“Abortatzeko eskubidea kendu ahal digute, baina ezin dituzte 526 landare-espezie abortibo deuseztatu”

  • Urriaren 14an Tabakalerako erakusketa-aretoko ateak itxita daude, baina barruan jende pila bat dabil jo eta su lanean, Marlene McCartyren Sasi guztien gainetik erakusketaren azken xehetasunak prestatzen. Marrazkiak ez ezik, landareak ere egongo dira bertan, bizirik. Joan-etorrien eta azken orduko erabakien erdian, konplizitatez betetako tarte batean mintzatu gara artista estatubatuarrarekin.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2025eko azaroaren 19an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Marlene McCarty (Lexington, Kentucky, AEB, 1957)

Artista, 1980ko hamarraldian hasi zen lanean. Hiesaren aktibismoaren barruan, Gran Fury [Amorru handia] kolektiboko kidea izan zen, bai eta Women’s Action Coalition [Emakumeen ekintza-koalizioa] erakundekoa ere, eta Bureau [Bulegoa] diseinu estudioa sortu zuen Donald Moffett-ekin batera. Jardun kolektibo horretan ondutako lanez aparte, bere ibilbidean aipagarriak dira, besteak beste, Murder Girls seriea eta primateen inguruan egindako lanak. Artean jarduteaz gainera, irakaslea da New Yorkeko unibertsitatean.

Sasi guztien gainetik erakusketa ireki berri duzu Tabakaleran. Nolatan sortu zen proiektua? 
Prozesu luzea izan da. Niretzat Euskal Herria ez zen leku erabat arrotza: nire emaztea, Christine Vachon, urtero etortzen da Zinemaldira. Hari entzun eta entzun, ni ere etorri nintzen pare bat aldiz, eta hala ezagutu nuen Clara [Montero, Tabakalerako kultur zuzendaria]. Hainbat urtez elkarri tankera hartzen ibili ostean, orain dela bi urte erakusketa egitea proposatu zidan, eta ordutik aurrera buru-belarri ekin genion. 

Izenburua Euskal Herriko sorginekin lotuta dago. Zer dela-eta interesatzen zaizu gai hori? 
Euskal Herriak, argi dagoenez, emakume indartsuen historia luze-luzea dauka, eta sorgin-ehizen garairaino iristen da. Niri, berez, garai historikoa interesatzen zait, eta ez hainbeste halako naturaz gaindiko kontuak. Hau da, sorgin-ehizak une politiko gisa interesatzen zaizkit, eta ez une espektakular gisa. 

Bestalde, erakusketarako preseski egin dituzun lanetan, Euskal Herriko historiari buruzko erreferentzia ugari ageri dira. Harritu egin nau. 
Bai?

Bai, ez dakit. Estatu Batuetako artista bat izanik, pentsatzen nuen zeure obra ekarriko zenuela, eta kito.
Hasiera-hasieran, Euskal Herriko elementuak erakusketan sartzeko desira hori azalekoa ez gertatzeko moduen bila ibili nintzen. Uste dut horregatik behar izan nuela horrenbeste denbora marrazten hasteko. Urte honetan egin ditut marrazki horiek guztiak, baina aurretik zirriborroak sortzen eta ideiak idazten ibili nintzen, eta guztia oso behartua iruditzen zitzaidan. Horretan ari nintzela, Trump [Donald] berriro ere presidente hautatu zuten, eta onartu behar dut zerbait zabaldu zela bat-batean. 

"Euskal Herriak, argi dagoenez, emakume indartsuen historia luze-luzea dauka, eta sorgin-ehizen garairaino iristen da. Niri, berez, garai historikoa interesatzen zait, eta ez hainbeste halako naturaz gaindiko kontuak"

Zer, zehazki? 
Presidentea, hautatua izan eta berehala, emakumeen eskubideak, eta zer esanik ez kuirren eskubideak, murrizten hasi zen. Eta niretzat garrantzia handia hartu zuen sorgin-ehizen uneak, zeina, aldi berean, Europaren egitasmo kolonialaren eta kapitalismoaren hasiera baita. Ni nengoen lekuaren eta zuek zaudeten lekuaren arteko loturak ikusten eta aztertzen hasi nintzen: zer-nolako zerikusia du Euskal Herriak kolonialismoarekin eta Ameriken konkistarekin? Zer gertatu zitzaien garai horretako emakumeei? Maite Garbayo komisarioak laguntasun handia eman dit hori guztia ikertzeko.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Marrazki batean, XV. mendeko euskal itsasontzien mastak ageri dira, tabako sakratua deritzon landareak hartuta. Beste batean, aldiz, erruda: landare abortibo ezaguna.
Esan dudan moduan, hauteskundeez geroztik gorputzen gaineko kontuek leku nabarmena hartu dute AEBetan. Besteak beste, Roe vs. Wade, herrialde osoan zehar abortu-eskubidea bermatzen zuen legea, kendu dute. Eta Trumpek bederatzi hilabete baino ez ditu egin gobernuan! Nola jasango ditugu beste hiru urte eta laurden? Baina tira, jarrai dezagun, honi buruz hitz egiten hasiz gero gauerdira arte luzatuko gara bestela. Orduan, berriro ere gure eskubideen alde borrokan hasi behar genuen, eta horrek sorgin-ehizetara ninderaman: ehiza horietan hil zituzten lagunen %75-85 bitartean emakumeak ziren, eta horrekin batera jakituria funts erraldoiak ezereztu ziren. 

Egia esan, landareei erreparatzen hasi nintzen estreinako aldia Trumpen lehen mandatuan izan zen, eta norbere burua babesteko tresna gisa lantzen nituen, arma gisa. Orain, Estatu Batuetan abortu-eskubidea kendu ostean, jabetu nintzen emakumeak abortatzeko ahalmenaren jabe izan direla hainbat mendetan. Nik baditut lagun batzuk gai direnak abortuak eragiteko landareak soilik erabiliz, eta landareek dakarten jabetze horretaz pentsatzen hasi nintzen. 526 espezie abortu-eragile daude munduan. Eta pentsatu nuen: begira, abortu-eskubidea kendu ahal diguzue, baina ezin dituzue 526 landare-espezie deuseztatu. Gaur egungo emakumeentzat laguntza itzela izan daiteke jakintza horren puska bat berreskuratzea. 

"Egia esan, landareei erreparatzen hasi nintzen estreinako aldia Trumpen lehen mandatuan izan zen, eta norbere burua babesteko tresna gisa lantzen nituen, arma gisa"

Murder Girls [Erailketa neskak] serieari buruz galdetu nahi nizuke. Mugarri bat izan zen zure ibilbidean: batetik, arrakasta itzela bildu zuen; bestetik, marrazketara itzuli zinen proiektu hori tarteko. 
Horren aurretik bestelako mihise batzuk egiten nituen: testua plantxatzen nien gainean. Ez ziren neure esaldiak, jendeak kalean esaten zizkidanak edo besteei entzuten nizkienak baizik: lengoaia agresiboa. Niri zera interesatzen zitzaidan: zer gertatzen da halako gauzak esaten dituen pertsona emakume moduan identifikatzen bada, eta ez beti-beti gizon bezala? Eta zer dakar era horretako lengoaia indartsu eta oldarkorra arte-espazioan jartzeak? 

Garai horretan, gainera Gran Fury [Amorru handia] kolektibo aktibistako kidea zinen. 
Bai, eta diseinu-estudio bat ere banuen. Ondotxo ohartzen nintzen bazirela hainbat lengoaia-modu, orain edozer gauza dago edonon, baina garai horretan bazegoen kaleko lengoaia, museokoa, eta gero diseinuaren aterkian sartzen diren era askotako lengoaiak. Eta horren harira baziren hainbat galdera: nork hitz egiten duen, norentzat, nork esan dezakeen nahi duena eta nork ez… Gran Fury-ko kideok generabiltzan gaiak. 

Garai hartan gizonezko zuriek osatzen zuten arte-munduaren %90, eta testu-margolanak –ez ziren margolan-margolanak, gehiago margolan-adierazleak– niretzat, boterearekin lotuta zeuden: zergatik gizonek boterea aldarrikatu dezaketen horrelako mintzaira erabiliz, eta emakumeek ez. Beraz, neure ikuspegitik, hizkuntza hori hartzen ari nintzen, botere-ekintza gisa. Baina jendeak irakurketa oso estuak egiten zituen; adibidez: "Patriarkatuari buruzkoa da!". 

Irakurketa literalegiak, akaso?
Niretzat, lanak sexualitateari, generoari eta menderakuntzari buruzkoak ziren, baina iruditzen zitzaidan hori dena ez zela iristen margolanen formatutik gaindi. Jendeak margolanak interpretatzeko modu erraz bat aurkitu zuen, eta kito. Orain, atzera begira, iruditzen zait beste margolan horiek baztertu nituela eta marrazketara itzuli nintzela bestelako ahots bat aurkitzeko premia neukalako, gizonen ahotsa antzeratzen ez zuen ahots bat. 

Eta Murder Girls seriea abiatu zenuen: beren ama edo ama-figura erail zuten neska nerabeen eta beren amek eraildako alaba nerabeen marrazkiak. Nolatan?
Christinek eta Gran Furyko beste lagun batek liburu bat gomendatu zidaten: Bad blood [Odol gaiztoa], Marlene Olive-ren kasuari buruzkoa. Hasieran ez nuen irakurri nahi, baina tematu egin ziren, eta amore eman nuen. Eta ufa. Erraietaraino astindu ninduen, orduan apenas hitz egiten baitzen ama-alaben arteko antagonismo edo energia izugarri indartsu horren inguruan. Sekulako oihartzuna egin zidan barrenean, eta pentsatu nuen: seguru nago halako kasu gehiago daudela. Eta ikerketa bati ekin nion. Ikerketa esango diogu, hitz egokiago baten faltan. Internetaren aurreko garaiak ziren, eta, bestalde, delituak egindako adin txikikoen izenak askoz gehiago babesten ziren, helduaroan bergizarteratzeko aukera izan zezaten bermatu nahian. Liburutegi publikoetara jotzen nuen informazio bila, eta azkenerako ikertzaile bat ere hartu nuen, zinemarako dokumentazioa bilatzen zaildua. 42 kasu bildu nituen guztira. 

Bazenekien marrazki bidez islatu nahi zenituela? 
Hasieran honako asmo hau neukan: nesken atxiloketa-argazkiak hartu, eta mihiseetan plantxatu. Egin nuen bat, jarri nuen estudioan, eta esan nuen: ai ene, hau Warhol da. Hau ez da neskei buruzkoa, baizik eta erreprodukzio mekanikoari, pop arteari eta kontsumoari buruzkoa. Eta hori ez zen bidea. Izugarri axola zitzaidan proiektua, eta pentsatzen nuen: emakume gazte hauen bitartez pentsatu behar dut. Aurrera-atzera ibili nintzen.

Noiz arte? 
Gurasoenera bisitan joan, eta, amak eskatuta, han pilatuta nituen gauzak sailkatzen hasi nintzen. 17 urterekin egindako autoerretratu bat aurkitu nuen: tinta grafitoan egina, neure burua ahalik eta ederren agerrarazi nahian… Hortxe konturatu nintzen neskak ere marraztu egin behar nituela.

"Herrialde osoan zehar abortu-eskubidea bermatzen zuen legea kendu dute. Eta Trumpek bederatzi hilabete baino ez ditu egin gobernuan!”

Gaztetan marraztu egiten zenuen, baina gerora artista gisa ez?
Baseleko diseinu-eskolan ikasi nuen 1978tik 1983ra, eta jo eta ke aritzen ginen marrazten. Esaten ziguten ezin genuela ezer izan –ez irakasle, ez margolari, ez eskultore, ez oihalgile– marrazten jakin ezean. Lau orduko marrazketa-eskolak egiten genituen, astean bost aldiz. Beraz, horren ostean, neure kautan pentsatu nuen… 

Ez dut inoiz gehiago marraztuko. 
Inoiz ere ez. Eta, hamar urtez, halaxe izan zen. 

Baina gero…
Gero berriro ekin nion, eta ordutik ez naiz geratu; beldurgarria da. Baina, harira itzulita, nesken marrazkiak egiten hasi nintzen, formatu txikian. Ez zuten funtzionatzen. Nik pentsatzen nuen: hau itzelezko kontu bat da. Hau Shakespeare da. Gauza handi bat. Beraz, marrazkiek ere halakoak behar zuten, handiak. 

Nola ikusten dituzu gaur egun? 
Begira, lan horiek arte-espazioetan erakusteko sortu ziren. Ez nituen kaleak bete marrazki haiekin, eta ez ditut sekula sarean jarri. Beste batzuek egin dute, baina nik ez nituen Interneten gorde nahi. Marrazkiek elkarrizketa pribatu bat sortzen dute. Erraietako elkarrizketa bat sortzen da ikuslearen eta artelanaren artean. Neska horiek handiak dira, eta xurgatu egiten zaituzte. Marrazkien gaia ez zen erailketaren zirrara, badakizu? Telebista-saioetatik deitu izan didate kasu honi edo besteari buruz hitz egiteko, baina ezetz esan izan dut. Hortik kanpo egon nahi dut, asmoa ez baitzen neska horien alderdi espektakular bat hauspotzea.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Edonola ere, marrazkiak ikusgarriak dira, zerorrek esan bezala. 
Bai, eta sexualizatuta daude: nesken arropak, adibidez, ez dira ikusten. Beti galdetzen didate zergatik egin nuen hori. Ba, hona zergatik: dokumentazioa irakurri eta irakurri eta irakurri ahala, argi geratu zitzaidan bazegoela zera bat gatazka pizten zuena. Neska horiek nerabeak ziren, 18 urtetik beherakoak denak, batzuk 11-12 urteren bueltakoak, eta orduan, alde batetik bazegoen ama bat, gero eta zaharragoa, agian perimenopausian sartzear; jada ez zen lehen bezain ederra; eta alaba, berriz, loratzen ari da, eta hor tentsioak zapart egiten du. Esango banu sexualitate femeninoak, bere askotariko formetan, ez zuela zerikusirik egoera haiekin, gezurretan ariko nintzateke. Zerikusia zuen. Sekulako katalizatzailea zen, eta horregatik erakutsi nuen marrazkietan. 

Halako batean seriea ixtea erabaki zenuen. Zer dela eta?
Mundua aldatu egin zen. 2008-2009 inguruan primateak aztertzeari ekin nion: ordurako Interneta zegoen jada, eta hastapenetan egon arren gauzei begiratzeko modua eraldatzen hasia zen. Interneten, gorputzen ideia nonahi zabaltzen hasia zen, eta pentsatu nuen ez nuela bide horretatik segitu nahi. Bere garaia bukatua zen, kito. Eta primateei heldu nien. Azken batean, familiarekin, aukerazko loturekin zein lotura biologikoekin zerikusia zuten; aurreko lanen luzapen bat.

Berrogei urte luze egin dituzu artista moduan lanean. Zer azpimarratuko zenuke?
Alderdi onei erreparatuta: ez daukat inongo damurik neure bizitzan egin dudanaz. Artista izateak ate mordo bat zabaldu dit, munduan barna eraman nau. Eta izugarri eskertuta nago horregatik. Ez dut sekulako arrakasta ekonomikorik izan, baina kulturalki izugarri pila irabazi dut. 

Orain, artearen munduari buruz ari bagara, kontua guztiz bestelakoa da. Artearen mundua nola eraldatu den ikusi dut: esteroidez jositako kapitalismoaren adierazgarri bihurtu da. Artista gazte batzuen obrak milioi bat dolarren truke saltzen dira, eta nik pentsatzen dut: zer egin dugu? 

"Artista gazte batzuen 
obrak milioi bat dolarren 
truke saltzen dira, 
eta nik pentsatzen dut: 
zer egin dugu?”

Sakonduko zenuke horretan?
Garai batean, artearen munduan, galeristak nolabaiteko interpreteak ziren. Artista bat zeukaten, artista horrek lan “zail” bat sortzen zuen, eta orduan galeristak bildumagileei, museoari, dena delakoari, zera azaltzen zion: “Agian hau oso bitxia irudituko zaizu baina lan hau guztiz garrantzitsua da honegatik eta besteagatik”, eta, hala, arte-erosleei laguntzen zien gauza batzuen garrantzia ulertzen edo behintzat aintzat hartzen. 

Orain, berriz, ez da batere horrela. Bildumagileak daude, mundu osoan gainera, eta nik ez dakit nondik datorkien aberastasun ikaragarri hori, baina horren bitartez artelanak erosten dituzte estatusa lortzeko eta inbertsio gisa eta beren etxe modernoak dekoratzeko. Eta haiek erosten dutenak hauspotzen du, guztiz eta zeharo, galerietan erakusten dena. 

Nola sentitzen zara horretan guztian? 
Ba, egia esan, sasitza naizela sentitzen dut. Belar gaizto bat. Artearen munduan badago zentro zukutsu bat; milioika dolar atzera eta aurrera dabiltza, eta ni bazter batean hazten naiz, ingurune toxiko batean. Hor zorua lehortu antzean dago, eta ez dago hainbesteko elikagairik. 

Baina bertan gertatzen dira gauzarik interesgarrienak. 
Horixe esaten diot neure buruari etengabe. 
 


Eguneraketa berriak daude