Bisitarien profila, kontsumo ohiturak, eta sortzaileen eta industriaren erantzunak jaso ditu txostenak. 2024ko azokan pasatu zuten galdetegia.
Ezagunak dira euskarazko sorkuntzatik bizitzeko dauden zailtasunak. Besteak beste, izen handiko hamasei artistak haien bizipenak kontatu dituzte oraintsu Kultura eta ezkultura liburuan, Lanartearen eskariz. Igande honetan, Durangoko Azokan, hala berretsi da antolakuntzak eta Siadeco inkesta etxeak aurkeztu duten txostenean: standetan dauden sortzaileen %12 soilik bizi dira haien sorkuntza lanetatik, eta, era berean, sortzaileen erdiak baino gehiagok esan dute beraien diru sarreren %20 edo gutxiago datorrela haien sorkuntzetatik. Iazko edizioan pasa zuen galdetegia Siadeco inkesta-etxeak, eta 129 egilek bete zuten.
Sektorearen prekarietatea handia dela nabarmendu dute txostenaren aurkezpen ekitaldian, baita Durangoko Azokarekiko lotura ere. Izan ere, datuak datu, hamar sortzailetatik bederatzik esan dute "garrantzi handia" duela Landakon egoteak, finean, haien lanari ikusgarritasuna ematea lortzen delako. Izan ere, %46aren ustez, Durangoko Azokan egon izana nabaritzen da osteko salmentetan.
Joaten denak erosten du
Eta joaten denak, normalean, errepikatzen du. Izan ere, hamar bisitarik bederatzik zerbait erosten dute azokan, eta kopuru berarentzat ez zen Landakora joaten zen lehen aldia. Txostenaren arabera, ohiko kulturzalea da azokara joaten dena: bisitarien %70ek maiztasunez kontsumitzen dute kultur ekoizpenen bat bere adiera ugarietan. 16 urtetik gorako 800 bisitarik bete zuten galdetegia iazko edizioan.
Euskal hiztunak dira bisitari gehien-gehienak (%92), eta erdiak darabil euskara bere ohiko bizitzan. Emakumeak dira gehiengoa –ia hamarretik sei–, eta gazteak: bisitarien bi heren, 45 urtez azpikoa.
Kontsumo ohituretan, datu argia: hamarretik ia-ia bederatzik erosi zuten zerbait iazko Durangoko Azokan. Bost erosletik batek ez zuen euskarazko liburu gehiagorik erosi urte osoan, eta diskoen kasuan, hamarretik lauk gauza bera. Batez beste 55 euro xahutu zituzten, 2018an egindako ikerketak zioena baino %11 gehiago.