EH Bilduk jakinarazi duenez, hainbat zuzenketa txertatzea lortu du bezeroentzako arreta zerbitzuak arautzen dituen Espainiako legedi proiektu berrian.
Espainia Estatuko “hizkuntza ofizial” guztietan arreta zerbitzua eman beharko dituzte 250 langile, 50 milioi euro fakturatzen eta interes orokorrari entzuten dien enpresek. Hainbat indar politikoren arteko akordioaren ostean izan da posible.
“Ezinbestekoa da bezeroei arreta emateko zerbitzuetan hizkuntza koofizialen prestakuntza eraginkorra bermatzea, legeak bezeroen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak zaintzeko duen asmoarekin koherentzia mantendu behar du”, adierazi du ERCk zuzenketen orrian. Junts, EH Bildu eta EAJk ere ekarpenak egin dituzte.
EH Bilduk esan du, Hego Euskal Herrian lan egiten duten enpresek “euskarazko arreta pertsonalizatua” bermatu eta “bezeroei edozein komunikazio (kexak, kontsultak edota erreklamazioak) euskaraz” aurkezteko aukera adostu dela. Alderdi abertzaleak “urrats oso garrantzitsua” dela azpimarratu du. “Aurrerapausoa da gure hizkuntzaren erabilera geroz eta esparru eta harreman gehiagotan zabaltzen jarraitzeko”.
Ondorengoak dira EH Bilduk eginiko lege zuzenketen ostean adostutakoak. Batetik, 7. artikuluko aldaketari esker “hainbat hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetan” “hizkuntza ofizialetan” kexak eta erreklamazioak jartzeko aukera izango da. Bestetik, 8.artikulua atal berri bat gehitu dio. Horren arabera, “hainbat hizkuntza ofizial” dituzten gunetan kontsumitzaileak hala eskatuta “arreta aukeratu duen hizkuntza ofizialean emango dela ziurtatuko da”. Zehaztu gabe gelditu da Nafarroako hegoaldean nola aplikatuko den, eremu horretan euskara ofiziala izan gabe jarraitzen baitu.
Hainbat alderdiren eta Espainiako Gobernuaren artean akordioa sinatu badute ere, oraindik kongresuko ponentzia bidea egin beharko du. Hurrengo asteetan batzordeko eta osoko bilkurako tramitea pasatuz gero, indarrean sartuko direla neurriak esan du EH Bilduk.