Alda Merini: harriduraz begiratzeko ahalmena

  • Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).

Argazkia: Giuliano Grittini.
Argazkia: Giuliano Grittini.

Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak sailean argitaratu dute lehen aldiz Merini euskaraz. Aiora Enparantza Armentiak egin du italieratik euskararako zubi lana eta 60 poema irakur ditzakegu bertan. Lan ugariren antologia bat da, baina zoritxarrez ez da zehazten jatorrizko zein liburutatik hartuak izan diren –italierako bertsioak ezagututa hainbat liburu identifikatu ahal izan ditut: La terra santa, La presenza di Orfeo, Destinati a morire, Ballate non pagate...–. Susaren webgunean poemon italierazko bertsioak ere irakur ditzakegu. Lan bikaina egin du itzultzaileak, Meriniren konplexutasuna zuhurtziaz eta gertutasunez ekarri baitigu.

Konplexutasun horren adierazle da proposatzen dizkigun munduen aberastasuna. Eremu semantikoei begiratuz gero, alde batetik, erlijio katolikoarekin zerikusia duten hainbat hitz aurkituko ditugu, batzuetan izenburuetan: ama birjina, genesia, lur santua eta abar. Hitz biblikoen erabilerak atzera bota ditzake irakurle batzuk, baina askotan maila sinbolikoan baliatzen ditu. Gure liburuan ez dagoen Tu sei Pietro poeman honako hau adierazten du berak: Ché cristiana son io ma non ricordo dove e quando finì dentro il mio cuore tutto quel paganesimo che vivo (“ze kristau naiz ni, ez badut gogoratzen non eta noiz sartu zen nire bihotzean bizi dudan paganismo guztia”).

Poetaren izaerari lotutako hainbat poema ere badauzkagu. Poeta izatea zer den, zer izan behar den, nola bizi den kontatzen digu Merinik bertso hauetan: Poetek gauez egiten dute lan, Poesiari kantua, Poemarik ederrena, nire poesia sua bezain kartsua da. Bere identitatearen zutabe garrantzitsua da eta nabaritzen delakoan nago; hortik eta horretarako idazten du: poesia bizitzaren identitate//  funtsezko eta bakarra // berak mugitzen zaitu // titiritero aditu (22. orrialdea). Poetaren ikuspegi erromantiko hau idazle gehiagorekin partekatua dela iruditzen zait eta Gloria Fuertesekin paralelismoa aurkitu diot nik. Azken horrek Sale caro ser poeta poeman horrela dio: comienzo a ser comida por las sombras// las horas se me pasan sin bostezo// el dormir se me asusta se me huye// -escribiendo me da la madrugada-. Merinik, gaueko idazketari buruz horrela idazten du: Poetek gauez egiten dute lan// denborak presarik ez duenean eurengan,// jendetzaren zarata isiltzean// eta orduen lintxamendua amaitzean (21. orrialdea).

Ikusten ari garen bezala, Meriniren obra eta bizitza banatzea ia ezinezkoa da. Antologia honetan ere aurkituko ditugu eroetxe, zoro, elektroshock eta psikiatrikoetara eramango gaituzten hitz eta poemak. Autorearen bizitzako pasarte oso garrantzitsuak izan ziren psikiatrikoan pasa zituen 20 urteak –aldi desberdinetan banatuak–. Gertatu zenaren inguruko hainbat bertsio irakurri dut eta ez da erraza irakurketa sinplistarik ez egitea. Oso gazte ezkondu zen eta lehen senar harekin harreman gatazkatsua izan zuela diote askok. Gizona jeloskorra omen zen eta gainera beste emakume batzuekin ere egoten omen zen. Bien arteko iskanbila baten ostean gizonak anbulantziari deitu, eta besterik gabe Merini psikiatrikora eramateko baimena eman zuen. Reato di Vita. Autobiografia e poesia liburuan kontatzen du hau Merinik, nahiz eta garrantzia kentzen ahalegintzen den eta senarraren jokabidea justifikatzen duen. Phyllis Chesler autorearen Mujeres y locura liburuan oso ondo kontatzen du nola mende hartan zoroetxeetan zeuden emakume gehienek ez zeuden zoroak. Emakumetasunaren irudi eta rolekin bat ez egitearren senide edo senarrek zigortuta eramaten zituzten. Izan ere, gogoz kontra entzerratzea baimenduta zegoen eta ohiko praktika zen. Hainbat idazle amerikarren adibideak jasotzen dira aipatutako liburuan –Sylvia Plath eta Zelda Fitzgerald, besteak beste–, baina Alda Merini ere sistema horren biktima ez ote zen izan galdetzen diot neure buruari. Emakumeen kuriositate intelektual eta sormenerako gaitasuna itzaltzearekin zerikusia zuen.

Meriniren obra eta bizitza banatzea ia ezinezkoa da: psikiatrikoan bizi izandakoak etengabe agertzen dira haren poemetan

Hala ere, bere esperientziak sortutako harridurak salbatu zuela esaten du. Eta gertatzen zena harriduraz begiratzeko ahalmenak, bizia salbatzeaz gain, salaketa argi eta distiratsuak egitea ere ahalbidetu zion. Terapien deshumanizazioa torturatik gertuago zegoen terapiatik baino. Elkarrizketaren batean irakurri diot zoroetxeak zoratu zuela bera. Batzuetan metaforen bitartez abordatzen du gaia: Lur santua-n, adibidez, eroetxea Jeriko eta Palestinarekin alderatzen du. Baina bestetan deskribapen gordinagoak egiten ditu, esaterako: han behean, kondenatuak hiltzen ziren lekuan// infernu dekadente eta eroan// eroetxe infinituan// (…) Eroetxean// buruko odoleztatuek// garrasiak itotzen zituzten lekuan// hor behean Jainkoa ikusten zenuen// ez dakit, zure egundoko eromenaren// ideia zaharregien artean (31. orrialdea). Lerroekin beheranzko norabidea markatuz, infernura bidaia bat egiten duenaren ahotsa ekartzen digu. Edo: Erizain zerriek// gure gonak altxatzen zituztenean// eta keinu egin, keinu berdeak egin// une horretan bertan// lapidazioa nahi izaten genuen (39.orrialdea).

Maitasunaz eta heriotzaz ere idazten du. Bere bizitzako zenbait pasartek eragin dioten minaz, sufrimenduaz. Irakurketa desberdinak dituen liburua da esku artean izan dudan hau eta sakontasun maila altukoa da. 53. orrialdeko poema bereziki gustatu zait, Meriniren nortasuna islatzen duela uste dudalako. Ez dut transkribatuko, liburuan irakur dezazuen, dasta dezazuen letraz letra.

Denentzat idatzi nahi izan zuen Merinik. Elite kulturaletatik aparte kaleko jendeak irakur zezan nahi izan zuen eta hala gertatu zen. Poeta ezaguna, famatua eta maitatua izan zen bere herrian eta Dario Fok Nobel sarietarako proposatu zuen duela urte batzuk. Bera izan da kritikariek gehien aztertu duten poeta, askotan beste emakume askoren lanak liburuetatik kanpo utziz –Antonia Pozzi, Amelia Rosselli, Maria Luisa Spaziani, edo Goliara Sapienza besteak beste–. XX. mendeko Italiako panorama literariotik beste hainbat autore hauta nitzakeen. Euskarara ekarriak daudenen artean izan zitezkeen Natalia Ginzburg edo Adela Turín. Eta XXI. menderaino iristen denik ere badugu euskaraz: Susana Tamaro edo Elena Ferrante, besteak beste. Baina hautatutako hauek ezezagunagoak zirelako irudipena nuen eta ezkutuko gordelekuetatik atera nahiz izan ditut: Lorenza Mazzetti, Franca Rame eta, gaurkoan, Alda Merini. Nork bere nortasun eta idazkerarekin egin zion aurre mendeari. Eta memoria egin dute atzera begira barik barrura begiratuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Poesia
Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


2024-03-17 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


2023-10-15 | Estitxu Eizagirre
Josebe Blanco Alvarez "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburuaren egilea
“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]


2023-06-12 | Jakoba Errekondo
Ereiaroan izarren nekazaritza eta izar-ihintza

1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude