“Hika biziberrituko bada, eskoletan landu behar litzateke, umetatik”

  • Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo dute azaroaren 8an Markina-Xemeinen. ZirHika mugimenduak, Badihardugu Euskara Elkarteak eta UEUk antolatu dute elkarlanean eta adituak baino eragileak batu nahi dituzte bertan. Aintzane Agirrebeña Ubera (Eibar, 1981) ari da jardunaldiaren koordinazio-taldean eta harekin izan gara jardunaldiaz hitz egiteko.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2025eko urriaren 24an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Topaketaren bigarren edizioa izango da aurtengoa. Zein izan zen aurrekoaren balorazioa?

Alde batetik, jendearen harrerari dagokionez, I. Hika Topaketa antolatu genuenean, berehala bete ziren plazak, beraz, horrek erakutsi zigun interes handia dagoela. Bestetik, topaketan Euskal Herri osoko jendea batu zen eta horrek erakusten digu hika biziberritu nahi hori ez dela isolatutako kontu bat, edo eremu jakin batekoa, kontu orokor bat baizik. Topaketan entzun ahal izan genituen hitzaldiek interes handia piztu zuten. Hika eragileontzat oso aberasgarria izan zen besteen esperientziak ezagutzea (eta partekatzea) eta azken urteetan herriz herri hitanoa bultzatzeko zenbat ekimen egin izan diren ikustea. Arratsaldeko lan-saioek, berriz, elkarrekin hausnartzeko bidea eman zuten. Hika eragileok elkar ezagutzeko eta saretzen hasteko abiapuntua izan zen.

Topaketa hartatik sortu da ZirHika. Zer da?

Saretze horren ondorioz sortutako elkartea da ZirHika. Topaketan parte hartu zuten hainbat kide prest azaldu ziren talde eragile bat sortzeko eta hika biziberritzeko lanean elkarrekin jarduteko. Herri askotako jendea biltzen gara (bizkaitarrak, gipuzkoarrak, nafarrak…), eta esparru askotakoak (euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, hika irakasleak, ikertzaileak...). Hitanoa bultzatzeko ekimen zehatzak antolatzeaz gain (Euskaraldia Hika, Hika topaketa, Hikadromoa…), aurrera begira zer urrats eman ere ari gara lantzen.

Saretzea, horixe izango da aurtengo topaketaren helburua ere.

Esan bezala, I. Hika Topaketa saretze horretan abiapuntua izan zen eta, egia esan, pozik gaude, dagoeneko talde eragile bat martxan dagoelako. Baina zaila da topaketa bakarra eginda hitanoa biziberritu nahian dabiltzan eragile edo ekimen guztiak identifikatzea, eta sare hori zabaltzea eta sendotzea nahi dugu, indarrak batzeko. Garrantzitsua da egiten den oro partekatzea, bidea elkarrekin egitea.

Hitanoa bultzatzeko esperientziak ezagutzera emango dituzue. Zeintzuk?

Goizean bi mahai-inguru egongo dira. Lehenbizikoan, lau hizlari egongo diren arren, bost herri desberdinetan (Zumarraga, Goizueta, Aulesti, Azkoitia eta Oiartzun) hika bultzatu nahirik egin dituzten ekimenak ezagutzeko aukera izango da. Bigarren mahai-inguruan, berriz, hitanoak irratian duen presentziaz jardungo dute.

Zeinek izan behar du hurrengo pausoa?

Hika biziberritu nahi badugu, pauso ugari eman beharko dira! Hitanoak izan duen ospe txarra guztiz gainditzetik hasi eta gure hizkuntzaren zati bat dela eta galtzeko arriskuan dagoela konturatzera. Kontzientziazioa garrantzitsua da. Eta, horrekin batera, erabilera ahalik eta gehien bultzatzea, noski.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Azken urteetan hika bultzatzeko ekimen ugari egin izan dira hainbat herritan, batez ere, hika ikastaroak. Herri gutxi batzuetan ikastetxeetan hitanoaren inguruko lanketaren bat edo beste txertatzea ere lortu da, baina adin batetik gorako gaztetxoekin, batez ere. Hika biziberrituko bada, eskoletan landu behar litzateke, umetatik. Ez da nahikoa ikastaro solteak egitea edo nagusitutakoan hika ikastea. Gure hizkuntzaren zati bat denez gero, umetatik barneratu beharko litzateke. Hitanoa ez dela “extra” bat konturatu behar ginateke, galtzen ari garen hizkuntzaren zati bat baizik. Hain zuzen ere, lagunekin, senideekin eta gertukoenekin konfiantza-giroan jarduteko hizkera da (eta, bide batez, gazteek behar duten hizkera informala).

Nori dago zuzenduta?

Topaketa, batez ere, hika eragileei zuzenduta dago, ez delako entzule gisa soilik parte hartzeko saio bat, lanerako topaketa bat baizik. Izan ere, arratsaldeko saioan, hiru gairen inguruko hausnarketa bideratu nahi da, taldeka. 


Eguneraketa berriak daude