bideratua. Hirugarren lekuak, orduan, bizitza komunitarioaren "aingurak" dira, eta elkarreragin zabal eta sortzaileagoa sustatzen dute. Bestela esanda, "zure hirugarren lekua jendartean erlaxatzen zaren lekua da, aurpegi ezagunekin topo egin eta berriak ezagutzen dituzun tokia". Hirugarren lekua, beraz, subjektiboa da, norbaiten hirugarren lekuak ez du zertan beste batzuen hirugarren leku izan behar, eta komunitate batek hirugarren lekutzat hartzen duen esparrua, batzuetan, kanpokoek gotorleku edo alferrekotzat har dezakete.

The Great Good Place liburuan, Oldenburgek hirugarren lekuen puntu komunak azaltzen ditu:

Lur neutrala. Hirugarren lekuen okupatzaileak ez daude bertan egotera behartuta. Ez dago gonbidatu/anfitrioi moduko erlaziorik eta adiskidetasuna sortzen edo garatzen laguntzen dute.

Leku irekia. Oldenburg-ek "Leveler" izena ematen dio ezaugarri honi, Ingalaterrako gerra zibilean gizarte-klaseak eta sistema hierarkikoak indargabetzea helburu zuten ezker muturreko prestakuntza politikoei erreferentzia eginez. Norberaren egoera sozio-ekonomikoak ez du garrantzirik hirugarren lekuetan, eta erabiltzaileen arten komunaren sentsazioa garatzen laguntzen du.

Komunikazioa. Oldenburgek ikusten du, lehen bi ezaugarriei esker, pertsona talde batek modu erosoan komunikatzeko aukera izan dezakeela eta, beraz, garrantzia ematen dio hirugarren lekuan komunikazio egokia presente egoteari.

Atsegina eta irisgarria. Bizi-estiloan edo bizi-erritmoan egon daitezkeen desberdintasunen aurrean, garrantzitsua da hirugarren leku bat irisgarria izatea, baita bertan egoteko erosoa ere, erabiltzaileen nahiei erantzun eta lagunekin topo egiteko aukerak eskainiko dituena.

Nukleo gogorra. Ohikoak diren erabiltzaileak izaten dira, espazioari giroa eta ezaugarri zehatzak ematen laguntzen diotenak; baina ohikoek etorri berriak erakarri eta haiei bertan egokitua sentitzen laguntzen diote, multzoarekin bat egiteko gogoa izatera bultzatuko du.

Profil baxua. Ez da erakusteko leku nabarmena. Jarrera esnob edo itxurakeria eta handikerietatik urrun dauden espazioak dira. Baldintza guztietako jendea onartzen duten leku atseginak dira.

Giroa. Giroak alaia izan behar du, eztabaidak batak bestea errespetatuz egiten dira, beti adiskidantzazko tonu batean eta ez tentsioz ​​edo etsaitasunez markatuta; beti ere, iritsi berria parte hartzera gonbidatuz.

Etxetik kanpoko etxe. Goxoa behar du eta partaidetza sentsazioa eskaintzen die bertan daudenei,  espazioan errotuta izatea sentitzeraino; norberaren garapenean etxea bezain erabilgarri edo erabilgarriago izan daitezke.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


“Kable bilketa” gisa definitu du EH Bilduk Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez gelditzeko erabakia

Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.


Eguneraketa berriak daude