Hego Euskal Herrian hamarkada baten buruan euskararen egoera zein izan daitekeen ikertu du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Eskuratutako emaitzak ez dira hizkuntzaren bizi-indarraren aldekoak eta arreta jartzeko modukoak dira belaunaldi gazteen ezagutza-mailan izango den beherakada eta arnasguneen ahultze nabarmena. Aurreikuspenak beteko balira, datorren hamarkadan gero eta gehiago izango dira nagusiki erdaraz inguratuta biziko diren euskal hiztunak, eta azken urteetako indartze eta egonkortze aldien ostean, euskararen galera fase argia letorke. Hizkuntza-politikak aldatzeko beharra mahai gainean dago.
Uztailean argitaratu zuen UEMAk Hego Euskal Herriko etorkizun demolinguistikoaren inguruko azterketa. Mankomunitateak Siadeko ikerketa etxeari eskatua zion datu demografikoak oinarri hartuta 2036rako EAEn eta Nafarroan euskarak izan dezakeen egoeraren irudikapena egiteko, eta argitara emandako datuek alarma pizteko adinako larritasuna dute.
Udan eman zuten ikerketaren emaitzen berri, hedabideen lerroburuak hartu zituen gaiak eta UEMA hainbat eragilerekin bildu zen ondorioak aurkezteko. Ez da gutxiagorako, proiekzioak irudikatutako argazkia ilun samarra baita: aurreikuspen demografikoak betetzen badira eta hizkuntzen bizitasunean eragina duten beste faktoreek orain arteko joera bera mantentzen badute, hamarkada baten buruan Hego Euskal Herrian ez da ia euskararen arnasgunerik izango, euskaldun gehienak ingurune erdaldunetan biziko dira, eta aurreko faseetan funtsezkoa izan den belaunaldi gazteen ezagutzaren eta erabileraren aurrerapenak atzera egingo du nabarmen.
Lerroburu ezkor eta pesimistak alde batera utzita, merezi du ikerketaren xehetasunetan murgiltzeko tartea hartu eta UEMAk aurkeztutako ikerketaren ondorio eta gogoetetan fokua jartzea, egoerari aterabidea jarri nahi bazaio. Hurrengo lerrootan txostenaren xehetasunak azaldu eta UEMAko ikerlari eta soziolinguista Iñaki Iurrebasoren hitzak jaso dira, emaitzen ondorioak eta gogoetak azaltzeko.
Iñaki Iurrebaso, UEMAko ikerlari eta soziolinguista: "Ez da erreala demografiaren eragina ukatzea, migrazio mugimenduek eta jaiotzek eta heriotzek beti dute eragina egoera soziolinguistikoan. Adi egon behar dugu”
Marraztutakoa baino okerragoa izan daiteke egoera
Ezer baino lehen, UEMAko kideek behin baino gehiagotan aipatu duten bezala, azpimarratu beharra dago Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketa ez dela etorkizunean gertatuko denaren gaineko aurreikuspen bat, hipotesi batzuk betez gero eta datu demografikoak aztertuta 2036an Hego Euskal Herrian izango den egoera demolinguistikoa irudikatzeko ariketa baizik.
Ikerketaren beraren mugak aipatzea ere komeni da. Batetik, ez du aztertzen Ipar Euskal Herriaren egoera zein den eta zein izango den, bertako biztanleriaren zentsu bidezko datuetan ez baita hizkuntzari buruzko informaziorik jasotzen. Bestetik, ikerketak alderdi demografikoei baino ez die erreparatu proiekzioa egiteko, baina izan badira beste hainbat faktore hizkuntza minorizatuen bizitasunean, transmisioan, ezagutzan eta erabileran eragiten dutenak, hala nola teknologiari eta kultur kontsumoari dagozkionak, hizkuntza-politikekin lotutakoak, mugimendu euskaltzalearen eragina edo hiztunen jarrera eta hizkuntza ohiturak.
Horiek ez dira kontuan hartu edo, hobe esanda, 2021-2036 aldian berdin jarraituko dutela aintzat hartu da ikerketa garatu ahal izateko. Nolanahi ere, ohartarazpena egin du UEMAko ikerlari eta soziolinguista Iñaki Iurrebasok: “Alderdi horiek ez dira horren kuantifikagarriak zehaztu ahal izateko zer gertatuko den, baina munduak daraman norabidea ez da hizkuntza gutxituen aldekoa”. Horrexegatik aipatzen du egoera marraztu dena baino arriskutsuagoa izan daitekeela hamar urteren buruan.
Kokatzeko datu batzuk
2036an euskarak Hego Euskal Herrian izango duen egoeraren irudia ateratzeko, azken hiru hamarkadetako aldaketa demografikoak aztertu eta datorren hamarkadako joeren irudikapena egin du Siadecok, eta merezi du datu horiei erreparatzea ondorioen sakontasunean murgildu aurretik.
Datuek garbi adierazten dute Hego Euskal Herriko biztanleriak gora egiten jarraituko duela, hazkundea motelduko bada ere. Gorakada hori bereziki migrazio mugimenduen ondoriozkoa izango da, eta bereziki 25-44 urtekoen taldean izango du eragina, hau da, guraso izateko adinean dagoen biztanle taldean. Biztanleriaren zahartze-prozesua ere agerikoa da, helduen adin-tarteetan izan baita eta izango baita hazkunderik handiena, bereziki 65 urtetik gorakoen artean.
Azterlanak 2036. urtean Hego Euskal Herriko udalerriak nagusitasun-eremuen arabera nola banatuko diren ere irudikatu du. Bost nagusitasun-eremu banatu dituzte etxeko erabilera indizearen arabera, txikienetik handienera: lehenengoan etxeko erabilera %20tik beherakoa da, bigarrenean %20 eta %39,9 bitartekoa, hirugarrenean %40 eta %59,9 artekoa, laugarrenean %60 eta %79,9 bitartekoa eta bosgarrenean, azkenekoan, etxeko erabilera %80tik gorakoa da.
Atzera begirako azterketaren ondorio nagusia da muturreko guneetan, hots, erabilera handieneko eta txikieneko udalerrietan, bizi den biztanleria nabarmenki murriztu dela. Etxeko erabilera handieneko nagusitasun-eremua ia desagertu da, ez biztanleria galeraren ondorioz, baizik eta etxean euskara erabiltzeko ohiturarik ez duten biztanle berriak jaso dituztelako udalerri horietan. Erabilera urrieneko nagusitasun eremua ere mehetuz joan da, hurrengo koskaren mesedetan.
Fokua hurrengo hamarkadan jarrita, bosgarren nagusitasun eremuaz gain, laugarrena ere desagertzetik hurbil geratzea espero da. Kontuan hartzekoa da 1991tik 2021era laugarren nagusitasun-eremuko udalerri kopurua igo egin zela, bosgarren eremutik jaitsitako udalerrien eraginez. Aldiz, 2036rako aurreikuspena da horietako gehienak hirugarren nagusitasun-eremura jaistea, eta biztanle gehienak bigarren eta hirugarren multzoetan pilatzea.
Lurraldeen araberako banaketari erreparatuz gero, hamar urte barru Bizkaian ez da egongo laugarren nagusitasun-eremuko herririk, eta soilik Nafarroako bederatzi herri (3.692 biztanle) eta Gipuzkoako hamabi (3.575 biztanle) geratuko dira multzo horretan. Gipuzkoan lehenengo nagusitasun-eremua desagertu egingo da eta Araban lehenengo eta hirugarren nagusitasun-eremuak egongo dira soilik.
Ezagutza, etxeko hizkuntza eta transmisioa
Ia 300 orrialdeko lan mardula da Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa. Emaitzak eta ondorioak argiro aurkezteko, laburpena ere argitaratu dute UEMAren web atarian, interesa duen ororen eskura. Bertan, euskararen etorkizuneko bizi-indarraren proiekzioa aurreikusteko, bost elementu soziolinguistiko azpimarratu dituzte: aipatutako nagusitasun eremuen egoeraz gain, hizkuntzaren ezagutza, haurren lehen hizkuntza, etxeko erabilera eta gaitasun erlatiboa. Azter ditzagun azkeneko laurak banan-banan.
Ezagutzari dagokionez, ikerketak aipatzen du Hego Euskal Herriko biztanle euskaldunen pisuak gora egiten jarraituko duela, baina mantsoago. Oro har, biztanleria euskalduna zahartuko da eta jaitsi egingo da haur eta gazteen pisua biztanleria euskaldunean. Biztanleria piramidearen oinarria gero eta meheagoa izango da, baina aipatzekoa da 24 urtetik gorako adin-tarteek biztanleria euskaldunarekiko duten pisuak gora egingo duela.
Hizkuntza-ezagutzaren bilakaeran berebiziko eragina du nagusitasun-eremuen banaketak eta, lehen azaldu antzera, Hego Euskal Herriko euskaldunak eremurik erdaldunenetan biltzen ari dira, gero eta neurri handiagoan gainera. Etxeko erabilera urrieneko eremua izango da hazkunderik handiena izango duena eta 2036rako, biztanle euskaldunen ia %80 biziko da etxeko erabilera-indizea%40tik beherakoa den udalerrietan.
Herritarren lehen hizkuntzan arreta jarrita, goranzko joerari eutsiko dio euskara eta gaztelania biak lehen hizkuntza gisa jasoko duten haurren pisuak, eta are hazkunde azkarragoa izango du euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuk jaso dituztenen pisuak, batez ere 25 eta 64 urtekoen artean. Azpimarratzekoa da soilik euskara jasotzen dutenen pisuak puntu bat egingo duela behera, bereziki 2 eta 24 urtekoen artean.
Lehen hizkuntza euskara dutenen pisuak soilik udalerri erdaldunetan hartuko du goranzko joera, gainerako nagusitasun-eremuetan behera egingo du, gaztelaniaren mesedetan. Antzera gertatuko da etxean nagusiki euskara erabiltzen dutenen pisuarekin: gora egingo du udalerri erdaldunetan 2026rako, baina ondoren beheranzko joera hartuko du, gainerako nagusitasun-eremuen antzera.
Aldiz, etxean euskara eta gaztelania edo horiek ez diren beste hizkuntza batzuk erabiltzeko ohiturek nagusitasun-eremu guztietan egingo dute gora, eta nagusiki gaztelania erabiltzen dutenen kopuruak gora egingo du udalerri euskaldunetan. Joera hori gehienbat erdiko adin-tarteetan areagotuko da, itxura guztien arabera espero diren migrazio-mugimenduekin lotuta.
Proiekzioak aurreikusten du atzerrian jaiotako Hego Euskal Herriko biztanleen artean “bilakaera oso positiboa” izango dela euskararen transmisioaren alde.
Nolanahi ere, ikerketak ohartarazten du joera horrek kopuru absolutuetan izango duen inpaktua oso mugatua izango dela eta gaztelania transmititzen duten atzerritar jatorriko herritarren inpaktu kuantitatiboa oso handia izango dela.
Oro har, euskararen familia bidezko transmisioak atzera egingo du, baita bertan jaioak diren gurasoen familien artean ere, etxean nagusiki euskara erabiltzeko ohiturak behera egingo duelako. Transmisio-mailan dagoen hutsuneak zuzenean eragiten du erabileran eta ezagutza mailan, baina badira etxekoaz gain transmisioan eragiten duten beste faktore batzuk, hala nola hezkuntza arautua, kaleko eta auzoko bizitza, komunikabideak, kultur eskaintza eta kontsumoa.
Iñaki Iurrebasoren esanetan, euskararen transmisioan dagoen aurkako faktore garrantzitsuenetakoa kalea da: haur gehienak erdara nagusi den inguruetan bizi dira, hamarretik ia bederatzi. Aurreikuspenen arabera etxean euskara jasoko duten umeak oraindik gutxiago izango direnez, soziolinguistak uste du gainerako eragileak ahal bezainbeste indartu beharko liratekeela, balantza orekatzeko.
Gaitasun erlatiboa
Ondorioen atalera jauzi egin aurretik, ikerketak euskal hiztunen gaitasun erlatiboaren bilakaera aztertu du, hots, biztanleria zein hizkuntzatan moldatzen den hobekien. Arlo horren aurreikuspenik egiteko nahikoa daturik ez, eta iraganeko bilakaerari soilik erreparatu diote. Inkesta Soziolinguistikoaren 1991ko eta 2021eko datuak erkatu dituzte eta agerian geratu dena da euskal elebidunen pisuak behera egin duela elebidun orekatuen eta erdal elebidunen mesedetan. Euskal elebidunak dira euskaraz errazago egiten dutenak, elebidun orekatuak euskaraz zein erdaraz antzera moldatzen direnak eta erdal elebidunak erdaraz euskaraz baino errazago egiten dutenak.
Datuok erakusten dute euskal hiztunen ezaugarriak aldatzen ari direla, euskararen bizi-indarraren kaltetan, batez ere Bizkaian eta Nafarroan. Izan ere, bi datu esanguratsuk argi azaltzen dute egoera zein den: bi herrialde horietan elebidun orekatuen artean beti euskaraz aritzeko ohiturak nabarmen egin du behera, baita euskal elebidunen artean ere.
Gipuzkoan txikiagoa izan da higadura, euskal elebidunen pisua mantentzeaz gain, gora egin baitu etxean beti euskaraz aritzen diren euskal elebidunen pisuak. Arabari dagokionez, euskara indartzen ari bada ere, oso urrun dago beste hiru lurraldeetako inguru euskaldunenen ezaugarriak lortzetik.
Iñaki Iurrebaso, UEMAko ikerlari eta soziolinguista: "Arrazakeriaren bidea baztertu behar da, etorkinei errua botatzea eta haien aurkako jarrerak hartzea gizabidezkoa ez izateaz gain, euskararentzat ere ez litzateke ona izango”
Galera fase baten atarian
Siadecoren ikerlanean hiru ondorio nabarmendu daitezke. Batetik, gune trinkoak edo eremu euskaldunenak ahulduko dira, ia arnasguneak desagertzeraino. Bestetik, azken hamarkadetako lorpen handienetako bat kolokan geratuko da, alegia, belaunaldi berrietan emandako aurrerapausoak, haurren eta gazteen artean atzerapauso argiak nabari baitira.
Hirugarrenik, Iurrebasok ohartarazi du aurreikuspenak betez gero galera fase argi baten atarian egongo garela, gogoratzeaz batera 2036tik aurrera ikerketaren oinarrian dauden mugimendu demografikoek ere aurrera jarraituko dutela, ez hain zuzen euskararen bizi-indarraren mesedetan. “Azken 60-70 urteetan oso egoera arraroa bizi izan dugu hizkuntza gutxituetan, indarberritze prozesu bat izan genuen. Azken 20 urteetan geldi antzean izan gara eta emaitza hauek erakusten dute beherakada argia hasiko genukeela”, laburbildu du.
Horregatik, alarmak pizteko, esnatzeko eta egoera serio hartzeko unea dela uste du Iurrebasok: “Hau ez da gertatuko denaren aurreikuspen bat, izan behar du euskarari orain ematen ez zaion lehentasuna emateko bide bat”. Horregatik uste du bai maila pertsonalean, sozialean zein politikoan auziari orain artekoa baino garrantzi handiagoa eman behar zaiola, etorri daitekeen galera joerari kontrapisua jartzeko.
Ez ikusiarena egitea ez da aukera bat
Zer egin jakitea bezain garrantzitsua da zer ez egin jakitea, eta alde horretatik argi mintzatu da Iurrebaso: “Arrazakeriaren bidea baztertu behar da, etorkinei errua botatzea eta haien aurkako jarrerak hartzea gizabidezkoa ez izateaz gain, euskararentzat ere ez litzateke ona izango. Komunitate bezala hortik abiatuko bagina, euskara ezingo litzateke bide horretatik indartuta atera”.
Bestetik, “ostrukarena egitea” edo “atzerapenaren onarpena” ere baztertzeko bideak direla aipatu du. “Ez da erreala demografiaren eragina ukatzea, migrazio mugimenduek eta jaiotzek eta heriotzek beti dute eragina egoera soziolinguistikoan. Adi egon behar dugu, daukagun minorizazio egoerarekin ez badugu kontuan hartzen zer etorri daitekeen eta horri kontrapisua jartzeko adina indar egiten ez badugu euskararen egoera indartzeko, konturatzerako askoz egoera okerragoan egon gaitezke”. Beste aukerarik egongo ez balitz bezala jokatzea ere euskararen kalterako litzatekeela ohartarazi du soziolinguistak.
Horrexegatik aipatzen du, hain zuzen ere, maila guztietan indarra egin behar dela hizkuntzaren bizi-indarrari eutsi nahi bazaio. Irudikatutako eszenatokia ez da ona, eta ez dirudi neurririk hartu ezean epe laburrean norabide aldaketarik antzeman litekeenik transmisioan eta erabileran. Horregatik txostenak argitara emandako alderdi positiboetan arreta jarri eta horietan sakontzea proposatzen du. Aldeko joeren artean daude helduen ezagutza-mailaren gorakada, atzerrian jaiotakoen artean transmisioaren eta erabileraren bilakaera positiboa, gaztelaniarekin batera bada ere hainbat etxetan euskarak sarbidea lortu izana, lurralde eta eremu batzuetan erdietsitako aurrerabideak eta beste batzuetan hizkuntzaren bizitasunari eutsi izana. Horiei erreparatzea ezinbestekoa izango da ahulguneak indartu eta parez pare jarritako erronkari aurre egiteko.
Historian lehen aldiz nagusitasun eremurik gabe geratuko da euskara”. Eduki sakon eta konplexuak lerroburu batera makurtzeak beti dauka murriztaile gertatzeko arriskua, baina, nago, esaldi horrek zuzen jasotzen duela UEMAren enkarguz Siadecok egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren muina. Horixe baita iragarpena: orain artekoez bestelako hizkuntza-politikarik egin ezean 11 urte barru ez dela ia arnasgunerik geratuko.
Beltza da iragarpena. Baina ez, horregatik, berria. Izan ere, euskalgintzak urteak daramatza ohartarazten euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan asko direla sumatzen diren herrenak, eta azken hamarkadetako susperraldian irabazitakoak galtzen hasteko arriskua handia dela. Finean, bestelako diagnostiko batzuetan jasotakoa berretsi eta indartzera dator Siadecoren ikerketa, larrialdia nabarmentzera, kasu honetan, fokua arnasguneetan jarrita.
Eta, jakina, larria da arnasguneen galerak adierazten duena. Nagusitasun eremuak desagertzeak esan nahi baitu euskaraz aritzea arnasa hartzea bezain erraza den bizi inguruak galduko direla. Esan nahi du ez dela izango euskaldunak berez sortzen diren gune geografikorik, euskara euskaratik elikatzen den eremurik. Normala euskara izango den lurralderik. Eta horrek guztiak esan nahi du desagertuko direla normaltasunaren entsegu diren hizkuntza-politika aurreratuak indarrean jartzeko gune behinenak, galduko dela euskararen nagusitasuna uhin efektu kutsakorrez hedatzeko aukera. Finean, galduko dela euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko trakzio indar ezinbesteko bat. Aitzindaritza.
Aldi berean, Siadecoren ikerketak erakusten du zein den euskararen zaurgarritasun maila, minorizazio egoeraren heina. Azken batean, erakusten duena baita tresna gabezia bat normalizazio prozesuan sumatu diren hutsuneak zuzentzeko eta azken urteetako gizarte aldaketek sortutako erronkei erantzuteko. Adibidez, bizitzaren digitalizazioak ekarritako hizkuntza praktika eta geografia berriei neurria hartzeko (pantailak dira haur eta gaztetxoak erdalduntzeko makinaria nagusia eremu horietan). Edota, kapitalaren egungo logiken gurpilean heldutako euskal herritar berriei euskara emateko (ez dezagun ahantzi gaztelerak eta frantsesak biztanle berri guztiak hizkuntza horietara eramateko duten tresneria erraldoia, behartze mekanismoetatik hasita). Laburbilduz, egiturazkoa dela arazoa.
Baina abiaburuan proposatu dudan lerroburuak badu ñabardura garrantzitsu bat: izan ere, nagusitasun eremurik gabe geratzeko zorian da euskara orain artekoez bestelako hizkuntza-politikarik egin ezean… Beste era batera esanda, ñabardura titulu bihurtzeko unea da. Arnasguneei arnasa emango dieten hizkuntza-politika aurreratu eta sendoak abiatzekoa, egiazko zeharlerrotasuna ardatz izango duen paradigma berri batekin. Arnasguneek iraungo badute eragin behar baita ekonomian, lurralde antolaketan, genero politiketan, hirigintzan, kulturan, hizkuntza-kontzientziazioan… Eta, batik bat, eragin behar da begi bistatik galdu gabe nagusitasun eremu horien testuinguru orokorra: hau da, argi izanik ez direla uharteak, baizik eta egunerokoan eremu horietako biztanleek askoz ere gune erdaldunagoekin harreman handia dutela, eta arestian aipaturiko digitalizazio globalak gure hizkuntza-praktika eta geografiak errotik aldatu dituela. Halaber, ezin dugu begi bistatik galdu arazo horien guztien muina, egiturazko tresna gabezia, euskararen lurralde guztian eta euskal herritar guztiengan gertatzen dela, bereizketa soziolinguistikorik gabe.
Euskaraz duen esanahiaren kontra kasu honetan hamaika ez da asko; aitzitik, 11 urte oso-oso gutxi da. Oso epe laburra da Siadecoren proiekzioak markatzen diguna. Beraz, has gaitezen bihartik zeharlerrotasuna gidari izango duen paradigmari heldu eta orain artekoez bestelako hizkuntza-politika aurreratuak egiten.
(*Badaezpadako oharra: ez gaitezen galera arrisku honen oinarrian migratuak jartzeko tentazio errazean amil: etorkizuneko erronken parte dira, baina inola ere ez gure egiturazko arazoen eragile).
Ariketa oso interesgarria eta beharrezkoa egin du 2036rako prospekzio demografikoaren azterketak: orain arteko joera demografikoek eta hizkuntzaren ingurukoek jarraitzen badute 2036an nola egongo garen kalkulatu du. Horrenbestez, aitzakia ematen digu guztioi euskararen biziberritze prozesuari buruz eztabaida egiteko, tresna zientifikoen bidez lortutako datuak oinarri hartuta.
Garrantzitsua da horrelako proiektu baten irakurketa osotasunean egitea, ez osagai isolatuetan geratzea, eta soziolinguistikaz orain arte dugun informazioarekin osatzea. Ezer baino lehen, kontuan hartu behar da proiekzioa dela, ez iragarpena. Ez digute esaten horiek guztiak gertatuko direnik, baizik eta orain arte bezala jarraituz gero zein izango den egoera laster, hamar urte ezer gutxi baita soziolinguistikoki. Hala, orain arteko bideari jarraiki nora iritsiko garen erakusten digu nahikoa argi eta horrek balio handia du.
Azpimarratzekoak dira hainbat puntu. Batetik, aldaketa demografiko nabarmenean murgilduta gaude eta horrek bi osagai garrantzitsu ditu: immigrazioa eta jaiotze tasa jaistea. Horiez gain, badira aldaketa sozioekonomikoak eta lurralde barruko populazio mugimendu garrantzitsuak ere. Horiek guztiek eta bizi dugun hizkuntza egoera minorizatuak hemendik hamar urtera begirako panoraman hainbat itzal ilun erakusten digu, argiguneekin batera, jakina.
Izan ere, bereizi egin behar da zer den konpondu beharreko arazoa eta zer izan daitekeen hobekuntza baten albo ondorio bat. Adibidez, euskal hiztunak gehitzeko modu bat etxetik ez dakitenek ikastea izango da. Zenbat eta indartsuagoa izan fenomeno hori, orduan eta hobeto izango da egoera soziolinguistikoa, baina ezinbestean igo egingo da euskara lehen hizkuntza gisa ez dutenen proportzioa. Beste kontu bat litzateke familia euskaldunetako haurrek etxean euskararik ez jasotzea hizkuntzaren transmisioa etenda dagoelako. Beste horrenbeste gertatzen da euskaldunen zahartzearekin: berez, onuragarria da edozein adin taldetan euskaldunen kopuruak gora egitea (baita zaharrenen artean ere); bestelako kontua litzateke gazteenen artean euskaldunen proportzioak behera egingo balu.
Immigrazioaren garrantzia begi bistakoa dela agertzen zaigu eta horrek esan nahi du ezin dugula gai horrekin beste aldera begiratzen jarraitu, ezer gertatuko ez balitz bezala. Immigrazioaren eragin soziolinguistikoari behingoan heltzeko aukera ematen digu ikerketa honek. Aztertu beharra dago zein den egoera eta sortu beharko dira tresnak eta moduak beste herrialde batzuetatik datozkigun horiek euskarara ahalik eta gehien hurbiltzeko. Betiere, argi izan behar dugu immigrazioa ez dela gure arazo soziolinguistikoen erantzulea eta ezin dugula fokoa horretan soilik jarri. Gainera, dagoeneko badugu eskarmentua aurreko mendean iritsi ziren migratzaileekin eta hori baliatu beharko genuke oraingoan eragin soziolinguistikoa ez dadin hain larria izan.
Arnasguneen ahultzeari buruzko aurreikuspenak ere kezkagarriak dira; izan ere, ahalbidetzen dute euskal hiztunek beste inon baino modu naturalagoan garatzea euren hizkuntza-ohiturak eta belaunaldi arteko transmisioa bermatzea. Gainera, hiztun berriak sozializatzeko eta erabileran murgiltzeko gune aproposak dira, eta hizkuntzaren prestigioa eta erabilera aktiboa sustatzen dute. Ohiko bizitza euskaraz normaltasunez egin daitekeen guneen biziraupena hizkuntza komunitate osoari eragiten dion auzia da, ez lur-zati horietako biztanleena soilik.
Dena den, proiekzio honetan jasotzen direnen bestelako aldaketetara ere adi egon behar dugu eta horiek ere aztertzen jarraitu behar dugu. Adibidez, zer egingo dute D ereduan ibili arren gaitasun osorik lortu ez duten eta euskaraz ia sekula egiten ez duten horiek hizkuntzarekin euren familia sortu berrietan?
Etsipenetik urrun, euskarari behar duen garrantzi politikoa eman behar diogu eta tamainako neurriak planteatu behar dira hizkuntza biziberritzeko prozesuan aurrera egin dezagun.