Bi ekintzaile epaitu dituzte Bilbon, BBVAk armagintzan egiten duen inbertsioa salatzeagatik

  • BBVAren Akziodunen Batzarraren aurrean, bankuak armagintzaren industriarekin duen lotura seinalatu zuten hainbat ekintzailek 2019an. Ekintzaren harira Mozal Legea aplikatu zieten sei pertsonari, eta horietako bi gaur epaitu dituzte. BBVAren aurkako plataformak eta EHk Kapitalari Planto! kanpainak deituta, elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegien aurrean; isunak tarteko egonik ere, ez direla isilduko adierazi dute.

Argazkia: Ecuador Etxea

2021eko urriaren 18an - 10:12
Azken eguneraketa: 12:57

BBVAren aurkako plataforma osatzen duten taldeek eta EHk Kapitalari Planto! kanpainako partaideek elkarretaratzea egin dute astelehen goizean, Bilboko epaitegien aurrean. Mobilizazioarekin epaituak izan diren bi kide antimilitaristei elkartasuna adierazi nahi izan diete, baita mobilizazio sozialaren kriminalizazioa eta errepresioa salatu eta BBVAk irabaziak lortzeko duen modua beste behin gaitzetsi ere.

2008tik urtero egindako ekimenari segida emanez, 2019ko martxoan, BBVAren Akziodunen Batzarraren aurrean, BBVAren aurkako plataformako eta EHk Kapitalari Planto! kanpainako zenbait kidek protesta egin zuten Bilboko Euskalduna Jauregiaren kanpoaldean. Ekintzan parte hartzen ari ziren kideek beren buruak pintura gorriz blaitu zituzten, eskuan 500 euroko bilete-sortak zituztela. Xedea: BBVAk armagintzaren sektorean egiten dituen inbertsioak salatzea eta ondorioz bankuaren irabaziak odolez zikinduta daudela bistaratzea, eta gerra gurean hasten dela azpimarratzea.

2019ko protestaren harira sei pertsona zigortu zituen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Mozal Legea aplikatuz. Zigortutako kideek eta ekintzaren antolatzaileek helegiteak jarri zizkieten isunei, ulerturik, KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristak azaldu duen bezala, "protesta eta mobilizazio soziala herritarren oinarrizko eskubideak direla" eta "Mozal Legearen bidez horien aurka jardutea elkarretaratzeko eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dela, baita isunen bidez protesta desmobilizatzeko ahalegina ere". Zigortutako sei pertsonetetik bi astelehen goizean pasa dira epailearen aurretik, eta epaiaren arabera erabakiko dute zigor horiek baliogabetuko dituzten ala ez.

Elkarretaratzeak iraun bitartean, ondoko adierazpenak egin dituzte bozeramaileek: "BBVAk gerraren industria finantzatzen duten banku espainiarren lehen postuan egotearen ohore negargarria izaten jarraitzen du (...) Gerrak hemen hasten direnez, gure hirietan, bankuek gure diruarekin finantzatuta, hemen gelditu behar ditugu. Inongo mozalek ez gaitu isilduko".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antimilitarismoa
Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Yurii Sheliazhenko kontzientzi eragozlea libre utz dezala eskatzen diote Ukrainako Gobernuari

Yurii Sheliazhenko Ukrainako Mugimendu Bakezaleko Idazkari Exekutiboa da, eta abuztuaren 15az geroztik preso dute bere etxean. Asteazkenean egin zuten bere aurkako lehen epaiketa eta intsumisioaren aldeko Europako mugimendua bere askatasunaren aldeko kanpaina egiten ari da.


2023-04-05 | Uriola.eus
Abian da gastu militarraren aurkako eragozpen fiskalaren kanpaina

Asteartean hasi dira gerra finantzatzeko onartzen den gastu neurrigabea salatzeko ekintzak, ‘Gastu militarrik ez’ lemapean.


Eguneraketa berriak daude