‘Gora Bilbao askatu!’

  • Bere sorkuntza grafikoa izugarria izan arren joan den mendeko azken hamarkadetan, baita bere eragina ere inguruko artista eta sortzaileengan, badirudi oraindik ere Juan Carlos Eguillor (Donostia, 1947- Madril, 2011) artistaren izena ezezaguna egiten zaigula. Horregatik, Bilboko Rekalde aretoan eskaintzen zaion atzera begirako erakusketa probestu dugu Bilborekin maiteminduta zegoen artistaren ibilbidea eta hark hezurmamitutako pertsonaiak eta binetak lehen lerrora ekartzeko. Umoreari, absurdoari eta erabateko transformazioan zegoen Bilbo gris bati etengabe gorazarre egiten zion artista handia izan zen Eguillor.   

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako Rekalde aretoan paratu den Eguillorri buruzko erakusketa.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako Rekalde aretoan paratu den Eguillorri buruzko erakusketa.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Euskal Herriko historiografia berriaren kapitulu interesgarrienetakoak 1970eko hamarkada bukaera aldera abiatzen diren horiek izan litezke; diktaduraren belztasunetik atera eta eraikitzeko dagoen herri baten zimenduei forma ematen hasten zaien garaikoak, alegia. Oihartzun positiboko espazio soziopolitiko eta kultural berri baten atarian, baziren kulturari eta adierazpen artistikoei aire moderno bat eman nahi zieten sortzaileak, horietako asko Bilboko kale eta tabernen bueltan elkartzen zirenak. Idazle, musikari, pintore eta galeristek bat egiten zuten Bilboko Zazpikaleetako giro horretan koka dezakegu Eguillor, umorez eta ironiaz, euskal nortasun (berri) horri tiraka bere artea zabalduta lan egiten zuen artista polifazetikoa.

Besteak beste, giro kultural horretan sortutako artefaktu kulturala da Euskadi Sioux fanzinea, zalantzarik gabe euskal ondare artistiko eta editorialaren lagin garrantzitsuenetakoa. Bai bere portada bereziengatik –gehienak Bixente Ameztoi artistak diseinatutakoak–, bai bere orrialde satiriko eta lotsagabeengatik, 1970etako idazle, artista eta ilustratzaile aktiboen eskutik argitaratutako altxorra da. Abangoardia kutsuko aldizkariak ibilbide laburra izan bazuen ere, utzitako arrastoa Euskal Herrian garai hartan bizi izan zen giro kontrakulturalaren lekuko paregabea da. Bada, Juan Carlos Eguillor proiektu horretan aktiboki parte hartu zuen artistetako bat da, berak esaten zuen bezala: “Gutaz, politikaz eta jaiotzen ari zen herrialdearen irudiaz barre egitea zen aldizkariaren asmoa”.

Hainbat urtetan El Correo, Egin edo El País bezalako egunkarietan kolaboratu zuen Eguillorrek, kutsu artistikoko komikiak sortzen. Hain zuzen ere, orrialde horietan hasi ziren Max Bilbao, Mari Aguirre, Miss Martiartu eta Lertxundi maisua pertsonaia kuttunak hezurmamitzen, eta haien istorioak euskaldunon etxeetan sartzen. Eguillor hazi zen Bilboko etxean baziren bi emakume etxeko kontuak eta gidaritza eramaten, baita artista bera zaintzen ere, hark aitortu bezala, akaso, “gehiegi zaintzen”. Matriarkatu dei litekeen giro horretan eta Agustina neskamean inspiratuta, Eguillorrek bere pertsonaia ikonikoena sortu zuen: Miss Martiartu. Martiartu bizkaitar petoa da, Bilbo darama bere DNAn, EAJren boto-emaile sutsua eta batzokien defendatzailea, batik bat Abandoko egoitza. Ondorioztatu daiteke giputxiak, EAko politikariak eta bereziki Ajuria-Enea Gasteizen egoteak –eta ez Bilbon– sutan jartzen duen emakume agintzailea eta kaskagogorra dela.

1995ean, Bilboko hiri-paisaia protagonista eta ia obsesio bilakatuta, Agur, amante izenburupean bineta bat kaleratzen hasi zen eguneroko maiztasunarekin El Correo egunkarian. Bilbo edo “Mater Metalurgica” abiapuntutzat hartuta, industria metalurgikoaren desegitea, Guggenheim irekitzeko proiektua, zirimiria, Santurtziko sardinerak, angula fabrikak eta bakailao hegalariak, EAJ eta EAkoen arteko ika-mikak eta euskal gastronomia berria-ren agerpena izango dira marrazki horietako motibo eta delirioak. Lertxundi maisua, Iñigo apopiloarekin batera, Bilboko itsasadarretik petrolioa ustiatzen saiatuko da, baita urte batzuk lehenago ere, Labegaraiak zeuden tokian, jolas-parke handi eta metalurgiko bat eraikitzen. Aipatzekoa da Belleza Infinita argitaletxe independenteak berriki Agur, amante liburua argitaratu duela, egunkarian argitaratu ziren bineta guztiak bildu eta garaiko testuinguruan kokatzen dituen harribitxia izanik.

Eguillorri irudia bere zentzu zabalenean interesatzen zitzaion; horregatik, komiki eta ilustrazioak landu ez ezik, bideo-artearen eta ikus-entzunezko teknologia berrien aitzindaria ere izan zen, ordenagailu bidezko animaziotik Net arte-raino. Zentzu horretan, aipatzekoak dira lan hauek: Bilbao, la muerte (1982), Locarnoko Bideo Jaialdian (Suitza) saria eskuratu zuen bideolana; eta Menina (1986), bere osotasunean ordenagailu bidez egindako animaziozko lehenetariko lana. Lan hori Madrilgo Reina Sofía Museoaren inaugurazio erakusketan ikusi ahal izan zen. Arteleku zentroko dinamiketan ere parte hartu zuen Eguillorrek, eta Bernardo Atxaga, Carmen Martín Gaite eta Orquesta Mondragonekin, gutxi batzuk izendatzeagatik, hainbatetan kolaboratu zuen.

Aipatutako lanak eta askoz ere gehiago daude ikusgai Bilboko Rekalde areto berrituan, Laberinto izenburua daraman erakusketa antologikoan. Garikoitz Fraga editorea artxibo eta funtsetan arakatzen aritu da, eta Eguillor maite zuten konplizeak bidelagun, mila objektutik gora bildu ditu aretoan. Aldizkariak, egunkariak, posterrak, koadernoak, komiki-bandak, binetak, pegatinak, ikus-entzunezko materialak eta Miss Martiartu eskala handiko panpina bilakatuta dira, besteak beste, espazioan barrena aurki daitezkeenak. Esan beharra dago une askotan bisitaria jota sentitu daitekeela parean duen materialak gaindi egiten diolako, eta estimuluak norabide guztietatik datozelako. Gainezka egiten duen erakusketa da, mugarik ez duena; hala baitzen bere ekoizpena, oparoa eta bikaina.

Bukatzeko, kuriositate bat: Eguillorren umoreak, euskal konstunbrismoa, nortasuna eta soziopolitikoa ardaztzat dituenak, badu nolabaiteko erresonantzia Vaya Semanita-ko umore esketxetan. Borja Cobeaga zine zuzendaria, umorezko programako gidoilaria izandakoa, Eguillorren iloba zen, eta aitortzen du bere osabari ikusi eta entzundakoak izan direla bere ikasgairik onenak, bere influentziarik sakonena. Izan ere, munduari buruzko begirada samurra, eszeptikoa eta krudela zuen Errenazimenduko gizona izan zen Eguillor.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2025-08-01 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


2025-08-01 | Eider Iturriaga
Musika zuzenean Eider Iturriagaren begietan

Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]


Claire Atherton. Zine-muntatzailea
“Misterioak sortzen du mugimendua, gabeziak”

Chantal Akerman zinegile eta lankidea hil eta hamar urtera, haren ondarea zabaltzen buru-belarri jarraitzen du Claire Atherton muntatzaileak. Gaurkoan, ordea, Athertoni bere ibilbideaz galdetu nahi izan diot bereziki. Gasteizen, Artium museoko areto batean hartu gaitu,... [+]


Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


Tarsila do Amaral
Tupi or not tupi, that’s the question

1920ko hamarkadan, Brasilgo hainbat artista, idazle eta pentsalarik bere herriarentzako nortasun propioa eta modernoa sortzeko proiektu kultural berritzaileari ekin zioten. Horrela, Oswald de Andrade poetak Brasilgo modernitate kulturala izango zenaren gidaliburu gisa Manifestu... [+]


Teknologia
Ilusioan bizi

Pasa den astean, itzalaldian, gure burua zaurgarri ikusita, pertsona asko hasi ginen ikertzen, gertatutakoa ulertzeko asmoz: zelan funtzionatzen du elektrizitatea garraiatzen duen azpiegiturak? Zergatik geratu da zaharkitua? Elektrizitatearen fenomeno fisikoak liluratzen nau,... [+]


Emakumeek lan munduan izandako garrantzia islatu dute Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]


Estatua perfumatuak

Eskultura grekoerromatarrek bere garaian zuten itxurak ez du zerikusirik gaurkoarekin. Erabilitako materiala ez zuten bistan uzten. Orain badakigu kolore biziz margotzen zituztela eta jantziak eta apaingarriak ere eransten zizkietela. Bada, Cecilie Brøns Harvard... [+]


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


“Noizbait ere gauzak bukatu egin behar dira, konplitu dugu Argia Sariekin”

Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


Wikipediako 2023ko argazki onenak: naturako argazki ikusgarriak nagusi

Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude