Bankuak gose: nork gizentzen du piztia?

  • BBVAk Sabadell irensteko egin duen eskaintza “oldarkorrak” berriz erakutsi digu egungo bankuak nolako azalez eginda dauden. BlackRock eta antzeko inbertsio funts sarraskijaleen atzaparretan erorita, haientzako haratustelak ehizatzen dabiltzan erakunde lotsabakoak ditugu aspaldi. Baina dena ez da akziodunen erruz, politikaren goi mailetan hartzen diren erabakiek ere badute zerikusirik: Europako Banku Zentralak banku-kontzentrazioa bultzatu du haboroz haboro.

BBVAko 2023ko batzar nagusian KEM-MOC talde antimilitaristako ekintzaile baten protesta Bilbon, bankuak urtero izaten dituen etekinak salatzeko.
Foku / Oscar Matxin

BBVAk Sabadellen kontrola eskuratzeko egindako Erosketa Eskaintza Publikoak (EPP) harrabotsa sortu du, duen dimentsio ekonomiko eta politikoagatik. Espainiako Estatuko bigarren banku handiena bihurtuko litzateke BBVA, soilik Santander bankuaren atzetik, eta Europako hamar banku handienen top-ean kokatuko litzateke. Hedabide nagusiak samaldan irten dira opa hostil (EPP oldarkorra) delako horren ondorioak aztertzera –enpresako zuzendaritzaren oniritzirik gabe akziodunei zuzenean salerosketa proposatzea–, eta eskuak burura eraman dituzte, herritarren hipotekak eta enpresen kredituak gorbatadun gutxi batzuek maneiatuko lituzketelako.

Baina bankuen kontzentrazioa ez da zerutik San Pedrok bidalitako zerbait; 2008ko krisiaz geroztik Europan gizentzen ari diren piztia bat da.

BBVAk aspaldi jaso zituen hegoak Bilbao eta Vizcayatik Madrilgo eta nazioarteko negozio hobi zabalagoetara, apenas egoitza soziala utzita gure lurretan, Neguriko euskal erroen testigantza sinboliko moduan. Sabadellen kasuan, 2017ko urriaren 1eko erreferendumak bultzatuta aldatu zuen egoitza soziala Alacantera –bide batez, burtsan %6 irabazi zuen–, baina herrialde katalanetako enpresekin lotura estuagoa omen du, eta horrek bihurtu du pelikula honetako biktima txintxo, bidean jan dituen harrapakinak askoz gutxiago ez diren arren.

Europako  banku handienak bilioidunak dira jadanik eta kapitala metatzen segitzen dute. BBVAk Sabadell erosiz gero, "klub" horretan sartuko litzateke. Grafikoa: Urko Apaolaza / ARGIA

Euskal Herrian BBVAren oldarraldiak izan duen oihartzunak ez du zerikusirik Herrialde Katalanetako hedabideek gaiari eman dioten arretarekin. Ez da erraza jakitea zergatik iragarri zuen BBVAk Sabadell erosteko asmoa Kataluniako hauteskundeen bezperetan, baina horrek operazioaren inguruko esamesak hauspotu ditu, eta alderdi, patronal zein gobernu oro bere kontra jarri du.

Vilaweben irakur dezakegu Vicent Partal zuzendariaren editorial gogor bat. Sabadellen buru Josep Oliuren kexak “krokodilo malko zinikoak” direla dio Partalek –erreferendumarekin izandako jarrera akordura ekarrita– eta harriturik dago, Juntsetik PPraino, banku alacantarra babesteko zabaldu den diskurtso homogeneoarekin.

Egunkari digital berean, Jordi Goulak, La Vanguardia-n esperientzia handia izan duen kazetari beterano eta ekonomialariak, El BBVA treu l’artilleria pesant (BBVAk artilleria astuna atera du) izenburu belikoa duen analisia publikatu du: “Garbi dago finantza munduan inflexio puntu bat dela”, onartu du, baina ez du batere klaru BBVAk kontuak azti egin dituenik “pilota akziodunen teilatuan” utzita.

Sabadelleko akzioen %90 free float dira finantzen jergan, hau da, ez daude kontrolatuta –nahiz eta asko BlackRock, Vanguard, Norges eta antzekoen esku dauden–, eta inork ez daki hartzaren besarkada free loving potolo bat jasotzeko prest diren akziodun horiek, balore-merkatuan lau sos irabazteko.

 EBZren erantzuna mutis handi bat izan da. Zer gehiago espero zitekeen banku erraldoien sorrera eta fusioak “pozez” txalotzen dituen erakunde batekiko?

Erne, arrisku sistemikoa

Sabadellen erosketak sortuko lukeen banku-kontzentrazioak ez ditu ezustean harrapatu batzuk. Joan Ramón Sanchís da horietako bat, Valentziako Unibertsitateko Guztien Ongizaterako Ekonomiaren katedrako zuzendari izandakoa eta finantza erakundeen inguruko hamaika liburu kritiko idatzitakoa, tartean Viejo Topok argitaraturiko ¿Es posible un mundo sin bancos? (Posible al da bankurik gabeko mundu bat?).

Sanchísek urteak daramatza gertatzen ari den bankuen fusio eta gizentze prozesuaren arrisku sozialez ohartarazten. Youtubeko Parlem d’Economia bere kanalean, etxeko logelan grabaturiko zortzi minutuko bideoan argiro laburbiltzen ditu, kaletar xumeontzat, BBVA eta Sabadellen arteko bateratzeak eragingo lituzkeen kalteak.

“Aspertuta nago, guztiz aspertuta, zeren eta urte askoan hitz egin dut banku handien fusioek izan ditzaketen ondorio larriez –kexu da ekonomialaria–. Denbora luzez bankuen fusioak egin dira, eta horrek eragin oso negatiboak izan ditu, esaterako bezeroei abusuak ekarri dizkie, baina inor ez da kontra agertu”. Kuriosoa egin zaio orain BBVAk Sabadelli egindako EPPk sorturiko larritasuna.

Fusioek bankuen arteko lehia gutxitzen dutela dio Sanchísek, baina batez ere horrek sortzen duen “arrisku sistemikoak” jarri behar gaitu erne: “Bankua hain handia bihurtzen da, krisi bat gertatzen denean ezin dela erortzen utzi eta diru publikoa injektatu behar zaiola”. 2008an gertatu zen bezalaxe. Orduan, estatuak zor publikoa handitzen du “obligazioa” omen duelako bankuen galerak finantzatzeko –erran nahi baita sozializatzeko–, eta noski, zerbitzu publikoak mantentzeko zen diru guztia irensten du piztiaren ahoak.

 Kontzentrazioarekin kredituen eta hipoteken baldintzak gogortzen dituzte bankuek. Nora garamatza horrek? Hitz bakarrean ez, baina hirutan esanda: komisioak, abusuak, iruzurra

Herritarrei eragin diezaiekeen beste kontu bat sukurtsalen duplizitatea da. Bankuetako lantaldearen “berregituratzea” eta antzeko eufemismoen atzean zer dagoen ere oso ongi ikasi baikenuen 2008ko krisiarekin, baina badaezpada Sanchísek gogorarazi digu: “Bulegoak itxi eta lanpostuak suntsitzea”.

Gainera, kontzentrazioak bankuen boterea handitzen du: “Beraien negoziazio ahalmena handitzen da bezeroaren aurrean, eta hala, finantza bazterkeria erabili dezakete”, dio. Enpresa txikiek zailtasun handiagoak dituzte kredituak lortzeko, eta familientzako hipoteken eta abarren baldintzak ere asko gogortzen dituzte bankuek. Nora garamatza horrek? Hitz bakarrean ez, baina hirutan esanda: komisioak, abusuak, iruzurra.   

Txiza egiten txapeldunak  

Carlos Cuerpo Ekonomia ministro espainiarrak Bruselara bidaiatu zuen, BBVAk Sabadellen kontrako EEPa jaurti eta biharamunetan. Banku-kontzentrazioak Espainiako Gobernuari sortzen dizkion “kezkak” azaldu dizkio ministroak Europako Banku Zentraleko (EBZ) ikuskatzaileen buruari. Ez dirudi herritarraren hipotekak edo kutxazain-bulegoko langilearen kondizioek loa galarazten diotenik, kalkulu politikoek bainoago.

Bruselan Eurotaldeko ekonomia ministroak, maiatzaren 14ko bilkuran. Han izan zen ere EBZko arduradun Clara Buch. Agintariak urteak daramatzate "txapeldun europarrak" sustatzen. Argazkia: Europako Kontseilua

EBZren erantzuna mutis handi bat izan. Zer gehiago espero zitekeen banku erraldoien sorrerak pozik txalotzen dituen erakunde batekiko? EBZko arautzaile teknokraten ustez, krisi bat aguantatzeko adina kaudimen izan behar dute bankuek.

Frankfurtek urteak daramatza banketxeen bateratzeak bultzatzen –eta mugaz gaindikoak badira hobe–, “europar txapeldunak” sortzeko bidean. Finantzetan, energian, telekomunikazioan, baita mikrotxipak sortzeko mega-lantegietan ere, ideia bera da: munduko potentziekin parez pare lehiatzeko, Europar Batasunak alimaleko korporazioak behar ditu. Txiza zeinek urrunago egin.

Espainia dago banku-kontzentrazioaren gurdiaren abangoardian –2008an 55 banku zeuden estatu osoan, hamabost urte geroago, 9 besterik ez–, eta atzetik doaz gehiago ere. Frantziako Estatuan, adibidez, BNP eta Société Génerale erraldoien arteko ezkontzari buruzko zurrumurruak ez dira isildu. Munduko 100 banku handienen artetik 37 kontinente honetan daude.

Azken finantza krisian, mundu mailako too big to fail fenomenoak (handiegia erortzen uzteko) aurretik eraman zituen herritarren aurrezkiak eta diru-kutxa publikoetako azken zentimoak. Baina agintariek ez dute, ez kuanto, kataklismo horretatik irakaspen askorik atera.

Banku publikoengandik ikasten: Bank of North Dakota

Beste alternatiba batzuk badaudela aldarrikatzen dute zor bidegabea abolitzeko sare herritarrek edo finantza etikoen inguruko elkarteek. Ez gara hemen hasiko finantza zerbitzu kooperatiba eraldatzaile bat zer den azaltzen, horretarako irakurleak nahikoa luke Koop57ri buruzko ARGIAren kanalera sartzea. Banku etikoak ere badaude, gurean Fiare eta La Nef dira ezagunenetakoak.

'Nonpartisan Leader', NPL plataformaren egunkariko azala 1919an. Argazkia: 'Jacobin' / Wikimedia Commons

Baina seguruenik, banku publikoak dira historia luzeena eta esperientzia handiena dutenak –Euskal Herrian aurrezki kutxak ziren gisan, banku-fundazio bilakatu eta kontrol soziopolitikorik gabeko patronatuen esku utzi zituzten arte–. Europan eta mundu zabalean banku publikoen eredu asko daude, eta adibide bitxiena dolarraren paradisuan aurkitu dezakegu, AEBen Midwest-ean, Ipar Dakotan.

1919an nekazari mugimendu zabal batek sortua, Bank of North Dakotak AEBetako populismoan du jatorria –populismoa ezkerreko aldarrikapena zen garaian–, Thomas Frank historialariak Jacobin-eko elkarrizketa batean azaldu duen gisan. AEBetako aldizkari ezkertiar horretan bertan aurkitu dugu bankuaren historiari buruzko informazio xehea dakarren beste artikulu bat, Michael Lansing-ek idatzia: North Dakota has the country’s oldest Public Bank. We should look to it as a model (North Dakotak herrialdeko banku publiko zaharrena du. Eredu bezala hartu beharko genuke)

Lansingek dio bankua sortu zela zerealekin zeuden praktika predatzaileei jatorri ugaritako nekazari migratzaileek emandako erantzun gisa. Garia Minneapolisera bidali eta bueltan apenas zetorkien ezer. NPL (Liga ez Alderdikoia) izeneko plataforma sortu zuten lehenik, eta hortik botere gehiago lortu eta enpresa handiekiko alternatiba publikoak eraikitzen hasi ziren: estatuaren jabetzako ale igogailu bat, irin-errota bat… eta bankua. Ipar Dakotakoa ez zen lehen estatu-bankua izan, “baina jendeari finantza zerbitzuak emateko behetik goranzko mugimendu batetik sorturiko halako erakunde batek bide berriak ireki zituen”, dio Jacobin-eko artikulugileak.

1929ko krakean, nekazariak milioika dolarreko kredituekin lagundu zituen Bank of North Dakotak. Bigarren Mundu Gerraren ostean estatuaren funtsak hornitu zituen, geroago, milaka ikasleri mailegu merkeak eman zizkien unibertsitatera joan zitezen, eta 1980ko hamarkadako nekazal krisian, tokiko garapenerako proiektu ugari babestu zituen.

Ipar Dakota AEBetako estatu aberatsenetako bat da egun, eta hein handi batean banku publikoak zerikusia du horrekin. Baina dena ez da lausengu: Ipar Dakota  errepublikarren gotorleku bihurtu da eta banku publikoak norabide kezkagarria hartu duela dio Lansingek. Esaterako, Standing Rockeko Dakota Access oliobidearen kontrako protestetan, jatorrizko herriak zapaltzeko urgentziazko maileguak eman zizkien agintariei, poliziak eta mertzenarioak ordaintzeko dirua eduki zezaten. Kontuz beraz, ez daigun piztia ardi narruz mozorrotuta etxera sartzen utzi.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
Zeraingo gaztagile batzuk atxilotu dituzte langileen esplotazioa egotzita

Zeraingo Aranburu baserriko jabeak atxilotu dituzte langile eskubideen aurkako delituengatik. Idiazabal gazta egiteko hainbat langile kontraturik gabe zeuzkaten eta zazpi eguneko lan jardunaldiak egin behar izaten zituzten. Hori guztia 300 edo 400 euroren truke.


Etxebizitza merkantzia bihurtuta, ultraeskuinari atea ireki dio Europak

Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]


Tabakaleran diziplina anitzeko ‘Atenea’ espazioa zabalduko du Kutxak 2026an

Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dituen 6.300 metro koadroak erabiliko ditu Kutxa Fundazioak espazio berriarentzat eta 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuarentzat. 2026ko udazkenean ireki asmo dute Atenea, eta hori baino lehen itxiko dute Miramongo... [+]


Emakumeek baserria defendatu zutenekoa

1958an, emakume baserritarrek Donostiako Erdialdea hartu zuten, esnea saltzea galarazi zitzaiela salatu, eta baserritarren eskubideak aldarrikatzeko. Administrazioak esnearen esklusibotasuna Gurelesa enpresari eman zion, eta baserritarrek Bretxan saltzeari utzi behar izan... [+]


Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk

Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.


Eguneraketa berriak daude