Rimbaud-en mozorropean hazitako artista disidentea

  • David Wojnarowicz (New Jersey, 1954 - New York, 1992) artista estatubatuarrak  hizkuntza, baliabide eta egiteko moduen arteko mugak hautsi zituen bere obran, zeina 1980ko hamarkadan garatu zen. Diziplina anitzeko sortzaile, artista bisual, poeta, idazle, musikari, argazkilari eta zinegilea, 37 urte zituela zendu zen, belaunaldi oso bat lurperatu zuen HIESaren ondorioz.

Askotariko arte-jardunbidea aktibista konprometituaren jarrerarekin lotu zuen Wojnarowiczek, bata eta bestea bereizezin bilakatu arte. Hala, bere garaiko gatazka sozialak eta politikoak salatu zituen artelanen bidez: HIESaren inguruko borroka eta AEBetako Gobernuak Erdialdeko Amerikan gauzatutako esku-hartze militarra. Biak ala biak etengabe aztertu eta azaldu zituen. New Yorkeko East Village auzoan loratutako giro sozial eta kultural emankorreko protagonista nabarmenetakoa izan zen, besteak beste, Peter Hujar, Mike Bidlo eta Julie Hair artistekin batera, eta No Wave mugimenduaren itzalean sortutako 3 Teens Kill 4 taldean ere jo zuen.

Wojnarowiczek idazketaren bidetik abiatu zuen bere eginbidea: 17 urte zituela udalekuetara bidali zuten, eta bertan hasi zen lehendabizikoz egunkari bat idazten, gehienbat esperientzia hura biziki gorrotatzen zuela adierazteko. “Bazterketa-arriskuan dagoen gazte” gisa eraman zuten. Sasoi hartan harrera-etxeetan bizi zen, haurtzaro latza igaro baitzuen, aitaren indarkeria eta zurrut zaletasuna tarteko. Gizonezko bezero bila ibiltzen zen hiriko karkaba lizun eta hezeetan barrena, orduan armairutik atera gabe zegoen arren. 19 urterekin graduatu zen, eta era berean, Rimbaud, Kerouac, Genet eta Burroughs idazleen obra ezagutu zuen, zeintzuk sarritan agertuko ziren bere margolan, argazki eta collageetan; esaterako, Arthur Rimbaud in New York argazki serie ezagunean, non Daviden lagunak poeta sinbolista frantziarraren maskara batekin azaltzen diren masturbatzen, drogak hartzen edo txiza egiten.

David Wojnarowicz-en autoerretratua, 1980ko hamarkada hasieran egina.

Literaturarekiko eta idazketarekiko grina bere obra osoan nabarmentzen da, maite zituen idazleen irudien bidez zein testuen txertaketaren bitartez. Poemak idatzi eta argitaratu zituen, eta ez zion sekula egunkariak idazteari utzi. Bada, Maine estatuko kostaldeko kanpamentua bisitatu zuenetik eta hilzorian egon zen arte, kezka eta pentsamendu ugari paratu zuen paperean. Koaderno horiek, hain justu, Argentinako Caja Negra argitaletxeak plazaratu berri ditu En la sombra del sueño americano. Diarios 1971-1991 (Amerikar ametsaren itzalean. Egunkariak 1971-1991) izenburupean. “(Egunkaria) idaztean, norberak sentitzen duena definitzen du”, dio artistak amari idatzitako gutun batean. Liburua aitzakia aproposa da sortzailearen nortasun, obra eta bizitza inkonformista eta marjinalean murgiltzeko.

1971

Outward Bound School erakundeak ondutako udalekuan idatzi zuen David gazteak mapa eta planoekin osatutako estreinako egunerokoa. Igelak, sugeak eta bestelako animalia txikiak maite zituen, bere obran behin baino gehiagotan azalduko den fauna; tartean, 1986ko Earth, Wind, Fire and Water (Lurra, Haizea, Sua eta Ura) margolanean. Baina naturak dakartzan baldintzak eta ahalegin fisikoa erdeinatzen zituen. Laster, hiriaren hutsunea igarri zuen. “Poztuko nintzateke plastikozko lore-saltzaileak, gaileta gaziak eta artisau-lanak dauden kale horietan ibili ahal izango banintz. Leku horietan batzuetan, ilunagoa izaten da egunez gauez baino. Borondatez joan eta etorri ahal izatea. Uharte batek mugatu gabe”.

1976

Institutuko John Hall lagunarekin batera Kaliforniara bidaiatu zuen auto-stop eginez eta merkantzia-trenetan sartuz. Abentura, baina, gogorregia iruditu zitzaion. Bidean bazterreko hainbat pertsonaia aurkitu zuen, eta haiek kontatutako istorioak, “monologoak”, kaieretan bildu zituen; kamioilari, sexu-langile, langile, arlote eta drogazaleen elkarrizketa horiek 1982an argitaratu zituen, Sounds in the distance (Soinuak distantzian) izenburupean.

New Yorkera bueltatzean, armairutik atera zen. Urte berean Daviden aita Ed-ek bere buruaz beste egin zuen. Hurrengo hamabi hilabeteetan hainbat idazle eta artista ezagutu zuen, drogak hartzen hasi zen, eta Downtown Manhattan auzoko gay giroko klub eta ostatuetan murgildu zen.

1978

Parisera joan zen arreba Pat bisitatzera. Jean Pierre Delage ezagutu zuen, bai eta harekin maitemindu ere. Asko idatzi zuen Frantziako egonaldian. Ondorioz, literatur estilo propioa lantzen hasi zen.

1979

Ekainean New Yorkera itzuli zen. Gay-en arteko sexu topaketa efimeroak tarteko, Hudson ibaiko moiletako ohiko bisitaria bihurtu zen. Hartara, garai hartako eguneroko idatzietan kai giroko sexu-bizipenak nagusitzen dira.

'Arthur Rimbaud in New York' serieko lan bat.

Sasoi berean, behin-behineko hainbat lan izan zituen, eta horietako batean argazkiak errebelatzen eta fotokopiagailua erabiltzen ikasi zuen. Horrela lortu zuen Rimbaud-en Illuminations (Argiak) liburuaren azala fotokopiatzea, Arthur Rimbaud in New York argazki-seriean maskara gisa erabiltzeko. Halaber, egunkarietako baten azalean, bere obraren sinbolo bilakatu den marrazkia itsatsi zuen: sutan dagoen etxea, besteak beste, Banksy hiri-artistak gerora ezagutaraziko zuen txantiloien teknikarekin egina.

1984

Gutxi idatzi zuen 1980tik 1987ra bitartean, bere jardun artistikoak aitortza handia jaso baitzuen. Ondorioz, New Yorken eta Europan hainbat erakusketa abiatu zuen. 1987an, baina, bere bizitza irauliko zuen bizipena gertatu zen: sei urte lehenago ezagutu zuen Peter Hujar argazkilari eta bikotekidea zendu zen HIESak jota. Heriotzaren egunean, ospitaleko logelan zeuden lagunei gela uzteko eskatu zien Davidek, bere maitalearen une erabakigarri hori Super 8 kamerarekin jasotzeko. Horrekin batera, Hujar-en buru, esku eta oinen 23 argazki egin zituen. “Agian ez dut haren heriotza onartzen, eta kamera nire eskuetan jarriz eta bere ohean ekorketa bat eginez onartzen dut”, idatzi zuen 1987ko egunkari batean. Oso argazki gutxi positibatu zuen eta negatiboak gutun-azal batean gorde zituen. Hauxe idatzi zuen kartazalean: “Peter-en 23 argazki, 23 gene kromosoma batean, 1423 logela”. Giza zelula bakoitzaren kromosoma-pareen kopurua askotan agertu da Wojnarowiczen obran; hala nola, igeltsuzko 23 buruk osatzen duten Metamorphosis (Metamorfosia) lanean, 1984an egina.

1988

Hujar-en loft-era joan zen bizitzera. Udaberrian, HIESaren proba egin eta positiboa eman zuen. Azkenik, 1992ko uztailaren 22an hil zen gaixotasunaren ondorioz. “Batzuetan jendea gorroto dut. Nazkatuta nago izan nintzenaren fotokopia lauso baten gisa sentitzeaz. Aurreko urteko ni desagertu egin zen, erabat galduta dago iraganean, oihalezko zatar bat legez flotatzen. Hutsik nago, nire ezaugarrien kopia naiz”, idatzi zuen 1991ko abuztuaren 1ean.

2019

Azken urteotan David Wojnarowiczen obra etengabe berraztertzen ari dira, 2018an inauguratu zen History Keeps Ma Awake At Night (Historiak loa kentzen dit) atzera-begirako erakusketa tarteko, zeina Madrilgo Reina Sofia Arte Museoan izan zen 2019an. Erakusketa horren harira argitaratutako katalogoa ezinbestekoa izan da testu hau ontzeko. Artea, aktibismoa eta sexu-disidentziak berrasmatu zituen sortzaile baten obran eta ibilbidean sakontzeko argitalpena ikusgarria ere bada.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude