Londres, 1931. The Times egunkariaren enkarguz, Stanley Morison-ek tipografia bat sortu zuen, zutabe estuetan letra asko sartzea eta, era berean, irakurleek erraz ulertzea ahalbidetuko zuena: Times New Roman. Letra mota hura berehala zabaldu zen prentsan, liburuetan eta, gerora, euskarri digitaletan, gaur egun egunkari horrek beste mota bat erabiltzen duen arren.
 
                                                        Times New Roman izena jarri zioten tipografiari. “Times”, jakina, egunkariaren izena zelako. “New”, berria zelako eta ordura arte prentsan erabili ohi ziren tipografia gotikoak baztertzea eragin zuelako. Eta “Roman”, erromatar quadrata-ren eragina zuelako edo, beste modu batera, serifaduna zelako. Letra larri horiek serifa izeneko apaingarri modukoak zituzten ertzeetan eta, hala, Enperadoreen arauak herritarrei harrian zizelkatuta emateko erabiltzen zen quadrata Inperioaren boterearen adierazgarri izango zen Europa moderno eta garaikideko tipografoentzat. Berez, serifak arrazoi praktikoagatik sortu ziren arren. Antzinaroko idazkera askotan erabiltzen zen teknika hori, testuak harrian zizelkatuta oso zaila zelako letrei amaiera garbia eta zuzena ematea.
Zentzu horretan, Times New Roman ez zen hain berria, XVIII. mendetik Europako herrialde nagusietan serifadun tipografiak nagusi zirelako. Nazionalismoaren loraldiarekin bat, herrialde bakoitzak bere letra mota zeukan. Italian Giambattista Bodonik (1740-1813) asmatutako letra erabiltzen zen nagusiki, Frantzian Claude Garamond (1490-1561) grabatzaileak XVI. mendean asmatutakoaren aldeko hautua egin zuten, eta Ingalaterran, aldiz, John Baskervillek (1706-1775) asmatutakoa erabiltzen zen.
Herrialde bakoitzak aldarrikatzen zuen aukeratutako letra mota bere hizkuntzara hoberen egokitzen zela, baina hiru adibide horiek beste hizkuntzetara ere ondo egokitzen dira, gaur egun alfabeto latinoa erabiltzen duten edozein hizkuntzatan batez ere Bodoni eta Garamond gehien erabiltzen direnen artean baitaude oraindik.
Baina Times New Roman asmatzerako, Londresen beste tipografia bat zabaltzen ari zen, garbia, sans serif edo serifarik gabekoa. Underground zuen izena, Londresko metroko seinaleetan erabiltzen hasi zirelako XIX. mendearen amaieran. Alemanian Bauhaus mugimenduak ere serifarik gabeko letren alde egin zuen, baina Adolf Hitlerrek Bauhaus eskola itxi zuenean, tipografia ere baztertu zuen, eta Fraktur tipografia gotiko zaharraren alde egin.
Bigarren Mundu Gerra amaituta, Frakturrenak egin zuen, eta neutraltasunak irabazi zuen. Suitzarrek mundu guztian zabalduko zen serifarik gabeko tipografia unibertsala sortu zuten 1955ean. Baina badaezpada letra zein herrialdetan sortu zen garbi utzi nahi izan zuten izena aukeratzerakoan: Helvetica.