Etxe kaleratzea eten arren epaileak, Bilboko familia bati gasa eta argia moztu dio BBVAren higiezinen agentziak

  • Adin txikiko bi semerekin bizi den emakumeari argia eta gasa mozteko agindua eman du BBVAren higiezinen agentziak, eta etxetik joan daitezen telefonoz presionatu dituztela ere salatu du Stop Kaleratzeak plataformak. Alokairua ez ordaintzeagatik familia kaleratzeko eskaera egina du higiezinen agentziak, baina egoera zaurgarrian daudelako eten du kaleratzea epaileak.

Stop Kaleratzeak plataformak gogoratu du debekatuta dagoela familia zaurgarriei hornidura etetea.

2023ko urtarrilaren 3an - 10:22
Azken eguneraketa: 12:56
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hipoteka ordaindu ezin zuela-eta, Bilbon bizi den emakumearekin Funts Sozialei lotutako alokairua adostu zuen BBVA bankuak 2017an. Urtebete geroago, bankuak Cerberus funts putreari saldu zion bere higiezinen agentziaren %80a. Aurten, agentzia horrek, Divarian higiezinen agentziak, alokairua ez ordaintzea arrazoituta familia kaleratzeko eskatu du, baina kaleratzea 2023aren ekainaren 30 arte eten du Bilboko epaile batek, familia zaurgarriak ez kaleratzeko legeari jarraiki.

Horren aurrean, Divarian higiezinen agentziak Iberdrolari eskatu dio argia eta gasa mozteko, eta gutxienez hamar egun hala darama familia honek, nahiz eta Iberdrolarekiko ordainketak egunean dituen emakumeak. Stop Kaleratzeak plataformak gogoratu du debekatuta dagoela familia zaurgarriei hornidura etetea.

Are gehiago, enpresak telefonoz deitu dio emakumeari, etxebizitza utzi dezatela eskatuz, eta BBVAren eta funts putrearen higiezinen agentziak duen “jarrera mafiosoa” salatu du plataformak.

Familia presionatzeari uzteko eta “ilegalki etendako hornidurak lehenbailehen berrezartzeko” eskatu dute Stop Kaleratzetik: “Etxebizitza eskubide bat da, ez bankuen eta funts putreen eskuetan dagoen negozioa”.


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Lurraldea eta arkitektura
Etxe bizitza

2026ko maiatzaren 4
Barra warroak
Olentzero maitea:

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.