Euskara ikasi daiteke pandemia garaiotan

  • Finantzazio iturri nagusia, jatetxea, aspaldidanik itxita daukate. Baina iturririk behinenaren emaria, hizkuntzarena, mantentzeko ahalegin guztiak egiten ari dira Bartzelonako Euskal Etxean.

Josean Odiaga Euskal Etxeko lehendakaria euskara eskolak ematen. Erretiratuen ikasle taldea bertan behera gelditu da pandemiaren erruz. Beste batzuek aurrez aurreko ikasketa utzi eta sarean hasi dira. Hala ere, pozik dira Euskal Etxean egoera berezi honet
Josean Odiaga Euskal Etxeko lehendakaria euskara eskolak ematen. Erretiratuen ikasle taldea bertan behera gelditu da pandemiaren erruz. Beste batzuek aurrez aurreko ikasketa utzi eta sarean hasi dira. Hala ere, pozik dira Euskal Etxean egoera berezi honetan uste baino askoz ikasle gutxiagok utzi dituelako euskara eskolak. Argazkia: Gorka Peñagarikano.

Ostalaritza establezimenduak ixteko agindu zuen Kataluniako Generalitateak urriaren 14an. Bi astez, printzipioz. Alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak astebete eskasera, eta gobernu autonomikoak murrizketa gehiago egiteko parada izan zuen hala: antzokiak eta zinema-aretoak itxi, eta hain beharrezkotzat jo ez zituen beste establezimenduak ere zarratu. Tartean, haur, gazte eta nerabeen eskolaz kanpoko jarduera guztiak, hizkuntza akademiak barne.

Neurriok iragarri eta ordu gutxira bertaratu zen kazetaria Bartzelonako Euskal Etxera, non mugimendu gutxi sumatzen zen. Kezka zen nagusi, eta ez zen gutxiagorako, gobernu autonomikoaren adierazpenak interpretazio anitz izan zitzakeelako, buletina artean argitara eman gabea baitzen. Eta lau euskara klase zituzten arratsalde horretan bertan. Dena den, antza, hezkuntza berezia deritzonaren barnean kokatzen dira euskarazko eskolak, helduei zuzenduak direlako eta, beraz, une horretako neurriek baimentzen zuten klaseak era presentzialean egitea. Ikasleek modalitatez aldatzeko eskaririk ezean, edo arau aldaketarik ezean, presentzialki jarraitzeko hautua egin zuten mahaiaren bueltan.

Berebiziko kulturgune eta elkargunea den txokoak 2020an ordu gehiago eman ditu itxita irekita baino, ez baita kasik aukerarik eta baldintzarik izan ezer antolatzeko. Are gutxiago lokal itxi batean, metro karratu asko izan arren. Zinemaldia ospatu ahal izan zuten otsailean, baina ezer gutxi gehiago sortu dute orduz geroztik: euskara klaseei soilik eutsi ahal izan diete, eta modu birtualean gainera.

100 lagun euskara ehuntzen

Aire fresko bila egin zuen hanka Josean Odiaga iurretarrak Bartzelonara. Urte erdiz joan zen, horixe zuen asmoa izatez, baina bertan bizimodua eraiki du. Aldaketa behar zuen, eta eskuratu duela dio, adar bereko ofizioan jarraituta ere: Gasteizko Ika euskaltegian aritzetik, Euskal Etxeko euskara irakasle izatera pasatu zen duela ja hamahiru urte, eta egun, klaseak emateaz gain, batzordeko lehendakaria ere bada.

“Ongi dago esaldia, baina nola esan genezake ‘asko’ beste modu batera?”, galdegin die Odiagak ikasleei, etxerako lanak zuzentzen ari direla. “Anitz”, erantzun du ikasle batek –lekaroztarra hau bera–. B1 mailako ikasleak dira, eta behe-mailetako taldeak oro har kataluniarrek osatuak diren arren, ikasgela honetan badira euskal lurretan jaiotako bi –gernikarra, bestea–. Urteak egin dituzte sorterritik kanpo, eta hizkuntza erabili ezean galdu egin ohi denez, berrikasteko hautua egina dute. “Zerbait gogoratzen dute, eta ulertu, noski, dena ulertzen dute. Baina konfiantza falta zaie, eta idazteko zailtasunak dituzte, are gehiago euskara jatorrean. Dakitena da, nolabait esanda, kaleko euskara eta beraien eskualdekoa”, dio Odiagak. Bi pertsona hauen presentzia gainontzeko hiru klasekideentzat “oso aberasgarria” dela uste du, era batean edo bestean, euskalki bat baino gehiago ezagutu eta ikasten dituztelako.

Pandemiak hizkuntza ikasketan izan duen eraginaz galdetuta, nahiko pozik azaldu da Bartzelonako Euskal Etxeko lehendakaria. Ikasle kopuruaren jaitsiera kasik ez dute nabaritu, %10 inguru besterik ez; espero zutena baino nagusiki gutxiago. Goizez zeukaten jubilatuen taldea galdu dute gaitzaren eraginez, baina oro har mantendu dituzte iazko kurtsoko zenbakiak: 100 lagun dituzte aurten euskara ikasten. Dena den, espero zuen arren, apur bat penaz dio, modalitate presentzialaren aldean modalitate birtuala gailendu dela, azken honek ez baititu aurrez aurrekoaren aberastasunak ikasketa prozesuan.

“Mailaren arabera, baina euskara ikastera etortzen diren asko eta asko euskaldunak dira”. Mailen artean bereizketa badagoela dio Odiagak, jauzi moduko bat B1etik C1era, B2ko talderik ez baita osatu azken urteotan. Kataluniar askoren muga B1 izan ohi da, eta hortik aurrera ez dute jarraitzen, zailagoa egiten zaielako edo nahikoa ikasita geratzen direlako. Bestetik, C1ean gehiengoa euskaldunak direla dio, titulua atera edota ikasi nahi dutenak.

40 urte aldakor

Krisi moduko batean sartua zegoen Euskal Etxearen ekonomia COVID-19a mundura heldu aurretik. Berregituraketa bat egin beharrean izan ziren sostengatu ahal izateko, eta egitaraua, batik bat, hiru ekitaldi nagusitan oinarritu zuten: EH Sona musika jaialdia azaroan, Zinemaldia otsailean eta Literaldia apirilean, Sant Jordi egunaren bueltan. “Ondo bidean gindoazen, animatuta, martxoa etorri zen arte”. Aipaturiko azken bi ekimenei eusteko asmoa badute, baldintzak emango diren esperoan.

Bartzelonako alde zaharrean dago Euskal Etxea. Hiria ezagutzen duenari ezagun egingo zaio jatetxea, ez agian horrenbeste txokoa deritzoen kultur gunea, ezkutatuago baitago. Bada, jatetxea dute finantzazio iturri nagusia –alokairuan daukate–. Egungo egoeran, baina, errentari aurre egiteko zailtasunak izaten ari dira: “Beldur gara ixteko, gordeta geneukan dirua apurka-apurka gastatzen baitoa”.

Iaz bete ziren 40 urte lokal honetara mugitu zela konde-hiriko Euskal Etxea, aurrez makina bat urte igarota bulego eta lokal txikiagoetan. “Ni hona sartu nintzenean afari sozialak egiten zituzten. Euskaldunak elkartzeko topagune bat zen, ez askoz gehiago”, dio Odiagak. Ordutik gaur egunerako urteak bi fasetan bereizi ditu, kudeaketa taldearen helburuak ezberdinak izan direlako. Egungo lokala hartzean kulturgune izaera hartu zuen pixkanaka, topagune izatetik harago: “Bartzelonan zeuden euskaldunei euskal kultura ematea zen, gutxi gorabehera, asmo nagusia; hortik datoz hiru ekitaldi nagusiak”.

Funtzioz aldatzearen arrazoia garaia eta gizartea aldatzean dago, Euskal Herria, finean, Bartzelonatik “urrun eta hurbil” dagoelako aldi berean. “Gaur egungo euskaldunek ez daukate hainbesteko premia elkartzeko: batetik, herrira itzultzea lehen baino errazagoa, merkeagoa eta erosoagoa delako, eta bestetik, hutsune hori telefono deiek, bideo deiek eta mezuek betetzen dutelako hein batean”. Azken urteotan, berriz, hirugarren fase batean sartu direla azaldu du Odiagak. Kataluniarrengana heltzeko apustua egin dute eta euskaldunei zuzenduriko kultur ekitaldiak bertako kulturarekin uztartzen dituzte; elkarren berri izatea da horren helburua.

Beharrezkoa izango da hirugarren faseak funtzionatzea laugarren hipotetiko batera heltzeko. Hirugarrena bera ere kinka larrian dago, egun ziurgabetasunak agintzen baitu inoiz baino gehiago. Animoak, ordea, ez zaizkie falta datorrenari aurre egiteko, eta babestuta sentitzen direla dio Odiagak, baita babesa emateko gai ere hizkuntz eta kultur ekosistemari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Zenbat kostatzen den euskaldun izatea

Euskara ikasi eta erabiltzen hasi nintzenean, berehala jabetu nintzen euskaldunentzat haietako beste bat gehiago bilakatu nintzela (gasteiztar euskaldun berria izanda azken bagoietakoa, baina barruan). Nire artean pentsatzen nuen Euskal Herria herri ederra zela; etimologikoki... [+]


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Eguneraketa berriak daude