Inflazioa ez da fenomeno meteorologikoa, baina zure soldata urtuko du hipotekatan

  • Inflazioa %6,1era igo da otsailean Hego Euskal Herrian, eta azpiko inflazioa %7,7. Prezioen gorakada gelditzeko, interes tasak igo eta eskaria apaltzea da ordoliberalismoaren betiko guardasola. Baina inflazioa ari du esatea zein punturaino da zehatza?


2023ko martxoaren 1ean - 18:00
Azken eguneraketa: 2023-03-02 16:20
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteartean eman zituen ezagutzera INE Espainiako Estatistika Institutuak inflazioaren datuak Espainiako Estatuan, eta Hego Euskal Herrikoak hemendik bi astera emango dituen arren, aurrerapen horrek balio du prezioek berriz ere goraka egingo dutela iragartzeko.

Inflazioa %5,9tik %6,1era igaro da eta azpiko inflazioa –eguneroko saskiari gehiago eragiten dion neurgailua– %7ra iritsi da. Argindarraren garestitzeak ekarri omen du gorakada hori INEren arabera, baita elikagaien prezioen igoerak ere.  

Energia kostuak gorantz doaz eta enpresek euren produktuen prezioetan islatzen dute hori, herritarrek ordain dezaten.

Bitartean, inflazioari aurre egiteko, Europako Banku Zentralak interes tasak igotzen jarraitzen du. Martxoan puntu erdi igoko duela esan du bankuko presidente Von der Leyenek. Eta Euribor indizeak ere gora egiten jarraitzen du ondorioz, hilero hipoteka ordaindu behar dutenen soldatak zorretan urtuz.

Urtebetean, batez beste 3.200 euro gehiago pagatu beharko dizkio bankuari hipoteka bat duenak.

Euribor indizeak goraka egin du etengabe azken hilabeteetan eta hipotekak %50 garestitu dira iazko otsailetik.

Baina ekonomia “hozteko” formula horrek dioenaren kontrara, prezioak ez dira apaltzen ari eta inflazioa kontrolatu ezinik dabiltza. Zergatik?

Argindarraren eta gasaren kostuak gorantz doaz. Ukrainako gerra, merkatuaren turbulentziak… diote analistek. Haatik, 2021eko udazkeneko argindarraren gorakada eman zenean ez zen gerrarik; ordukoan argindar konpainiek Espainiako Estatuko erregulazio lausoa aprobretzatu zuten dirua “zerutik” jasotzeko.

Orain, espainiar araudia zorroztu den arren –eta Iberiar penintsulan prezioak mugatuta dauden arren–, energia konpainiak eta horietan parte duten inbertsio funts eta bankuak inoizko etekin handienak  izaten ari dira: Iberdrola, 4.339 milioi euro; BBVA 6.420 milioi; Repsol 4.251 milioi…

Bistan da, inflazioa ez da batzuen mesedetan asmatutako artefaktu ekonomiko bat, baina fenomeno meteorologiko bat ere ez. Neurgailu bat da, eta batzuetan politika ekonomiko atzerakoiak neurtzeko ere balio du.


Herritarren pobretzea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...