“Osasun arloan hizkuntza gutxitua erabiltzeko ez da nahikoa gaitasuna, hizkuntza kontzientzia behar da”

  • Iker Villanueva (1995, Durango) barne medikuntzako mediku egoiliarra da Galdakaoko Ospitalean. Kalitatezko osasun arretaren eta hizkuntzaren arteko lotura sutsuki defendatzen du. Ez alferrik Euskara UPV/EHUko Medikuntza Graduan. Zer ikas dezakegu nazioarteko ereduetatik? graduondoko ikerketa lana egin berri du. Gauzak argi dauzka: medikuntza ikasleek euskaraz ikasi behar dute eta hori ez da nahikoa: hizkuntza kontzientzia izatea ezinbestekoa da. Lanaldia bukatuta bildu gara berarekin ospitalean, COVID-19ak kutsatutako gaixoak artatu ondoren.

Argazkia: Hodei Torres.
Argazkia: Hodei Torres.

Kalitatezko osasun arreta eskaintzeko, hizkuntzaren gaian, unibertsitateek berebiziko rola jokatzen dutela diozu. Hasteko, medikuek ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukerarik ez dute. Zein da Euskal Herriko Medikuntza fakultateetako egoera?

Gaur egun Medikuntza gradua, osotasunean, ezin da euskaraz burutu Euskal Herrian. Nik EHUn ikasi dut eta hor dago euskarazko eskaintza bakarra. Ikerketa ere, EHUn oinarritu dut, baina errealitatea ez da EHU mailakoa. Euskal Herrian beste hiru unibertsitatetan ikas daiteke medikuntza. Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Unibertsitatean, ez batean, ez bestean, ez dago euskarazko eskaintzarik. Aurten, Deustuko Unibertsitatean Medikuntza ikasi ahalko da eta ematen du nolabaiteko euskarazko eskaintza egongo dela. Euskaraz 48 kreditu emango direla esan dute, baina oraindaino ez dago zehaztuta zenbatekoa izango den eskaintza mailaz maila. Ikusteke dago.

EHUn, lehenengo zikloko hiru urteak osotasunean egin daitezke euskaraz, baina 4, 5 eta 6. mailak ez. Irakasgunea non dagoen ehunekoak aldakorrak dira. Gasteizen ez dago euskarazko eskaintzarik eta gainerakoetan %50 eta 80 artean dago.

Ipar Euskal Herriko ikasleek Bordelen frantsesez dituzte ikasketak eta EHUra etortzen saiatzen badira ere, baliozkotze kontuengatik oso zaila zaie sartzea.

Hizkuntza gaitasuna bermatzeaz aritu gara, baina ikerketan diozu hori baino gehiago behar dela, hizkuntza kontzientzia behar dela. Zer esan nahi duzu horrekin?

Osasun arloan hizkuntza kontzientzia izatea da pazienteak artatzerakoan, kalitatezko arreta emateko orduan, norbere hizkuntzan aritzeak duen garrantziaz jabetzea. Gure egoerara etorrita, osasun arloan hizkuntza gutxitua erabili nahi bada, ez da nahikoa hizkuntza gaitasuna izatea, beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Beste zerbait behar da hiztun aktiboak izateko. Beste zerbait hori hizkuntza kontzientzia da.

Hori nola irakasten da fakultateetan?

Irakatsi daiteke, gai horren inguruan badaude ebidentzia eta corpusa, baina hemen ez da egiten. EHUn badago komunikazioa era zabalean lantzeko ikasgai bat, baina hizkuntzaren garrantzia ez da momentu batean ere aipatzen, paradoxikoki. Beste bi ikasgai hautazkotan euskara lantzen da, baina arlo teknikoa, alegia terminologia. Ez dute hizkuntza kontzientzia lantzen, non azpimarratuko litzatekeen, adibidez, paziente euskaldunekin euskaraz aritzea zein garrantzitsua den, eta euskaraz egiten ez badiogu komunikazio harreman horretan zer kalte edo galera egon daitezkeen.

“Ikasleen erdiak baino gehiagok euskarazko ikasgai bakarra jaso barik bukatzen du Medikuntza EHUn”

Fakultatean ez dago. Hortik kanpo zerbait egin da: EHU eta UEUren artean prestatutako graduondokoa, jardunaldiak…

Hizkuntzaren inguruko kezka nahiko berria da Euskal Herrian. Azken urteotan gero eta jende gehiago gabiltza horrekin lanean, jardunaldiak eta ikerketak ugaldu dira, gero eta ebidentzia handiagoa dago. Graduondoko ikasketak sortzea aurrerapausoa izan da, gaiari seriotasuna eman zaio, baina hurrengo urratsak izan behar du eduki hori graduko ikasleen ikasketetan txertatzea, guztientzat, euskaldunentzat eta erdaldunentzat. Ondoren, lan esparruan eskaini beharko litzateke.

Hizkuntza kontzientzia euskal adarrean eta erdal adarrean lantzea proposatu duzu, nahiz eta erdal adarrean euskara ez dakiten ikasleak dauden.

Ulertzekoa da hasieran arraroa egitea: erdaldunei zertarako irakatsi hizkuntza kontzientzia? Frogatuta dago hala egitea onuragarria dela. Galesen egin dituzte horri buruzko ikerketak. Erdaldunek hizkuntza kontzientzia bereganatzen badute, kontsultara euskalduna etortzen zaienean profesional euskaldun batengana bideratuko dute, edo era berean, ez dute euskara arrotz sentituko eta ez dute euskararen aurkako jarrera edukiko. Beharbada, etorkizunean euskara ikasteko adoretu daitezke. Baldin badakizu osasun arretan zenbaterainoko garrantzia daukan hizkuntzak, neurriak hartuko dituzu segur aski.

Kanadako eta Galesko ereduak aztertu dituzu. Han hizkuntza kontzientzia lantzen dute ikasleen artean? Eta profesionalekin ere bai?

Kanadan izan ziren aitzindariak eta gaur egun Galesen asko lantzen dute gaia. Unibertsitatetik hasi eta langileen jarduneraino jorratzen dute. Galesko osasun erakunde handienean, BCUHB Betsi Cadwaladr University Health Board-en,  2017tik aurrera sartu diren langile guztiek harrera programan derrigorrez jaso behar dute hizkuntza kontzientziaren inguruko formakuntza. Imajinatu, Osakidetza bezalako erakunde batera lanera sartzen den edozein profesionalek jasoko luke formakuntza.

Argazkia: Hodei Torres.

Beraz, hemen ez da egiten.

Hemen ez, horregatik aipatu dut Galesko adibidea.

Erabiltzaileek hizkuntza kontzientziarik gabeko profesionalen jarrerak salatu dituzte makina bat aldiz: umeak gaztelaniaz ez dakielako harrituta dagoen pediatra, “nik euskaraz ez dakit, baina zuk gaztelaniaz badakizu, ezta?” esango dizun kardiologoa...

Txipa aldatzea beharrezkoa da. Profesional askok esaten dute lan hori egiteko hizkuntza eskakizuna eskatu dietela. Kexaka ari dira. Euskara zaindu beharreko zerbait moduan ikusi beharrean oztopo edo arrotz moduan ikusten dute. Jende baten jarrera da hori: “Urtetako esperientzia daukat eta ez naute kontratatu, beste hori kontratatu dute, askoz gazteagoa da eta jakintza murritza du, baina euskara eskakizuna betetzen duelako hartu dute”. Uste dute euskara ez dela behar. Publiko aurrean ari dira lanean, eremu euskaldunean... jakina, konpetentzia garrantzitsua da euskara. Euskaraz dakien horrek zerbitzu hobea emango du. Horrela da!

Lehen aipatu duzu kalitatezko arreta eta hizkuntza lotzea berria dela.

Duela gutxi arte diskurtsoa hizkuntza normalizazioaren eremuan kokatu izan da eta gaia hizkuntza normalizazioa baino askoz zabalagoa da. Osasun arretaren kalitatea dago jokoan. Euskaldunok arreta euskaraz jasotzeko eskubidea daukagu, bai, egia da, baina ez da hori bakarrik. Euskaldunak euskaraz ez badituzu artatzen baliteke gauza batzuk oharkabean pasatzea, ondo ez adieraztea... ez zara ari kalitatezko arreta ematen. Eskubideen diskurtsoa labainkorra izan daiteke, Ciudadanoseko batek esan dezake profesionalak ere eskubidea duela zein hizkuntzatan lan egin nahi duen aukeratzeko.

Nazioartean ere gai hau landu gabea da?

Bai. Aitzindariak herrialde anglosaxoiak izan ziren, batez ere AEBak. Oraintsu hasi da kezka, XX. mende hasieran; etorkinen hizkuntza eskubideei eta haiekin komunikatzeko zituzten mugei tiraka. Ondoren hainbat herrialdetara zabaldu zen kezka, eta hizkuntza gutxituen eremura heldu zen. Norabide horretan landu dute Kanadan, Galesen eta Australian aborigenekin.

“Profesionalak baldin badaki osasun arretan zenbaterainoko garrantzia daukan hizkuntzak, neurriak hartuko ditu segur aski”

Medikuntza fakultatera jauzi egingo dugu. Eredu hirueleduna proposatzen duzu. Horrek bermatuko lituzke mediku euskaldunak?

Gaur egun ikasleen %40 inguruk aukeratzen du euskarazko adarra. Beraz, esan genezake ikasleen erdiak baino gehiagok euskarazko ikasgai bakarra jaso barik bukatzen duela karrera EHUn. Horri buelta bat eman behar zaio eta bi aukera egon daitezke: euskarazko adarra baino ez mantentzea eta gaztelaniazkoa bertan behera uztea edo eredu hirueleduneko karrera antolatzea. Nik azken hau proposatzen dut. Euskara eta gaztelania dira kalean jendearen gehiengoak hitz egiten dituen hizkuntzak eta medikuak jakin behar du bi hizkuntza horietan ondo moldatzen, terminologia zientifikoa ere bai. Eta ingelesa zergatik? Hizkuntza zientifikoa da, argitalpen gehienen hizkuntza da, eta bestalde, gero eta etorkin gehiago artatzen dugu eta ingelesa erabili ohi dugu. Espainiako Estatuan badaude horrelako adibideak. Gironako Unibertsitatean, Medikuntzan, eredu hirueleduna dute. Egia da katalana eta gaztelania antzeko hizkuntzak direla, baina esan nahi dudana da legalki posible dela.

Errekak ur zikina dakar eta beti lakua garbitzen. Azaldu iezaguzu ikerketan erabili duzun metafora.

Ez dauka ez hanka ez bururik. Ikasle erdaldunak formatzen dira eta Osakidetzan sartzen direnean euskalduntzeko aukera eskainiko zaie, lan-utzialdi moduko bat. Hori oso garestia da. Lakua, hau da, Osakidetza, zikin dago, eta lakua garbitzen saiatzen ari dira, baina errekatik etengabe ari da heltzen ur zikina, alegia, ikasle erdaldunak. Horrela nekez lortuko da lakua garbitzea. Aldiz, aukera itzela dago etorkizuneko langile euskaldunak sortzeko, hizkuntza gaitasuna eta kontzientzia izango dituztenak.

Kalitatezko arreta bermatzeko beste elementu ezinbestekotzat duzu eskaintza aktiboa. Zer esan nahi du horrek? Euskal Herrian ari al dira eskaintza aktiboa egiten?

Pazienteari bere hizkuntzan osasun arreta eskaintzea da, berak eskatu gabe. Kontzeptu hau batez ere Kanadan landu da, baina hemengo adibidea ematearren, aipatuko nituzke lehen arreta eta arreta espezializatuaren arteko euskarazko zirkuituak.  Lehen mailako arretan detektatzen bada pazientea euskalduna dela, arreta espezializatura bideratutakoan, adibidez kardiologoarengana, profesional hori euskalduna izango da. Pazienteak ez du eskatu. Arrasaten eta Gasteizen horrelako zirkuituak osatu dituzte eta Galdakaon horretan dabiltza. Esperientzia pilotuak dira, probaldi nahiko onak.

Eskaintza aktiboa anekdotikoa da. Bestalde, erabiltzaileoi zein hizkuntzatan artatuak izan nahi genuen galdetu ziguten eta euskaldun askok aukeratu genuen euskara. Ez du balio, berdin-berdin egokitzen zaigu mediku erdalduna.

Hala da, beste barik, ez du funtzionatzen. Gure e-ak ere ez du beti funtzionatzen. [Medikuaren uniforme zurian, paparrean daraman e letra erakutsi digu. Ikur horrek esan nahi du profesional horrek euskaraz badakiela]. Mediku egoiliar garenok makina batetik ateratzen ditugu mantalak. Ezin dugu aukeratu e ikurra duena edo gabekoa, makinak ematen duena hartu behar dugu. Mediku espezialistek bai, haiek euren uniformeak dauzkate eta kontsultaren atean ere jar dezakete e ikurra. Hala ere, korridoreetan e piloa ikusiko duzu eta askok ez dakite euskaraz. Ez da tresna eraginkorra, zeren erabiltzaileek ikurra ikusi eta uste dute euskaraz badakitela, euskaraz egiten hasten dira eta profesionalak ez daki.

Euskal Herrirako ikerketa zentro erreferente baten beharra azpimarratu duzu. Zer litzateke zentro hori? Zertarako?

Lehen esan dut osasuna eta hizkuntza uztartzen dituen ikerketa lerroa nahiko berria dela. Azken urteotan oparotasun moduko bat izan da, gero eta ikertzaile gehiago ari dira horretan, gero eta ebidentzia handiagoa dago. Egon badago testuinguru egoki bat era horretako ikerketa zentro handi bat eratzeko. Galesko LLAIS edo Kanadako Monton ikerketa zentroen antzeko zerbait izango litzateke. Horiek unibertsitateetan daude eta osasun erakundeekin elkarlanean aritzen dira.

Zer ikertu daiteke horrelako zentro batean? Euskaldunen gogobetetze maila zelakoa den; zelako eragina daukan gaixotasun kronikoen kontrolean euskaraz edo gaztelaniaz egiteak; nazioartean garatutako diagnostikorako test gehienak ingelesez daude eta horiek euskarara egokitu behar dira; eremu elebidunetan osasun arloan ikerketa klinikoak egiteko praktika onen gida bat egin daiteke, Kanadan badute halako gida bat; eta abar.

Hemen ikerketa zentroa abiatzeko hazia ereinda dagoela uste duzu, beraz.

Eredu hirueleduna martxan jartzeko eta horrelako ikerketa zentro bat martxan jartzeko inbertsioa behar da eta horretarako borondate politikoa. Jakina, sektore batzuen aldetik erresistentziak egongo lirateke hiru eleko eredura aldatzeko, adibidez. Kontua da erresistentzia horiek zelan gainditzen diren, euskaldunok zenbaterainoko indarra daukagun botere harreman horretan alde batera edo bestera mugitzeko balantza. Horrelako aldaketen beharra zientifikoki ondo argudiatuta dago, eta ez hizkuntza eskubideetan oinarrituta, baizik eta kalitatezko osasun arreta eskaintzeari begira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-09-19 | Ahotsa.info
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea zabalik dago

“Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean, hasi da dagoeneko, Mintzapraktikako izen-emate kanpaina Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Beraz, ikasturte osoan zehar, zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.


2024-09-19 | ARGIA
Hizkuntz eskubide urraketen aurrean “desadostasuna agertzeko” elkarretaratzea deitu dute Kontseiluak eta Bagerak Donostian

Irailaren 18koa da azken sententzia: Donostiako udaltzaingorako lanpostu deialdiaren euskara eskakizuna atzera bota du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Donostiako Bagera Euskaltzaleen elkarteak elkarretaratzea deitu dute Donostian, Alderdi... [+]


Naziometroaren seigarren neurketa
Gehiengoa euskal estatuaren alde legoke “adostutako” erreferendumean, gatazkarik sortzen ez badu

Euskal Burujabetzaren Barometroaren seigarren neurketa aurkeztu dute asteartean Donostian. Euskal Herriarekiko atxikimendua da nagusi oro har, baina Nafarroan Nafarroarekikoa gailentzen da. Euskara ez dago euskal sentimendua azaltzeko gako nagusien artean, baina gaztelera eta... [+]


2024-09-17 | ARGIA
Euskaldunen aurkako “oldarraldi” judizial betean, euskara eskakizuna berriro baliogabetuta

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Donostiako bi udaltzain postutarako euskarazko B2 profila eskatzen zuen lan deialdia. "Euskaldunen eskubideak urratzen dituen" epai berri honen aurrean, hainbat eragilek salatu du "euskaldunen aurkako oldarraldiak"... [+]


2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


Euskarazko “parentesia linguistiko ederrak” proposatzera dator Mintzalasai festibala

Irailaren 16tik 22ra iraganen da euskararen erabilpena bultzatzeko xedez antolaturiko festibala. Baiona, Angelu eta Miarritze hirietan bideraturiko festibalaren hamahirugarren edizioa dute aurtengoa.


Maddi Kintana
“Badirudi lagunarteko hizkera, Hegoaldean eta Iparraldean, ezin dela banandu gaztelaniatik eta frantsesetik”

Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso arriskutsua da pentsatzea edonork irakatsi dezakeela zeinu hizkuntza”

Sarean lan egiteko elkar entzutea eta errespetatzea “nahitaezkoa” da Aitor Bedialaunetarentzat (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea zeinu hizkuntzaren kalitatea zaintzearen garrantziaz mintzatu da. Salatu... [+]


2024-09-11 | Maialen Arteaga
Erantzun konplexuen alde

Garai hiper azeleratu eta likido hauetan erantzun sendoek heldulekuak eskaintzen dizkigute. Erraza da krisi garaietan halako premisa bati heldu eta zure egitea, bandera altxatzeraino. Inguruan gertatzen ari den guztia ulertzeko erantzunak behar dituzu, erantzun azkarrak; eta... [+]


Eguneraketa berriak daude