Euskal kapitalismoaren kontakizun bat

  • Banco Bilbao Vizcaya Argentaria ez da Bilbokoa ezta Bizkaikoa ere, aspaldi egin zuen hegan Madrilera eta handik dirua beste aberririk ez duten nazioarteko inbestitzaileen atzaparretara. Vizcaya eta Bilbao bankuei begira jartzeak eramaten gaitu milaka eta milaka pertsonen izerdi eta zapalketaren berotan sortutako “euskal” oligarkiaz hitz egitera. Edo hitz bakar batean esanda: Neguri.

BBVAren lehen administrazio kontseiluaren lehen bilera. Tartean dira Pedro Luis Uriarte, Emilo Ybarra, José Domingo Ampuero, Marío Fernández, Ramón de Icaza, Juan Urrutia, Fernando Ybarra, José Ángel Sánchez-Asiaín, Eduardo Aguirre, Javier Aresti, Luis María Ybarra, Luis Lezama Leguizamón, eta Ricardo Muguruza euskal herritarrak. Argazkia: Txema Fernandez/EFE

2021eko maiatzaren 02an

Aguirre, Ampuero, Careaga, Delclaux, Echevarrieta, Icaza, Lequerica, Lezama-Leguizamón, Lipperheide, Mac Mahon, Martínez Rivas, Sendagorta, Sota, Ybarra, Zubiría, Barandiarán, Basabe, Knörr, Muguruza, Nebreda, Zubiaga... Hamarkadaz hamarkada, enpresa batzordeetan konpartitutako besaulkien edo ezkontzen bidez elkar lotu diren Neguriko familia kasik endogamiko horien historia ere bada BBVArena. Frankismoaren barrunbeetan erroak dituzten oligarka horiek, 1990eko hamarkadan Espainiako Estatuko bigarren bankurik garrantzitsuenaren jabe izateaz gain, Telefónica, Iberdrola eta Repsol kontrolatzen zituzten. Eta hamarkada batean, paradisu fiskaletan babestutako gailur horretatik ostrazismora erauzi zituzten, aznarismoak sustatutako Wall Streeteko otsoek. Getxoko auzo txiki horren garapenak Euskal Herriaren historia hurbila azaltzeko edo ulertzeko modu bat da.

Oriol Malló Vilaplana (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1967) kazetariak 2020 amaieran argitaratu duen El libro negro del BBVA (BBVAren liburu beltza) liburuaren 600 orriak Bizkaiko mendebaldearen eta Euskal Herriaren historia iluna dira. Arpilatzeaz, klientelismoaz, ustelkeriaz, bankuek sustatutako krisi ekonomikoez mintzo da. BBVAren erraietara sartzea, Espainiako sistemaren estoldetan murgiltzea baita, ezagunak zaizkigun izen asko bidaide hartuta: Borboiak, Franco, González, Aznar, Garzón, Villarejo. Baita langile borroka, Lemoiz edo ETA ere.

Vizcaya “banku elektrikoa” eta Bilbaorekin “burdinaren bankua” batera hazitako oligarkiaren itzalak azaltzen ditu liburuan, XIX. mendean izugarri aberatsak ziren Meatzaldeko lurren ustiaketan hasi eta balio-kate osoan espekulatzen duen multinazional bihurtzeraino.

"BBVA-ren liburu beltza &ndasmoneth; Bizkaiko oligarkiatik Villarejo kasura"

Oso lan dokumentatua da, zorrotza eta, jakina, ausarta. Ez baita erraza garai hauetan horrelako lanak argitaratzea, Espainiako Estatuko editorial asko bankuen kredituen menpe bizi baita. Horrela hobeto ulertzen da zergatik izan diren Txalapartako lagunak liburua argitaratzeko prest azaldu diren bakarrak.

Liburu hau “berandu eta gaizki” iritsi da egilearen ustez, BBVAk galarazi egin baitzion publikoari bere trilero-jokoaren frogak ezagutaraztea. 2007an kazetari batek amestu dezakeen esklusibarik handiena izan zuen Mallók eskuetan: Espainiako Auzitegi Nazionaleko ustelkeriaren aurkako fiskal David Martínez Maderok eskaini zion “BBVA kasua”-ren eztarri sakonarekin harremanetan jartzea: Puerto Ricoko Nelson Rodríguez López, BBV International Investment Corporation bankuaren lege-aholkularia, 1990eko hamarkadan pertsonalki arduratu zena BBVk Mexiko, Kolonbia, Peru eta Venezuelako banku nagusien erosketen kudeaketaz (eta zuriketaz). Hau da, BBVAren kontu sekretuen kasuari buruzko funtsezko informazioa lortu zuen, Espainiako kapitalismoaren historian gertaera judizialik nabarmenetakoa. Edo Mallóren hitzak erabiliz: “Neguriko jauntxoek zerua euren buruen gainera eror zitekeela benetan sinetsi zuten une bakarra”.

Baina banketxeak beti irabazle. Mugimendu harrigarri eta interesatu batzuen ondoren, lekukoa “salduta” utzi zuten. Hilabete gutxiren buruan esklusiba, iturri nagusiak eta Espainiako bigarren banku nagusiena ataka larrian jarriko zuen informaziorako sarbide pribilegiatua galdu zituen arrapaladan. Liburua izoztu egin zen. Eta zorionez, orain ikusi du argia.

Bilbo salgai jarri eta Bizkaiko industria eraistea erabaki zuten garaiko giroa presente dago liburuan. 1980ko hamarkadan egileak ezagutu zuen “Bilbo intsumiso” hori gogora ekarri nahi izan du, egun “Guggenheimeko mausoleoan lurperatuta dagoena, turistaz betetako zerbitzu-hiriaren pean, hirigintza zibilizatzailearen eta bere tenplu ikonikoen garaipenaz harro dagoena, kale borroka eta langile matxinadarik gabe”.

Sar gaitezen bada, Mallóren lana oinarri hartuta, Euskal Herriko oligarkiaren eta haren bankuen erretratu ilunean.

Argazkia: Jordi Borràs

Oriol Malló Vilaplana

Ibilbide luzea du kazetaritzan, besteak beste, 10 liburu argitaratu ditu. Ipar Irlandako gatazka armatua eta Jugoslaviako gerra landu zituen, eta horri esker Kataluniako Kazetaritza Saria irabazi zuen 1992an. Urte horretan El Temps hedabideko kultura saileko kazetaria zela, olinpiaden aurretik Kataluniako independentismoaren aurkako makro-sarekadan atxilotu eta torturatu egin zuten Madrilen. Orduan ezagutu zuen aurrez aurre liburu honetako protagonistetako bat: Baltasar Garzón Real. Guardia zibilen torturak azaldu zizkionean “egin zuen gauza bakarra sabaiari begiratzea izan zen, ni espetxeratzeko agindua ematearekin batera. Garzónek ez zuen entzuten, ez zuen begitartea aldatu ere egiten”. 100 egun kartzelan izan ostean, libre geratu zen kargurik gabe. 2004an, kasu horretan torturak ez ikertzeagatik, Espainiako Estatua zigortu zuen Europako Giza Eskubideen Epaitegiak. Malló 2006tik “auto-deserriratuta” dago Mexikon. Han lanean jarraitu du, nagusiki memoria historikoa, ekonomia eta nazioarteko gaiak jorratzen.

 

Banketxea, aberria eta familia

“Horiek dira nire bizitzaren hiru erreferentziak”. Emilio Ybarra Churrucaren hitzak dira 1990ean BBVaren zuzendari kargua hartu zuenean. BBVAko zuzendaritzan izan den Neguriko azken ordezkari handi-mandikoaren hitzak baino, horien hurrenkera da berezia. Banketxea beti lehena. Agian, beste guztia eros daitekeelako eta ybarratarren leinuan, aberria eta familia politikoa agerikoak direlako.

Deustuko jesuiten unibertsitatean lizentziatu ostean, frankismo betean eta 25 urte zituela, Bilboko alkateorde izan zen. Orconerako –Bizkaiko meategi nagusiak kudeatzen zituen ybarratarren enpresa– kudeatzaile izan ostean, Banco de Bilbaon garatu zuen bizitza profesionala. Banco de Vizcayarekin batzean BBVko lehen presidente izan zen urte luzez, baita geroago BBVAkoa ere. Denbora tarte horretan guztian, bere anaia Santiagorekin batera, Vocento taldea kontrolatu zuten, harik eta ardura hori bere seme Ignacioren esku utzi arte.

Jesuitak, frankismoa, ardura politikoak, familiaren enpresak, komunikabideak eta banketxea. Behin eta berriz errepikatzen diren aldagaiak BBVAren eta Negurin gotorleku duen euskal oligarkiaren historian. Politika profesionaletik banku edo enpresa energetikoren bateko aholkularitza edo ordezkaritzara pasatzea, ate birakariak, ez baita gaur asmatu. Orain ohituta gaude erretiro panpoxo horietara, baina azken bi mendeetan bakan batzuen artean ohiko jarduna izan da. Eta Bilbo izan du plazetako bat.

Ardura handietan jira eta bira aritzen diren abizen eta familia horiek, zer momentutan egin ziren Bizkaiko ekonomia eta politikaren jabe? Eta nola? Neguriren ifrentzuari begira jarri behar dugu horretarako, Nerbioi ibarraren bestaldera.

Emilio Ybarra, Juan Carlos I Espainiako errege ohiarekin.

Jatorrizko metaketa koloniala eta urre gorria

Meatzaldeko meategi izugarri aberatsen ustiapena, burdinaren aleazioa, esportazioak Britainia Handira, trenbideak eraikitzeko inbertsioak, ontzigintza eta elektrizitate sorkuntza (Hidroeléctrica Ibérica, denborarekin Iberduero izango zena eta azkenik Iberdrola)... Horien bitartez trinkotu zen Neguriko inperioa eta bilakatu, gaur egunean ere, auzo horrek iradokitzen duenaren sinonimo: oligarkia.

Baina hori guztia ezinezkoa zatekeen kolonialismo espainiarrak metatutako kapitalik gabe, batez ere Amerikan. Herrien ondasunen arpilatzean, esklaboen trafikoan eta kolonien kudeaketan parte izan ziren euskal herritar batzuek lortutako etekina du abiapuntu euskal banketxeen arrakastak.

Horietako bat izan zen José Ignacio Aguirrebengoa eta Aguirre, Parisen bizi zen Zumarragako bankaria. Mexikon berrogei urtez dirutza egin ondoren, 1824an alde egin zuen handik, urrezko eta zilarrez betetako kutxekin batera, noiz eta mexikarrek Espainiako  erresumaren uztarritik askatu eta lehen konstituzioa aldarrikatu baino lehentxeago. Bera izan zen, José Javier Uribarren lekeitiarrarekin batera, Parisko finantzen eta euskal eliteen arteko lotura nagusietako bat. Bide horietan sortu zen kapital finantzario transnazionala, Bilbo inguruan kapitalismo industrialerako bidean zeuden enpresa-gizonen aukerak katapultatu zituena.

Arpilatze kolonialistan erroak dituen finantza-ahalmen hori gehi Trapagarango eta Trianoko mendietako zain aberatsetatik erauzitako urre gorria –oxido ferrikodun minerala, kolore gorrixkako hematitea, konposizioaren %70 burdina izan dezakeena–. Bi elementu horien batuketak eragin zuen bigarren industria-iraultza Euskal Herriko mendebaldean.

1950eko hamarkadan, Gallartaren azpian burdinazko aztarnategi erraldoia zegoela aurkitu zuten. Hainbestekoa zen meatzeak ustiatzeko nahia, ezen, dinamita eztanden bitartez, 7.000 biztanleko herria desagerrarazi zutela. Dolores Ibárruri han jaio zen eta honela zioen Pasionariak: “Herria suntsitu dute, aberastasunak eraman dituzte eta hau utzi dute: hondakin piloa”.  Irudian: Gallartako herri zaharra zegoen lekuan, hamabi milioi metro kubikoko zuloa.
Argazkia: Meatzarien Museoa

Milaka meatzari aritu ziren lanean buru-belarri eta kontraturik gabe, urte batzuk lehenago komunalak ziren lurretan eta Bizkaiko oligarkia hasiberriaren eskuetan pribatizatuta amaitu aitzin.

Hori izan zen euskal bankuen hasierako tranpolina. Ondorengo hamarkadetan jaun eta jabe izateko baldintzak eskaini zizkion. Eta noski, baita mozkin uholdea irabazi ere, ondoren gizartearen ia sektore guztietan berrinbertitutakoa, Banco de Bilbaoren zuzendaritzapean.

Bilbao bankuaren nagusitasunaren pean aurrera egitea lortu zuen lehiakide bakarra Bizkaiko oligarkiak berak sortu zuen 1901eko martxoaren 26an: Banco de Vizcaya. Industria hidroelektrikoaren alde egin zuen apustuak “banku elektrikoa” ezizena eman zion.

Vizcaya bankua sortzen lagundu zuten familia horiek beraiek, Ybarra-Zubiria-Vilallonga enpresa-taldeak, –nola ez, senidetasunak eta negozioek elkartuta–, urtebete geroago, Bizkaiko Labe Garaien (AHV) eraketan parte hartu zuten. Tomás Zubiria Ybarra izan zen fabrika ezagunaren burua lehen hiru hamarkadatan eta hil zen arte.

Real Club Marítimo del Abraren (Getxoko klub nautikoa), Sociedad Bilbaínaren (burgesen topagune “kulturala”) eta Neguriko golf taldearen artean plutokraten egiazko gizarte bat egon zen. Raymond Carr hispanista britainiarraren hitzetan islatzen da argien: “1900dik aurrera, Espainiako gizonik aberatsenak, salbuespen gutxi batzuk kenduta, euskal herritarrak ziren”. Eta oligarka horien hedapenak ez zuen etenik izan, errepublikak, diktadurak edota mundu gerrak pasata ere.

Laburbilduz, meatzaritzaren, industriaren eta esportazioaren kreditu-eskariak euskal bankuen hazkundea bermatu zuen, harik eta ziklo hori Nerbioi inguruan amaitu zen arte. Orduan bestelako hedapen prozesu luze bati ekin zioten, lehenik Iberiar penintsulan eta, azkenik, Ameriketan. Baina horretaz aurrerago hitz egingo dugu. Faxismoa atea joka dago eta.

Dirua franko

1936an huts egin zuen estatu-kolpea gerra eta klase-borroka bihurtu zenean, bankak, zuhurretan zuhurrena, ahal izan zuen guztia egin zuen funtsak erretaguardia seguruetara –Portugal eta Ingalaterra– mugitzeko. Handik moneta frankista babestu eta Errepublikaren aurkako eraso faxista lagundu zuten.

AHV, Iberduero eta BBVko zuzendaritzetako kide izan zen José Angel Sánchez-Asiain bankari ohiak 1936ko gerrako bi aldeen finantzei buruz egindako tesiari esker, badakigu Espainiako Estatuko aberats handiek borondatez eskainitako lankidetza ezinbestekoa izan zela faxistek diru freskoa lortu, nazioarteko bankuen kredituak bermatu eta Europako potentzia faxisten aurrean bidea errazteko.

Finantza-komandoak nazionalen tropekin batera iristen ziren herrietara, gorriei “berreskuratutako” bulegoen jabe berehala egiteko. 1936ko irailaz geroztik, Defentsa Batzorde Nazionalak erabateko eskuduntza izan zuen Fronte Popularreko erakundeekin edo antzeko alderdiekin lotura zuen edozeinen ondasunak eta jabetzak konfiskatzeko. Arpilatze sistema bat, handizka antolatuta. Irabazleek berena eta askoz gehiago berreskuratu zuten.

Sánchez-Asiainen datuen arabera, Vizcaya eta Bilbao bankuek gerra aurreko urteetan baino irabazi handiagoak izan zituzten gerrako hiru urteetan.

La Balco izan zenaren fabriketako bat abandonatuta. Argazkia: Wikipedia

ETA-ko Bereziak, Ybarra eta Amazon

ETApm-ko Bereziak taldeko Zaharra komandoa Neguriko etxe batera sartu zen 1977ko maiatzaren 20an. Lau neskame eta maiordomoak eta familiako seme-alabak lotu eta mozala jarri ondoren, autoz ihes egin zuten Javier Ybarra Bergé haiekin zeramatela.

Faxisten alde borrokatu ostean, Francoren Mugimendu Nazionaleko kontseilari, Bizkaiko Diputazioko buru eta Bilboko alkate izan zen Javier Ybarra, baina batez ere, ikur zen, Euskal Herriko oligarkiaren sinboloa: Iberduero eta Banco de Vizcayako kontseilaria eta Babcock Wilcox enpresako presidentea zen.

ETAk mila miloi pezeta eskatu zizkien Neguriko familiei Ybarra askatzearen truke. Seme nagusiak “askapen batzordea” sortu zuen. Luis Maria de Ybarra Banco de Vizcayako presidenteordeak gomendatu zion bankuaren “nukleo gogorrarekin” hitz egitea, bahituaren senidez osatuta zegoen eta. Banco de Bilbao familiako beste adar batek zuzentzen zuen, Emilio Ybarra Churruca goi kargua zela. Kudeaketa ugariren ondoren, bi banketxeak 25 milioi maileguan uzteko prest azaldu ziren, eta Neguriko pertsona gutxi batzuk baino ez ziren prest agertu diruz laguntzeko.

Ibarraren bestaldean, Ybarraren enpresako langileek asanblada egin zuten erabakitzeko ea ugazabaren askatasuna publikoki eskatu ala ez. Babcock Wilcox, La Balco, industria astunaren ikurra izateaz gain, lan gogorraren truke eskubideak, ekonomatuak eta etxebizitza lortzeko sinboloa ere bazen, Neguriko diruzaleen aurkako langile borrokari esker. Horrela agian hobeto uler daiteke 3.000 langile baino gehiagok, eskua altxatuta, erabaki zutena. Hainbatek Ybarrari eta bere azpikeriei buruzko iritziak eman ondoren, ezezkoa izan zen langileen erabakia. Nahiz eta haiek oso ondo jakin Ybarrari gertatuko zitzaiona enpresaren etorkizunean ere eragin zuzena izango zuela. Horrek argi uzten du langile borrokaren tenperatura garai hartan.

Javier Ybarrari bizkarra eman zioten bi klase antagonikoek. Haren gorpua ekainaren 18an agertu zen Barazarko gainean.

Asko aldatu da Ezkerraldea ordutik hona. Eta horren erakusgarri da Babcock Wilcox-en aldaketa. Aberastasuna sortzetik prekaritatea banatzera pasa da, Amazonek Euskal Herrian duen gune logistikorik handiena ezarri baitu Trapagarango orube hartan.

 

Beren hiria, beren bankuak, beren fabrikak

Neguriren esku geratu zen Bilbo berriz ere, Espainiako Bigarren Errepublikako urte “gorabeheratsuen” ondoren. Baina leinu batzuek erruz ordaindu zuten aberriagatik eroritakoen odol-zerga: Ybarra familiako 30 kide hil zituzten exekutatuta ala gorrien aurkako borroketan, tartean Emilio Ybarraren aita, Santiago Ybarra.

Laguntza horri esker, Borboien Berrezarkuntzan egin zuten bezala, diktaduraren zutabeetako bat bihurtu zen euskal oligarkia. Bi bankuetako bulegoak nonahi zabaldu ziren, eta beren enpresek besteen gainetik gailentzen jarraitu zuten, AHV (batez ere Bilbao bankuarena) eta Iberduero (Vizcaya bankuarena) ziren ikur nagusiak. Liberatutako Europan nazionalizazio edo desjabetze publikoak ugaldu bitartean, Espainian estatua eta kapitala fusionatu ziren familia multzo baten bidez, estatu-kolpea diruz hornitzen eta altxamenduaren abangoardia militar gisa egindako “zeregin heroikoan” jainkotutakoa.

Ezin hobeto laburtzen du hori Luis Bilbao Larrondo historialariak: “Bizkaiko erakunde publiko garrantzitsuenetan buru zirenak banku eta enpresa nagusien kontseiluetan posturik garrantzitsuenak zituzten pertsona berak ziren”. Edo beste era batera esanda, Pablo Díaz Morlán EHUko irakaslearen hitzetan: “Familiakoak ez ziren laupabost kenduta, Falangea Getxon ybarratarrek osatzen zuten“.

Sestaoko itsasadarraren ondoan, La Naval-eko ia 300.000 metro koadroak Belgikako talde bati saldu dizkiote martxoan, 36 milioi euroren truke, parke logistiko bilakatzeko. Euskal Herriko ontziolarik garrantzitsuena izan zenak garaiko enpresa handi guztien sortzaile berak ditu. 1907an, Espainiako Gobernuko presidenteak ontzigintza enpresa bat sortzeko eskatu zion AHVko presidenteari, Zubiria kondeari, Espainiako Armada berritzeko. Familia berak, askotariko enpresak. Argazkian: Garabi erraldoiz jositako Ezkerraldeko paisaia mitikoa postaletako irudi besterik ez da jada.
Argazkia: L. Tejedo / EFE

Neguriren bestaldean

Kapitalisten esperimentua izan da Ezkerraldea, mundua nahieran antolatu zuten han. Barakaldon zioten bezala, “hemen AHV markako ehorztetxe bat besterik ez zaigu falta”, baina ez zen beharrezkoa, haien fabriketan hiltzeko askotariko aukerak (motela edo azkarra) zeuden eta; galdaldian, altzairuzko totxoak eta burdinazko lingoteak forjatzen, suzko hatsa, koke hautsak edo zerua argitu eta ura pozoi beltzez tindatzen zuten gas toxikoak arnastu bitartean.

AHV 14.000 langile izatera iritsi zen. Ez da harritzekoa ybarratarren inperioa Europa hegoaldeko altzairu eta burdinaren kartelik indartsuena izan zela. Eta “jende modernoa” zenez, AHVko patroi horiek berek sortu zuten El Pueblo Vasco egunkaria 1910ean, iritzi publikoaren errektore eraginkorra, gaur egun ere zuzentasun neoliberalaren ispilu dena, El Correo markapean eta El Diario Vasco bezalako anaiekin Vocento taldearen barruan.

Etenik gabeko gerra bihurtu zen AHV. Gehiegi zuten gutxi batzuen eta gutxiegi zuten askoren artekoa. Urtez urte, Barakaldoko langileek borrokan jarraitu zuten abizen bereko ugazaben aurka. Klaseen arteko borroka, Ezkerraldean eraikuntza teorikoa baino gehiago izan zela erakusten dute 1917 eta 1923 arteko greben eraginez galduarazitako 2.300 lanegunek. Ez debalde, ordea. 1950ean, bost heriotzetatik bat tuberkulosiak eragindakoa zen Bilbon. Agian horregatik, garai hartan, El Correon ez zuten onartzen hain heriotza mota miserablea zuen eskelarik.

Baina soldata finko xamarra platera hutsik ikustea baino erakargarriagoa denez beti, 15 urtetan Bilbo 536.000 biztanle izatetik 846.000 izatera heldu zen 1975ean. 1980an ere bizimoduak burdina galdatzen zuen. Bost kilometroko eremuan, Barakaldo eta Santurtzi artean, 30.000 langile aritzen ziren, erabateko errendimenduan.

Langile borrokak sutan markatu du lur horien azala, eta bidean milaka eta milaka gaztelar, galiziar edo extremadurarren etxe bihurtu dira. Baita PSOEren gotorleku historikoa egin ere. Nahiz eta alderdi “langile eta sozialista” hori, garai batean aurkari izan zituen banku eta burges horien kide eta bazkide bihurtu zen.

Carlos Solchaga, Vizcaya bankuko langile izandakoa, Industria eta Ekonomia ministroa izan zen Gonzálezen gobernuan. “Industria birmoldaketaren” arduraduna eta Vizcaya eta Bilbao bankuen bat-egitearen bultzatzailea izan zen. Ustelkeriaren purgetatik libratu ostean, egun Espainiako Estatuko aholkularitza-bulegorik ospetsuena zuzentzen du: Solchaga Recio & Asociados.

Faxismotik, sozialisten altzora

Transitorik gabeko Trantsizioa iritsi zen. Funtsezko ezer ez zen ukitu, baina krisi ekonomiko bortitza etorri zen. “Garai berrietara egokitu beharra dago”, zioen panaz jantzitako PSOEk, modernitatearen bandera astinduz. Horrela, euskal banka handiak Ezkerraldeko negozio zaharrak sakrifikatu zituen bere irabaziak salbatzeko, Bizkaiko monolaborantza industrialaren modernizazioaz arduratu ere egin gabe. Agur. Desindustrializazioa deitu zioten. Eta horretarako behar beste denbora, babes eta boterea izan zituen eskura.

Porrot egiteko arriskuan zen euskal oligarkia erreskatatu zuen PSOEren gobernuak diru publikoaren kontura. Bizkaiko eta Espainiako Estatuko probintzia gehienetako industria-sarea desegitea erabaki zuen, eta, gainera, balaztarik gabeko desarrollismoaren urteetan kapitalismo espainiarrak utzitako beste patata bero bat likidatu zuten sozialistek: zentral nuklear bat Bizkaiko kostaldean.

Vizcaya bankuko eta Iberdueroko presidente Manuel Gómez de Pabloren hitzetan, “Lemoizen itxierak agerian utzi zuen Iberduero finantza-kolapsotik gertu zegoela. Luzamendu nuklearra funtsezkoa izan zen, zentrala geldirik edukitzeagatik kobratzen genuelako “.

Eta horrela “finikitatu” zen Lemoiz, nuklearren aurkako borrokaren ikurra. Kanon nuklear hori herritarrok ordaindu dugu faktura elektrikoaren bitartez 1996tik 2015era. 5.717 milioi euro. Salbamendu-txalupa paregabea, Iberduero (Iberdrolaren aurrekaria) eta Vizcaya bankuaren onurarako.

50 banku baino gehiago lurperatu zituen krisi hartatik indartuta atera zen euskal banka. Ifrentzuan dira Espainiako Estatu osoan langabeziara bidalitako 100.000 langile baino gehiago. Ez borrokarik egin gabe, ordea. Borroka heroikoa bezain desorekatua, Ezkerraldea adierazle nagusia izan zuena.

Felipe Gonzálezen modernizazio neoliberalaren bazkide eta bidaide atseginak izan ziren Bilbao eta Vizcaya. Eta horrek erraztu zuen bi bankuek bat egitea 1988an.

Ez dago bankaririk eskolarik gabe, ezta negoziorik mistikarik gabe ere. Neguriko kastaren enpresa-espiritua eta Deustuko unibertsitate pribatuaren lehia-espiritu meritokratikoa eskutik joan dira. Dominazioaren matrizea deitzen dio jesuiten unibertsitateari Oriol Mallók.
Argazkia: Wikipedia

BBV: lehen fusio handia

1988ko urtarrilaren 27an Banco  de Bilbaok eta Banco de Vizcayak bat egitea mugarri izan zen Espainiako Estatuko bankaren historian. Helburua zen banketxeek beraiek egindako akatsetatik salbatzea eta pagotxa berrietara bideratzea. Hala nola, 1988an Repsol partzialki pribatizatzean, BBV petrolio-enpresaren akziodun nagusi gisa jarri zuena.

Ordurako, bilbaotarrak, José Angel Sánchez-Asiain zuhurra buru zutela, klase politiko berriaren ordezkariz inguratu ziren. Tartean, Eusko Jaurlaritzako zenbait koadro politiko –Mario Fernandez edo Pedro Luis Uriarte kasu–. Eta, gainera, beren 16.000 langileei soldata hobeak ordaintzeaz arduratu ziren, sindikatu “lagunkoiak” ere zainduz, noiz eta langabezia %25aren bueltan mugitzen zen garaietan.

Vizcayaren kudeatzaileak banka liberatu, futurista eta espekulatiboaren zaleak izanik, Pedro Toledo Ugarte zuten presidente. Modernoetan modernoena. Sindikalismoa mespretxatzen zuen, eta, koherentzia ideologikoz,  bere 11.000 langileei askoz okerrago ordaintzen zien. Wall Streeteko marrazoen finantza-doktrina berria besarkatzen zuten ordurako, yatean Armaniz jantzita eta ilea gominaz ondo koipeztuta, nazioarteko bankariaren harrokeriaz.

Baina hori bai, biak ala biak, Sánchez-Asiain eta Toledo Ugarte leku beretik atera ziren: Luis Bernaola jesuitak sortutako Deusto Unibertsitatea. Bilbao, Vizcaya eta Deustok eskutik egin dute bidea historian barrena.

Bi bankuen bat-egiteak boterea lortzeko lehia gogorra ekarri zuen. Harik eta 1990ean Espainiako Bankuak BBVko presidente bakarra izendatu zuen arte, historiarik gabeko eta bigarren mailako gizon bat, baina pedigri aparta zuena: Emilio Ybarra Churruca. Horrela, estatu osoan bulego-sare oparoa zuen Bilbao bankuaren alde makurtu zen balantza.

BBVA eta Iberdrola dorreak. Argazkiak: Wikipedia

Moneta beraren oso bestelako aldeak

Bizkaia Dorrea Vizcaya bankuaren egoitza nagusia izan zen 1969an eraiki zenetik. Bilboko plutokraziaren botere iraunkorra sinbolizatu behar zuen, baina Aznarren garaian botere osoa Madrilera eskualdatu zenean, izaera galdu egin zuen. Bizkaiko Ogasunak erreskatatuta amaitu du, zati bat bulego publikoetarako birziklatuta eta bestea, ironia handiz, arropa merkeen denda bat izango da –Primark muiltinazional irlandesarena–, euskal langile klaseak duen diru-ahalmenaren isla.

Handik metro gutxira Iberdrola Dorrea dago. 165 metroko eraikin falikoa, Bilbon nork agintzen duen argi uzteko. Zentzua eta kohesioa eman zizkion ingurune sozialarekiko loturak galdu ditu BBVAk, baina Iberdrolak kontrakoa adierazten du: bere egoitza nagusia, 2012an inauguratua, Bizkaiko oligarkiaren soberakin arrakastatsu bakarra da. Euskal kapitalismoaren harkaitzik sendoena da, tokiko ondasunen akzio-gotorleku eta ate birakari modernoen sehaska. Energia sortzen edo saltzen duen 40 herrialdeetan duen hedapenak eta tokian tokiko giro politikoak baldintzatzen dute Iberdrolaren oparotasuna,

Urrunetik, Euskal Herriko lehen enpresa da, baina Espainiako Estatuko hamabosgarrena ere bada fakturazioari dagokionez. Haren aurretik soilik daude supermerkatu erraldoiak (Carrefour eta Mercadona) eta Endesa eta petrolio-enpresen moduko lehiakide handiagoak (Cepsa edo Repsol). Baina bere tamainaren itzala atzematen da 2017an lortu zituen mozkinetan: 2.804 milioi euro, hautsik eta lastorik gabekoak. Horrek agerian uzten du EAEko beste erraldoi korporatibo batzuen garrantzi “txikia“ haren aldean, hala nola Petronor (178 milioi), CAF (43 milioi) edo Eroski (33 milioi), zeinak, argi eta garbi, liga handi horretatik kanpo dauden.

 

Amerikako (bir)konkista

Euskal oligarkiak ozeanoaren bestalderantz ezarri zuen gogoa atzera ere. Baina oraingoan, armadurarik eta gurutzerik gabe.

BBVren Amerikako lehorreratzea diseinatu zuten gizonen artean zeuden, Emilio Ybarraz gain, José Ignacio Goirigolzarri –Caixabanken egungo lehendakaria– eta Mario Fernández –Carlos Garaikoetxearen agintaldian lehendakariorde eta Kutxabankeko presidente izandakoa–. Zenbait paradisu fiskaletatik abiatuta, Latinoamerikako banku errentagarrienetako batzuen jabe egiteko operazioaren burua, baina, Pedro Luis Uriarte izan zen.

Uriarte, Bilbao bankuko gizona, 1980tik 1984ra Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua izan zen, Carlos Garaikoetxea lehendakariak berak Sánchez-Asiaini “ardura horretarako norbait bilatzeko” eskatu ostean. Hau da, EAJko kargu publikoa izandakoak, Kontzertu Ekonomikoaren eta kupoaren defendatzaile sutsuak, Amerikako merkatuaren konkista garatu zuen “denak balio du” lelopean.

Puerto Ricoko Investment Bank-etik abiatuta, bankuen erosketa masiboak egiten hasi ziren –Mexikon, Venezuelan edo Perun kasu–, informazio konfidentziala eta nazioarteko babesak baliatuz eta finantzen munduan eta estatuetan enkistatutako botere taldeen bidez. Horrela hasi eta horrela amaitu zen. Neguriren klanak bere hilobia aitzurtu baitzuen urte horietan, geroago ikusiko dugun bezala.

BBV + A

Ybarra-Uriarte, neguriten eta jeltzaleen bikote perfektuak finantza erraldoi global bihurtu zuen Bizkaiko banka eta, bide batez, estatuaren tutoretzatik askatu zuen.

1999ko urriaren 19an, Santander Central Hispanoren megafusioaren ondoren, Emilio Ybarrak (BBV) eta Francisco Gonzálezek (Argentaria) Espainiako bankuen azken kontzentrazio handia iragarri zuten. Argentaria 1991n sortu zen zenbait banku eta kreditu-erakunde publikoren elkarketatik abiatuta, ondoren, Felipe Gonzálezek lehendabizi eta José María Aznarrek gero, pribatizatu egin zuten. Irudi korporatiboa aldatu gabe eta logotipoari “A” triste bat gehituta, beste mugarri bat ezarri zuten Espainiako neoliberalismoaren bide arranditsuan.

2000. urtean AEBetako Forbes aldizkariak “munduko bankurik onena” izendatu zuen BBVA. Emilio Ybarrak eta Neguriko bere lagunek utzitako ondarea izan zen bi hankak, Bilbao eta Vizcaya bankuak, nazioarteko korporazio bihurtzea, BBVA izenarekin.

Emilio Ybarrarentzat ospe handiko azken argazkia izan zen fusioarena. 2001ean bankuaren zuzendaritzatik kanpo utzi zuten, Jersey-ko kontu sekretuen gaiak hauspotuta. Botere absolutua Francisco Gonzálezen esku geratu zen, Wall Streeteko otso galiziar bat, eskrupulurik gabea; bankaria ez zena eta izen handiko familiarik ez zuena. Madrilgo aberats batzuen dirua inbertitzeko burtsa-sozietate txiki bat kudeatzetik Espainiako bigarren banku garrantzitsuenaren jabe eta jaun izatera igaro zen. Baina horrelako igoera meteorikoak posible ziren garai hartan, “Vayase, señor González”, egia izatea lortu zuelako politikari batek.

Ezkerretik hasita, Francisco González, Emilio Ybarra eta Pedro Luis Uriarte. Argazkia: El Pais / C. Manuel

 

Bye bye Neguri

Aznarismoren garaipenarekin bat, negozio handien egoitza bakar eta eztabaidaezin bihurtu zen Madril. BBVArentzat ere bai.

Aznaratoaren zortzi urteek Espainiako kapitalismoa birmoldatu egin zuten. Joan Puigcercós ERCko diputatuak Monopoly People deitu zion gobernu popularraren aliatuak ziren exekutiboen taldeari, pribatizazioen mekanismo pribilegiatuez baliatu baitziren botere ekonomikoaren erdigunea okupatzeko. Burtsa-artekariak, aholkulari fiskalak eta finantzen eremu labainkorrean mugitzen zen jendea zen. Rodrigo Rato zuten sustatzaile Ekonomia Ministeriotik, eta Mario Conde eta Francisco González ziren horien pertsonifikazio gorenak. Urte batzuetara, Ratok eta Condek kartzelan amaitu zuten, eta González, inputatuta eta elitetik kanporatuta.

Neguriren erorketa Jerseyko kontu sekretuen albo efektua izan zen 2002an. Aznarismo zentralizatzailearen aldeko indarrek lortu zuten Neguri Powerra boterearen lehen zirkulutik egoztea.

Zerga-ihesagatik ezarritako isunak ordainduta alde egin zuten bankutik, baina atea kanpotik itxi aurretik, Emilio Ybarrak eta Pedro Luis Uriartek 57 milioi euroko oparia egin zieten beren buruei “kalte-ordain” gisa. Gerora, sari horiek ere aztertu zituen fiskaltzak.

Ondoren etorri zena ezkutuko gerra modukoa izan zen, bankuaren nagusi berriaren eta haren nagusitasunerako mehatxutzat jotzen zituenen artean. Gatazka horretan, estatuko estolderiaren ikur eta aurpegi bilakatu den José Manuel Villarejo polizia-komisarioak hartu zuen parte. 2004an Francisco Gonzálezek kontratatu zuen bere aurkariak txikitzeko.

Mario Fernández: deabruaren abokatu jeltzalea

Abokatu hau lehendakariordea izan zen Carlos Garaikoetxearen gobernuan (1980-1985), eta bere historiala oso baliagarria da Bizkaiko botere ekonomikoak Espainiako Estatuko botere faktikoekin zituen konplizitateak azaltzeko, baita nazionalismo kontserbadorearen eta espainolismo egoskorraren arteko gerra ideologikoek bi esparru antagoniko zirela zirudienean ere. Kontzertu ekonomikoa defendatu zuen "abertzalea", Deustuko Unibertsitatean jasotako formazio elitistak enpresari handien solaskide pribilegiatu bihurtu zuen. Bere curriculumak argi uzten du nazionalismoaren eta banka neofrankistaren arteko ate birakariak kontu naturalak zirela.

Politika profesionalaren lehen lerroa utzi ondoren, BBVAk fitxatu zuen Mario Fernandez. 2001eko amaieran, Jerseytik AEBetara bidalitako 19,2 milioi dolarren itzulera kudeatzeaz arduratu zen. Diru hori BBVko kontseilari eta goi exekutiboen 22 pentsio funtsak eratzeko erabili zen.

Bera ere nahasita izan zen kontu sekretuen eskandaluan, bankuko goi-karguduna baitzen orduan. Francisco Gonzálezek hasi zuen bizkaitarren purgaren barruan, bankutik irten zen eta Uría Menéndez bulegoko plantillan –Espainiako kapitalismoaren erreferentzia nagusietako bat– sartu zen. Bere energia eta trikimailu guztiak erabili zituen BBVA auziko epailearengana hurbiltzeko eta Martinez Madero fiskalaren ikerketa bidetik ateratzeko.

Bere alderdiarekin, EAJrekin, ez zuen inoiz harremanik galdu, eta leialtasuna BBK aurrezki kutxaren lehendakaritzarekin saritu zioten 2009an. 2013an, etxegabetzeen harira esan zuen "lege berria ezin dela bihurtu jendeak alokairua ez ordaintzeko gonbidapen bat".

Kutxabanken egin zituen “adiskidekeria lanek” zigor sinbolikoa –sei hilabeteko espetxe zigorra– ekarri zioten, Espainiako Gobernuaren ordezkari ohi Mikel Cabiecesi "hilero 5.780 euroko ordainketa politikoa" egiteagatik, "EAJ, PP eta PSE alderdiek Kutxabanken pribatizazio prozesuan egindako akordioen parte gisa".

 

Beti paradisu bila

Banketxeen eta paradisu fiskalen arteko harremana aspaldikoa da. Diktadura frankistak ere bazuen berea: Tanger. Han ziren banku nagusi guztiak, Bilbao eta Vizcaya buru. Harik eta Tanger Marokon integratu zen arte, 1959an. Data hori, “kasualitatez”, bat dator Marbellak (Andaluzia) izan zuen boom espekulatiboarekin. Baina dena da aldatzen, eta diruaren lur azpiko emari horiek Mantxako kanaleko Jersey uhartera eramango gaituzte.

Offshore sozietateak ez dira gaur egungo asmakizuna. Bankurik ez da, diruaren fluxua kapital bihurtzen duten lurraldez kanpoko bulegorik gabe. Hala frogatu ahal izan zen 2000ko maiatzaren 26an, 200 bat guardia zibil Madrilgo Castellana pasealekuko BBVAren dorrean sartu zirenean. 1992ko Sevillako Erakusketa Unibertsaleko funtsen ustezko desbideratzearekin lotutako erregistroa zen.

David Martinez Madero bihotzekoak jota hil zen 2011ko urtarrilean, Kataluniako ustelkeriaren aurkako bulegoko zuzendaria zela.

David Martínez Madero Auzitegi Nazionaleko fiskalak ondo kalkulatu zuen operazio handiago horrek arreta mediatikoa desbideratuko zuela beste miaketa batetik: BBV Privanza bankuaren egoitzakoa. Eta ez zuen huts egin. Martínez Madero bulego batean sartu zen eta norbaitek mahaian utzitako liburu bati erreparatu zion. Izenburu deigarria zuen: “Manual de productos fiduciarios” (Produktu fiduziarioen eskuliburua). Kasurako funtsezkoa izan zen eskuliburu horretan, fiskoari iruzur egiteko BBVAk antolatu zuen egitura eta eskaintzen zituen zerbitzu mota guztiak azaltzen ziren. Estanislao Rodríguez-Pongari egozten zaio eskuliburuaren prestakuntza, BBVko langilea zelarik. 2001ean Aznarren Ogasuneko estatu idazkaria izan zen.

Offshore uharteko BBV Privanza Jersey-ren bitartez, dibisak saihestu nahi zituzten BBVAren bezeroen dirua bideratzen zuten munduko paradisu fiskalen zirkuitura.

600 kontu korronte atzeman zituzten. Guardia Zibileko adituen urtebeteko ikerketaren ondoren, bezeroen artean ospe handiko izenak azalarazi ziren: Bilboko gotzaindegia, Burberry luxuzko arropa enpresaren jabe ohia, Damm garagardoen nagusi Carceller familia... 420 milioi euro paradisu fiskaletara pasatu zituzten. 500 milioi pezeta edukita, bankuak parez pare irekitzen zizkizun zerga-ihesaren ateak.

Geroago, fiskaltza sokak lotzen hasi zen, eta, azkenean, jabetu zen egitura ustel hori ez zutela soilik VIP bezeroentzat sortu, baizik eta bankuaren beste mugimendu ilun batzuk egiteko, administrazio-kontseiluko kideei onura ekonomikoa ekarri zietenak, Emilio Ybarra Churruca buru zela.

Ez zuen imajinatu ere egin Getxoko seme kutunak gaia epaitegietara iritsiko zenik eta mundua bere zerga-ihesaren teknikez jabetuko zela. Inputatuen zerrenda Neguri erdiaren parekoa zen eta akusazioak potoloak ziren, administrazio desleiala eta agiri-faltsutzea tarteko.

Auzitegi Nazionalak, baina, oso modu dotorean kendu zuen kasua gainetik: “BBVA fusio baten ondorioz sortutako erakunde berria izanik, ezin da BBVk eta Argentariak egindako arau-hausteen erantzule deklaratu”. Oso eskuzabal jokatu zuen epaileak. Krisi ekonomikoaren gorenean Mariano Rajoyren exekutiboak egindako amnistia fiskalekin batera, Espainiako goi-burgesiaren egoera deserosoa arintzen lagundu zuen.

Ikerketaren itxaronaldi luzean, Espainiako bigarren bankua izututa bizi izan zen. Barne-zatiketak bizkortu ziren, eta Francisco Gonzálezek egoera baliatu zuen Ybarra eta neguritak purgatzeko.

Baina oraindik pastelaren zatirik potoloena falta zen.

Pedro Luis Uriarte, Francisco González, Emilio Ybarra eta José Ignacio Goirigolzarri, BBVAren lehen buruak 2001n. Argazkia: EFE

Puerto Rico, konkistaren atea

2001ean Baltasar Garzónek Bakearen Nobel Saria irabazteko hautagai gisa aurkeztu zuen bere burua, eta, beraz, etengabeko tourné mediatikoan murgilduta zegoen super epailea. Azaroan Puerto Ricora joan zen eta, hitzaldia amaitzean, pertsona bat hurbildu zitzaion esanez informazio asko zuela BBVAk Latinoamerikan erositako banketxeen inguruan. Nelson Rodríguez López abokatu, lege-aholkularia zen, 1995ean Ybarra eta Uriarteren bankuak Puerto Ricon sortutako BBV International Investment Corporation-eko zuzendaria izandakoa.

"BBVA-k dirua zeukan kazetariak bere alde jartzeko eta haren aldeko hedabideak finantzatzeko.
Ibex-ak prentsari egiten dizkion mesede guztiak modu batera edo bestera itzultzen zaizkio”

David Jiménez
El Mundo egunkariko
zuzendari ohia

Puerto Rico, AEBei elkartutako estatu librea, zeru fiskala da, ez paradisua. “Askatasun” handia ematen du, baina eragiketa guztiak protokolizatzen dira, eta beraz diruaren arrastoari jarraitu ahal zaio. Nelson Rodríguezek bazituen BBVren transakzio horien paperak, notario-abokatu gisa sinatzen baitzituen eta kontabilitatearen mugimendu guztien fede ematen baitzuen.

Eta horrela, auziaren ardura zuen David Martínez Maderok, fiskal ororen ametsa izan zuen aurrean: benetako insider bat, ezagutza eta dokumentazioarekin, legez kanpoko zenbait prozedura erabiliz, Bilbao Vizcaya Latinoamerikara salto egitea ahalbidetu zuen finantza-ingeniaritza azaltzeko prest zegoena.

Erositako banku horietako batzuk ziren Mexikoko Probursa, Peruko Continental eta Kolonbiako Banco Ganadero. Puerto Ricoren bitartez, dirua zuritzen zuten ondoren “jendea edo gehiegizko prezioan akzioak erosteko”. Operazio triangeluarrak ziren, BBVAri “bankuen erosketak erraztu eta haien kontrola berehala lortzeko”.

Ikerketa isilpean eta presiorik gabe egin zen, 2002ko apirilean El Mundo egunkariak infernuko ateak ireki zituen arte. BBVA kasua telebistako prime timera iritsi zen.

“Neguriko erorketa” zuen izena Casimiro García-Abadillo kazetariak –egun El Independiente hedabide eskuindarraren zuzendaria da– sinatutako esklusibak, eta Neguriko kastari emandako azken kolpearen funtsezko pieza izan zen. Bankuaren kupulatik botere neguritikoa botatzeko ariete erabakigarria izan zen El Mundo.

Jakina, oso bestelakoa izan zen Ybarra familiaren kontrolpeko hedabideen jarrera. Vocenton elkartutako ehun enpresetatik batek ere ez zuen artikulurik argitaratu Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren tesiarekin bat, Madrilgo ABCtik, Bilboko El Correoraino.

Ez dago soberan gogora ekartzea El Mundoko zuzendari ohi David Jiménezek El Director liburuan esandakoa: “BBVAk dirua zeukan kazetariak bere alde jartzeko eta haien alde egiten zuten hedabideak finantzatzeko. Ibex-ak prentsari egiten dizkion mesede guztiak modu batera edo bestera itzultzen zaizkio, eta informazio konprometitua iristen denean, ba… “.

Baltasar Garzón izan zen BBVAren aurka zabaldu den auzirik handienaren epailea eta salbatzailea. 2005ean, “Terrorismoa eta Segurtasuna” gaiei buruz Garzónek New Yorkeko Unibertsitatean koordinatutako ikastaroetako bat diruz lagundu zuen BBVAk: 200.000 dolar.

Garzón erreskatera

Kasuaren larritasunak Espainiako bigarren bankua eta Espainiako sistema bera arriskuan jar zitzakeen. 2002ko apirilaren 24tik 25era, Baltasar Garzónen bulegoan, imajina zitekeen guztia eta gehiago gertatu zen. Martínez Moreno fiskalak berak Oriol Mallóri esan zionez, Aznar presidentearen eta Juan Carlos I.a erregearen deiak tarteko.

Maila gorenean gertatutakoak ondorio praktikoak izan zituen. Baltasar Garzónek BBVA espedientea hil zuen 2002ko apirilaren 25eko auto famatuan. Ikerketa burutzen duena fiskaltza bada ere, haren iritziari ez zion jaramonik egin eta Nelson Rodríguez lekukoen taldetik atera zuen, honako hau alegatuz: “Sumario-sekretupean emandako haren adierazpenetatik, ez da elementu definitzailerik ateratzen”.

Nelson Rodríguez udaberrian FBIren eta Auzitegi Nazionalaren lekuko babestua zen, eta 2002ko udan delitugile aitortua zen, auzi judizial zahar bat berpiztu ondoren —1998an droga eta alkoholismo arazoak izan zituenean, 49 000 dolar ebatsi zituen bankutik—. Hainbat egunez komunikatu gabe, biluzik eta jan gabe izan zuten kartzelan. Ondoren, karrera profesionaletik bota eta erabateko ostrazismora kondenatu zuten.

Aznarren eta George W. Bushen arteko akordioaren ondorio zuzena da. 2002ko hasieran, lekuko deseroso hura isilarazteko unea zela erabaki zuten. BBVAren auzia geldiaraztearen truke, Espainiako Gobernuak Washingtonen aurrean jarrerarik onena erakutsiko luke. Hurrengo hilabeteetan hitzez hitz bete zen gidoia. Izan ere, BBV International Investment Corporation-eko langilea zela, Nelson Rodríguezek gainbegiratu zuen diru garbiketak Puerto Ricoko elitearen hainbat izeni ere eragiten zion, eta horiek Washingtongo senatari, kongresista eta funtzionario batzuekin zituzten loturak agerian geratzea ez zen gustu oneko platera AEBetako Gobernuarentzat.

Garzónek mailukada batez suntsitu zuen lekuko nagusiaren sinesgarritasuna, eta, gainera, Estanislao Rodríguez-Ponga Ogasuneko idazkaria inputatua izateaz salbuetsi zuen, bankuari eta gobernuari mesede itzela eginda. Bere idatzi osoan Baltasar Garzónek ez zuen argudiatu noiz, nola eta zergatik utzi zion Nelson Rodríguezen testigantzak sendoa izateari.

Bankuak lortu zuen epaile eta kazetari bakar batek ere ez alderatzea Nelson Rodríguezek zituen paperen kopiak eta originalak. Baltasar Garzón Realen zerbitzu ezin baliotsuagoei esker.

BBVAren presidente Francisco Gonzálezek kontratatu zuen Villarejo polizia kalean da, baina hainbat epaiketa du aurretik. Argazkia: EFE

Estoldetara jaitsita

BBVAtik atzeko atetik botatako Neguriko familiari mendekua hartzeko ordua iritsi zitzaion 2019an, Francisco González bere etsai gorrotatuak BBVAren ohorezko presidentetzatik dimititu eta Auzitegi Nazionaleko inputatuen artera batu zenean, Villarejo komisario ospetsuarekin lotutako eskandaluagatik.

Kapitalismoari harri bat botaz gero, prezioa jarrita itzuliko dizu harria. Dena dago salgai eta erosgai, baita estatuaren estolderietako profesionalak ere. Estatuaren enkargu zikinak egiten dituzten poliziek beren zerbitzu “bereziak” azpikontratatzen dizkiote ordaintzeko prest dagoenari. Goizean Osakidetzan eta arratsaldean klinika pribatuan lan egiten duen medikuaren antzera jarduten hasi ziren mertzenario horiek. Espioitza-, kontrol- eta xantaia-mekanismoak pribatizatu zituzten, urteetan Barne Ministerioaren kontrolpean egon zirenak, enpresen arteko lehiak edo mendeku pertsonalak “konpontzeko”. Estolden elite moduko bat da, Villarejok eta bere lagun sareak gorpuztuta.

Kasuaren ikerketaren arabera, Villarejok hainbat lan egin zuen BBVArentzat, besteak beste, espioitzak, telefonoak zulatzea, infiltrazioak segurtasun-zerbitzuetan eta jarraipenak hainbat kargu publiko garrantzitsu, enpresaburu, akziodun eta kazetariri. 49 politikari, kazetari eta kolaboratzailerekin jarri zen harremanetan Villarejo, BBVAren administrazio-kontseiluan sartu nahi zuen Sacyr eraikuntza enpresa boikotatzeko. Villarejoren ekintzen artean daude BBVAko goi-mailako zuzendaritzako kide ohi eta Industria, Turismo eta Merkataritza ministro ohi Miguel Sebastiánen telefono mugikorra zulatzeko 14 saiakera.

Baina, hala ere, Villarejo kasua haur-jolasa da, BBVAren moduko banku batek bizkarrean daraman arpilatze historiarekin alderatuta.

Bilboko Euskalduna Jauregian urtero egiten den BBVAren Akziodunen Batzarra protesta gune bilakatzen du BBVAren aurkako Plataformak. Ohi bezala, umorea galdu barik, salatu zituzten etekinak kosta ahala kosta lortzeko “sufrimenduz eta odolez zikindutako negozioak”:

Armagintzan diru gehien inbertitzen duen enpresa da BBVA, kalte handiko makroproiektuen finantzatzailea da, tartean, Donald Trumpek berraktibatu zuen Dakota Access olioduktua, AEBetako jatorrizko herriak sumindu dituen proiektua edo Kurdistango Ilisu urtegia, 313 kilometro koadro eta 65.000 bat kurduren herriak urperatu dituena; kontrakoa iragarri arren, BBVAk etxegabetzeak egiten jarraitzen du.

Argazkia: Aritz Loiola

Ia beti

BBVAk 1.320 milioi euro irabazi ditu 2020ko laugarren hiruhilekoan. Mozkinen erdia Mexikotik datorkio. Hura gabe, beste banku bat gehiago litzateke, Sabadell-en parekoa. Mexikoko interes-tasa eta diruaren prezio baxuak beharrezko ditu irauteko.

BBVAren egoitza nagusia Bilbon urte luzez egon bazen ere, eta, ondorio fiskaletarako, legezko egoitza Bizkaian badu ere, eragiketa gehienak Espainiako hiriburuan egiten dira. Baina, nolanahi ere, BBVAk Mexikon, Perun edo munduko edozein tokitan lortzen dituen irabaziak ez doaz Espainiako Ogasunera. Zerga bikoitza ez ordaintzeko, zenbait paradisu fiskaletara joaten dira, komisio edo akziotan lortzeko Espainiako Estatura zuzenean ekarri nahi ez dutena.

Izan ere, errealitatea baita banbalinen atzean dauden jabeak ez direla Getxokoak, ezta Madrilgoak ere.

Eta egun, non eta zertan da Neguriko jet-set hori? Bada, han jarraitzen dute. BBVA kasuak emandako ostiko izugarriak bankarien kasta jainkotiarretik kanpo utzi zuen asko, baina familia horietako ezein kide ez da eskale bihurtu. Akziorik ezean, higiezin-jabetza oparoa dute. Luxuzko etxebizitza bihurtu dituzte etxetzar zaharrak. Aitzinako jauregi handiak, haien ikurretan ikur ziren Lezama-Leguizamon jauregi monumentalaren modukoak, ezkontzak eta ospakizunak egiteko baliatzen dituzte, ordu batzuk handienen ondoan sozializatu nahi den edonorentzat. Dena asmatu eta berrasmatzen da.

Iberdrola, Coca Cola edota BBVAren inguruan orbitatu gabe ere, klase altuek Areeta, Neguri eta Galean bizitzen jarraitzen dute. Bergaretxe, O’Shea, Urrutia, Aznar, Ybarra, Careaga, Delclaux eta enparauei Sendagorta leinu fineko kideak batu zaizkie, Sener enpresako jabeak. Eta oraindik orain orduko batzuk Vidrala, Viscofán, Elecnor, Iberpapel, Vocento edo Cvne bezalako sozietateetan buru dira.

“Bankak (ia) beti du irabazten”, dio Oriol Mallók liburuaren azken pasarteetako batean. Hala ez izatea litzateke bitxia, historiari erreparatzen badiogu. Baina ezinezkoaren artea denez politika, burdinazko meategietan, trenbideen eraikuntzan edo altzairugintzan lan egin zuen jendea gogora ekarri behar dugu kontakizunaren borrokak markaturiko garaiotan. Ahal izan zutenean eta ahal izan zuten beste egin zuten borroka, eta gainera, une jakin batzuetan, lortu zuten oligarkia eta haren jarraitzaileak dardarka jartzea. Eta batzuek gainera ez dute etsi, astero-astero pentsio duina aldarrikatzen ari direnen artean aurkituko ditugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: BBVA
Espoliazio frankista
Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]


BBVAk 1.846 milioi euro irabazi ditu lehen hiruhilekoan, iaz baino %40 gehiago

Espainiako Estatuan 541 milioi euro irabazi ditu, duela urtebete baino %9,5 gutxiago, 225 milioi euro ordaindu baititu bankuei ezarritako zerga berriagatik. Hala ere, mundu osoko negozioak kontuan hartuta, ia 2.000 milioi irabazi ditu, iaz baino nabarmen gehiago.


Inflazioa ez da fenomeno meteorologikoa, baina zure soldata urtuko du hipotekatan

Inflazioa %6,1era igo da otsailean Hego Euskal Herrian, eta azpiko inflazioa %7,7. Prezioen gorakada gelditzeko, interes tasak igo eta eskaria apaltzea da ordoliberalismoaren betiko guardasola. Baina inflazioa ari du esatea zein punturaino da zehatza?


BBVAk 6.420 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz, 2021an baino %38 gehiago

Irabazien %47, 3 milioi euro, akziodunen artean banatuko dute, eta akzio bakoitzeko urteko dibidendua %39 igotzeko asmoa dute.


2023-01-11 | ARGIA
Bilboko familia batek hamazazpi egun egin ditu gas eta argindarrik gabe, BBVAren higiezinen agentziak etxetik bota nahi dituelako

Bi ume eta haien ama etxetik kaleratzeko agindua emana du BBVAren higiezinen agentziak, alokairua ez ordaintzea egotzita, baina epaileak uztailera arte eten du kaleratze hori, familia egoera zaurgarrian dagoela argudiatuta. Horren aurrean, Gabon egunean familiari gasa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude