Saheleko baso berrien miraria: zuhaitzei ugaritzen laguntzeko, zuhaitzetatik ere jaten ikasi

  • Oihanak atzeraka ari dira mundu osoan. Oso-osoan? Ez, badira txoko batzuk non zuhaitzak ugaritzen ari diren haiekiko harremana aldatu duten baserritarren lanari esker. Hauek ikasi behar izan dute arbolak ez direla laboreen etsaiak, zuhaitz eta zuhaixken esku dagoela lurzoruaren eta biodibertsitatearen oparotasuna hein handi batean eta –barneratzen are zailagoa– gizakia basotik ere elika daitekeela. Ikasi baino, mende luzez ahantzarazitakoa berrikasi.

Sahara Sahel Foods konpainiaren mozkinak salgai Zinder hiriko karrikan. Saheleko sabanako landaredia berreskuratzea uztartu nahi dute antzinako elikagaiak berriz kontsumitzearekin. (Argazkia: Patrick Worms)
Sahara Sahel Foods konpainiaren mozkinak salgai Zinder hiriko karrikan. Saheleko sabanako landaredia berreskuratzea uztartu nahi dute antzinako elikagaiak berriz kontsumitzearekin. (Argazkia: Patrick Worms)

Basoak kiskaltzen ari diren arren, zuhaitzak laborantza eremuetan zabaltzen ari dira agroforesteriak aurrera egin ahala, titulu horrekin plazaratu du ikasketa-bidai arriskutsu bezain ederraren kronika Patrick Worms Munduko Agroforesteria Zentroko kideak Mongobay hedabidean. Worms Nigerrera joan da –Niamei hiriburutik abiatuta gerra eremu den Zinder inguruetaraino arriskatuz–bere begiz frogatzera agroforesteriak zer lortu dezakeen basamortu idorrean. Jakina baita  Sahel eskualdean desertua baso berriz osatzeko ahaleginak emaitza erakusten duela Nigerren, beste eskualde batzuetan ez bezala.

    Agroforesteriaren oinarria da elkarrengandik nahastuta edukitzea bai zuhaitz, arbola eta zuhaiskak eta bai nekazaritzan klasikoak diren laboreak eta abereak, horrek mesede egiten dielakoan emankortasunari bezala biodibertsitateari eta klimari. Gero eta gehiago aipatzen da agroforesteria –hainbat formula ezberdinetan– mundu aberatsean, AEBetan bezala Australian edo Europan, baina Afrikako Sahelen erakutsi du teknika horrek bere ahalmen handia, Wormsek kontatu duenez.

Basoberritutako eremua Nigerren: zuhaitzek hezetasuna, itzala eta ongarriak eskaintzen dizkiete gerizpean ereindako laboreei. (Argazkia: Patrick Worms)

    Nigerrek dauka, ziurrenik, munduan gizakiak sortutako parke eremurik zabalena. 1970eko hamarkadako gosete beldurgarrien ostean 9 milioi hektarea oihaneztatu dira zuhaitz txiki arantzatsu baina eraginkorrez eta horien babesean dauden soroek lehen baino milioi bat tona labore gehiago ematen dute. Nigerreko mirakulua Faidherbia albida deitzen da eta berezitasun batek egiten du urrezko: airetik hartutako nitrogenoa lurrean finkatzen duen zuhaitz lekaledun honen ordularia inguruko beste landareenaren alderantziz mugitzen da, loaldian dago eurite aroan gainerako landareei konkurrentziarik egin barik eta berdetzen da 10 hilabeteko lehorte luzea berriro hastean. Berorik handienean, bere sustraiek oso sakoneko urak bilatzen dituzte eta hostoek gerizpea eskaintzen azpian erne diren beste landare eta laboreei. Horra zergatik Sahelen, faidherbiak egon ahal ez egon, jokatzen den lurzorua soro ala basamortu izatea.

    1970etako lehorte handiak eragindako gosean baserritarrek faidherbia eta gainerako zuhaitzik gehienak ebaki zituzten, egurretarako ez bazen sutarako. Halako batean euriak itzuli ziren baina soroak antzu geratuak ziren, babesik gabe azaleko gai organikoa galduta. Nazioarteko erakunde humanitarioek milaka zuhaitz landatzea abiarazi zuten orduan, baina honek ere ez zuen funtzionatzen, lurrik ezagatik, artzainen eta nekazarien presioagatik… eta idorragatik.  Hala zihoazen alferrik galtzen Saharari gerriko berdea ezarri nahian nazioartearen finantziazioz landatutako zuhaitz-landare ia guztiak.

Nekazaria zuhaixka kimatzen, handiarazi eta inguruan sabana biziberritzeko ahaleginean. (Argazkia: P. Savadogo)

    Porrot askoren ostean, Tony Reinaudo australiar kooperanteak asmatu zuen soluzioa, gaur mundu osoan azaldu eta aplikatzen dena: ohartu zen aspaldi ebakitako zuhaitzak artean bizirik zeudela, sustraietan bizi zirela lurpeko oihan bihurtuta. Reinaudok ikasi eta besteei erakutsi zien eraitsitako basoa berpizteko arbola berriak landatzea baino hobea zela ebakitzearen poderioz sastraka bihurtutakoei egoki kimatuz laguntzea. Eta, batez ere, pazientzia handiz lortu zuen herriz herri nekazari eta artzainek elkarren artean hitzartzea nola uztartu beren beharrak eta pixkanaka biziberrituz eta zabalduz zihoazen baso txikienak, erabilerak txandakatuz, eremuak tarteka hesituz, sutarako egur mozketak arautuz... Horra Baserritarrek Kudeatutako Birsorkuntza Naturala, FMNR ingelesezko sigletan.

Zorionekoak, fruitu gaitzetsiak

Baina Patrick Worms agroforesteriaren hurrengo etaparen bila zihoan, eta Zinder herrian aurkitu du, Nigeriarekin mugan: Sahara Sahel Foods konpainia txikia. 1980ko hamarkadan bertako natura ikertzera iritsi ziren Arne eta Betta Garvi senar-emazte suediarrak, helburu garbi batez: “250.000 landare ezagutzen dira munduan, baina horien %20tik dator gure janariaren %90. Guk sinesten dugu oparotasunaren giltza daukatela probesten ez diren zuhaitz eta sastraka jangarriek, Edengo paradisuaren altxor galduek”.

    Orain Josef Garvi semea eta honen emazte Renata ari dira –jihadisten gerrillak iritsi zirenetik inguruetan geratzen diren atzerritar zuri bakarretakoak– Sahara Sahel Foods elikagai konpainia txikian. Gurasoengandik ikasi eta ikusi dute naturak osasuna berrekuratu ahala jendeen eskueran jartzen dituela hainbat landare, fruitu eta ale primerako elikagai direnak. Baina aurretik –eta ez da erraza– herritarrek aldatu behar dituzte jangarria denari buruz dauzkaten kulturazko aurreiritziak, alegia, zeri deitzen zaion janari eta zeri ez.

    Duela gutxi arte sabana izandako eskualdeotan jendeek milaka urtez baliatu zituzten lekuko landare, hazi, fruitu eta animaliak, etxekotuak bezala ehizakiak. Kolonizatzaileek –arabiarrek estreina eta europarrek geroago– ezarri zituzten jokabide berriak. Arabiarrek artatxikia ekartzeaz gain basoko fruitu eta haziak bazterrarazi zituzten, animalientzako bazka izatera mugatuz. Frantziarrek ez zuten hori aldatzeko beharrik sentitu, europarrek ere bilakaera bera egina zutelako aurreko mende luzeetan, basokoa zen jakirik bildu eta kontsumitzea kasik kondenatuz.

    Aldaketa tamalgarria, elikadura segurtasunaren ikuspegitik, jendeak edozein larrialdiren aurrean alternatibarik gabe geratu zirelako. Nazioarteko erakundeek kultur aurreiritzi berdinekin segitzen dute oraindik ere; esaterako, inguru batean goseterik baden diagnostikatzeko erreparatzen dute ea jendea hasi den kontsumitzen basoko elikagaiak. Edo, besterik gabe, herritarrei dei egiten diete pozoitsuak izan omen daitezkeen landareak ez jatera… nahiz eta, benetan, primerako elikagaiak izan.

Sahara Sahel Foodsen afixa azalduz zenbat elikagai eta beste produktu egin daitezkeen Aduwa edo desertuko datila erabiliz.

    Sahara Sahel Foodsek alderantzizko bidea egin du, jendeari eskatuz –eta erosiz– basoan bildutako bazterreko jakiak: Aduwa edo desertuko datilak (Balanites aegyptiaca), Gawasa (Neocarya macrophylla) ezkurrak, Marula (Sclerocarya birrea) aleak, Hanza (Boscia senegalensis) fruituak… Horiek kontsumorako produktu bihurtu eta ontziratuta saltzen ditu konpainiak. Komunikazio oso bat egin behar izan du herritarrei jakinarazteko jaki horien balioak. Adibidez, Hanza fruitua –nutrizio aldetik artatxikia bezain aberatsa dena– erabilera ezberdinetarako hainbat produktu bihurtzen dute: haragiarekin egindako zukua, barruko haziari ateratako esnea, gurina, olioa, erremediotarako ukendua...

     Zinderreko emakume askok jarduera honetatik eskuratu dituzte beren kabuz irabazitako lehen sosak, soroko lanak gizonen kontua izanik, fruitu basati urrak biltzea andreen eta umeen bazter-lana zelako.

    Basoa zabatzeko, basotik ere jan. Europan ere ikasi beharko dute.

Batik bat emakumeek hartu dute beren gain Zinder inguruetako zuhaitzen fruituak bildu eta elaboratzeko lana eta onura ekonomikoak ere haiengana joan dira nagusiki. (Argazkia: Sahara Sahel Foods)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Eguneraketa berriak daude